Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elkarrizketa

Λ

Santiago Tabernero, kazetaria, gidoilaria, zine zuzendaria eta TVE2 kateko "Versión Española" programaren zuzendaria: "Aurtengo Goya sariak espainiar zinemako belaunaldi aldaketaren konfirmazioa dira"

 Logroñon egin dugu hitzordua Santiago Tabernerorekin, kazetari eta zinemari buruzko "Versión Española" programaren zuzendariarekin. Hantxe jaio zen Tabernero eta sarri itzultzen da familia eta betiko lagunak ikustera. Badira urte batzuk zinearen eta telebistaren munduan murgilduta bizi dela eta, bi arlo horietan glamour kontzeptu arinaren mendekotasuna nabari bada ere, Tabernerok dio, eta halaxe azaltzen du, oraindik probintzietako mutil xume sentitzen dela, bi pasio handi dituena: komunikazioa eta zinema. TVE kateko kazetari izateak aukera eman zion bi pasio horiek uztartzeko, "Versión Española" programa zuzentzen hasi zenetik. Sei urte daramatza jada gaur egungo zinema espainiarra zabaltzen programa horren bidez.

Bere lehen zuzendaritza lana izango den pelikularako castinga amaitzeko hartu ditu Tabernerok egunok. Lehendik ere gidoilari lanetan jarduna da, Carlos Saurak zuzendutako "Taxi" filmean, eta kogidoilari ere izan da, Gerardo Herreroren "Desvío al Paraíso" filmean eta Daniel Calparsororen "Asfalto" filmean.

Duela egun gutxi eman dituzte Goya sariak, zine espainiarraren sari nagusiak, eta zeremonia horrek itxi du aurtengoz zine sasoia. Azkeneko uztari begira, arrazoizkoa al da produkzio nazionalaren krisiaz hitz egitea?

Gure industria zinematografikoa oso ahula da, hala izan da betidanik. Pikareska erabili beharrean izan da, baita gaur egun ere; hau da, inprobisatuz eta aukerak baliatuz aurrera ateratzeko fazeta hori -hain fazeta espainiarra- hori landu behar izan du. Hala eta guztiz ere, 120 pelikula espainiar estreinatzen dira urtero; horietatik 20 interesgarriak dira eta beste 10 benetan onak. Ez da proportzio ona, ezta hurrik eman ere, baina itxaropenerako tartea uzten du. Isabel Coixeten "Mi vida sin mí", adibidez, Kanadan filmatutako autore filma da; gure aretoetan erabat ezezagun ziren aktoreek errodatu zuten eta, gainera, hiltzear dagoen neska baten istorioa da. Hasiera batean inortxok ez zuen txakur txikirik ematen pelikula horren alde, baina, horra, milioi erdi lagunek baino gehiagok ikusi zuten Goya sariak baino lehen.

Hortaz, momentu ona da?

Aurten "Te doy mis ojos", "Las horas del día" eta "En la ciudad" filmak izan ditugu. Nire ustez, balantze artistikoa oso ona da eta balantze ekonomikoa ere ez da askoz txarragoa: beldur ginen urte txarra izango zela, baina "Mortadelo y Filemón", "La fiesta", "Días de Fútbol" eta gainerako filmei esker, %17ko pantaila kuota lortu dugu. Gaur egungo fasean, oso zinema heterogeneoa egiten da, baina ez nuke hori azpimarratu nahi; nire ustez, askoz azpimarragarriagoa da industria espainiarreko belaunaldi aldaketa konfirmatu dela.

%17ko pantaila kuota zinema espainiarrarentzat, eta %70 izugarria zinema estatubatuarrarentzat. Zer adierazten dizute zifra horiek?

Kulturalki kolonizatuta gaudela. Gusturago gaude, identifikatuago sentitzen gara, Michigango High School batean gertatzen den film bat ikusten, Madrilgo auzo batean gertatzen dena ikusten baino.

Agian gai unibertsalak lantzen dituztelako eta zinema europarraren aldean hizkuntza soilagoa erabiltzen dutelako; jakina baita zinema europarrean narrazioak subjektiboagoak direla, lotuago daudela autore zinema esaten zaion horrekin.

Gertatzen dena da Hollywoodeko zine komertziala oso lotuta dagoela ikuskizunarekin. Izugarrizko baliabideak ditu Hollywoodeko industriak eta, oro har, egun-eguneko lengoaia erabiltzen du, pentsatzeko biderik ez aukerarik ematen ez duen dialektika bizi-bizian oinarrituta. Proiekzioaren amaieran, askotan konturatzen zara filmak ez dizula ezer eman, eta, finean, horixe da (mespretxatzeko asmorik gabe) ikusle gehienek nahi dutena.

Eta zergatik ez du halako filmik egiten zine espainiarrak?

Entretenimenduko zinea ere egiten da. Hor dituzu "Días de fútbol" eta "800 balas", esaterako; kontua da ez dela zine estatubatuarrean bezainbeste egiten.

Zure programan ba al dute lekurik film komertzialenek?

Zine espainiarra zabaltzen laguntzea da "Versión Española" programaren lehen helburua, baina argi izan dut beti ezin zuela ghetto bihurtu, ezin genituela programatu inork ikusi ez dituen pelikulak edo aretoetan arrakastarik izan ez dutenak, kritiko edo zinefilo talde batek laudorioz betetzen badituzte ere. Baina gure zeregina ez da, ezta ere, Amenabarren "Los otros" estreinatzea, halako filmak ikusle gehiagoren aurrean jartzeko eginak baitira. Ez ditugu halako filmak gure programan estreinatzen, baina ez dugu baztertzen aurrerago jartzea. Hain zuzen, halaxe egin genuen "El Bola" filmaren kasuan: bigarren pasean jarri genuen, eta gure historian inoiz ez bezalako ikusle indizea izan genuen.

"Versión Española" programaren beste bereizgarrietako bat Internet erabiltzea da

Betidanik telebistako programa soila baino gehixeago izan nahi izan dugu. Zine espainiarra zabaltzeko marka izan nahi genuen, eta zenbait fronte zabaldu genituen horretarako. Gure web orria horren aldeko zerbitzu bat da, eta zinea egin nahi dutenei laguntza eman nahi diegu horren bitartez. Adibidez, mundu osoko zine eskolen aipamenak ditugu, eta apurka programaren memoria sartzen ari gara, gainera; zinearen bibliografia sortzeko.

Formula amalgama horretan, zergatik ez laburmetrai lehiaketa bat?

Lehiaketa Iberoamerikara ere zabaldu dugu. Zine espainiarraren kontzeptua zabaldu egin dugu; hobe esanda, espainiera hizkuntza ofiziala den herrialdeetara zabaldu dugu, eta erantzun ona jaso dugu. Edizio honetan, adibidez, SGAE erakundearen laguntza izan dugu.

Garai batean laburmetraiak jartzen zituzten zine aretoetan pelikulak hasi aurretik. Berriz ere hori egitearen alde al zaude?

 Ezin dugu inor ezertara behartu, helburua laudagarria izanda ere. Azkenean, bitartekoak ez badira egokiak izan, ez da ezer lortzen. Laburmetraiak jartzea derrigorrezko bihurtu zuten garaian, zenbait produkzio etxe, laburmetrai itxura emanda, iragarki luzeak jartzen hasi ziren, eta ikusleak, azkenean, laburmetraien aurka jarri ziren. Gogoan dut erreportaje promozionalak eta nekagarriak zirela, lengoaia zinematografikoarekin inongo loturarik gabeak.

Zure ustez, zein punturaino lagundu behar dira zinema, antzerkia, musika, dantza eta bestelako agerpen artistikoak diru publikoaz?

Kultura ez da negozioa, horregatik, ez bada behar bezala bultzatzen, inortxok ere ez luke horretan jardungo -mezenas eszentrikoren bat ez bada (eta ez dakit halakorik baden jada)- , inortxok ezingo luke kulturatik bizimodua atera, eta jendea ez da airea janez eta ametsak jantziz bizi. Baina ideia hau erabat kontrajarrita dago tutoretza politikoarekin. Agintariek argi izan behar dute kultura herri baten adierazpen librea dela, historiako momentu jakin bati dagokiona, dialektika ezberdinen bidez adierazten dena, artea komunikatzeko helburu hutsez.

Zure ustez, arrazoizkoa al da aktoreak eta zinemaren mundukoak oro har gizartearen ordezkari bihurtzea?

Aktoreek, kolektibo moduan edo bakarka, posizioa hartu nahi badute, eta beren ustez bidezkoa bada fama eta errekonozimendu soziala erabiltzea jarrera jakin bat adierazteko, askatasun osoa dute halaxe egiteko. Bestelako edozein arlotako profesional guzti-guztiek bezalaxe.
Niri primeran iruditzen zait posizioa hartzea eta beren burua argi adieraztea, beren burua kulturaren ordezkari, edo antzeko ezer, bihurtu gabe. Are gehiago, gerta liteke gutako batzuk beren jarrerarekin bat etortzea, eta jarri hori adieraztea eskertzea.

Behin eta berriz errepikatzen duzu kazetaria zarela, baina gidoi lanetan aritu izan zara Saura, Calparsoro, Herrero eta beste zenbait zineasta ezagunekin. Defini dezakezu zer den gidoiak idaztea?

Ernaldiaren oso antzekoa da. Hazia ernaldu egiten da, handitu egiten da apurka, jaten eman behar diozu eta kontu egin behar diozu ezer ez pasatzeko; eta obsesionatu egiten zara eta horretan besterik ez duzu pentsatzen, dena ongi aterako ote den. Eta gero, nire kasuan, bederatzi hilabete inguruko aldia pasatzean, gidoia argitara irteten da.

Baina gero beste bati uzten diozu zure lana, bizia eman diezaion.

Bai, hala da, baina haustura hori, zapuztuta uzten bazaitu ere, gidoilariaren lanaren esentzian bertan dago. Rafael Azconak, esaterako, ondo asimilatuta du hori; beste gidoilari batzuek, berriz, idatzi dituzten pelikulak zuzendu egiten dituzte azkenean.

Horregatik hasi zara zeuk sortutako istorioa zuzentzen?

Aukera izan dut eta horretantxe ari naiz. Gidoia amaituta dago, castinga egiten ari gara orain, eta bukatu dugu kanpoko kokapenak bilatzen, Franco hil ondoren, mundu honetan bere lekutxoa aurkitu nahian dabilen mutikoaren historia kontatzeko.

Hortaz, zinema zuzentzeari ekingo diozu, zure programa, hain arrakastatsua eta beharrezkoa, alde batera utzita?

Oraingoz, kazetaria izaten jarraitzen dut nik.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto