Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Osasuna

Λ

Glaukoma: Garaiz diagnostikatzea, funtsezkoa

Behar bezala eta garaiz tratatu ezean, ikusmena osorik edo partzialki gal daiteke

  Begi globoak nozitzen duen gaixotasun honen bereizgarria, begiaren barnealdean dagoen presioaren gorakadaren eraginez, nerbio optikoaren zuntzetan atzera gabeko kaltea da. Horren ondorioz pazienteak ikusmena pixkanaka galtzen du, batzuetan erabat itsu geratu arte; hasieran ez zaio sintomarik antzematen baina, denbora igaro ahala eta behar bezala tratatzen ez bada, ikusmena osorik edo partzialki galduko du lehentxeago edo geroxeago. Glaukoma hitza grezieratik dator, eta hizkuntza horretan begi lausoa adierazteko erabiltzen zen: lausoak kristalinoa estaltzen duen opakotasun berdexka agertzen duen begia, zehazki. Nahiz eta begi barnealdeko presioarekin zerikusirik ez duen, hitz horixe baliatzen da egun ere.

Zergatik sortzen da glaukoma?

Begiaren barnealdean begi globoaren egiturak elikatzen dituen likido bat dabil, humorea: zeharo garden edo aratza da, eta argiak eta irudiek zeharkatzen dute. Irudiek erretinan interferentziarik gabe jotzen dute (gogoan izan begiak argazki kamera gisa funtzionatzen duela eta, hortaz, zeharo garden izan behar duela). Humore likidoa gorputz ziliarrean sortzen da eta begiko ninietan zehar dabil, begiaren aurrealdeko kameraraino iritsi arte, eta bertan kristalinoa eta kornearen aurrealdeko azala elikatuko ditu. Zirkulazio soil-soila da, produkzio sistemaz, barnealdeko garastatzeaz eta kanporatzeko mekanismoaz osatua. Baina aztoratzen denean arazo larriak sor daitezke. Begiaren aurrealdeko kamerara bertatik irten daitekeen baino likido gehiago sartzen bada, presioak gora egiten du eta presio hori nerbio optikoaren zuntzek jasaten dute. Begi barneko humorearen presioa aldatu egiten da pertsona batetik bestera: eskuarki 12 eta 21 mm.Hg bitartekoa izaten da. Pazientea adinean aurrera joatean ere kanporatze hodiak hondatu egiten dira eta, horren eraginez, presioa handitu egiten da; horrek ez dakar beti glaukoma edo antzekorik baina, dena den, azterketa oftalmologiko sakona egiteak garrantzi handia du.

Glaukoma motak

Oftalmologoek dozenaka mota bereizten badituzte ere, oinarrizkoenak hiru baizik ez dira:

  • Jaiotzetiko glaukoma: kanporatze hodietako gaitz hau gurasoetatik seme-alabetara igarotzen da. Jaio eta berehala, malko isurtze ugaria eta fotofobia ez ezik, begi globoaren tamaina handi samarra ere agertzen du umeak.
  • Angelu irekiko glaukoma kronikoa: denetan ohikoena da (guztien %75), eta likidoa kanporatzeko sistemaren akatsak sortarazten du. Pixkanaka-pixkanaka eta sintomarik agertu gabe iristen denez, garaiz hautematea ez da kontu erraza. Begiaren barnealdeko presioa neurtzean bakarrik diagnostika daiteke.
  • Glaukoma akutu edo angelu itxikoa: bat-batean agertzen da, min handiekin batera, begian iltzea sartua balego bezala. Ikusmena ere bat-batean gutxitzen da, pazienteak lauso ikusten du, irudien inguruan koloretako haloak atzemanez. Likidoa kanporatzeko zokoa bat-batean ixtearen ondorio da.

Sintomak

  Jaiotzetiko glaukomaren eta glaukoma akutuaren sintomak, gaixotasunaren hastapenetatik, aski zehatzak dira, glaukoma kronikoaren kasuan ez bezala: honetan, hasieran ez da sintomarik hautematen eta, agertzen direnean, nerbio optikoa kalteturik egon ohi denez, ikusmena galdu egiten da: aurrean dauden gauzak bakarrik ikusten dira ondo; alboetakoak edo begi ertzetik begiratzen direnak, berriz, nekez. Ikusmen galera hori geroz eta larriagoa izaten da, konponbiderik eman ezean.

Pertsona batzuek glaukoma kronikoa nozitzeko aukera gehiago dute:

  • Familiartekoren batek horrelakoen aurrerakinik izan duenean
  • Miopia larria dutenak
  • Edadeko pertsonak: 60 urtetik aurrera glaukoma ohikoago bihurtzen da
  • Diabetikoak
  • Kortisonazko produktuen tratamendu luzeak hartu dituztenak

Diagnostikoa

Glaukoma goiz edo garaiz diagnostikatzeko modu bakarra hurrengo probak biltzen dituen azterketa oftalmologikoa da:

  • Tonometria edo begiaren barnealdeko presioa neurtzea.
  • Oftalmoskopia: begi hondoaren azterketan nerbio optikoa ikusten da.
  • Ikusmen zorroztasuna hautemateko proba
  • Kanpimetria: ikusmen alorra aztertzean, alboetako ikusmena neurtzen da: horren galera glaukomaren seinale izan daiteke.

Ikusmena mantentzeko garaiz hautematea funtsezkoa dela kontuan izaki, bistan denez, glaukoma nozitzeko arrisku gehien duten pertsonek ikusmen azterketa egin behar dute aldian behin. Horiek ez ezik, berariazko arriskurik ez duten pertsonek ere, adin jakin batera iritsitakoan -50 edo 60 urte ingurura-, begiaren barnealdeko presioaren neurketa egin eta, beharrezkoa bada, kanpimetria ere ezagutzeko, ikusmena maiztasun jakin batez aztertu behar dute, adina bera arrisku faktore baita.

Tratamendua

Glaukoma zenbat eta lehenago hauteman orduan eta tratamendu eraginkorragoa egiteko aukera handiagoak ditu pertsonak. Izan ere, hasieran sintomarik agertzen ez duten honelako gaixotasunetan, diagnostikatzeko modu bakarra oftalmologoak eginiko azterketa da.

Glaukoma akutua larrialdi medikoa da eta berehala tratatu beharra dago; bestela, eragindako begia itsu gerta daiteke 24 edo 48 orduren buruan. Honelako kasuetan tratamendu bakarra kirurgia da: irisean zulo bat egin behar da, likidoa ibili ahal izan dadin. Iriditomia izeneko ebakuntza eraginkor hori laserren bidez egin ohi da egun.

Jaiotzetiko glaukoma sendatzeko kirurgia segurua eta eraginkorra da, eta umeari ebakuntza zenbat eta lehenago egin orduan eta aukera handiagoak izango ditu etorkizunean arazorik gabe ikusteko.

Glaukoma kronikoa, berriz, garaiz antzematen bazaio, tratamendu farmakologiko bitartez senda daiteke. Baliatzen diren botikak pilulak edo kolirioak (maizago) izaten dira, humore gutxiago sortzea helburuarekin. Botika horiek hartzean pertsona gehienek arazorik izaten ez duten arren, bakarren batek buruko mina edo sintoma lokalak nozitzen ditu (begian hazkura, begia gorritzea, etab.). Tanta edo pilula horiek tratamendua eten gabe hartu behar izaten direnez, pazienteak oftalmologoari jakinarazi behar dio bestelako botikak hartzen baditu. Tratamendu farmakologiko horrekin begiaren barnealdeko presioa kontrolatzea ezinezkoa bada, kirurgiara jo behar izaten da. Ebakuntzari (laser izpiekin, aipatu dugun bezala) trabekuluplastia deritzo eta, emaitza on-onak agertu izan dituen arren, zenbaitetan eragina moteldu egiten da denbora igaro ahala, eta ebakuntza nozitu duten pertsonen erdiengan presioa berriro areagotzen da bizpahiru urteren buruan. Izan ere, paziente gazteengan eta kasu larrietan ez da biziki eraginkorra.

Kirurgia konbentzionalera jotzen da kasu larrienetan edo bestelako tratamenduek porrot egin dutenean (botikak, laser bidezko kirurgia, etc.): trabekulektomia izeneko ebakuntza horren funtsa, humorea kanporatzeko beste bide bat sortzea da. Ebakuntza mota honek galdutako ikusmena ez dio itzultzen pazienteari, baina kirurgia aplikatzeko unean ikusten zuen moduan ikusiko du aurrerantzean ere. Kasuen %80-90tan eraginkortasun handikoa da, baina, zenbaitetan zulo berria itxi egiten denez, beste ebakuntza bat egin behar izaten da. Amaitzeko, esan dezagun ebakuntza egin izanak ez duela esan nahi tratamendu farmakologikoa hartzeari utzi behar zaionik edo utz dakiokeenik, paziente batzuek tratamenduarekin segitu behar izaten dute eta.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto