Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Berez gertatzen den zerbait da gatazka. Seme-alaben eta gurasoen artean, familiartekoen artean, nagusien eta mendekoen artean, lankideen artean, bazkideen, adiskideen, lagunen artean... beti izaten dira gatazkak. Nork ez du ezagun horrelakorik? Gizaki batzuk eta egoera batzuk gatazkatsuago omen dira baina... gatazka gure bizitzaren funtsa da. Noiznahi topatuko dugu. Dena den, arazo bilakatuko da baldin eta aztura edo ohiko kontua bilakatzen bada, jokamoldearen bereizgarri bada. Gatazkak gure bizitzako parte nabarmen bat betetzen badu, bera kudeatzean agertzen dugun trebeziak garrantzi handia izango du geure oreka pertsonalean ez ezik, gure bizitza kalitatean ere.
Adiskidantzako harremanetan, lagun zaharren arteko erlazioetan ere sortzen da inoiz istilurik. Lortu nahi ditugun helburuetara iristeko bidean besteen jokamoldean eragozpenik topatzen dugunean gertatzen da pertsonen arteko liskarra. Nork bere historia pertsonal, berariazko eta desberdina -beraz, nahi, iritzi eta premia desberdinak- duen heinean, bidezkoa da jokamolde desberdinak egokitzea eta, horrenbestez, eztabaida, gatazka eta interesen talkak jazotzea. Horrelako egoeretan geure premiak eta interesak lehenesten ditugu, besteek beraienak lehenesten dituzten modu berberean. Interes horien garrantzi edo indarra da gatazkaren intentsitatea baldintzatuko duena eta adiskidetzezko edo bestelako amaiera emango diona egoerari.
Thomas Gordonek "Dozena zikina" obran, gatazkak sortarazten dituzten jarreretako batzuk agertu zituen:
Agintzea, zuzentzea, hertsatzea, inposatzea: horrek gainontzekoengan beldurra, erresistentzia, asaldura edo defentsazko jarrerak sortarazten ditu. Gizakiak maiz zokoraturik sentitzen dira beren premia pertsonalen aurrean ezikusiarena egiten dugunean eta, areago, apalduta sentitzen dira jokaera horiek jende aurrean gertatzen direnean.Aldeko zein kontrako eraginak sortaraz ditzake gatazkak.
Pare bat hitzetan, "nik irabazi / zuk galdu" metodoa erabiltzen denean pertsona azkenean bere setakerian biltzen da, ez du galdu nahi izaten, bere argudio eta gogoak ez legezkotzat hartuak ikusten ditu: galtzailea mendeko sentitzean eta bere eskakizunak aintzat joak izan ez direla ikustean erresuminak azaleratzen dira. Derrotak errebantxa eskatzen du, galtzaileak isiltasuna ez baitu gogoko. Irabazleak berea lortu duen arren, ez du galtzailea konbentzitu bere helburuen alde borroka dadin. Irabazi baizik ez du egin.
Laburbilduz, "Denek irabazi" metodoari esker irtenbideak eta aukerak bi alderdiek proposatuko dituzte. Kontua ez da pertsona bat gogobetetzea bestea goserik utzita. Bi alderdiek ahaleginak egin behar dituzte bien gustuko konponbideak bilatzeko. Ondo kudeatutako gatazka lagungarria da: negoziatzeko trebezia zorrozten eta hobetzen laguntzeaz gainera, pertsonen arteko harremana sendotu egiten du.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa