Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Ba al zenekien latako antxoa erdi-kontserba denez hozkailuan gorde behar dela? Ba al zenekien ez dela komeni gazta filmean biltzea, horrela izerditzearen eta, ondorioz, lizunak ugaltzearen mesedetan ari garelako? Elikagaiak ez ditugu beti era egokienean edukitzen baina, adiera honetan, zuzen jokatzeak haren bizitza baliagarria luzatzeaz gainera, mikroorganismoen hazkuntza galarazi, janaren nutrizio alorreko propietateak iraunarazi eta produktuaren itxura endekatu gabe mantenduko dugu.
Etxe guztietan dagoen jakitegi edo despentsa horretako alderdi batzuk epelagoak dira, beste batzuk hotzagoak: horrek eragina du elikagai batzuen kontserbazio-epean eta itxura mantentzean. Elikagaien antolamendua, beraz, ez da txiripazkoa izan behar: premiazko jakiak eta maizen hartzen ditugunak bista-bistan ipiniko ditugu, gertu, ahal dela multzotan ordenatuta.
Elikagai galkorrak 10ºC baino tenperatura hotzagoan eduki behar dira, hau da, jakitegi hoztuan, hozkailuan edo izozkailuan.
Haragia, okela: ebakeraren araberako kontserbatze-epea du haragiak. Pieza osoetan, airea jotzen duen azalera xerretan edo haragi birrinduan baino txikiagoa denez, kontserbazioa errazago gertatzen da. Okela fresko hozkailuko alderdi hotzenean eduki daiteke 3 - 5 egunetan, garbi eta lehor, kanporatutako zukuetatik okela bereizteko sarexka duten erretiluan, film itsaskorrean edo aluminiozko paperean (estutu gabe) bildurik.Izen hori duten produktu batzuk (hala nola urdaiazpiko egosia, fianbreak, antxoa gazia, surimia, gulak, pateak, keztatuak, etc.) hotzetan kontserbatu behar dira: kontserbak ez bezala, produktu hauek ez daude esterilizatuak (hau da, ez dute nozitu mikroorganismo guztiak suntsitzen dituen prozesua).
Beste horrenbeste gertatzen da hutsean ontziratutako hainbat produkturekin, prozedura horri esker bakterioak ugaltzea galarazten delarik. Elikagai horietako batzuk (keztatuak, hestekiak, gazta, gazitutakoak, etab.) hotzetan mantendu behar dira eta beste zenbait (kafea, fruitu sikuak, etab.) giroko tenperaturan gorde daitezke.
Merkatuan agertu berri den nobedadea bosgarren gamako elikagaiak dira, jan azkar edo fast food horren alternatiba osasuntsua. Sukaldean prestaturik eta jateko pronto dauden produktuak dira, kontsumitzeko muga aurki dutenak, eta hozturik merkaturatu eta mantendu behar dira.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa