Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Presa handiak -15etik gora metroko altuera dutenak edo 100.000tik gora metro kubiko biltzen dituztenak- eraikitzea polemikarako motibo izan da beti. Zenbait pertsonaren arabera aurrerabide-iturri eta uraren arrazoizko banaketarako bide, ingurunearen gaineko eraginagatik eta sortaraz litzaketen segurtasun arazoengatik kaltegarriak bestetzuen arabera, obra handi hauen beharra gai eztabaidatsua da oraindik.
Espainia, tamaina horretako 1.200 presa dituela, munduko bigarren herrialdea da Estatu Batuen atzetik presa kopuruari dagokionez. Haien erdiek 40tik gora urte dituzte eta, zenbait iturriren arabera, %80k ez dituzte Presa Handien Proiekturako, Eraikuntzarako eta Ustiapenerako Instrukzio arauak betetzen, hala egiteak daramatzan kostu handiak direla eta.
Espainiako urtegien edukiera 53.000 milioi metro kubokoa da, eta haien %65 bete ziren 2002 urtean. Betetzerik handiena Ipar (%88) eta Ebroko arroetan (%77) izan zen. Segurako eta Jucarko urtegiek izan zuten betetzerik txikiena, nekez iritsi baitziren beren edukieraren %20ra.
Presa handiek energia hidroelektrikoz hornitzen dituzte 140 herrialde inguru, energia horren zeregina funtsezkoa baita berotegi-efektuko gas igorpenak murrizteko, eta ureztatzeko uraz ere hornitzen dituzte, munduko janarien ia %16 ematen dituzten lurrak bustitzen baitituzte. Hala ere basoak, fauna aberatseko habitatak eta biodibertsitate urtarra ezabatzea ere eragin dute. Urtegi horien aurkakoek badiote haietako gehienak eraikitzeko ez dela egin lekualdatu eta berrezarritako komunitateen gaineko eragin kaltegarriaren ebaluaziorik. Haien ustez, 80 milioi gora pertsonak jasaten dituzten aurreikusi gabeko efektuak eta uretan behera zuten bizimodua galdu izana arintzeko ahaleginak hutsalak eta eraginkortasunik gabekoak dira.
Presen Munduko Batzordearen arabera, presa handiak desager litezke, minizentral hidroelektrikoak eraikitzeak, merkeagoa izateaz gain, uraren -bereziki ureztaketa-sistemen- kudeaketa hobea ahalbidetzen duela frogatu baita.
Jangtse ibaiaren ibilbidearen erdialdean dagoen Hiru Ataken presa ikaragarria, ekainean hasi zen bere urtegia betetzen. Urtegia edukiera betean dagoenean, 2009. urtean (hasi eta 17 urte geroago), munduko hirugarren laku artifiziala izango da, Egiptoko Asuangoaren eta Zambiako Zanbezekoaren atzetik. Urte horretan presaren ekoizpenak orduko 18.200 milioi metro kubo iritsiko ditu, eta haren edukierak, 39,3 milioi metro kubokoa, ibai horren portaera erregulatzea ahalbidetuko du. Jangtse ibaia, Nilo bezala, estu loturik dago zibilizazio bati.
Txina, ibairik handiena duen Jangtseren uholdeekin bizi izan da bere historian. Azken bi mila urteetan, Jangtse hamarkada bakoitzean behin egin du gainezka batez beste. Hori dela kausa, XX. mendean 300.000 hildakotik gora eta milioika etxe galdu izan dira.
Presa handiarekin hori guztia bukatuko da, baina hura maiseatzen dutenek ingurugiro-kalte ugari aipatzen dituzte, are gehiago lekualdatu dituen milioi bat pertsonak, gastu erraldoia (ia 22.000 milioi euro) eta urpean desagertutako 140 hiriguneak kontuan hartu gabe.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa