Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elkarrizketa

Λ

Margarita Salas, biologo molekular eta Espainiako Hizkuntza Akademiako kide: "Ikerkuntzarik ez duen herria garapenik gabeko herria da"

  Berezitasunaren arketipoa da Margarita Salas, araua berresten duen salbuespen bakan horietakoa. Hirurogei urteak beterik, ikerlari zientifiko gisa mundu zabalean ezaguna den emakume hori Espainian bakantasun hutsa da, bizitzea egokitu zitzaion garai zail hartako aparteko fruitua. Joan den mendeko bosgarren hamarkadan, jakintzatik eta boteretik alboratua, emakumea nekez sar zitekeen Unibertsitatean.

Margarita Salasek lanerako egokitasuna eta mugarik gabeko borondatea medio, bizitzarako zedarriak ipini zizkioten gizonen kategoria apartarekin batera, bizibidea jorratu zuen. Aitak, gerrate zibilaz geroztik suspertzerik izan ez zuen psikiatra ezagunak, barne-atzerriratzea eta lanbide-bazterketa nozituagatik, emakumearen emantzipazioan diktadurak eragin zuen atzerapen zital hura ez zuen inondik ere onartu nahi izan. Margaritak, nebek bezala, Kimika karrera ikasi zuen, "arteko ene ikaskide urriez zeharo bestelako helburuarekin", berak orain ironiaz dioen bezala. Dena den -bizitza zoroaren txiripak-, tesi-kidea zuen Eladio Viñuela huraxe hartu zuen senar. Biak doktore zirela karrera zientifikoari ekin zioten baina beren maisu Severo Ochoak banandu egin zituen, lanbideaz ari garela. Ezaguna da senar-emazteak New Yorkera iritsita, Ochoak egin zien intentzioz beteriko proposamena: "Zuetako bakoitza lan-talde batean ibiliko da. Besterik ikasten ez baduzue ere, ingelesez trebatuko zarete horrela." Amerikatik itzultzean ere bakoitzak bere aldetik jardun zuen lanean: garaiko Espainia hartan senarraren alboan ikerlanean aritzeak betirako "Viñuelaren andrea" bihurtzea ekarriko zion eta.

Halakoxeak izan ziren espainiar historiako lehen emakume zientifikoaren hastapenak. Etorkizuna -konbentzionalaz arras bestelakoa- berak aukeratuta, aitak bertarako atea ireki, maisuak zientzia karrera latz hura gainditzen lagundu eta senarrak bokazioa errespetatu zion. Garaiari aurrea hartutako hiru gizon, hiru zutoin funtsezko haiek, hegemonikoki maskulinoa zen gizartean emakumeak nahi zuen bidea egin eta bizi-ukazioak aukeratu ahal izan zitzan tokia egokitu zioten. Gauza askori egin behar izan zion uko emakume konprometitu hark. Egun, berriz, elikagai transgenikoen erabat alde dago, ezbairik gabeko aurrerakuntza direlakoan eta egun dugun aisiaren gizarte honetan ikerkuntza "ahalegin pertsonalaren %100 eskaini beharreko konpromisotzat" definitzen du.

Espainian zientifikoak ez du ospe sozial handirik. Zuri, adibidez, hedabideek eskaintzen dizuten arreta, hein handi batean, egin dituzun lan zientifikoengatik baino areago emakume izatearren eskaintzen dizutela onartua duzu. Nola definituko zenuke zeure burua?

Pertsona soila naiz, langile porrokatua, eta gauzak ongi egitea gustatzen zaizkit. Hiru ezaugarri horiek, ene senarraren erabateko sostenguak eta hastapenetan Severo Ochoak irakatsitako hark osotasuna moldatzen dute: horiei heldu eta, kosta ahala kosta, garatu ahal izan dut ene karrera.

Zientziak etorkizun hobea iragartzea topikoa dugu dagoeneko. Egun, itxaropen horrek nolako euskailuak ditu?

Orain bertan, giza genoma aurkitu izanaren ondorioz, genetikarekin loturiko gaixotasunen sorburua, zergatiak zehazteko aukera handiak ditugu. Medikuntza zientziaren etapa berria bizi dugu orain: mende honetako aurrerakuntza askoren ardatza gizakia genetikoki aztertzea eta ezagutza horiek gaixotasunekin erlazionatzea izango da: horri esker, gaitz bakoitzari nolako tratamendu prebentibo eta sendatzailea aplikatu behar zaion jakingo dugu.

Ingeniaritza genetikoaz aritzeak errespetu handia sortarazten du. Etika eta Filosofia Politikoko katedradun den Adela Cortina doktoreak aldizkari honetan bertan aldarrikatzen zuenez, etikak zientziaren garapen-prozedura osoan egon behar zuen presente, ez bakarrik azken emaitzan. Mugaz beste aldetik zarela, zer deritzozu horri?

 Etikaren arerio izan daitezkeen ikerlan batzuei ekitean, zientzialaria bera da legearen babesaren eta berme moralen bila doana. Duela hogeita hamar bat urte, ingeniaritza genetikoaren sorreran, politikoak, biologoak, juristak eta etikaren aztertzaileak bildu ziren zientzialariek antolatutako forora, xede zehatz batekin: nolako ikerlanei ekin zekiekeen eta saiakuntzak zein baldintzatan egin zitezkeen mugatuko zituzten neurriak hartzea. Urteak joan urteak etorri, neurri haietako batzuk gehiegizkoak zirela frogatu denez, malgutu egin izan dira. Nolanahi ere, erakundeak eta legeak baino azkarrago doa zientzia eta, sentiberatasun morala ez urratzea kezka izan behar duela ukatu gabe, beste alderdiari (lege eta etika munduari) ahalegin dezan eskatu behar zaio, atzean geratu nahi ez badu. Kontua da gizateria osoarentzat onuragarriak diren aurrerakuntzak ez mantsotzea, ez geldiaraztea.

Denon ahotan dabilen beste polemika bat: elikagai transgenikoak.

Berriro ere gizartearen (eta, bereziki, gizarteari informazioa ematen diotenen) ezjakintasuna nabarmen ageri da. Landare transgenikoa landare arrunta da baina, erantsi zaion gene bati esker, baldintza aldrebesetan edo berez kontrako duen ingurunean bizirik irauteko gauza da. Ezbairik gabe, hobekuntza horiek egitearren transgenikoa mesedegarri eta on da, onuradun zuzena gizateria baita. Lurrean dagoen lurzoru osotik nekazaritzarako baliagarria parte bat baizik ez da; landare transgenikoei esker parte hori zabaldu egiten da eta lur gazi edo antzuak emankor bihur ditzakegu, milioika lagunentzako elikagaiak ekoizteko, azken finean. Gogora dezagun landareen hobekuntza genetikoa menderik mende praktikatu izan dugula. Aldea zein da? Lehen, landare bat eraldatzeko urte asko behar ziren eta orain, aldiz, egun batzuk baino ez.

Eztabaida horren haritik, ikerkuntza eta merkatua bereizteko premia (larria, askoren iritziz) sortu da. Emaitza zientifiko jakin bat noiz da gizateriaren ondar, noiz da ikerkuntza babestu duen edo patentea eskuratu duen enpresaren produktu komertziala?

Eman dezagun adibide ezaguna. Giza genomaren ikerkuntzan kontsortzio publiko ezagun batek sekuentzia zehaztu zuen. Helburu horrexen bila zebilen konpainia pribatua baino lehenago iritsi zen helmugara. Ene iritziz, ikerkuntzaren emaitza gizakiaren ondare zen bete-betean, printzipio etikoetatik eta ikuspegi zientifikotik, kontua baitzen lehenagotik ere bazegoen zerbait, jaberik ez zuen zerbait, aurkitzea. Patentez pribatiza daitekeena, aldiz, genoma hori ezagutzetik abiatuta, konpainiek lor dezaketen garapena da. Farmazia enpresek denbora eta diru asko-asko inbertitzen dute ikerkuntzan. Zalantza sortzen da, aurrerakada kualitatiboen ordez, desberdintasuna eta desoreka agertzen denean. Hiesaren kontrako botikak ez dira Afrikara heldu eta birus hori hango populazioaren erdia akabatzen ari da. Herrialde industrializatuek egoeraz jabetu eta neurriak hartu beharko lituzkete, funtsezko botikak herrialde txiroetako biztanleria osoak eskuragarri izan ditzan, horien premia gorria baitu.

Espainiak zientziari ematen dizkion laguntza publikoez deitoreka dabiltza betidanik ikertzaileak; areago, iragan finko eta sendoena ez ezik, etorkizun ederra dutenek ere, herrialde aurreratuago batzuetara emigratzea izan ohi dute irtenbide bakarra. Nolako neurriak hartu beharko lirateke ondasun intelektual eta ekoizpen zientifiko horrek Espainiatik alde egin ez dezan?

Aurrenekoa begi bistakoa da: ikerkuntzan inbertsio handiagoa egin beharra dago. Espainiak horretara bideratzen duen aurrekontuak Europar Batasuneko azken muturreko postuetako bat eskurarazi dio: kontinentean barne produktu gordinaren batez besteko %2 gastatzen da eta Espainiak, ostera, %0,9 eskaintzen dio atal horri. Inbertsio handiagorik ez bada egiten, atzerrira doazen ikertzaileak -doktoretza tesia egitera doazen gazteak, batez ere- nekez itzuliko dira. Diaspora horren arazoa "Ramón y Cajal" kontratuek nolabait arindu duten arren, osaturiko lan-taldeak bakarrik laguntzeko balio dute, independenteen lana kontutan hartu gabe. Izan ere, denetik falta da: bai laborategiak, baita azpiegitura, oro har.

Dena den, urterik urte, adituek geroz eta irmoago uste dute Espainiaren etorkizun ekonomikoa sendoa izango bada I + G (ikerkuntza eta garapena) alorrean inbertsioa dezente handitu beharko dela.

Haratago noa ni: ikerkuntzarik ez duen herria garapenik gabeko herria da, garapenaren sortarazlea oinarrizko ikerkuntza den neurrian. Helmugak ezin dira aurreikusi, sekula ez dakizu emaitza nondik aterako den baina gauza bat seguru dakigu: agertu egingo dituela. Emaitza horiek, berriz, berez izango dira praktikoak edo, bestela, jakintza zientifikoan sakontzeko balioko dute. Ochoaren burubidea zen aurkitzeko emozioa sentiaraztea, lehenago inor ere izan ez zen ezagutza-mailara iristea. Horrek, berez, erabat betetzen zaitu eta, gainera, ezagutzak aplikatzeko modukoak badira, ondo baino hobeto.

Zein da fago Phi-29 izenekoaz egin dituzun ikerlanen baliagarritasuna?

Birus horrek, bioteknologian erabiltzen den Bacillus subtilis bakterio ez-patogenoa infektatzen du erabat suntsitu arte, baina bestelako organismoetan arazorik sortarazi gabe. Ene lanean, lehendabizi, birus horren material genetikoaren bikoizketa hartu dut aztergai, doi-doi eta akatsik izateko bat ere aukerarik gabe, eta ondoren adierazpen hori kontrolatu behar izan dut. Phi-29 birusa soila da, maneiatzen erraza: giza genomak 100.000 gene ditu eta horrek hogei baizik ez. Beste aldetik, birus horretan aztertu dugun proteina horixe bada poliomielitis, B hepatitisa eta antzeko gaixotasunen eragile diren birus batzuetan, antzeko modu batean bizi delarik. Denaviral-en berdina den proteinak, bioteknologiaren ikuspegitik, sekulako propietateak dituela aurkitu dugu. Polimenasa hori patentatua dago eta konpainia amerikar batek merkaturatu du, berebiziko emaitza errentagarriekin, DNA zabaltzeko balio baitu.

Manipulazio genetikoa ote da hori?

Inondik ere ez. DNA anplifikatzea da, ondoren sekuentziatu eta gaixotasunak zehazteko edo medikuntza legaleko azterketetan aplikatzeko. Azterketa genetikoa da, ez manipulazio genetikoa.

Ahaleginetan urteak eman ondoren, atseden hartzeko unea iritsi al da?

Lanbidean segituko dut, ez dut bata zuria eskegiko. Hamasei laguneko taldearen zuzendari naiz. Laborategian fago hori aztertzen ari garelarik, doktoretza tesiak egiten dituzte. Izan ere, emakume zientifiko izatea bitxitasuna dela iruzkindu dugu lehenago. Orain alderantziz gertatzen ari da: ikertzaile gehienak emakumeak dira. Zergatik? Ene ustez, gizasemeak berehalako emaitzak bilatzen ditu bizitzan. Doktoregai edo ikasle batek, gizonezko zein emakumezko, doktore-tesia laborategian egitea eskatzen duenean, erronka aurkezten diot nik: honetan %100ean jarduteko prest al dagoen galdetzen diot. Horrela ez izatekotan, segitzea ez du merezi, sakrifizio gehiegi egitea agintzen baitu ikerkuntza zientifikoak.

Zertan ari da zientzialari bat Espainiako Hizkuntza Akademian?

Aurtengo ekainaren lauan egin nintzen aulkiaren jabe baina lehenago, bertan sortzen eta beste hizkuntzetatik -ingelesetik, gehienbat- maileguz hartzen ditugun hitz zientifikoak ezbaian jarri, jorratu eta zehazten dituen terminologiako batzordera joaten nintzen. Hitz horiek ahalik eta era egokienean itzuli behar dira espainolera, kontzeptua definituz. Hizkuntzaren Akademiako aulkia betetzea, lehenagotik betetzen ari nintzen jarduera haren ondorio izan da, beraz.

Lanetik irtenda, nolako aisialdia duzu?

Musika eta artea gustatzen zaizkit bereziki. Kontzertuetara eta erakusketetara joateko aukerak bilatzen ditut. Gazteago nintzela tenisean jokatzen nuen baina orain aski dut tenislariak besaulkitik animatzea. Zinea ere gustukoa dut, baina ez fikzio-zientzia, ezin sinets dezaket ikusten dudanik, zientziatik urrutiegi dabilelako. Errealitateari ihes egiteko fikzioa dut atseginago.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto