Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.
Zurda kopurua eta kalitatea erabakigarriak dira hortz eskuilen kalitaterako
Gogortasun ertaina eta antzeko prezioa duten zazpi hortz eskuila aztertu dira (horietatik seik 2,50 euro eta 3,21 euro artean balio dute). Reach kalitate orokorrean "oso ongi" lortu duten bietako bat da -bestea Licor del Polo da- eta, gainerakoak baino merkeagoa denez (1,90 euro), berak du kalitate-prezio erlaziorik onena.
Txinan jada XV. mendean hortz eskuilak erabiltzen zirela dakigu. Garai hartan basurdearen lepoko zurdak erabilita egiten ziren. 1937an nylona deskubritu zen, eta material sintetiko horrekin fabrikatzen dira harrezkero eskuila modernoak: hortz oiei eta esmalteari kalte gutxiago egiten die, eta berari esker zabaldu zen erabilera mendebaldean.
Hortzak eskuilatzea hortzetako plakari itsatsita dagoen zikinkeria igurtzi bidez mekanikoki kentzea da, eta hortzetako pasta batez lagunduta egin ohi da. Helburua ahoa janari hondarrez garbitzea eta hortzetako plakako bakterioak deuseztatzea da, horiek lertzoa, kariea eta oietako arazoak sortzen baitituzte. Eskuila ona izateko, zikinkeria ondo kendu baina hortzak errespetatu behar ditu.
Aho mota bakoitzari eskuila mota bat dagokio. "Leunak" dira oiak eta hortzetako esmaltea gutxien zigortzen dituztenak, baina erabilgarritasun laburragoa dute. "Gogorrek" ahalmen erosionatzaile handiagoa dute eta, ondorioz, zikinkeria hobeto kendu eta gehiago irauten dute, baina hortzei desgaste handiagoa egiten diete. Azterketa honetako zazpi eskuilak erdi gogor moduan aurkezten dira, eta mota horietakoak dira gehien erabiltzen direnak. Hala ere, analisiaren ondorioz Lacer "leuntzat" katalogatu behar zela ikusi da, eta ez "erdi gogortzat"; hau da, etiketa okerra da. Gainerakoei dagokienez, Reach eta Oral-B gogor samarrak ziren, eta Licor del Polo eta Parogencyl, berriz, leun samarrak.
Lau eskuilak burua babesteko zorroa eskaintzen dute (Reach, Oral-B eta Licor del Polo-k ez zuten), bostek kirtenean ez irristatzeko sistema ere bazuten, eskuak bustita edukiz gero oso baliagarria (Parogencyl-ek eta Lacer-ek ez zuten), eta laurek kirten malgua zuten (Reach, Oral-B eta Lacer-en ez zegoen horrelakorik). Oral-B da desgastea adierazteko sistema duen bakarra, hau da, zurda urdin batzuk, eskuilak jada balio ez duenean kolorea galtzen dutenak.
Eskuilen buruek bi forma dituzte: Foramen eta Oral-B obalak dira, eta gainerakoak triangeluarrak, baina guztien dute akabera borobildua, ahoan narritadurarik ez sortzeko. Bururik estuenak Oral-B (11,9 mm) eta Lacer dira (12,3 mm) (eta, ondorioz, aho barruan errazen erabiltzekoak, atzeko haginetara ere ondo iristen delako), eta zabalenak Licor del Polo (14,1 mm) eta Reach (14 mm).
Hortzetako eskuilen efikazia neurtzeko irizpide nagusietakoa zurden kopurua eta kalitatea da. Burualdean zenbat eta filamentu gehiago egon, hainbat eta handiagoa izango da azalera garbitzailea, eta eskuilatzea eragingarriagoa. Binaca eta Lacer dira zurda sorta gehien duten eskuilak (43na sorta), baina sorta bakoitzean zurda gutxi dute; guztira zurda gehien duena Licor del Polo da, 1.878 zuntz, eta atzetik daude Reach (1.764 zuntz) eta Parogencyl (1.640 zuntz). Foramen-ek (1.280 zuntz) eta Binaca (1.290 zuntz) dira zurda gutxien duten eskuilak eta, ondorioz, proba honetan baloraziorik txikiena izan dutenak. Aztertu diren eskuila guztietako bi zurda sortak (kolore desberdinetakoak) ez daude kalitatearekin eta efikaziarekin lotuta: sorta bateko zurdak eta bestekoak berdinak dira, alde bakarra kolore batean eta bestean dagoen kopurua da (Binaca eta Reach izan ezik, horretan ere berdinak baitira).
Zurden luzerak eskuilaren desgastean eta garbiketaren efikazian du eragina. Eskuilak altuera desberdineko zurda sortak baldin baditu, hobeto egokitzen zaio hortzaren formari, eta hobeto iristen da alde kurbatuetara eta hortzen arteko tarteetara. Binaca-n eta Foramen-en bakarrik dira zuntzak luzera berdinekoak (11 mm), eta horrek eskuilatzeko azalera laua dela esan nahi du, hau da, ez da besteak bezain eragingarria. Gainerako marketan zuntzak luzera desberdinekoak dira. Oral-B da atal honetan onena, bere zuntzak neurri desberdinekoak direlako: motzenak 8,2 milimetro eta luzeenak 12,6 milimetro.
Eskuilen fabrikazioan zehar zurdak borobildu eta leundu egin behar dira, muturretan ertz zorrotzik gera ez dadin, horrek zauriak egin baititzake. Eskuila guztiek gainditu dute proba hau, baina alde handiak daude batetik bestera: Licor del Polo, Reach eta Parogencyl markek lortu dute hemen baloraziorik altuenak.
Zaharkitzeari buruzko proban, hiru ordutan eskuila batek normal erabiliz gero hiru hilabetetan jasango lukeena simulatzen da. Reach, Lacer eta Oral-B markek desgastearekiko erresistentzia handia dutela frogatu zuten, eta Parogencyl izan zen azkarren zahartu zena. Zurda sortek zikinkeria ateratzeko izan behar duten indarrari dagokionez, berriz, Licor del Polo eta Lacer izan ziren indartsuenak; Binaca, Oral-B eta Reach-ek "ongi" atera zuten; Parogencyl-ek "nahikoa" baino ez zuen lortu, eta Foramen-ek ez zuen proba gainditu, arauak eskatzen duen minimoa ere betetzen ez zuelako.
Parametro horiek guztiak kontuan hartuta, eskuilak hiru multzotan sailka daitezke. Licor del Polo eta Reach dira onenak ("oso ongi" atera dute), Oral-B, Binaca eta Parogencyl "ongi" notarekin konformatu behar dute, eta Foramen eta Lacer markek "nahikoa" baino ez dute atera.
Dentistek hortzak janari bakoitzaren ondotik eskuilatzea gomendatzen dute, janaria amaitu denetik eskuilatzen den arte hamabost minutu baino gehiago igarotzen utzi gabe. Hori egiteko, komeni da pauso hauek egitea:
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa