Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Horrelakoak biltzea da liskar gehien sortzen dituen kontua, erradiazio ihesen arriskuagatik
Hondakin nuklear edo erradioaktiboak zentral nuklearretan baliatzen den uranioaren erauzketan bertan hasten den ziklo nuklearrean sortutako hondar materialak dira. Espainian, xedatutakoak baino kontzentrazio handiagoetan agertzen diren elementu erradiaktiboekin kutsaturiko zabor atomiko hori bederatzi zentral nuklearretatik ateratzen da: zentral horiek Estatuko elektrizitatearen %33z gainera, 600 ospitale eta ikerkuntza zentrotako energia ere ekoizten dute. Guztira, urtean 2.000 tona baino gehiago pilatzen dira. Jarduera ertain eta apalekoak, aplikazio ez energetikoetatik datozenak, Kordobako El Cabril zabortegi nuklearrean biltzen dira, eta jarduera bizikoak, zentral nuklearrek sortutakoak alegia, zentraletan bertan dauden lurrazpiko urtegi berezietan. Zabor horien bilketa da, hain zuzen, energia nuklearraren aldeko eta aurkakoen artean liskar gehien sortzen dituen kontua, erradiazio ihesen arriskuagatik.
Hondakin erradioaktiboak sailkatzeko orduan hainbat irizpideri hel dakioke: horien egoera fisikoa (solidoa, likidoa edo gasa), igorritako erradiazio mota (alfa, beta, gamma), erradioaktibitatearen edukia, beren erradionukleidoak semidesintegratzeko epea, etc. Kudeaketari dagokionez, Espainian hondakin erradioaktiboak honela sailkatzen dira:
Hondakin horien arriskua aintzat hartzea da sailkatzeko beste irizpide bat: eskuarki, hondakinaren batez besteko bizitza zenbat eta luzeago izan, are eta arriskutsuagoa izaten da bera.
Hondakinen biltzeak bete behar duen printzipioa giza inguruneetatik bereiztea, isolatzea da; horretarako, hondakinak izaki bizidunen artera behin betiko itzultzea galarazi behar duen edo, bestela, ihesik gertatzekotan, arriskuak hutsaren parera ekarri beharko lituzkeen langa sistema bat ezartzen da (konfinamendua deritzo prozesu horri). Etorkizunean horrelako hondakinen erradiotoxizitatea arindu edo suntsitzeko bezain eraginkorrak izango diren teknologiak sortzeko aurrerakuntza zientifikoak zeinahi izanik ere, hondakin erradioaktiboak behin betiko biltzeko (hau da, konfinatzeko) bete beharreko estrategia nazioartean onetsi eta zehaztuta dago, legez. Saihestu beharreko arriskua da euri urak edo lurpeko urak hondakin horiek ukitzea, gerora lurperaturik dauden erradionukleidoetakoren bat disolbatzea eta azkenean giza ingurunera garraiatzea.
Berez, gorputz zenbaitek emititzen duten energia da, eta erradioaktibitate naturala edo kanpo interbentzio batek eraginik, hau da, erradioaktibitate artifiziala izan daiteke. Material erradioaktiboek jariatzen duten erradiazioak kalte egin diezaieke organismo biziei. Zeinahi erradiazio motak giza gorputzari eraginiko kaltea erradiazio dosi izeneko magnitudez neurtzen da. Sieverta (Sv) da erradiazio dosi hori neurtzeko unitatea. Gizaki batek jasan dezakeen erradiazio maila ez-kaltegarria 2 edo 3 milisievert izan daiteke. Gorputz osoak 3 - 5 sieverteko erradiazioa sufrituko balu, hil egingo litzateke. Erradioterapiako tratamenduan -hau da, organismoko tumore edo ehun bat erradiatzea, suntsitzeko asmoz- oso dosi altuak erradiatzen dira, are 70-80 sievertekoak ere. Gorputz gune zehatz-zehatzetan emaniko erradiazioak direnez pazienteak ez du nozitzen erradiazioaren ondoriorik.
Jarduera ertain eta apaleko materialak metatzeko (hau da, gehienez ere 300 urteko bizia dutenak) Espainian egokiturik dagoen toki bakarra Kordobatik 80 kilometrora dago, Sierra Morenako bihotzean, eta 1992. urtean eraiki zen. El Cabril izenekoan 16.000 m3 hondakin nuklear daude lurperatuta (toki horretako edukieraren %28). Bertako airea, ura eta landaredia 36 puntutatik kontrolatzen dira. Espainian hondakin nuklearrak kudeatzen dituen Enresa enpresaren arabera (Empresa Nacional de Residuos Radiactivos), ez da kanporako emisiorik. Madrilgo Epaitegi Gorenak 1996an esan zuenez, zabortegi horretan premiazko lizentziarik izan gabe zentral nuklearretako hondakinak metatu ziren. Biltzeko egiturak 7,5 graduko lurrikararen ondorioak pairatzeko diseinatuta daude eta, toki seguruagorik sortuko balitz, hondakinak berreskuragarri direnez, bertara eraman litezke.
Une hauetan hondakinak kudeatzeko hiru metodo daude:
Hiru aukera horiek funtsezko bi etapa dituzte bereizgarri: gastaturiko erregaiak behin-behingoz biltzea eta, gerora, behin betiko gordetzea.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa