Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Teknologia Berriak

Λ

Etiketa Interneten: Pasa zaitez, mesedez

Sen on eta jokatzeko arauez gainera, informatikaz zerbait ere ezagutu behar da Sarean

  Ate parera iristean gure atzetik datorrenari bidea ematea, trafiko seinaleak errespetatzea edo solaskidearen hitza ez galaraztea haurtzarotik ikasitako arauak dira. Interneten ere beste horrenbeste gertatzen da. "Ziber-etiketari" buruz hainbat arau funtsezko ezagutzea komeni izaten da, eremu horietan egokiro ibiliko bagara. Gizartean edo tradiziozko komunikazioan (eskutitzetan, adibidez) agerturiko "jendetasuna" ingurune berri honetan ere baliagarria da baina bera bakarrik ez da aski: arau berriak ere erabili behar ditugu.

Internet lurralde inpertsonala da eta, bertan, nor bere buruaz ematen duen irudia da. Egiazko edo gezurrezko imajina ager dezakegu baina, nortasunak nortasun, hobe da komunitateak izaera hori onartu eta errespetatzea. Oinarrizko araua, solaskidea errespetatu eta denbora ez galaraztea da (erraz eror gaitezke bekatu honetan funtsezko kontu batzuk ezagutzen ez baditugu). Formak betetzea ere premiazkoa da (ezarrita ez badaude ere, ohiturak finkatu ditu horrela) ez lerratzeko, irudi atsegina emateko posta elektronikoko zerrendetan, foroetan, chat izenekoetan.

Posta elektronikoa

Interneten gehien erabiltzen den komunikabidea posta elektronikoa eta, aldi berean, hainbat arau betetzeko premiaren adibide argia dugu, baliagarritasunik galtzerik nahi ez badugu. Komunikazio elektronikoen abiadurak -mezuen trukatzea, batzuetan, aldi berekoa da- ez du laguntzen testua ulertzen, ezta erantzuna eman aurretik derrigorrezko gogoeta egiten ere.

Igorlearen aurpegia jasotzaileak ikusiko ez duenez eta haren aldartea ezin igar dezakeenez, ohiko kontua da alaitasuna, tristezia eta bestelako egoerak adierazten dituzten emotikoiak (aurpegi-marrazkiak) baliatzea, mezuaren egiazko asmoen inguruko pistak emateko. Iradokitzen duten adiera ulertzeko, burua ezker aldera okertuta begiratu behar diegu.

Posta elektronikoa darabilenak marmolean zizelkatu behar dituen oinarrizko arauak laburbiltzeko, hiru hauek aipatuko genituzke: letra larridun testurik ez idaztea (OIHUKA JARDUTEA bailitzateke hori), megabyte batetik gorako artxibo astunak ez eranstea (jasotzaileak arazorik gabe onartzen dituela seguru ez badakigu) eta, azkenik, spam (eskatu gabeko mezu komertzialak) eta kate-mezuak ez igortzea.

Sen onak agintzen dizkigun beste gauza asko ere gehi genitzake hemen, hala nola mezuei beti erantzunik ematea (OK hutsa baizik ez bada), "gaia" zuzen idatzi eta (birbidaltzean, gaia aldatu baldin bada) edukia ere aldatzea, igorri aurretik mezua berriro irakurtzea, erantzutean jatorrizko mezuaren parte bat (baino ez) eranstea eta amaieran sinatzea, adibidez.

Horren ezaguna ez den protokolo-arau batek, agian elkar ezagutzen ez duten edo agian e-mailak partekatzerik nahi ez duten jasotzaile batzuei mezu bat igortzean helbideak "EKD" ("ezkutuko kopia duena") atalean ezartzera behartzen gaitu. Funtsezkoa da, era berean, igorle ezezagunek bidalitako artxiboak irekitzea: birus gehienek gure sistema infektatzeaz gainera, helbide-liburuko kontaktuetara helaraziko dira eta.

Amaitzeko, Baltasar Gracián-en esakuneak ("Ona, motz izaki, bitan on") berebiziko balioa hartzen du komunikazio elektronikoetan. Erabiltzaileak solaskidearen denbora errespetatu behar duenez, ohiko kontua da eskuarki ingelesetik datozen laburdurak aurkitzea: BTW ("hori dela eta"), FYI ("zure informaziorako"), IMHO ("ene uste apalean") eta antzekoak. Nolanahi ere, hobe horrelakoak sarriegi ez erabiltzea, hizkera ez baitugu zabartzen utzi behar, "komunikabide azkarra" darabilgula aitzakia gisa hartuz

Banatze-zerrendak eta albiste-multzoak

Bi pertsonen arteko mezu-trukatzean, hanka sartuko ez bada, begia argi ibili behar delarik, are eta arreta handiagoz jardun beharko banaketa-zerrenda (gai jakin bati buruzko posta-mezuak partekatzen dituzten internauta taldea), albiste-talde (newsgroup) edo eztabaida-foro bateko kide izatean: horrelakoetan, posta elektronikoari berez dagozkien arauez gainera beste batzuk ere bete behar dira, hauek urratzeak taldetik kanporatzea ondorioztatuko lukeelako. Kontuan izan beharra dugu beti posta elektronikoa ez dela gauza pribatua eta, horrenbestez, mezua jende askorengana errebota daitekeela. Banaketa-zerrendetan eta albiste-taldeetan taktika egokia da hastapenetan "begirale" jardutea, gauzek nola funtzionatzen duten ikasi arte.

Ohiko arauak dira lehen mezuan nork bere burua aurkeztea, hizketa-gaitik ez ateratzea eta, mezu bati erantzun aurretik, agerturiko mezu guztiak irakurriak izatea, gauzak ez errepikatzeko. Arras arbuiagarria da publizitatea igortzea edota mezu pribatu bat zerrenda batera bidaltzea. Foroek baliagarri iraun dezaten (informazioa eta jakintza partekatzeko bide izan daitezen, alegia) flaming izeneko bekatuan erori gabe mantendu behar da, hau da, sarkasmo, iruzkin desegoki edo iraina amaiera duten kritika kaltegarriak egin gabe. Antzua da horrelako jokaera eta, gainera, gainerako taldekideek erdeinuz begiratzen diete horrela lehiatzen dutenei. Konponbide egokia mezuaren edukiari erantzutea da, tonua gogoan hartzeke.

Erabilera onargarriko politikak

Eskuarki erabiltzen diren "modu" horiez gainera, komunitate, banaketa-zerrenda, albiste-foro eta talde bakoitzak, oro har, berariazko arauak ditu, talde horretako kide izan nahi duenak errespetatu eta bete behar dituenak. Erabilera onargarriko politika (EOP) izeneko horien oinarria estandarra ohi delarik, berariazkotasunen bat erantsi zaie. Horien beri izateko, galdera ohikoenetara (FAQ) jo behar izaten da, bertan azaltzen baita zertan diren.

Hitz batez, kontua da Sarea erabiltzen duenak, denbora, dirua eta ahaleginak sarri musu-truk xahutuz diharduten pertsona, talde, sistema, zerbitzu eta tokietara sartzearen ondorioz duen ardura aitortu behar duela. Dena den, hasberriak ez du izutu behar protokoloa ezezaguna duelako: Sareaz ari garela, auzitan ezin jarrizko baldintza da etorri berriari pazientziaz lagundu behar zaiola.

Neurri-neurriko nabigazioa

Edukazioa chat-en
 www.ayuda-irc.net/netiqueta.shtml
Sen ona aplikatzeaz gainera ez dago gaizki hitzez hitzeko solasen (chat) filosofia egiazko denboran ezagutu eta bertan giro onean aritzeko.

Emotikoi bizidunak
 www.emoticones.com
Smiley edo aurpegi irribarretsu horiek gif (irudi-artxibo) bizidun gisa ere aurki daitezke. Orrialde honetan ehunetik gora emotikoi alai, betilun, liskartsu, motorizatu, baldres, musikal eta bestelakoak aurkituko ditugu, web orria edo mezu elektronikoa apaintzeko.

Protokolo & etiketa
 www.protocolo.org
Ez bakarrik Sarean: baita gizartean, famili giroan, ospakizunetan, mahaira esertzean... Protokoloarekin loturiko aholkularitza, prestakuntza, enplegua eta iragarki-taula ere agertzen du. Dohaineko erregistroa, derrigorrezkoa.

Emozioak sarean

Solaskideak mezuaren egiazko adiera ezagutu ahal izan dezan, eskuarki smiley edo emotikoiak erabiltzen dira: testu-karaktere batzuekin taxuturiko aurpegi horiek (burua ezkerretara okerturik ikusi behar direnak) adierazkortasunez janzten dute idatzizko komunikazioa, esaldiak aberastuz, bihurraraziz, etab. Esate baterako, ez da gauza bera "Amarrutsu hutsa zara" edo "Amarrutsu hutsa zara :-)".

  • :-) Alai
  • :-( Betilun
  • :-o Harrituta
  • :-@ Oihuka
  • :-| Serio, epel
  • :-? Pentsakor, kezkatua
  • :-e Etsita
  • :-< Haserre
  • :-D Barrez
  • ;-) Begi-keinua, konplizitatea
  • :-/ Eszeptiko


Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto