Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Ingurugiroa

Λ

Galzoriko espezieak: Espezieak gero eta azkarrago ari dira galtzen

Fenomenoa adituek orain dela hainbat urte aurreikusi zutena baino larriagoa da

  Azken bostehun urteetan giza jardueraren ondorioz 816 espezie desagertu dira. Soilik XVIII. mendeaz geroztik 103 espezie galdu dira, desagertzeko erritmo naturala baino berrogeita hamar aldiz handiagoa. Naturarako Mundu Elkartearen arabera (UICN), hamar txoritik bat eta ugaztunen %25 galzorian dauden espezieen Zerrenda Gorrian daude, eta beste espezie askoren bi heren ere "arriskuan" epigrafean aurki daitezke. Animalien desagerpena asko bizkortu da azken 200 urteetan, eta horren eragile zuzeneko edo zeharkako izan dira giza biztanleriaren hazkundea, baliabide naturalak hondatzea eta ingurumenean egindako aldaketak. Zoritxarrez, kontserbazionistek orain dela urte batzuk aurreikusi zutena baino fenomeno larriagoa da.

Zer da galzoriko espezie bat?

UICNren definizioaren arabera, galtzeko zori larri nabarmenean dauden eta, mehatxua sortu zuten faktoreek bere horretan jarraituz gero, bizirauteko aukera gutxi duten espezieei esaten zaie horrela. Talde horretan berebat sartzen dira oso kopuru kritikoraino murriztu diren espezieak eta, euren habitata bat-batean desagertu delako, berehala galtzeko arriskuan daudenak.

Mehatxuaren oinarrizko kausa habitata galtzea eta degradazioa dira, izan ere, horren ondorioak nozitzen dituzte ebaluatu diren hegazti mehatxatu guztien %89k, mehatxatutako ugaztunen %83k eta landareen %91k. Adituek adierazi dutenez, espezieak galtzen lagundu duten faktoreak gero eta indar handiagoz ari dira eragiten (industriaren eragina, eskualde basatietan gizakiak kokatzea, etab.).
Hala eta guztiz ere, arazoetako asko hobetu egingo lirateke gobernuek 1992ko Rio de Janeiroko Konbentzioan onartutako itunak eta hitzarmenak beteko balituzte.

Zerrenda Gorriko irizpideak

Bi urtez behin UICNk Galzoriko Espezieen Zerrenda Gorria argitaratzen du, eta hori da Lurreko dibertsitate biologikoaren egoera zehazteko tresna nagusietakoa. Adituek arriskuan dauden 12.000 animali eta landare espezie identifikatu dituzte, horien artean 1.000 ugaztun baino gehiago.

UICNren Zerrenda Gorria dibertsitate biologikoari buruz pisurik handiena duen gidatzat hartzen da, eta 181 herrialdetako 10.000 adituk egiten dute, gutxi gorabehera.

UICNren Zerrenda Gorrian espezieak honako kategoria hauetan sailkatuta ageri dira: desagertua (adibidez, Kurlinta boreala), desagertua basa egoeran (Mammillaria glochidiata kaktusa), arrisku kritikoan (Filipinetako arrano tximujalea), arriskuan (Altzifres urreztatua) eta zaurgarria (Alkatxofa kaktusa).

Galtzeko arriskuaren mehatxua duten espezieak kategorietan sailkatzeko (zaurgarriak, arriskuan eta arrisku kritikoan), bost irizpide hartzen dira kontuan, faktore biologikoetan oinarrituta: murrizketa tasa, biztanleriaren tamaina, banaketa eremu geografikoa eta biztanleriaren eta banaketaren zatiketa maila.

Espezie mehatxatu gehiago

"Saiga" antilopea
Orain "arrisku kritikoan" dago. Antilope nomada hau taldean bizi da, Asia Erdialdeko estepa larre zabaletan eta desertu erdi idorretan. Azken hamarkadan biztanleria erruz jaitsi da, batez ere haragia lortzeko asmoz eta medikuntza tradizionalean erabiltzen diren adarrak esportatzeko helburuz, isileko ehiza asko zabaldu delako.

Basa gamelu "bi konkorduna"
"Arrisku kritikoan". Txinan du gotorleku nagusia, baina hango naturala mineral meak ari dira inbaditzen, legezkoak zein legez kanpokoak. Espeziea etengabe ehizatzen eta jazartzen ari dira, etxeko gameluekin eta abelburuekin lehia etengabean ibiltzen delako ura eta alha lortzearren, baina baita kirol ehizaren ondorioz ere.

Etiopiako ur sagua
"Arrisku kritikoaren" epigrafean sartu da zerrendan. Espezimen bakarra aurkitu delako da ezaguna, eta hura Nilo Urdinaren adarra den Etiopiako ipar-mendebaldeko Abbai Txikia ibaiaren iturburuan agertu zen. Daitekeena da bere habitata gehiegizko artzaintzaren ondorioz hondatuta egotea.

Moko meheko saia eta Indiako saia
Biztanleria asko eta oso azkar jaisten ari denez, "arrisku kritikoan" sailkatuta daude, batez ere Indialdeko azpikontinente osoan, eta horren kausak dira gaixotasunak, pozoitzeak, pestiziden erabilera eta hildako ganaduaren tratamenduan egin diren aldaketak.

Tigre isatsdun itsas zaldia
"Zaurgarrien" atalean sailkatuta, arrantzale guztiek harrapatu nahi dute medikuntzan eta akuarioetan erabiltzeko etekin handiak ematen dituelako. Apaingarri gisa ere asko merkaturatzen da. Gainera, bere habitata degradazio prozesuan hasi da.

Landareak
2002an Zerrendan 5.714 landare espezie ebaluatu eta sartu ziren, hau da, munduan deskribatutakoen %4. Ebaluazioak aurrera egin ahala Zerrenda Gorrian sartuko diren landareen kopurua nabarmen handituko dela aurreikusten da.
Landareen zerrendan batez ere arbolak ageri dira, izan ere, landare espezieen artean zientzialariek horiek aztertu eta ezagutzen dituzte gehien.

Iberiar penintsulan ere

Espainiako Espezie Mehatxatuen Katalogoak dioenez, Estatuan 56 espezie daude galzorian, horien artean hainbat arrain, hala nola gaizkata, Guadianako foxineloa, kabilata eta fraidea, eta landare batzuk, esaterako, zuekoa (Pirinioetako orkidea bat) eta kanariar beba.

UICNk "arrisku kritikoan" dauden espezieen artean katamotza birklasifikatu du. Laurogeita hamarreko hamarkadan 1.200 buru erregistratu ziren iberiar katamotzen artean eta, biztanleria dagoeneko horren erdira murriztu delarik, azken bi mila urteetan basakatuetan desagertuko den lehenengo espeziea izango da. Katamotza Mediterraneoko basoetan eta sasiarteetan bizi da, eta babesteko sasi sarriak eta untxiak harrapatzeko bazkaleku irekiak ditu gustuko. Nekazaritzak eta industri garapenak bere habitata zatitu dutenez, katamotza Iberiar penintsulako hego-mendebaldeko hainbat koadrantetan dago konfinatuta, talde sakabanatuetan.
Felinoari laguntzeko helburuarekin, IUCNk adierazi du nahitaezkoa dela katamotza bizi den lurraldeko untxien biztanleria berrezartzea. Horrez gainera, gatibutasunean ugaltzeko programa azeleratu bat ere ezarri beharko litzateke, gutxienez hamabi bururekin.

Txanponaren beste aldean hegazti sarraskijaleak daude, hala nola sai beltza, sai zuria eta ugatza. Garai batean, ganadua ukuiluan hazten zelako, hildako animalia basatiak urriak zirelako eta nonahi benenoa zegoelako, hegazti horiek ia-ia desagertu egin ziren. Gaur egun, ordea, horien etorkizunari hegoak sortu zaizkio. Horretarako gakoa umeak hazteko habitat egokiak eta behar beste jateko badutela da. Ganbelak (hondakindegiak) ugaritu egin dira, eta bertan sarraskia eskaintzen zaie jateko: neurri hori erabakigarria izan da Gaztela eta Leonen, Aragoin eta Nafarroan honelako hegaztiak berreskuratzeko .



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto