Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Gaixotasunak prebenitzeko dieta orekatua egin nahia eta argaltasunaren ohorezko kulturari jarraipena emateko kezka direla medio, geroz eta ohikoago bilakatzen ari zaizkigu elikadurari dagozkion kontuak. Interes bizi horri esker (edo horren erruz), pisua mantendu edo jaitsi nahi duten pertsonengan nahasmena sortu dute joera batzuek, oinarri zientifikorik ez duten teoria zenbait dogmatzat hartzen baititugu maizegi. Uda aurreko garai hauetan horrelako mitoak izugarri ugaltzen direnez, funtsezko kontzeptu batzuk argitzeko une ezin aproposagoa dugu hauxe.
Jende askok elikagai guztiak bi zakutan sartzen ditu: gizentzen dutenak eta gizentzen ez dutenak. Sailkapen soilegi horrek nutrizioaren ikuspegitik ez du funtsik eta, hortaz, okerreko bidetik eraman gaitzake.
Giza organismoak elikagaietan era heterogeneoan banatuta dauden makronutrienteetatik (karbohidrato, proteina eta gantza) ateratzen du energia. Bizi funtzioak beteko baditu energia behar du gure gorputzak: nerbio sistemak energia elektrikoz eta muskulu sistemak energia mekanikoz funtzionatzen dute, gorputzeko tenperatura energia termikoak erregulatzen du, eta hainbat eratako molekulak energia kimikoari esker lor daitezke. Horrelako energiak organismoan sortzen dira, makronutrienteak osatzen dituzten substantzia kimikoetatik hasita, erreakzio metaboliko konplexuei esker.
Nutrienteen -eta, horrenbestez, nutrienteak dituzten elikagaien- balio energetikoaren unitatetzat kilokaloria (kcal) hartu izan da, metabolismoak dirauen bitartean beroa sortzen delako.
Platerean geratu ez diren elikagai guztiek, urak izan ezik, energia dakarkiote organismoari. Elikagai bat, berez eta bakarrik, ez da gauza jatuna gizentzeko edo ez gizentzeko. Elikagai edo plater jakin baten balio energetikoa elikagai edo plater horren makronutrienteen edukiak eta pertsonak egunean edo normalean kontsumitzen duenak zehaztuko dute.
Klabea: era orekatuan, denetik eta proportzio egokietan jatea.
Karbohidratoek gizendu egiten dutela sinesten dugu, okerreko bidetik sinetsi ere. Horien balio kalorikoa 4 kilokaloria da gramo bakoitzeko (proteinena bezala, alegia); gantzena, berriz, gramoko 9 kilokaloria da. Pisu bera izaki, gantzak kaloria gehiagoz hornitzen gaitu edo, bestela esateko, gantz asko duten elikagaiek karbohidrato ugari dutenek baino kaloria gehiago dute.
Ez dezagun inozo jardun, beraz: gehienetan ogiaren kaloriak ugaltzen dituena "laguntzailea" izaten da (gurina, hestekiak, hirugiharra, gazta, etc.) bera baita gantz ugarikoa.
100 gramoko:
Etiketari begiratu, izan ere, light izeneko produktu guztiak ez dira diruditen bezain arinak. Arauak xedatua duen arabera, elikagai batek light gisa kalifikatua izateko bete behar dituen baldintzak hauek dira: merkatuan erreferentziazko produktuak izatea (esne osoa eta gaingabetua, maionesa arrunta eta light, etc.), balio energetikoaren murrizketa gutxienez %30ekoa izatea erreferentziazko produktuarekiko, eta etiketan, kalorien murrizketa-portzentajea ez ezik, produktu horrek eta erreferentziazko produktuaren 100 gramoko edo 100 mililitroko balio energetikoa agertzea eta, nahi izanez gero, zati bakoitzaren balio energetikoa.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa