Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Fast food delako janak energi dentsitate handia du, gantz eta karbono hidratoen kantitate handia duelako
Janari azkarren kateen jokaldi nagusiak zerbitzu azkarra, ordutegi zabalak, prezio merkeak eta establezimendu sare itzela dira. Espainiako Hotel eta Jatetxeen Federazioaren arabera (FEHR), Estatuan badira horrelako ia 3.000 lokal, eta kopuru hori emendatuz doa. Baina haien arrakasta ez datza erosotasunean bakarrik: jan azkarrak, haiei buruzko iritzi ona izan edo ez, gure gustuak erakarri ditu, eta nutrizioaz den bezainbatean duen entzute txarra gorabehera, denok erori gara inoiz hanburgesa bat edo pizza zati bat jateko tentazioan. Elikatzeko ohituretan izandako aldaketen ondorioak nabaritu egiten dira: bi espainiarretik batek gehiegizko pisua du eta gaixotasun kardiobaskularrak, 2000. urtean %35eko hilkortasun tasarekin, Espainiako lehenengo heriotza kausa dira.
Fast food produktuak bi taldetan sailka daitezke: eragin eta ezaugarri anglosaxoniarrekoak, hala nola hanburgesak, saltxitxak eta patata frijituak askotariko saltsekin batera (maionesa, ziapea, ketchup...), eta jatorri mediterraniarrekoak, hala nola pizzak, ogitartekoak, pintxoak eta kebab-ak (jatorri arabiarreko pintxoak: haragi adobatua, agabe ogian bildua, begetalekin eta jogurt saltsarekin batera aurkeztua). Beren nutrizio ezaugarriengatik, mota mediterranear edo arabiarreko janari azkarra mota saxoniarrekoa baino osasungarriagotzat jo daiteke.
Produktu horien artean, halaber, beste zenbait herrialdetako plater tipikoak, janari azkarraren forma berri bat direnak, aipatu behar dira, hala nola astotxo mexikarrak edo jan txinatarra, eta aurrez prestatutako produktuen aukera handia (lasagnak, kanelonak, paellak, enpanadilak, kroketak...); izan ere, produktu horiek gero eta gehiago eskatzen dituzte kontsumitzaileek.
Produktu horiek hain heterogeneoak izanik, ez da erraza nutrizio-balio erakusgarri bat zehaztea. Hala ere, denak dira berdin honetan: dentsitate energetiko handian, beren gantz kopuru kantitate handiagatik (batez ere gantz asea eta kolesterola) eta karbono hidratoengatik (ogia, agabea, pizza-oinarria, opilak...). Eta, kalitatezko proteinak (arrautzak, haragiak, arrainak, gaztak...) ematen dituztela egia bada ere, zuntz, bitamina eta mineraletan (sodiotan, hau da, gatzean) urriak dira. Eta ez dugu ahaztu behar, halaber, hartzen dugun kaloria kopurua emendatu egiten dela, biziki emendatu ere, jana patata frijituekin, opilekin eta freskagarriekin edo alkoholdun edariekin batera hartzen badugu.
Horrelako jana kontsumitzea ez da inolako eragozpena osasunerako baldin ohitura bihurtzen ez bada eta oinarrizko janarien ordez hartzen ez bada. Gertatzen da, ordea, gero eta pertsona gehiagok beren dietaren oinarri gisa hartzen dituztela, hori egiteak dakartzan nutrizio arriskuez konturatu gabe.
Gehiegizko energia
Fast food janari bakar batekin bakarrik, egunero behar den energiaren erdia baino gehiago hartzen da. Eguneko gainerako janariek ematen duten energia gehitzen badugu, jandako guztiaren energi kantitatea ikaragarri igotzen da eta gehiegizko pisua errazten da.
Koipe eta kolesterol gehiegi
Gehiegizko gantz aseek odoleko kolesterol maila handitzeko joera dute. Horiek eta kolesterola ugari dira produktu horietan, arrautza, gurina, esnegaina, gantza eta beste osagai gantzatsu batzuk dituzten saltsak eta frijituetan erabiltzen diren koko eta palma olioak direla kausa.
Digestio nekezak
Gehienetan janariak frijituta, birrineztatuta edo arrautza-irinetan pasatuta daude; beraz, gantzez aberasten dira, eta gantz berotua are liserigaitzago gertatzen da.
Gehigarri ugari
Produktu hauek, oro har, etxean prestatzen direnek baino gatz gehiago dute, neurri batean sodioa kontserbatzaile gisa erabiltzen delako. Gainera, kolore, usain, zapore eta eraketari dagokionez, nahi den itxura lortzeko, kontserbatzaileak, koloratzaileak, trinkotze kontrakoak, egonkortzaileak, etab. gehitzen zaizkie. Plater hauek gozagarri biziak edo aditiboak zaporea potentziatzeko eta jateko gogoa suspertzeko eta, denboraren poderioz, dastamenaren pertzepzioa aldatu eta ohitura sortarazten dute.
| Errazioak | Energia (Kcal) | Koipeak |
|---|---|---|
| Pizza zatia (180 g) | 352 | 22,7 |
| Hanburgesa bikoitza gaztarekin (190 g) | 480 | 26,6 |
| Oilasko hegotxo frijituak (125 g) | 280 | 11,4 |
| Kroketak (150 g) | 183 | 11 |
| Frankfurt (90 g) otarretakoa (120 g) | 520 | 18,8 |
| Patata frijitu ertainak (115 g) | 353 | 17,5 |
| Sagar pastela (115 g) | 320 | 14 |
| Izozki terrina ertaina (115 g) | 235 | 11,6 |
| Freskagarri ertaina (350 mL) | 145 | 0 |
| Fruta zukua (225 mL) | 101 | 0 |
| Ketchup poltsatxoa (15 g) | 15 | 0 |
| Maionesa poltsatxoa (12 g) | 86 | 9,5 |
| Pasta (2 burruntzali bete), tomate saltsa eta haragi xehatua (50 g) | 331 | 7,1 |
Fast food-ek ez du esan nahi, ezinbestean, zabor-jana. Janariak egokiro hautatzeak eta kontsumo maiztasun zuzen batek proposamen original, orekatu eta osasungarri bihur dezakete jan azkarra.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa