Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elkarrizketa

Λ

José Luis Garrido, Hezkuntzako katedraduna: "Hezkuntza hobetzeko klabea gizarteak du"

 José Luis García Garrido Espainiako Urrutiko Hezkuntzako Unibertsitate Nazionaleko katedraduna da eta bertako Hezkuntza Fakultatean, Hezkuntza Konparatu eta Nazioartekoaren alorrean dihardu, irakaskuntzan eta ikerkuntzan. Salzburgon (Austria) egoitza duen Arte eta Zientzien Europako Akademiako kide numerario eta Lehendakariordea ez ezik, "Prestigio aitortuko pertsonen" kapituluan Estatuko Eskola Kontseiluko kide titular ere delarik, etengabe ari da lanean hainbat herrialdetako gobernu eta nazioarte mailako organismoei hezkuntza erreformez eta irakasleen eta zuzendarien prestakuntzaz aholkularitza eskainiz. Espainiako Hezkuntza Ministerioan hainbat kargu bete ditu eta nazioarteko zenbait elkartetako kide da. Adibidez, 1985 eta 1988 bitartean Comparative Education Society in Europe eta Hezkuntza Konparatuko Elkarte Espainiarreko lehendakari izan zen. Bere idazlan ugarietan (Estatu espainiarreko eta nazioartean, hainbat hizkuntzatan, 23 liburu eta 300 artikulu eta entsegu eman ditu argitara) nabarmentzekoak: Fundamentos de Educación Comparada (Dykinson 1982, 1986, 1991, errumanierara, ingelesera eta txinerara itzulitakoa), Problemas mundiales de la educación (Dykinson 1982, 1987, 1992), Primary Education on the Threshold of the Twenty-first Century (ingelesez, frantsesez eta espainieraz, Paris 1986, 1987, 1988); Reformas educativas en Europa (Madril, 1994), The Enciclopedia of Higher Education, I. liburukia (koordinatzaile, Pergamon Press, Oxford, 1994), La sociedad educadora (elkarlanean, Madril, 2000).

Gure seme-alabak ongi hezita ote ditugu?

Lehenik eta behin ihardespen desdramatizatua eman beharko litzateke: badirudi gazteen hezkuntza gainbehera datorrela baina, halaz ere, sekulako kezka hedatu da. Egun gurasoek seme-alaben hezkuntzari eskaintzen dioten arreta ezin da konparatu orain arteko beste ezeinekin; gurasoek, batez ere, jakin-min bizia agertzen dute orain baina, lehenago, eginkizun hori amaren, gizartearen eta ikastetxeen kontua zen, ez beste inorena. Konpromiso eta eskaintza handiago hori, dena den, beti ez doa bat egintzen gidaritza zuzenarekin. Gurasoen boterearen utzikeria gertatzen ari da, gehiegizko maitasunagatik, geroz eta urriagoak diren seme-alabenganako atxikimenduagatik edo, akaso, paternalistatzat (areago, beste zerbait okerragotzat) hartuak izateko beldur direlako. Gurasoen agintaritza (agintaritza baldin bada gurasoek seme-alaben bizitzan badutela zer esana) nagusitu behar da, ordea. Errealitatean, ostera, seme-alabek bestelako erreferentziak dituzte eta gurasoen mezuak konbentzitzeko balio ez duela dioen horretan gizartea ados dago.

Izenik hoberena duen erakundea familia da, ordea...

Hezkuntza gaietan, aldiz, familia bakar-bakarrik dago. Egun ingurunea deshezitzailea da, zeharo. Horren ondorioz, familia eta eskola eragile aktibo baziren ere, orain defentsibo huts bilakatu dira. Orduak eta orduak eskaintzen dizkiote jokamoldeak prebenitu, egokitu eta birgidatzeari. Hezkuntzaren hobekuntzaren klabea egun ez datza familian, ezta eskolan ere; klabe hori neska-mutikoa garatzen den ingurunea, gizartea hobetzean datza.

Zein faktorek sortarazten, eragiten dute ingurune hori? Telebistak, adibidez?

Gure gizarteak dituen faktore deshezitzaileetako bat telebista da, dudarik gabe, baina aldi berean ororen errudun omen da. Telebista pertsonek pizten dute eta bertako programazioa pertsonek erabakitzen dute, ezin ezar dezakegu karga oso hori ikus-entzunezkoen bizkarrean, horiek erakunde autonomo balira bezala. Beste alor askotan, arerioa desegitera bultzatzen duen gizarte oldarkorra agertzen dute, nola edo hala dirua erraz eskuratzeko modua eta aisialdia ikur dituen gizartea, hain zuzen. Hamazortzi urte bete arte gaztetxoak ikusi dituen bortizkerien kopurua ikaragarria da: horrek adierazten digu garaien ezaugarria aldatu eta murgilduak gauzkan krisialditik irten behar dugula, ikaskuntza sustatuko duen eta ahalegina sarituko duen gizartera iristeko. Gurasoak (eta gurasoekin batera, eskola) bakarrik daudela esan dugu, baina eskolak ezezko mezuak igorri beste irtenbiderik ez du: egin ihes drogei, ez eman egun osoa telebistara begira, kontuz esku telefonoarekiko morrontzarekin... Ezezko horiek gainditu eta baiezko alternatibak eskaini behar zaizkio gazteari.

Hezkuntza sistema bera ere auzitan dago.

Bigarren Mundu Gerraren ondotik gizarte alor guztietan berdintasun mugimendua hedatzeko saiakera bat izan zen; irakaskuntzan, berdintasunean oinarrituriko hezkuntza gisa gorpuztu zen mugimendu hura: "eskola ulerkorra" bataiatu zen Ingalaterrako hartan, adibidez, programa bera eta bakarra betearazten zitzaion ikasgela biziki heterogeneo bati. Denak denen berdin bihurtzeko ahaleginean pertsonen arteko desberdintasunak "ahantzi" egin ziren. Zailtasun larrienak dituzten ikasleak dira horrelakoetan galtzaile, ene ustez, ezin dutenei edo nahi ez dutenei gainontzekoek egiten dutena beraiek ere egin behar dutela esaten zaienean gezurretan ari baitzaie. Arras atzeratuta dabiltzan ikasle asko hurrengo mailara estudiatu gabe, ez: ikasi gabe igotzen dira. Agian horrek ez digu kezka bizia sortu behar; kezkagarriena, nagusitu zaigun kaskarkeri giroa da, bikaintasunaz zeharo beste alderakoa. Ikasle asko denbora alferrik galdu izanaren sentsazioarekin irteten da gelatik; proba gainditzeko behar bezainbesteko ahalegina egin bai, baina gazteek ez dute ematen daukatenik hoberena. Herriaren garapenaren kontra doa hori, herriak ahaleginetan diharduten pertsonen premia baitu. Berdintasuna sortzeko asmotan desberdintasuna ekoizten ari da. Harritzekoa bada ere, horrezaz hobekien jabetu direnak bi muturretakoak dira: gelan aspertzen den ikasle argia eta gutxienetara iristen ez dena, hau da, hasiera-hasieratik desberdinen zirenak.

Eskola porrotaz ari garela, Espainiako estatistikak Europar Batasuneko altuenetakoak dira: derrigorrezko ikasketak ez dituzte amaitzen hamar ikasletik ia hiruk eta, bestetik, Bigarren Mailako Gradua eskuratzen dutenen erdiek ikasgairen bat zintzilik utzi dute.

Eskola porrota kezkagarria ez ezik dramatikoa ere bada. Egun, ikasleak eskolatik at ez du bere burua sozializatzeko aukerarik. Eskolatik kanporatutako pertsona bizitza sozialean sartzeko baliabiderik gabe geratu da; espezializazio maila apala eskatzen duen lanbide batean hasteko ere eskolatik pasatu behar izan du, hara: munduan pobrezia zorroak hezkuntza gabeziarekin hertsiki lotuak daude, ez bakarrik garatu gabeko herrialdeetan. Mendebaldean bertan beste horrenbeste gertatzen da, astungarri batekin: eskolaratzea derrigorrezkoa eta doakoa dugu hemen, alegia. Beste fenomeno bat jazo da orain: bere bizitzako hamabi urtez eskolara joan diren analfabetoak, iletrismo eskolatu izenekoa, alegia. Ez dute ikusi nahi izan ikasi gabe mailaz igotzeak, porrota pairatzeak, ezagutzarik ezaren aurrean itsuarenak egiteak, mahaira eseri baina besterik egin ez duten neska-mutil horiek mundu marjinalera eramango dituztela. Ikusitakoa gogoan, eskola zergatik ez zaien erakargarri gertatzen pentsatu eta ikasteko asmoak batuko dituen eskola erakargarria eratu behar dugu lehenbailehen.

Krisi hori irakasleak ere nozitzen du. Zergatik da irakasleena estres eta depresio gehien duen lanbide sektoreetako bat?

Lanbidean ederki aritzeko prestaturik dagoen arren, ikasi nahi ez duten ikasleak ez ezik, irakasleak jokamolde hori baimentzen duen sistema ere aurkituko duenez, hezkuntzan inplikaturik dagoen eta kolaboratzaile den profesionalaren angustia hori gure inguruko herrialde guztietan gertatzen ari da. Horrek irakaslearen motibazioa makaltzea, desagertzea ondorioztatzen du: hasi eta, handik tarte batera, sumindurik dago; ikastaroa igaro ahala, frustratua sentitzetik estresatuta bizitzera pasatu da. Azkenean, profesionalik hoberenek, ikasleei aurre egin baino nahiago izaten dute beste zerbait egitea, beste departamentu batean sartzea, bestelako irteera profesionala bilatzea, irakaskuntzatik irten gabe. Espainian, gainera, profesionalen ospea galtzea oinarri-oinarrian gertatzen da. Irakasle Eskoletan zergatik eskatzen da nota hobea Heziketa Fisikoan edo Musikan aritzeko Lehen Mailan irakasteko baino? Irakasleak ere krisi sozialaz jabetu beharko luke, ikasleen eredu baita bera. Esate baterako, hizkuntza klasikoko irakaslea ezin dute ikusi ikasleek beti kirol egunkaria irakurriz.

Une hauetan puri-purian dagoen hezkuntza arazoetako bat eskolako biolentzia da. Nolako datuak dituzue?

1998an irakasleen %13k erasoak jasan zituzten. Portzentaje hori etengabe igotzen ari da. Eskolan arma zuriak sartzen ari dira. Erasoak geroz eta ugariago dira. Hitzezko erasoak ez ezik bestelakoak ere egiten zaizkie: automobileko gurpilak zulatu, amenazo fisikoak... Biolentzia horri beste ikasle batzuek nozitzen dutena ere gehitu behar zaio. Haur ikaratuak betidanik izan dira; gaur, ordea, gizatalde bortitzago baten amenazoa pairatzen du eta, gainera, irakaslearengan ez du aurkitzen babesik, hau ere amenazopean delako. Irtenbidea, berriro diot, balio sozialak aldatzean datza.

Ikasleak geroz eta ordu gehiago sartzen ditu ikastetxean, eskolaz kanpoko jarduera izenekoen erruz. Lagungarriak al dira horrelakoak hezkuntzan?

Berebiziko garrantzia du horrek. Hezkuntza eskolaren esku uztean -eragile baliagarri bakarra bailitzan, profesionala bera baita- haurraren hezkuntzaren totalizatzaile bihurtzen da eskola. Ikerlanek, aldiz, kontrakoa diote: ikastetxea zenbat eta ordu gehiago zabalik egon, orduan eta hezkuntza txikiagoa sortzen du, eguna igaro ahala, ikasketa giroa ere makalduz doalako. Ondorio bat atera behar dugu: eskolaz kanpoko jarduerak ezin dira izan eskola horren ardurakoak. Ikastetxe horrek ematen dituen neurrian ez baitira, berez, eskolaz kanpokoak.

Horrelakoak ezartzea agintzen du, ordea, gizarteak.

Orduan, aisialdia antolatzeaz gainera, eskolaz kanpo hezkuntza jarduerak ere planifikatzeko erantzukizuna berak hartu behar du. Ikaskuntzaz diharduen erakundea da eskola eta, halakotzat, hainbat gai (ez denak, ordea) beste erakunde batzuek baino hobeki irakasten ditu. Erlijio irakaskuntzaz, adibidez, esan dezagun eskolan inork ez duela ikasi katoliko, musulman edo protestante izaten.

Erlijioaren irakaskuntza kentzearen aldekoa zara?

Ene ustez, eskolan erlijioa irakastea kultura osatzea da. Kultura guztiek erlijiozko erreferentziak dituztenez, horiek ikastea beharrezkoa da bestelako ezagutzetara iritsi ahal izateko. Ez naiz erlijioaren irakaskuntza katekistikoaren aldeko: elizen eta familien zeregina da hori. Baina erlijioak gizakia transzendentziarekin lotzen du eta, inor hezi edo doktrinatzeko asmorik gabe, haurrari irakatsi behar zaio sinesmen bakoitzak nolako konponbideak eskaintzen dituen.

Geroz eta inmigrazioaren agerpen handiagoa duen gizartearen isla ere bada eskola.

Ezinezkoa da eskola hiritar berriak komunitatean txertatzeko bide bakarra bihur dadin amestea. Baina eskola bakarrik uzten ari dira eginkizun horretan, elkarbizitza praktikatzeko espazio bakarra. Inmigranteari beste alor askotan ere egin behar zaio abegia. Nolanahi ere, kanpotarra txertatzean eskolak ere ahaleginak egin behar ditu, nahitaez, gazte horren eskolaratzea lortu ezean, marjinazioan bizitzera kondenatuko baitugu. Adiera horretan, auzoko herrietan gertaturiko akatsak ez errepikatzeko garaiz dabil Espainia oraino.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto