Baratzea balkoian

Zergatik ez baliatu balkoiko eta terrazako lorontziak baratxuriak, mostaza edota kamamila jartzeko?
1 maiatza de 2004
Img miscelanea

Baratzea balkoian

Balkoian usain belarrak edo, areago, barazkiak jartzea lan erraza da eta, are gehiago, elikagai natural batzuk eskura izateko aukera izango dugu. Albaraka, kamamila, izpilikua, menda, perrexila, piper eta tomate txikiak, besteak beste, egoki-egokiak dira etxean bertan jartzeko. Argia eta drainatze oneko lurrez gainera, ureztatzea eta beste zainketa soil batzuk baizik ez dute eskatzen. Terraza edo balkoiaren orientazioaren arabera eta gure eskualdeko klima aintzat hartuta aukeratuko ditugu landareak.

Nola landatu

Balkoia edo terraza zabala baizik ez dagoenean neurri handiko lorontzi sakonak egitea komeni izaten da, landareak arazorik gabe gara daitezen. Jatorri mediterraniarreko landare lurrintsu askok -isipua, izpilikua, garraiska, oreganoa, ezkaia, etc.- eguzkia barra-barra behar izaten dute baina klimatologia hotzagoetara ere egokitzen dira maiz. Beste aldetik, gehiegizko urak ez die batere mesederik egiten eta, hortaz, drainatze oneko lurra behar izaten dute. Bestetik, ordea, lurrari kalitate handirik eskatzen ez diotenez, lur txar eta eskasetan bizi daitezke. Landare horiek landatzeko urteko sasoi guztiak dira egokiak, kasuan kasuko argibideei jaramon eginez, baina bero edo hotz handiegiei alde egitea komeni izaten da: landareak ez lirateke itsatsiko edo zailtasun gorriak izango lituzkete errotzeko. Lorontzi hondoan harri txikiak edo zeramika pusketak jarri eta kalitate oneko substratuz betetzea aholkatzen da.

Ura eta argia

Hobe balkoi edo terraza hori hegoaldera begira badago; horrela ez izatekotan, eguzkiak egunean hainbat ordutan jotzea interesatzen zaigu, landareak garatzeko eta elikatzeko ezinbestekoa duen fotosintesi prozesua betetzeko eguzki argiaren premia baitu. Zuzenean behar adinako eguzki argia hartzen ez badu, argitasuna biderkatu egin daiteke ondoko pareta zuriz pintatuz, erradiazioa isla dezan. “Kaleko baratzea” bada ere, arerio meteorologikoei ezin ihes egin: jasotzen duen ur kopurua funtsezkoa du, baserriko baratzean bezala. Gehiegizko ura usteldura eta onddoen iturri da; ur gutxiegi izanez gero, garapena eragotzi eta landarea gogortu egingo da. Kontu hauezaz ahazten diren pertsonentzat gunean guneko ureztatze sistema jartzea aholkatzen da: 30 edo 40 zentimetroko tarteetan tantaka diharduten tutuak jarriko ditugu, ureztatzeko programagailu baten agindupean (lore dendetan salgai). Sistema hori iturrira erantsi eta landareak egunero hamabost minutuz edo bi egunean behin ordu erdiz ureztatuko dira: horri esker etxetik irtengo gara barazkien galera nozitzeko kezkarik izateke. Nolanahi ere, eskuz (baina ahantzi gabe) garastatzea aski da.

Perrexila, etxeko klasikoa

Ahal dela, leihotik gertuko toki epel batean jarritako lorontzian erein behar dira haziak. Perrexilak aukeran beroa nahiago duen arren, hotzari ondo egiten dio buru. Lur hezeak mesedegarrienak baditu ere, zeinahi eratako lurrari egokitzen zaio baina, halaz ere, belar gaiztoetatik garbitu ondoren, ongi deseginiko materia organikoz hornituriko lur sakon, goxo, harroan izango du ohantze ederra. Perrexila urte osoan fresko izango duzu bi lorontzitan ereiten baduzu: udaberri hasieran eta uda amaieran. Landare trinko eta samurra lortzeko, ez utzi lorerik ateratzen: agertzen hastean, erauzi bertatik. Kontsumitzeko pronto baldin baduzu beste lorontzi batean, loreak ateratzen utz ditzakezu: horrela, loreetatik haziak lurrean erori eta beste landare bat aterako zaizu, ahalegin berezirik egin gabe. Amaitzeko, gogoan izan perrexil hostoak eskuz jaso behar dituzula, inola ere ez guraizeak erabiliz.

Akatsik ohikoenak

  • Ez erein landarea sakonegi.
  • Erroaren gainean ez pilatu lur gehiegi.
  • Ez baliatu ongarri gehiegi.
  • Ez ureztatu landareak maizegi, ez ahaztu ureztatzen.
  • Ez aukeratu oker landarea, eskualdeko baldintzak kontuan izaki, hau da, ez landatu sei orduko eguzkia behar duen landarea bi ordu baizik jasoko ez duen tokian.

Etxeko konposta

Organismo bizia den heinean, landareak elikagaia behar du: eginkizun horixe du konpostak eta lurrean usteltzen ari den materia organiko guztiak. Etxeko konpostaz baliatzea ingurugiroaren aldeko jarduera etxean bertan ere luzatzeko modu egokia da, zakar organikoaren parte bat birziklatzeko balio duelako. Konposta egitea zaila ez bada ere, metro karratu bat eduki behar da hondakinen depositu bat antolatzeko, eta zabor organikoa metodikoki bereizi eta ebakitzeko asmoa eta pazientzia. Merezi du, ordea, are eta gehiago era horretan orbel lurra erosteari saihets egingo diogula baldin badakigu: lur hori askotan basoetatik ateratzen da, zoruak higatuz. Konposta ekoizteko gaurko gizakiek eta duela 4.000 urtetik hona txinatarrek metodo berbera darabilte: materia organikoa endekatzen duten mikroorganismoak bizitzeko baldintza ezin hobeak sortzea. Kontua da oxigenodun giroan bizi diren mikroorganismoak sustatzea. Prozesuak hiru hilabetetik urtebetera iraun dezake, piloa nola lantzen den arabera. Etengabe hondakinak eransten bazaizkio prozesua mantsotu egingo da; piloan hasierakoa bakarrik utzi eta behar bezalako hezetasuna mantentzen bada emaitzak berehala eskainiko ditu.

Gai berdeak (errautsak, zitrikoak, oskol eta azalak, fruta eta barazki pusketak, hostoak, orriak) eta kafeak (egur txirbilak, hostoak, zerrautsa) bildu behar dira, geruzaka, era homogeneoan eta nahasketa hori aldian behin busti behar da. Konpostera ez da bota behar haragirik, hezurrik, arrainik, oliorik, gantzik, esnekirik, janari egosirik, alerik, maskoten gorotzik, usaina baitarie eta, honek erakarrita, karraskariak etor daitezke. Piloa hein batez itzalpean kokatu behar da, haize zakarretik babesean, zoruan euskailu hartuta eta drainatze onarekin. Fabrikatzen hasteko sasoi egokiena, udaberria. Prozesuaren martxaren arabera, hirutik hamabi hilabete bitartean osatuko da konposta. Prest dagoen jakiteko, egin dezagun zorroaren proba: ipini kilo bat konpost zorro garden batean, itxi eta utzi eguzkitan. Hortik 24 ordura, barneko tenperatura igo delako, zorroak transpirazio handia izan badu, konposta heldu ez dagoen seinale. Prozesuak segitu behar du oraino.

Bestelako landare eta barazkiak

Baratxuria
Atal potoloak aukeratuta, landatu mutur zorrotza gorantz, lurrean sartu gabe, lorontzi zabal batean, atal batetik bestera 8 zentimetroko tarteak utziz. Garastatu ondo, urez ito gabe, eta eman ongarri organikoa, erreboiloak agertu arte. Mutur osoak marroi kolorea hartu duenean bildu behar dira. Baratxuriak eguzkia zuzenean behar du.

Albaraka:
Drainatze oneko lurra behar dugu albaraka edukitzeko. Hazia zentimetro erdiko sakoneran landatuko dugu, ale batetik bestera hiru zentimetroko tartea utzita. Maiz ureztatzea eta ongarritzea komeni da. Erein eta hortik 10 egunera hasiko da etortzen.

Mostaza:
Lur heze-hezean etortzen da, zentimetro bateko sakoneran. Kimuak moztu egin behar dira, beraien artean 8 zentimetroko tartea mantentzeko. Eguzkia, ureztatze ugaria eta ongarria eskertzen du. Hostoak berde guri daudela bildu behar dira; espezia gisa nahi badugu, berriz, landare osoa edo hostoak bakarrik bil ditzakegu.

Anis berdea:
Lorontzi sakon handia behar du, sustrai luze-luzeak ditu eta. Ondo drainatzen duen lur goxoan landatzen da eta eguzkia behar du. Erein dugunetik hiru hilabetera loratuko da eta handik hilabetera pattarra egiteko erabiltzen diren hazi gozoxkak bildu ahal izango dituzu.

Tomatea
Eta beste hainbat barazkik (hala nola piperra, tipula, apioa eta alberjinia), lehendabizi, egurrezko kutxetan hazi behar dute. Ipini beraien artean lur zakarra eta jarri landareak adreiluen gainetan, toki goxo argitsuan. Horrela zainduko ditugu landareak, etorri bitartean, ura falta badute ere, gehiegizko bero eta hotzetik babesean. Landareak hiruzpalau hosto daukanean edo zaina lapitza bezain lodia denean, bere tokira eramateko prest dago. Landarea gerriraino estaltzen da lurrez, oro har. Tomatearen kasuan zainaren parte bat ere lurpean utz daiteke, bertatik ere erroak aterako zaizkiolako.