Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elkarrizketa

Λ

Blanca Miranda, Transplanteetarako Nazio Erakundearen zuzendaria: "Organoak emateko sistema guztiz gardena da"

 Blanca Miranda Medikuntzan lizentziatu zen 1981ean, Madrilgo Unibertsitate Autonomoan, eta zenbait urte geroago Doktore gradua lortu zuen. Nefrologia espezialitatea egin ondoren La Paz Ospitalean lan egin zuen bertako transplante koordinatzaile gisa, harik eta, 1996ko uztailean, Transplanteetarako Nazio Erakundearen zuzendari izendatu zuten arte. Jardun horretan jarraitzen du harrezkero.
Blanca Mirandarekiko solasaldian, guztiak garamatza puntu berera, Espainiak organoak ematen lehen postuan jarrai dezan lan egiteko erantzukizunera, hain zuzen. Meritu hori gure gizarteari, osasun ekipoei eta emate-prozesu zailak behar duen protokolo zorrotzari egozten die. Dena dela, hain prozesu erabakigarrian errealismoak bere legea ezartzen du: Mirandak gogorarazten du egunero eta ahal den bide guztietatik emateen garrantzia azpimarratu ezean egoerak okerrera egin lezakeela, eta horrek ondorio dramatikoak ekarriko lituzke: bizirik segitzeko transplantea behar duten pertsonentzat organorik eza, hain zuzen.
Blanca Miranda, beti ere hildakoaren familia betetzen duen dolu eta min sentimenduari begirunea erakutsita, behin eta berriz dio hildakoaren senideek emateari uko egitea galera konponezina dela; gorputik organoak erauzi daitezkeen bost alditik behin gertatzen da familiak emateari uko egitea, "horregatik, koordinatzaileok portzentaia hori gutxitzeko betebeharra dugu". Hartarako, dioenez, ezinbestekoa da organoen erauzte-, emate- eta transplante-prozesu osoan gardentasuna izatea.

Zergatik zentratu duzu zeure lana ematearen ospitale-alderdian?

 Denok organo-ematearen agente aktibo bihurtzea zein garrantzitsua den biztanleriari komunikatzeko funtzioaz gain, TNEren (Transplanteetarako Nazio Erakundearen ahaleginaren zeregin nagusiak honakoa izan behar du: ospitaleei teknikak eta tresnak ematea, detekzio, identifikazio, mantentze eta erauzte metodoak hobetzeko, baita hildakoaren familiari organoak emateko eskaera egitekoak ere. Hauxe da gure filosofia, organoak lortzeari modu profesionalean ekitea eta haien optimizazioa, ospitalearen ikuspuntutik. Emailea gizakia baizik izan ezin denez, herritarrak ordezkaezinak dira, baina organo-emateak prozesu-bikaintasuna izan behar du jomuga, emateek arrakasta izan dezaten protokoloak ezin hobeto funtzionatu behar du eta.

Kezkarik handiena familiek emateari ezetz esate ugariak dira oraindik.

Hala da. Joan den urtean, eskaerari %20 inguruk ezetz esan ez baliote, litezkeen baina galdu ziren 856 emaile lortuko ziren, eta haiekin 2.000 baino ezarketa sendo gehiago egingo ziren. Egia da, halaber, ezezkoen portzentajeak ez dakarrela organo-emateak gutxitzea, urtean baino urtean emate eta transplante gehiago baitago. Arazorik handiena da heriotzen % 1ek baizik ez dituela emateko eskakizunak betetzen eta, horrenbestez, %20ren ezezkoa galera handia da, oso.

Zergatik hildakoaren borondateak ez du bere familiarenak baino maila handiagoa emateko une erabakigarrian?

Bizirik zegoela hildakoak emateko borondatea agertu bazuen, familiak eskuarki errespetatu egiten du, baina ulertu behar dugu pertsona maite baten heriotzarekin lotutako erabaki batez ari garela, eta dolua oso gogorra da. Pertsona hori ustekabean hil denean, senideek ez dute erraz onartzen gertatu zaiena. Bizi-testamentua oso bitarteko legal baliagarria izango da, eta are familiarentzat berarentzat aringarria, hildakoaren borondatea betetzen ari dela baitaki. Nolanahi ere, kasu guztietan zeharo garrantzitsua da bitartekoaren zeregina.

Zer figura mota da bitartekoa organo-emate batean eta zein da haren zeregina?

Pertsona hori, ospitale barruan, familia nahasi eta defentsiban jartzen duten informazio okerrak edo kontraesankorrak saihesteaz arduratzen da. Organo-emate baten prozedura osoa gardentasunak zuzendu behar du. Harremanetan, shock egoeran daudela, zer esaten ari zaren ulertzen ez duten pertsonenganako sentiberatasunak eta begiruneak nagusi izan behar dute; izan ere, litekeena da senideek egoera ez onartzea eta erabaki bat hartzea oso zaila gerta lekieke. Familiarentzat emateko sinadura beste zama bat ez izatea lortu behar du bitartekoak. Ezin da pertsonaren heriotza erremediatu, baina bai beste zenbait gauza, momentu hori eramangarriago edo ez hain mingarri egiten dutenak. Alde ona, ditugun ikerketek seinalatzen dutena da: baimena eman zuten 10 familiatik 8k berriz ere hala egingo luketela, horrek atsekabea eramaten lagundu zituela uste baitute.

Behar dituzten pertsonei transplantatzeko organoak erauzi zaizkion hildakoaren familiarekiko harremanak mantentzen al dira?

Kasurik gehienetan, hasieran, senideek ez dute ezer jakin nahi, beren dolu-aldia behar dute, eta behin baimena sinatuta organo-ematearekiko lotura bukatutzat jotzen dute. Hala ere, prozesuaren nondik norakoa jakiteko aukera ematen zaie, eta ez da batere bakana denboratxoa igarota bitartekoarekin harremanetan jarri eta azken emaitzaz galdetzea. Informazioa ematen zaie eta nolabait beren gizarte-ekarpena ikusten dute. Jakina, hau guztiau ez da filmetan bezala gertatzen, ez familia emailearen eta hartzailearen arteko elkartzerik, ez antzeko ezer, baina jakin daiteke erabaki hark pertsona bat edo batzuen bizitza hobetzea, edo are salbatzea, ekarri zuela berekin.

Hartzailearekin bai, mantentzen dira harremanak. Haren bizitza errotik aldatzen al da?

Sarri askotan litekeen heriotzatik bizitzara igarotzen da, eta aldi oro bizi- kalitateak hobera egiten du. Kontuan izan behar da emandako organo b at hartzen duena ospitale-sistemari lotuta dagoela betiko, beraz, haien testigantzak ezagutzen ditugu. Gainera, ohikoa da asoziazionismoa, baita haren kooperazio eraginkorra beste batzuek zorte on bera izan dezaten. Pertsona horiek bizitzako azaleko gauzak asko erlatibizatzen dituzte. Esan genezake garrantzizko gauzetan jartzen dutela arreta, ez hainbeste presakoetan, askok egiten dugun okerra, presak eta berehalakoak eramaten uzten baitugu geure burua, funtsezkoa ahaztuta.

Aldian behin, eta mareak dakartzan hondarrak bezala, organo-trafikoaren gaineko legendak sortzen dira. Kontu horretan zenbatekoa da mitoa eta zenbatekoa errealitatea?

Kontu horietan hainbesteko zurrumurrua zegoen ezen Interpolek haien egiazkotasuna ikertu baitzuen. Benetakoak ez direlako ondoriora iritsi zen, gorpuetatik datozen organoen trafikoari dagokionez behinik behin. Transplanteak oso ebakuntza konplexuak dira eta goi teknologiako azpiegitura, talde mediko kualifikatua eta area geografiko mugatuan ekiteko denbora laburra eskatzen dute. Legendak Hirugarren Munduko herrialdeetan sortzen dira beti, eta sarri askotan gorpuak haurrenak ziren, haurren emateak guztietan zailenak badira ere. Gainera, hartzailea, herri garatu batekoa izaten dena, desagertu egiten da, nahiz eta, jakina denez, betiko behar du laguntza klinikoa.

Eta bizitzeko ezinbestekoak ez diren organoak ematea? Interneten bidez giltzurrun bat eskaintzea?

Badira tokiak non zenbait organorekin negoziatzen den. Ez da ohikoa, baina hori bai, gertatzen da. Nire egitekoa ez da praktika hori epaitzea, ezta herrialde horietan indarrean dagoen legalitatea urratzen den ala ez. Gure herrialdean esperma eta obuluak ematea baizik ez da ordaintzen, eta biak ere emateak dira. Europako beste herrialde batzuetan odola ematea ekonomikoki ordainduta dago. Ez dut beste herrialdetako jokabiderik epaituko, baina transplante bat egiteko giltzurrun bat erauzi dioten pertsona bahituaren kontua legenda beltza besterik ez da.

Zure ustez, Espainia zergatik da munduan lehena organoak ematen?

Sintonia ona dago herritarrekin. Eskuarki, emateari dagokionez, iritzi publikoa ona da eta, gainera, medikuntza- eta ospitale-profesionalenganako konfiantza badago. Gogoan izan beharra dago transplanterik gehienak ospitale-sare publikoan egiten direla, eta, hartara, bermatu egiten da lorpenak gizarte osoarenak direla transmititzea.

Zergatik dago hain alde handia komunitate artean?

Gogoko dut egin didazun galdera. Errioxan organo-emate gutxiago egiten dira, baina ez besteak bezain solidarioak ez direlako, haien ospitale-sistema neurri txikiagoan ahalbidetzen dituelako baizik. Arestian aipatu ditugun emaile baliagarrien %1 beren garuneko kalte atzeraezin batengatik garun-heriotza dutenak dira. Behin heriotza gertatuta, organoen oxigenazioa mantentzen da artifizialki eta, hartara, transplantatutakoan funtzionatzen segi dezakete. Horrenbestez, garrantzitsua da emailea zenbait baldintzatan mantentzea, eta baldintza horiek zaintza intentsibo zehatzak dituzten unitateetan bakarrik aurkitzen dira.

Badituzu zortzi urte Transplanteen Nazio Erakundearen buruan, zertaz zaude harroen eta oraintxe bertan zein da zure kezka nagusia?

Nire egitekoa emate-prozesu batean esku-hartzen duten eragile guztien ahaleginak koordinatzera eta norabide berean antolatzera bideratu da. Administrazio zentralarekin, autonomikoekin, ospitaleetako profesionalekin lan egin behar da, bai autonomietan bai estatuari dagokionean, estamentu judizialarekin, epaileekin, auzitegi-medikuekin eta elizekin. Hedabideei albait denbora gehien eskaini beharraren jakitun naiz, biztanleriarengana eta beren organoak eman ditzaketen pertsonengana iristeko modurik onena baita. Oso garrantzitsua da edozein arazo txiki dagoen guztietan aurpegia eman eta gure sistema zeharo gardena dela eta Transplanteetarako Nazio Erakundearen baitan hartu den edozein erabaki azal daitekeela esatea.

Zure helburu nagusia ezezkoak %20tik %15era jaistea da. Zer esango zenioke gizarteari senideen ezezkoen murrizketa nabarmen hori lortzeko?

Pertsonok baino ezin dezakegula bizia eman. Zorionak eman behar dizkiogu geure gizarteari munduaren buruan egon eta haren eredu izateagatik, baina ezin gara konformatu eta oharkabetu. Heriotzaz hitz egitea gogorra da, baina hiltzea bukaera saihestezina da, eta bukaera horri zentzua eman diezaiokegu geure gorputzak, behin bizigabe, besteak laguntzeko nahia jakinaraziz.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto