Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Perfume baten kalitatea berau egiterakoan erabiltzen den esentzia kopuruak erabakitzen du
Perfumearen historia egunerokotasunean berau erabili duten zibilizazioen historiaren parekoa da. Atzean gelditu dira kultura antzinakoenek erritu erlijiosoetan erabilitako landare aromatiko eta erretxinen garaiak, bai eta ere Eguzki Erregeren gorteko Paris dotoreak perfumea gustu onaren seinale bilakatu zituen egunak. Pixkanaka bere izaera esklusiboa demokratizatuz joan zen, gizartea ere norabide horretan zihoan heinean. Gaur, kontsumoaren aroan gauden honetan, perfumeek diru kopuru izugarria mugitzen dute, ikerketan eta garapenean punta-puntako industria -marka handiei lotutakoa- osatzen dute, eta modan dauden eta ospea duten munduko izen mitikoak erakartzen dituzte.
Gaur egun teknika zaharrak erabiltzen jarraitzen da, hala nola loreak animali koipe purifikatu eta egosietan beratzea; horrela ia berehala solidotzen den nahasketa lortzen da eta esentzia desberdinak egiten dira. Nolanahi ere, handizkako perfumegintzak prozesu guztian formula konplexuak eta mekanikoak egiten dituzten aurrerapen zientifikoak eta teknikoak behar ditu. Prozesuak barne hartzen ditu lehengaiak eta destilatze teknikak aukeratzea edota perfumisten usaimen profesionaltasuna. Perfume gehienen oinarria destilazio bidez lehengai naturaletatik ateratako esentzia olioak dira. Teknika horrekin loreak, hostoak, sustraiak, zurak... tratatzen dira. Usaina duten substantziak ur baporean barreiatzen dira eta, esentziak eta urak dentsitate desberdina dutenez, erraz banantzen dira. Beste olio batzuk delikatuagoak dira eta teknika honek ez die balio; horrela, disolbatzaile lurrunkorren bidez ateratzen dira. Olioa aterako duen planta beratzen jartzen da, disolbagarri egokia erabiliz (petrolioa edo bentzola) esentzia disolbatu egiten da eta disolbagarria lurrunketa bidez ezabatzen da. Edozein dela ere formula, perfume gehienak azkenean alkohol forma desberdinetan disolbatzen dira eta osagaiak dituzte substantzia egonkorra izan dadin. Kontsumitzaileari axola izango zaiona ezaugarri berezia duen lehengaia da.
Horren arabera perfumeak hiru talde nagusitan sailkatu daitezke:
Perfume baten kalitatea berau egiterakoan formulan erabilitako esentzia kopuruak erabakitzen du. Horrela, estraktuaz hitz egin dezakegu esentzia kontzentrazioa alkohol kopuruarekiko %40ra iristen denean. Formula hori guztietan garestiena da eta krema modura aurkezten da. Baina, zalantzarik gabe, perfumearen likido formak dira ezagunenak eta erabilienak.
Eau de Parfum. Likido formatuan perfume kontzentrazio handiena duena. Normalean %20rainoko osagai aktibo, esentzia olio edo lurrintsuak ditu. Perfumeak 7 ordu irauten du.
Eau de Toilette. Esentzia olioen kopurua %10ekoa du, gutxi gorabehera. Usainak gorputzean 3 eta 5 ordu bitartean irauten du.
Eau de Cologne. Esentzia olioen kopurua %5ekoa du, gutxi gorabehera. Usainak gorputzean 3 eta 5 ordu bitartean irauten du.
Colonia. Perfume mota oso arina da, %2-3ko kontzentrazioa du soilik. Perfume ugari ematea gustuko dutenek gehien erabiltzen dutena da, baina gorputzean bi ordu baino gutxiago irauten du.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa