Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Webcams: Bideokonferentzietarako bakarrik

Ordenagailurako bideo kamerek konbentzionalek baino prestazio eskasagoak eskaintzen dituzte, baina hitzaldi arruntetarako nahikoa dira

  Sei webcam edo ordenagailurako bideo kamera digital aztertu dira, Creative Webcam NX-ek balio duen 30,93 euroen eta ADS USB Turbo 2.0-k balio duen 97 euroen artean. Webcam bat bideo kamera digitala da, eta grabatzen du baina ez du gordetzen: grabatutakoa zuzenean ordenagailu batera bidaltzen du, eta irudiak, finkoak edo mugimenduan, disko gogorrean gorde daitezke edo Internet bitartez beste leku batean dagoen solaskide bati bidali. Bideo kamera hauen irudiaren kalitatea eskasa bada ere, oso egokiak dira Internet bidezko hitzaldietarako, izan ere, Interneteko etxeko konexioen emaria oso diskretua izanik, maila handiagoko kameren irudien kalitatea ez da asko aprobetxatzen.

Azterketa konparatiboan kalitate-prezio harremanik onena Logitech Quickcam Zoom da: bigarren garestiena (59,34 euro), baina prestaziorik gehien eskaintzen du eta kalitate fotografikoan eta erabilera proban baliorik handienak eman ditu. Creative ere aukera ona da, merkeena delako (30,93 euro), erabilera proban bigarren puntuaziorik onena eman duelako eta etxeko erabiltzaile baten oinarrizko beharrak asetzen dituelako. Webcam-ak monitorearen gainean jarri ohi direnez, ez da komeni handiak eta pisu handirik izatea. NGS Showcam Plus izan zen seien artean txikiena, eta ADS USB Turbo 2.0 hiru aldiz handiagoa da. Kamerarik arinena Philips da (90,8 gramo), eta Logitech pisuena (189 gramo). Kable luzera erabakigarria da kameraren kokapena aukeratzeko orduan, baina sei kasuetan antzekoa da, ez dago alde handirik: kable motzena Creative-k eta Genius-ek dute, 1,8 metro, eta NGS-k 2,15 metro.

Euskarri kontua

Creative, Philips eta ADS kamerek tripode bat dute euskarri (Creative-rena artikulatua da eta ADS-rena malgua). Genius-ek eta Logitech-ek monitorearentzako euskarria ere ematen dute, eta NGS-k, euskarri horrez gainera, torloju hari bat dauka, kanpo tripode bati lotzeko (tripodea ez dago sartuta).
Sei kamerek USB konexioa dute ordenagailurako. Lotura mota hori nahiko azkarra da, erosoa (ordenagailua piztuta dagoela ere konekta daiteke) eta funtsezko abantaila eskaintzen du: irudiak kameratik ordenagailura transmititzeaz gainera, PCtik elektrizitatea ateratzen du kamera elikatzeko eta, ondorioz, ez da korronte elektrikoan entxufatutako beste kablerik behar.

Sentsorea lenteko zati bat da, irudiak hartzen eta kinada elektriko bihurtzen dituena. Erabilitako hiru sentsore mota desberdinetan irudiaren kalitatea antzekoa da (CMOS, zehaztasun handiko VGA eta HQGL). Ikusmen angeluari dagokionez (zenbateko eszena ikusten da), berriz, ADS da onena (52º), eta Creative eta Philips xumeenak (bietan 40º). Logitech-ek eta NGS-k ez dute etiketan parametro hori adierazten. Kasu guztietan eskuz fokatu behar da.

Antzeko bereizmena

Sei webcam-ek gehienez ere 640x480 pixel edo irudi puntuko bereizmena eskaintzen dute (pixel kopuruak irudiaren tamaina adierazten du, eta parametro hori da kalitateari dagokionez nagusia). Hala ere, Creative-k ez du bereizmen hori atzipen zuzenez lortzen, interpolazioaren bidez baizik (programa informatiko batek sentsoreak atzitzen ez dituen puntuak "igartzen" ditu), eta horrek egiazko kalitatea murrizten du. Dena dela ere, erabiltzaileak ez du beti bereizmenik handienarekin lan egingo (argazki batek Interneteko etxeko konexio baten bidez transmitituko den bideo batek baino kalitate handiagoa behar du), eta horregatik komeni da bereizmena beharren arabera aldatu ahal ziatea. Creative-k, Philips-ek eta Genius-ek bost bereizmen desberdin onartzen dituzte, ADS-k eta Logitech-ek hiru bereizmen, eta NGS-k ez du adierazten zein bereizmenekin egin dezakeen lan.

Philips, Genius, Logitech eta NGS markek mikrofono bat dute, bideo filmazioei edo bideokonferentziei audioa erantsi ahal izateko. Sei kamerek esposizio kontrol automatikoa eskaintzen dute (sentsoreak hartuko duen argia erregulatzen du), baita zurien balantzea ere (kamera argiaren baldintzetara egokitzen du). Logitech-ek lenterako tapa dauka. Bakar batek ere ez du argazkiak ateratzeko tenporizagailurik, eta Philips ahotsaren bidez aktibatzen da ("cheese" hitz ingelesarekin). ADS da martxan dela adierazteko aurreko aldean argirik ez daukan kamera bakarra.

Proba praktikoa

Webcam guztiek hainbat programa informatiko dauzkate albumak egiteko, posta elektronikoz argazkiak edo bideoak bidaltzeko, irudien kalitatea hobetzeko eta Internet bidez bideokonferentziak egiteko. Creative-k eta Genius-ek, gainera, zaintza sistema aurkezten dute (kamerak mugimendua atzematen duenean baino ez du grabatzen), Philips-ek oinarri-oinarrizko jokoak eskaintzen ditu, Logitech-ek animazioak egiten ditu eta NGS-ek "story boards" sortzen ditu.

Eskuarki honelako ekipoak ibiltzen dituzten hiru erabiltzailek webcam-ak probatu eta hainbat atal puntuatu zituzten, 1etik 5era. Genius eta Logitech izan ziren onenak (biek 5etik 3,7 puntu lortu zuten), eta ondoren Creative (3,5 puntu). Puntuaziorik txikiena NGS-ri egokitu zitzaion, 3,1 punturekin, argazkiak eta bideoak egiteko orduan oso motela delako, eta daukan softwareagatik: sinpleegia da, ez da praktikoa eta erabiltzen zaila da.

Eginkizun nagusia argazkiak ateratzea ez den arren (dituzten prestazioak merkatuko kamera digitalenak baino eskasagoak dira), ekipo hauek oso oinarrizko irudi digitalak hartzeko gaitasuna dute. Alderdi horretan duten kalitatea ebaluatzearren, argazkilari profesional batek hainbat argazki egin zituen, kameren konfigurazio automatikoa erabiliz. Logitech atera zen balorazioan garaile: fokatzea erregulatu egin daiteke, baita oso distantzia motzetan ere. Genius, ADS eta Philips ere onik atera ziren probatik. Eta baloraziorik txarrena NGS-rentzat eta Creative-rentzat izan zen (bientzako nota "normala" izan zen), lehenengoa eszenaren argiztatzen eskasagatik eta bigarrena gardentasuna txikiagatik.

Bateragarritasun elektromagnetikoaren gaineko probek inguruko beste ekipo elektriko batzuek gure webcam-ean interferentziarik sortzen duten adierazten dute, eta hori jakitea behar-beharrezkoa da kontuan hartzen badugu dispositibo hauen berezko kokapena monitorearen gainean dela (oso energi iturri indartsua). Sei kameretatik Genius-ek baino ez zuen huts egin. Honek, deskarga elektrostatiko baten ondotik irudia galdu du, eta ez du berreskuratu deskonektatu eta berriro ordenagailura konektatu den arte, hau da, araua hausten du. Gainerakoan, sei kamerek gainditu egin dituzte irratifrekuentziako deskargak.

Sei kamerek gainditu egin zuten kontsumitzailearen informazio eta babesaren azterketa, Genius-ek izan ezik, ez baitzuen gutxienez eska daitekeen urte bateko garantia.Lege berriak bi urteko garantia edukitzera behartzen du eta, ondorioz, ADS-k ere, urte batekoa baino eskaintzen ez duenez, atal hau bertan behera utzi behar zukeen, baina webcam-ak arau hori urriaren 11n indarrean jarri baino lehenago erosi ziren.

Edozein ordenagailuk balio du?

Funtsezkoa da ziurtatzea erositako kamera erabiliko den etxeko ekipoan ondo egokituko dela

Azterketa honetarako hartu ziren kamerek Windows sistema eragile gehienekin funtzionatzen dute (98, ME, 2000 edo XP, ADS-k izan ezik, azken biekin baino ez dabil).

Windows 95ekin ez du batek ere funtzionatzen, sistema honek ez duelako sei webcam-ek erabiltzen duten USB konexioa onartzen.

Logitech da Macintosh batean ere erabil daitekeen bakarra (G3 edo handiagoa), eta bakar batek ere ez du esaten Linuxekin lan egiteko prest dagoen, hau da, sistema horren erabiltzaileek ezin dute jakin kamera hauek beren ekipoetan zuzen funtzionatuko duten. Philips-ek eta Creative-k ez dute ordenagailu indartsurik behar (biek Pentium II, edo antzekoa, 233 Mhz-eko abiadurarekin eta 32 MB-ko RAM memoria).

NGS eta ADS dira zorrotzenak (bietan Pentium III edo antzekoa, eta NGS-rentzat 64 MB-ko RAM memoria eta ADS-rentzat 128koa).

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto