Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Ordenagailuko TFT pantailak: Irudiaren kalitateaz gainera...

Hautatzeko unean, funtsezkoak: pixel akastunik ez izatea, konexio kopurua eta aparatua inklinatu eta mugitzeko aukerak

  Ordenagailuari lotzeko zazpi TFT pantaila aztertu dira oraingoan (pantaila lauak). Prezioak 299 eurotik (Feton) 449 eurora (Packard-Bell) doazelarik, kalitatearen eta prezioaren arteko erlaziorik egokiena LG L1510P laginak eman du: ez da garestienetakoa (384 euro), osoko kalitatean bera da "oso ongi" lortu duen bakarra, konexio analogikoaz gainera digitala dauka: ordenagailuak geroz eta ohikoagoa den konexio egoki hori baldin badauka, ez du kalitate galerarik izango.

Ordenagailuko monitorea erosteko garaian erabiltzaileak bi aukera ditu: izpi katodikozko (CRT) pantaila handi-handia edo TFT motako pantaila laua, kristal likidozkoa. Horrelakoetan, irudiaren kalitatea eta koloreen zehaztasuna ez da pantaila tradizionaletan bezain bikaina baina, horren ordez, oraingoek ez dute ikusmena asko nekatzen eta dezente espazio gutxiago betetzen dute mahaian. Aztertu diren 15 hazbeteko TFT monitoreak 17 hazbeteko pantaila tradizionalen baliokide dira, azalera baliagarriaz ari garela.

Azterturiko zazpi monitoreetako pantailek 15 hazbete badituzte ere, monitore osoaren tamaina ez da lagin denetan berdina. HP eta Sony dira bolumen txikienekoak, Samsung eta Packard-Bell arinenak eta Feton, azkenik, pisu eta tamaina handienekoa.

Pantailako informazioa

Pantailaren gorabeherei eta eginiko egokitzapenei buruzko informazioa zazpi monitoreen pantailetan agertzen denez, erabilera errazekoak dira. Kontsumoari dagokionez, HP eta Fujitsu-Siemens dira gehien gastatzen dutenak (gehienezko kontsumoa: 40 w) eta Sony da beherenetik dabilena (25 w). Packard Bell eta Feton laginek ez dute datu hau adierazten.

Monitorearen bereizmenak pantailan erakuts dezakeen informazioa adierazten du (hau da, irudia osatzen duten puntu horizontal eta bertikalen kopurua). TFT pantailetako sortzetiko bereizmena aldaezina denez, bereizmen horretan bakarrik eskainiko dute emaitza (erabiltzaileak produktua hautatzeko duen aukeraren kaltetan). Beste bereizmen batean jardunarazten baldin badira (berariazko programa batean aritzeko, adibidez) emaitza eskasagoa izango da. Zazpi monitore hauen bereizmena 1024 X 768 da; bestela esateko, 1.024 puntu horizontal eta 768 bertikalek osatzen dituzte irudiak.

Begia ez nekatzeko

  Berritze tasak adierazten du irudia segundo bakoitzeko zenbat aldiz birsortzen den. Parametro hori zenbat eta altuago izan, orduan eta gutxiago nekatuko da begia (hau da, gutxitan aldatzen bada, irudi hori etengabe mugitzen ari dela bereizteko gauza izango gara). Azterturiko monitoreetan gehienezko tasa (beti baliatzea komeni dena, alegia) 75 hertz da (telebista konbentzionalekoa, adibidez, 50 hertz da).

HP, Feton eta Fujitsu-Siemens laginek bozgorailuak dauzkate eta Samsung-ek, bozgorailuak ez ezik, mikrofono integratua ere bai. Zazpi monitoreen inklinazioa erregulatzeko modukoa da eta Samsung eta LG laginetan altuera ere alda daiteke. LG eta Feton dira pantaila birakaria dutenak, hau da, formatu zapalean (ohikoa) eta zutikakoan ikusteko aukera ematen dute (egokia, adibidez, testu luzeak irakurtzeko edo partiturak aldatzeko). Fujitsu-Siemens euskarrian erabat biratzen da eta Samsung, LG eta HP horman instalatzeko modukoak dira.

Monitore guztiek dute bideo konektore estandar analogikoa (VGA edo D-sub izenekoa). LG-k, horiez gainera, DVI bideo konektore digitala ere badauka: kalitate galerei saihets egiteko orduan, askozaz ere eraginkorragoa da hau, baina ordenagailu gutxik ematen du oraindik aukera hori. Bideokoak berariaz ez diren konexioei dagokienez, HP, Feton eta Fujitsu-Siemens laginek audioko sarrera dute; Samsung markakoak, berriz, delako sarrera horri integraturik dagoen mikrofonorako hartunea erantsi dio. LG laginak bi USB sarrerako ("hub") kontzentragailua ere jarri duenez, ezaugarri horietako konexio bat monitorean edukitzeko aukera ematen du; jakina, hor, ordenagailuaren atzealdean baino askozaz erosoago gertatzen da.

Adituen proba

Hainbat adituk monitoreei proba batzuk gaindiarazi zizkieten irudiaren kalitatea balioztatzeko, denetan ere giroko argitasun berdinetan, ordenagailu berean eta konexio mota berarekin (ekipo guztiek daukaten sarrera analogikoarekin, alegia). LG laginak, analogikoaz gainera, sarrera digitala ere badaukan arren (hobea), test honetan ez zen baliatu, datu guztiak elkarrekin konparatu ahal izateko.

Emaitzak berdin samarrak izan ziren zazpi pantailetan: bost puntutik 3,8 erdietsi zituen Samsung (apalena) laginak eta 4,1 puntu LG, Feton eta Fujitsu-Siemens markakoek. Alderik garrantzizkoena: HP laginak distira egokitua fabrikatik dakarrenez, erabiltzaileak nekez alda dezake prestazio hori.

Bereziki aipatu behar dira Feton (hiru pixel akastun), Fujitsu-Siemens (bi) eta Sony (bakarra) laginek ekarri zituzten pixel akastunak. Hutsune nabarmen hori dela eta, produktua itzultzeko motiboa ez dela diote fabrikatzaile batzuek; beraz, erosi aurretik monitorea ongi probatu beharra dago, oker, gabezia edo akatsik ba ote duen jakiteko. Packard-Bell, Samsung, LG eta HP laginetan pixel akastunik ez agertzeak, beste aldetik, ez du inondik ere bermatzen modelo bereko beste pantaila batek gabezia hori ez izatea.

Adituez gainera, hiru erabiltzaile arruntek ere zazpi monitoreak probatu eta hainbat parametro batetik bosterako eskalan baloratu zituzten CONSUMER-entzat. Lagin guztiek proba gainditu zuten arren, batetik bestera aldeak nabaritu ziren: Packard-Bell (3,1 puntu), Fujitsu-Siemens (3,2 puntu) eta Feton (3,4 puntu) laginak "arrunt" hutsean geratu zien. "Ongi" kalifikaziora heldu ziren HP, Sony (4na puntuz), Samsung eta LG (4,1 puntu bakoitzak).

Packard Bell laginak eskulibururik eskaintzen ez duenez, atal honetako puntuazio kaskarrena eraman du. Fujitsu-Siemens laginak ere ez du gainditu argibide liburua, dezente hobetu behar baitu eta aparatuak mugikortasun eskasa duelako (2,7na puntu, atal bakoitzean). Kanpoko itxurari dagokionez, Samsung eta Sony dira denetan bukaera hoberena dutenak. HP eta Sony laginek, berriz, kontrol eta ikono baliagarrien eta erabiltzeko errazenak dituzte.

Argibide libururik ez duen lagin bakarra Packard-Bell FT500 da, nahiz eta tresna hori aparatua zuzen eta seguru erabiltzeko ezinbestekoa gertatzen den. Feton eta Fujitsu-Siemens laginek paperezko eskuliburua bakarrik daukate eta Samsung, LG, HP eta Sony laginek, azkenik, argibideak CD-ROM formatuan ere eskaintzen dituzte.

Segurtasuna

Packard-Bell lagina izan ezik, ekipo guztiak dira seguruak: azalera inklinatuan egonkor mantentzen dira, ez daukate aho edo kantoi zorrotzik, behar bezain isolatuta daude, elektrizitate kontsumo egokia dute eta, mekanika alorreko hainbat esfortzu eta eroriko jasanik, ederki agertu dira aparatuak. Packard-Bell laginak ez du urratzen segurtasun araua laborategiko probetan agerturiko jokaeragatik (ona, oro har), ezinbestekoa den segurtasunari buruzko eskuliburua ez dakarrelako baizik.

Elkargarritasun elektromagnetikoa ere probatu zen laborategian: laginek normal-normal funtzionatzen zuten airetiko (8 Kv) eta ukipen bidezko (4 Kv) hainbat deskarga jaso ostean. Datu honek garrantzi handia du, interferentziak eragin ditzaketen ekipo zenbaiten ondoan aritzeko eratu edo diseinatua baitago monitorea (ordenagailua, inpresora, bozgorailuak, etc.). Proba gainditu ez duen bakarra Feton da: interferentziak nozitutakoan, itzali eta berriro piztu egin behar izan zen.

Samsung eta Sony dira bermeen legea betetzen duten bakarrak, bikain bete ere: arauak bi urteko bermea ematera behartzen badu ere, bi ekipoek hiruna urte eskaintzen dute. Gainerakoetan, denetatik: edo ez dira iristen derrigorrezko bi urte horietara edo iristen dira baina berme agiria ingelesez dago (LG), edo berme agiririk ez dakar (Feton) bakarren batek. Nolanahi ere, agirietan horrela agertu edo ez, erabiltzaileari bi urteko bermea eman behar zaio, horrelaxe agintzen duelako indarreko arauak, nahi edo nahi ez

Osoko kalitateaz ari garela, zazpi monitoreak lau kategoriatan sartzen dira: kalitate on-oneko bakarra LG da, prestazio ugari eskaini eta ezaugarri tekniko egokiak emateaz gainera, erabilera proban eta irudiaren kalitatea neurtzeko testean puntuazio hoberena irabazi duelako. Samsung, HP eta Sony-k "ongi" kalifikazioa merezi izan dute. Packard-Bell eta Fujitsu-Siemens "onartzeko modukoak" dira eta Feton "eskas" gelditu da, azterturiko parametro gehienetan emaitza urriak erakusteaz gainera, elkargarritasun elektromagnetikoko proba gainditzeko gauza izan ez baita.

abantaila et desabantaila

  • TFT pantailek dezente bolumen eta karga txikiagoa dute
  • Bere baliokide tradizionalak baino garestiagoak dira
  • Ez dute nozitzen distortsio geometrikorik (tutu katodikoen gaitz klasikoa). Bestetik, bereizmen bakarra eskaintzen dute (tradizionaletan, berriz, parametro hori aukera daiteke zerrenda batetik). Egitura-erlazioa (altuera eta zabalera) ere bakarra (5:4), eta monitore tradizionalena ez bezalakoa da (4:3); beraz, aplikazio zenbaitetan pantailaren parte bat alferrik galtzen da.
  • Ikusmena gutxiago nekatzen dute lauek
  • Kontraste txarragoa ematen dute eta koloreen kalitatea eta gama ez dira monitore tradizionaletakoak bezain onak. Horregatik aditu batzuek ez dute horrelako pantailarik aholkatzen diseinu grafikoan aritzeko
  • Monitore hauen elektrizitate kontsumoa, bero emisioa eta emisio elektromagnetikoak txikiagoak dira
  • Betiko konexio analogikoaz gainera konexio digitala ere onartzen dute
  • Irudi punturen bat (pixel) gainerakoak baino ahulagoa izateko edo ez ibiltzeko aukera handiagoak daude honelakoetan
  • Erantzuna mantsoa dutenez, mugitzen diren irudiak ikusteko txarragoak dira (filmak edota jolas gehienak).

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto