Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Azaleko gaia

^

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Organoak ematea: Emaitza gehiago egitea, premiazko beharra

Joan den urtean itxaron zerrendan zeuden 271 pertsona hil ziren, eta emaitza egiteko gai diren gorpu apurren %20 ezin dira erabili senideek baimenik ematen ez dutelako

Galderak eta erantzunak

Nork kudeatzen ditu transplanteak?

  Espainiako Transplanteen Erakundeak (ONT) koordinatzen ditu espainiar osasun sisteman Organoak eta ehunak Emateko, Ateratzeko, Gordetzeko, Trukatzeko eta Transplantatzeko jarduerak.
Bere egitura hiru mailatan banatuta dago: Koordinazio nazionala, Koordinazio autonomikoa eta Ospitaleetako koordinazioa.
Prozesu guztia honako lege honetan zehaztutako eskubideak errespetatuz egiten da: Osasunari buruzko 14/1986 Lege Orokorra, apirilaren 25ekoa, 10 artikulua; eta horri gehitzen zaizkio organoen emaitza arautuko dituzten irizpideak, lege honetako arauetan eta printzipioetan zehaztuta: 30/1979 Legea, urriaren 27koa. Printzipio horiek dira: Borondatezkotasuna, Informazioa, Doakotasuna, Emaileen baimena, Xede terapeutikoa, Irabazteko asmorik ez izatea eta Anonimatua. ONTk bermatu egiten du transplanterako organoen eta ehunen banaketa eta esleipena eta, horretarako, bere ezagutza teknikoak eta berdintasunaren printzipio etikoa erabiltzen ditu.

Nola ezartzen da transplanteen txanda?

Giltzurrunetako transplanteak tokian bertan esleitzen dira, eta Estatuan 40 zentro daude hori egiten dutenak. Transplanterako zentroak erabakia hartzeko duen arrazoia organoak sufritzen duen iskemia txikiagoa izatea da (odol zirkulazioa aldi baterako edo modu iraunkorrean urritzen da).
Giltzurrunetakoak ez diren transplanteetarako itxaron zerrenda ONTk erabakitzen du, lehentasun sistema bati jarraituz. Lehenik eta behin, herrialde osorako urgentzia markatzen duten gaixotasun klinikoak daude, eta ondoren eskualdearen arabera zehazten dira urgentziak (Espainia osoan 6 eskualde daude); azkenik, modu lokalean egiten den transplante selektiboa dago. Emaitzen lehentasunak transplantatuaren eta emailearen artean dauden bateragarritasunen arabera zehazten dira: tamaina, adina, sexua, etab., ahalik eta ondoen uztar daitezen, betiere ikuspegi medikotik begiratuta. Urtero bilera bat egiten da, transplanteak egiteko jarraitzen diren irizpideak berrikusteko, biztanleen artean ez dadin inor diskriminatuta geratu.
Arazorik gehien aurkezten dituzten transplanteak dira haurrei, 0 odol taldeko pazienteei, hesteetako gaitza dutenei eta biriketako gaitza dutenei egiten zaizkienak.

Organo emaile potentzialak nola lokalizatzen dira?

Komunikazioa azkarra eta zuzena izatea behar da. Zainketa Intentsiboetako Unitatean (ZIU) hilkortasunaren eta heriotza entzefalikoaren jarraipena egiten da. Organo emailea egokia izan dadin, hartzaileari kalte egingo dioten gaixotasun tumoralak eta infekziosoak ez direla transmitituko bermatzeko hainbat proba gainditu behar dira. Gorpuetatik %1 baino ez da egokia transplantea egin ahal izateko, eta horregatik da hain garrantzitsua lokalizatzeko sistema eragingarria izatea, emaile potentzialen galera minimizatzeko helburuarekin. Eta organoak atera ahal izateko legezko eginbideak bete behar dira, heriotzaren kasuaren arabera desberdinak direnak. Bortxaren ondorioz gertatu den heriotza batek epailearen baimena behar du organoak atera ahal izateko (frogak lortzeko prozesuan eragina izan dezakeelako). Azken pauso gisa, organoa ateratzeko eta ezartzeko programa abiarazi behar da.
Hildakoa organoak emateko gai dela aurretiaz segurtatu arte familiari ez zaio emateko aukerari buruzko kontsultarik egiten.

Non informa gaitezke?

Erkidego autonomo guztietan emaileen eta transplantatuen elkarteak daude. Helbideen eta telefonoen informazioa lortzeko, ONTren web orrian edo edozein erietxetan begira daiteke. Emaile txartela lortzeko erakunde horietara, erietxeetara edota ONTren web orrira jo daiteke.

Zer egiten eta pentsatzen dute emaileen elkarteek?

  • Emaileak erakartzeko kanpainak eragingarriak direla baieztatzen dute, emateko beharra biztanleengana gerturatzen dutelako eta gaiari buruz sentsibilizatzen dutelako.
  • Transplantearen zain dauden gaixoei laguntzea elkarte guztien duten helburua da, eta horietako batzuetan laguntza transplantatuengana eta beren senideengana zabaltzen dute.
  • Ematen duten laguntza nagusia psikologikoa da, beste transplantatu batzuekin harremanetan jartzeak lagundu egiten duelako etorkizuneko transplantean zein horren postoperatorioan. Elkarte batzuek laguntza ekonomikoa ematen diete ebakuntzaren ondorioz desplazatu behar duten familiei, eta batzuetan harrera etxeak ere badituzte, ebakuntzak irauten duen bitartean egoteko.
  • Elkarte batzuek transplanteak egiteko ospitale gehiago eskatzen dute, nahiz eta kontsulta tu diren gehienek nahikoa direla uste duten. Beste batzuek, berriz, aipatu ospitale horiek bizitokitik urruti daudela gastu handia dela kritikatzen dute, eta hori arazo bihurtzen dela transplantea egin behar dioten pertsonaren familiarentzat.
  • Emaile txartela intentzio deklarazioa besterik ez dela diote, emailea hilez gero familiari gaiari buruz hark dituen asmoak jakinarazteko helburua duena. Elkarte gehienen iritziz, agiri hori loteslea izatea komeniko litzateke, emailearen borondatearen erakusle zuzena delako. Baina beste batzuek defendatzen dute senideek eskubidea dutela hildakoaren borondatea transmititzeko, izan ere, gerta daiteke hil aurretik emaileak iritzia aldatu izatea. Batzuek diote arazo hori bizi arteko testamentuaren bitartez konpon daitekeela, izan ere, hori bizirik dagoen bitartean egiten den intentzio deklarazioa da, eta hurbilekoek ez lukete hori deuseztatzeko aukerarik izango.
  • Komunikabideek organoak emateari buruzko kanpainez egiten duten jarraipenaren inguruan iritzi desberdinak daude. Elkarte batzuek gaiak sortzen duen interesa azpimarratzen dute, eta beste batzuk, berriz, kexu dira kasu gutxi egiten zaielako.
  • Ia elkarte guztiek uste dute emaile egiteko ematen den informazioa ez dela egokia, eta kanpainak bitarteko gehiagorekin egin behar direla eta administrazio publikoek interes handiagoa erakutsi behar dutela nabarmentzen dute.
  • Zenbait elkarteren iritziz, arazoa ez da emaitzen kopurua, familiarren erabakiagatik egin ezin direnen kopurua baizik (egin litezkeenen %20).
  • Denak datoz bat organo emailearen familiak ez duela organoen hartzailea nor den jakin behar esaterakoan.
  • Bakar batek ere ez du uste herrialde garatuetan organo trafikoa egiten dela.
  • Organoen emaitza etxean hitz egin beharreko gaia dela baieztatzen dute, erabakia hartu behar den momentuan positiboa izateko aukera gehiago izan dezan.
  • Elkarteek diotenaren arabera, familiak emaitza ez baimentzeko dauden arrazoi nagusiak informazio falta eta dauden egoera emozionala ira, baina beste kausa batzuk ere badaudela aitortzen dute, hala nola beldurra edo sinesmen erlijiosoak. Erantzuna positiboa izan dadin gehien agertzen diren arrazoien artean elkartasuna eta gertu esperientziaren bat izatea dira, baita familian bertan emaileak egotea ere.

Nola jarri harremanetan hurbileneko elkarteekin?

ONTk 91 314 24 06 telefono zenbakian erantzuten du. Informazioa eskatzeko mezu elektroniko bat bidaltzeko aukera ere badago, ont@msc.es helbidean. ONTk elkarteen erregistro bat dauka, erregiotan banatuta.

Transplanteetan sortzen diren arazoak

Bateraezintasunak, errefusa eta postoperatorioa

Transplanteak bere arriskuak dauzka, batzuk ebakuntza kirurgikoari lotuak eta beste batzuk pazientearen erantzun immunologikoari lotuak. Ez onartzeak edo errefusatzeak esan nahi du organismo hartzaileak organoa gorputz arrotz moduan identifikatzen duela, eta errefusa emailearen kode genetikoa eta organoaren hartzailearena desberdinak direlako gerta daiteke. Transplantatutako zelulen antigenoek transplantatuaren sistema immunologikoa ohartarazten dute ez dutela organoa beretzat ezagutzen. Ez onartzearen ondorioz, hantura erreakzio bizia sortzen da, organoa suntsituko duena. Errefusatzeko modu desberdinak daude: hiperakutua, eta bere ondorio berehalakoa organoa galtzea da. Hartzailearengan transplantatutako organoaren kontrako defentsak daude, kontaktuan jarri baino lehenago ere existitzen zirenak; horiek atzemateko, ebakuntza egin aurretik proba gurutzatu bat egiten da. Errefusa akutua: transplantearen lehenengo hilabeteetan sortzen da, baina medikamentu immunosupresoreetan egin diren aurrerapenen eraginez, arinagoa zain ohi da eta tratamendu hobea dauka. Errefusa kronikoa transplantearen ondoren agertzen da eta bilakaera geldia izan ohi du, baina azkenean transplanteak porrot egitea ekar dezake. Faktore arriskutsu gehienak saihestu edo trata daitezke (faktore immunologikoak, zirkulazio arazoak, hipertentsio arteriala). Errefusatzeko aukera murrizteko, defentsa mekanismoen indarra murrizten da, gorputzak organoa berea balitz bezala bereganatzen joan dadin. Prozesu horrek hainbat urte behar ditu, eta medikamentu immunosupresoreak erabili behar dira. Immunitatea ezin da erabat desagerrarazi, pazienteek sarri infekzioak izango lituzketelako, eta horiek proiektuaren bideragarritasuna arriskuan jarriko lukete. Gaur egun hainbat immunosupresore daukagu, immunitatea errefusa ekiditeko behar den neurrian baino murrizten ez dutenak, pazientea infekzioen arrisku horretan jarri gabe. Sistema hori ez da perfektua eta, pazienteak errefusa arinak jasan ditzakeenez, horiei zaintza etengabea egin behar zaie.

Immunosupresoreen helburua errefusa ekiditea da, infekziorako arriskuari lagundu gabe. Ez dago tratamendu estandarrik eta, ondorioz, probak egin behar dira eta ondorioak neurtu. Immunosupresoreen jarduera neurtzeko linfozitoak aztertzen dituzten analisiak egiten dira.

Immunosupresoreak ebakuntzaren lehenengo egunetik aurrera hartzen dira, oro har kirurgiaren aurretik, eta gero transplantea egin ondoren. Transplantearen lehenengo asteak igaro eta gero, transplantatuarentzako egunik zailenak iristen dira: infekzio oportunistak ager daitezke, osasuntsu dauden pertsonek dituztenak bezalakoak, baina transplantatuak medikuarengana jo behar du edozein alarma sintoma agertu eta berehala. Gehien erabiltzen diren medikamentuak kortikoideak dira: ondorio immunosupresorea izateaz gainera, hanturaren kontrako efektua ere egiten dute.

Postoperatorioa

Ebakuntza kirurgikoaren ondotik, pazientea zaintza intentsiborako unitatera eramaten dute, eta bertan etorriko da bere onera anestesiatik eta ebakuntzak egindako oinazea leunduko eta kenduko zaio. Unitate horretan egongo da plantara eramaten duten arte. Ospitalean egoteko denbora estandarra desberdina izango da transplante motaren arabera. Ospitalean egongo den bitartean, pazientea bere ebakuntzatik suspertuko da, eta transplanteak zuzen funtzionatzeko egin behar duena azaltzen zaio, izan ere, bere bizitzako gainerako denboran ohitura zorrotz batzuei jarraitu beharko die eta medikamentua hartu.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto