Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Ganba zuritu ultraizoztuak: Izotz gehiegi eta adierazitakoa baino ganba gutxiago

Azterturiko zazpi laginetatik seitan, benetako ganba kopurua dezente txikiagoa da etiketan adierazitakoa baino

  Izoztu edo ultraizoztutako ganba zurituak aztertu dira oraingoan. Zazpi laginak 200 gramotik kilo batera bitarteko formatuetan daude salgai eta berorien prezioan batetik bestera alde handiak daude (produktu xukatuaren egiazko pisuan): kiloko 13,5 eurotik gertu (Elmar eta Froxá) eta 23,09 euro (Frudesa) artekoak.

Itsaski guztien modura ganba ere biziki galkorra denez, tenperatura hotz-hotza eskatzen du kontsumitu arte egoera onean mantenduko bada.

Ganba izoztuek, ebakitzean, mami trinkoa agertu behar dute, izotz kristal edo orratzik gabea. Hobe dugu elikagai izoztuari berez dagozkion gogortasun eta trinkotasunik gabekoak zokoratzea. Ontziak, era berean, egoera onean egon behar du, jela edo izotzik gabe. Hotz katea ez hausteko, itsaski hauek erosi direnetik izozkailuan sartu arte ordubete gehienez pasa daiteke. Desizoztutako ganbek freskoek bezalako itxura, trinkotasun eta usaina izan behar dituzte. Desizoztuz gero hobe da gordinik berriro ez izoztea.

  Hainbat irregulartasun atzeman dira: Elmar eta Frudesa laginek ez dute zuzen adierazten pisu garbia eta pisu xukatua eta, Pescanova laginak izan ezik, adierazten dutena baino dezente ganba gutxiago daukate denek; izan ere, Pescanovak izan ezik, produktua babesteko glaseatu edo izotz geruza lodiegia ipini dute guztiek: pisuaren %28tik (Frudesa) %35 arte (Riazor). Beste aldetik, Froxá, Riazor eta Compesca laginek ganben egiazkoa kalibrea (tamaina) baino handiagoa adierazten dute etiketan.

Elmar markako ganbek ez dute gainditu freskotasun proba, horri buruz Espainian araurik ez badago ere. Egoera higieniko-sanitarioari dagokionez, denak zuzen daude, Riazor (erdipurdi) izan ezik.

Dastaketak hala-moduzko emaitzak, berdintsuak, erakutsi ditu: zazpi laginetatik bakar bat ere ez da 6 puntura iritsi. Denetan okerrena Delfín izan da: 4,6 puntu baino ez.

Kalitate eta prezioaren arteko erlazio egokiena Pescanovak eskaini du: dastaketan hoberenak bezain onak izaki, aditibo gutxien dauzkatenak eta denetan freskoenak dira. Egiazko prezioa (glaseatua kontuan hartu gabe) gainerako laginena baino garestixeagoa bada ere, beste bi lagin daude hori baino garestiagoak.

Etiketa

Elmar eta Frudesa laginek arautegia urratu dute. Elmar laginak kopurua "pisu garbi" (ganba gehi glaseatua) eta "pisu garbi xukatu" (ganba hutsa) gisa adierazi ordez, arauak xedatua duen bezala, "pisu gordina" eta "pisu garbia" iragartzen ditu. Izendapen hori ez da zuzena, pisu gordinean ganba, glaseatua eta ontzia ere sartzen direlako eta pisu garbian ganba eta glaseatua. Glaseatua duten produktuetan "pisu garbi xukatua" adierazi beharra xedatua du arauak.

Frudesak pisu bakarra adierazi du (200 gramo), zeini dagokion argitu gabe.

Elikagaia ontzi barruan lagin guzti-guztietan ikusten ez denez, hobe litzateke fabrikatzaileak ganben kalibrea edo tamaina adieraziko balu. Informazio hori, ordea, Froxá, Riazor eta Compesca laginek bakarrik eman dute. Bestetik, ganba aleen kopurua kiloko adieraztea komeniko litzateke, librako egin ordez, libra (0,454 kilogramo) ez baita ohiko unitatea hemen. Nutrizio alorreko informazioa ere agertzea komeniko litzateke baina Delfín, Pescanova, Froxá eta Frudesa laginek bakarrik daukate hori.

Froxá da nabarmentzekoa: derrigorrezko datuak ez ezik, kalibrea eta informazio nutrizionala agertzen ditu ontzian.

Ganba eta nutrizioa

Lagin guztiak Ozeano Indiar eta Barean "erauzpen arrantza" bidez lortu dira. Zazpi laginetako sei ultraizoztuak izan ziren itsasontzian eta Compesca lagineko ganbak izoztuak dira. Elikagaiak izozte hutsa baino azkarrago den ultraizozketari esker ganben egiturak eta nutrizio elementuek alterazio txikiagoak nozitzen dituzte.

Laborategiak ez du aztertu nutrizio alorreko osaketa: fabrikatzaile batzuek gatza gehitzen dutela kontuan izaki, osagaiak denetan berdinak dira: ganbak, izotza eta aditiboak. Kopuruz ari garela, osagai nagusia ura da (%80) eta kalorien ekarpena, berriz, apala: 96 kaloria ehun gramoko. Gantza ere, gutxi daukate: 1,3 - 1,5 gramo 100 gramoko, azido asegabe edo insaturatuak ugariago izaki saturatuak (aseak) baino: hortaz, lipido osaketa osasuntsua dutela esan daiteke. Balio biologiko handiko proteina ugari ere dauka ganbak (21 gramo ehun gramoko), funtsezko aminoazido guztiak dauzkatelarik. Beste muturrean kolesterolen (200 miligramo 100 gramoko) eta purinen eduki handia da (gure organismoan azido uriko bihurtzen diren osagai proteikoak). Mineralez ari garela, fosforo, iodo eta sodioaren ekarpena azpimarratzekoa da. Bitaminetan, berriz, urri: eragin antioxidatzailea duen E bitamina bakarrik aipatuko dugu.

Etxe gehienetan ganba salbuespenezko elikagaia da: sarrera gisa kontsumitu ohi da (baratxuritan, tenpuran, etab.) edota beste hainbat jakiren osagarri gisa: paellan, ore eta onddoekin, entsaladan, tortillan, etc. Horregatik, gure dietan duten eragina apal-apala da baina, kolesterol, purina eta sodio ugari dutenez, neurriz kontsumitu behar ditugu eta hiperkolesterolemia, azido uriko asko, hezueria, giltzurrunetako kalkuluak eta (hipertentsio arteriala, gabezia kardiakoa nahiz likidoen atxikipena nozitzearren) sodio gutxiko dieta egiten dutenek hobe dute ez kontsumitzea. Hainbat itsaski kontsumitu osteko erreakzio alergikoen arrazoia elikagai horren muskulu-proteinek sortarazten dituztenez, horrelakoak pairatzen dituztenek hobe dute ganbarik ez hartzea.

Laborategiak agertu duena

  Pescanova laginak izan ezik (adierazitako kopurua baino 5 gramo gehiago baitauka) lagin guztiek adierazitakoa baino dezente ganba gutxiago daukate. Kontsumitzailearen aurkako alde horiek 15 gramotik (Delfín) ia 155 gramoraino doaz (Riazor). Legez baimentzen den gehienekoaren halako bitik gorako aldea agertzea debekatua du arautegiak, aurreneko parametroa edukiaren arabera aldatzen bada ere. Delfín, Elmar eta Riazor laginek urratzen dute hori.

Ganba zurituak eta itsaskia oro har, ur asko daukatelako, oso galkorrak dira eta mikroorganismoek erraz erasotzen dietenez, produktua hainbat eratan babestu beharra dago: babesteko sistema ohikoena glaseatua da. Izotzezko geruza hori esker produktuak ez ditu komertzializazio prozesuan jasan ditzakeen tenperatura eta hezetasun aldaketen eraginak. Glaseatzea da ganba izoztuak ur hotz-hotzetan segundo batzuetan murgiltzea, ur hori mamitu edo jelatu dadin; era horretan, produktua babestuko duen geruza mehe bat osatuko du bere inguruan. Azterturiko laginek, Pescanovak izan ezik (%14 glaseatua), gehiegizko glaseatua zeukaten: %28,6tik (Frudesa) %35,2ra arte (Riazor). Gehiegizko kopuru horiek erraz murritz daitezke produktuaren kalitatearen kalterik gabe.

Froxá, Riazor eta Compesca laginek bakarrik jakinarazi dute ganben kalibre edo tamaina baina, irregulartasun nabarmena eginez, egiazkoa baina ia bikoitza den kalibrea adierazten dute. Ganben kalibrea ezagutzea komeni zaio kontsumitzaileari, segun eta zein errezeta prestatu behar duen tamaina bateko edo besteko itsaskia aukera dezakeelako. Kalibre handienekoak Riazor (115 ale kiloko) dira, ondotik Elmar (152 ale kiloko) datozela. Denetan txikienak Frudesa (329 ale kiloko) eta Delfín (311 ale kiloko) izaki.

Krustazeoa hil ondoren melanosia izeneko prozesu naturala gertatu ohi da: horren ondorioz, animaliaren gorputza kolorez aldatuz doa, tonu ilunetara beti, itsaski horren balio komertzialaren kaltetan. Hori prebenitu eta kontrolatzeko hainbat kontserbagarri erabiltzen ditu industriak. Laborategiak bi aditibo bilatu ditu: sulfitoak (baimendua) eta boro-azidoa (debekatua, toxikoa delako). Lagin bakar batean ez zen atzeman boro-azidorik. Guztirako sulfurosoa (metabisulfito potasikoa) lau laginetan hauteman zen eta ez zen ageri Pescanova, Frudesa eta Riazor laginetan. Aditibo horren agerpenak ganba zurituen kiloko kalkulatu ziren eta 25 miligramotik hasita (Elmar) 110 mg-raino (Delfín) zihoazen; proportzio horiek arautegiak onartuak dira, dena den.

Ganba izoztuen freskotasuna

Oinari lurrunkorren (krustazeoen freskotasun-galeraren ondorioz, proteinak endekatzean agertzen diren sustantzia malmutzak) edukia freskotasunaren adierazle gisa baliatzen da. Laginetan atzemaniko kopuruak onargarri izan ziren Elmar laginekoa izan ezik, honek 49 miligramo nitrogeno zeukala agertu baitzuen, 100 gramo bakoitzeko, hau da, gainerakoek baino askozaz ere gehiago. krustazeo honi dagokion gehieneko mugarik ez du xedatua Espainiako arautegiak baina Txilekoak gehienez ere 30 mg nitrogeno onartzen dio ganbari, ehun gramoko.

Beste laginetan balioak aldatzen dira mg/100g-tik (Pescanova) 16 mg/100g-raino (Delfín).

Amaitzeko, lagin bakar batek ere ez du kloranfenikolen lorratzik agertu: antibiotiko horrek ganbetan bakterio bidezko kutsadura murriztu egiten du baina Europar Batasunean debekatua dago, gizakiarentzat toxikoa delako).

Egoera higieniko-sanitarioa

Ganba zuritua biziki produktu galkorra denez, egoera onean kontserba dadin -18º C-ko tenperaturan mantendu behar da, glaseatua kendu gabe eta kontsumitu baino ordu batzuk lehenago desizoztu gabe. Hainbat analisi mikrobiologiko egin zitzaizkien laginei aerobio, E. coli, enterobakterio, salmonella eta S. aureus-en peskizan. Lagin batek izan ezik, denek emaitza zuzenak erakutsi zituzten. Riazor-ek, aerobioetan, legeak onartutakoa baino eduki handixeagoa agertu zuen: horrek esan nahi du hotz-katean haustura arin eta laburra jazo zela, produktua prozesatzean edo banakuntzan zehar. Horregatik lagin horren egoera higienikoa "hala-moduzko" gisa kalifikatu zen, nahiz kontsumitzailearen osasunarentzat hori arriskutsua ez den.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto