Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.
Ezkontzako erregimen ekonomikoa aurretiaz aukeratzeak dirua eta arazoak aurrez ditzake banandu edo dibortziatuz gero
Ezkontzaren instituzioa krisian dago gure herrialdean. Baieztapen hori ez dela gehiegizkoa erakusteko, nahikoa da datu garbi bati erreparatzeari: Espainiako Estatistikako Institutuaren arabera, herrialde honetan banantze eta dibortzio erritmoa ezkontzena baino hiru aldiz azkarrago hazte ari da. Famili Politikarako Institutuak berak berresten du esandakoa, eta duela gutxi argitaratutako txosten batean hautsi diren ezkontzen kopurua azken hamarkadan %72 handitu dela esaten du.
Bikote bat hausteak pertsona askori eragiten die -senar-emazteei beraiei eta seme-alabei, senideei eta lagunei-, eta oso modu desberdinetan, gainera. Ez da ahaztu behar senar-emazteentzat eta familiarentzat ezkontzaren funtsa maitasuna bada ere, gizarteari dagokionez ezkontza lege kontratu bat dela, bere klausulak dituena -hitzarmena- eta, hautsiz gero, ondorio jakinak dakartzala. Banantzearen edo dibortziatzearen ondorioen artean, izaera emozionala eta psikologikoa dutenak alde batera utzita, senar-emazte ohiek hainbat neurri ekonomiko hartu beharko dituzte seme-alabak zaintzeko, elikatzeko eta hezteko, bikoteko kiderik ahulena ekonomikoki babestu eta konpentsatu beharko dute, etxearen erabilera nori dagokion erabaki, ordaindu gabe dauden maileguak edo zorrak nori dagozkion zehaztu eta ezkontzako erregimen ekonomikoari amaiera eman beharko diote.
Hartu beharreko neurriak desberdinak izango dira senar-emazteek aukeratzen duten erregimen ekonomikoaren arabera. Kode Zibilak dioenez, hiru erregimen ekonomiko daude ezkontideentzat: partaidetzakoa, ondasun banaketakoa eta irabazpidezkoa. Hain zuzen ere, azken hori ezartzen da ezkontzean besterik gabe, hau da, senar-emazteek berariaz besteren bat aukeratzen ez badute. Beste aukera bat erabakiz gero, notaritzara jo behar da eskrituren bitartez ezkontzako klausulak zehazteko eta eskumenak esleitzeko.
| Erregimen ekonomikoa | Definizioa | Ondasunak |
|---|---|---|
| Irabazpidezkoa | Senar-emazteen ondasun komunak dira senar-emazteetako edozeinek ezkonduta egon diren bitartean lortutako irabaziak edo etekinak. | Lanetik edo industriatik lotutakoak. Irabazpidezko zein norbere ondasunen errentak eta interesak, eta fruituak. Diru komunarekin eskuratutako kostu handiko ondasunak. Ondasun komunekin senar-emazteetako edozeinek ezkonduta egon bitartean sortutako enpresak eta establezimenduak. Jokoan lortutako irabaziak. |
| Ondasun banantzea | Senar-emazte bakoitzak bere ondasunak ditu eta independentziaz joka dezake, horiek askatasunez administratzeko eta erabiltzeko. Obligazio bakarra da norbere baliabideen arabera ezkontzako kargetan parte hartu beharra. | Ezkontzako klausuletan hitzartu egin daiteke senar-emazteen kargetan nola hartuko den parte, adibidez, ehunekoak zehaztuz. Hitzarmenik egon ezean, senar-emazteek beren baliabideen proportzioaren arabera hartuko dute parte. |
| Partaidetza | Espainian erregimen hau ez da asko erabiltzen. Senar-emazte bakoitzak besteak lortutako irabazietan parte hartzeko eskubidea dauka, baina bakoitzari dagokio norbere ondasunen administrazioa eta gozamena. | Ezkontzan zehar ondasun edo baliabide bakoitza senar edo emazte bakoitzarena da, eta ondasun horien etekinak baino ezin dira sozietatera eraman. |
| Erregimen ekonomikoa | Dibortziatuz gero | Abantailak |
|---|---|---|
| Irabazpidezkoa | Ezkontzako sozietatearen ondasun guztiak bitan banatzen dira. Horretarako inbentario bat egin behar da, ondasunak zehazteko eta senar-emazteen artean berdintasunez banatu ahal izateko paketeak egiteko. | Justuenekotzat hartzen da, senar-emazteen solidaritate printzipioa errespetatzen duelako. |
| Ondasun banantzea | Ondasunak erraz kitatzen dira, bakoitzak bereak baititu. Komunak direnak baino ez dira bien artean banatu behar. |
|
| Partaidetza | Irabazpidezko erregimenean bezala, ezkontzan zehar etekin gehien lortu duen kideak bestea konpentsatu behar du. | Banantze erregimenaren abantaila berak dauzka baina, gainera, berdintasun handiagoa bermatzen du, etekin gutxien lortu duen partaideak besteen irabazietan parte hartzea ahalbidetzen baitu. |
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa