Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Euri jasa horiek eraginiko kalteak, intentsitatearen eta lurzoruaren egoeraren arabera, latzagoak gerta daitezke
Irail eta urrian Penintsula Iberikoko eskualde batzuetako zeruek iraupen gutxiko baina berealdiko biolentziadun ekaitzek jaurtikitzen dituzte. Tanta hotz deituriko fenomeno meteorologiko hori, mediterranear aldean bereziki, urte sasoi honetan ohikoak diren hiru faktorek sortarazten dute: itsaso beroa, azaleran atmosfera egongaitza eta altueran aire hotza. Sekulako ezbeharrak (1983ko abuztuan Bilbon izaniko uholdeak edo 1982 urtean jazoriko Tous-eko presaren haustura, adibidez), baldintza klimatologiko zein orografikoengatik, tanta hotzaren amenazoarekin bizi behar duen herrialde horren oroimen kolektiboan sartu dira.
Era horretan, ordu gutxiren buruan, horizontalean azalera handikoak ez izan arren, hamar kilometroko altuera izan dezaketen ekaitz-hodeiak moldatuko dira. Hodei horiek berebiziko euri jasa botako dute, fenomeno elektrikoek eta kazkabarrak osaturik. Meteorologo batzuek, dena den, tanta hotza ez doa beti-beti euri jasa eskerga edo katastrofikoekin batera.
Fenomeno meteorologiko horretaz aritzeko espezialista (espainiar) batzuek DANA (Depresión Aislada de Niveles Altos) terminoa aplikatzea nahiago dute, tanta hotz horri zehaztasun urrikoa deritzote eta. Izenak izen, euri itzel horiek eragin ditzaketen kalteak ez dira intentsitatearen araberakoak bakarrik: lurzoruaren egoerak zerikusi handia du horretan.
Pendiz handiko eta landaredia urriko hegietan ura azkar-azkar doa eta zorua indarrez harrotzen du, sekulako erosioa ondorioztatuz. Hegi horien behealdean haran itxia baldin badago, urak bidean topatu duen guztia hantxe bilduko du. Espainiako mediterraneo aldean ohiko kontua da ibai eta erreken ohantzeak ia urte osoan idor agertzea eta, horrenbestez, bertan baratzeak edo etxolak ezartzea. Horrelakoak gertatzean, uholdeetan kalteak harik eta larriagoak izaten dira: batetik, bertan eraikitako guztia eraitsi egiten delako; bestetik, urari irteera galaraztean, ekarria areagotu egiten zaiolako.
Mendi-hegal gozo eta landaretsuetan, aldiz, eroritako ura zoruak xurgatu eta haren abiada landareek mantsotzen dutenez, hegian behera ur gutxiago eta geldoago jaisten da eta, hortaz, erosioa askozaz ere arinagoa da. Horregatik du berebiziko garrantzia basoak eta lurzoruaren landarezko estalkia mantentzeak, fenomeno klimatologiko bortitzen sortaraz ditzaketen kalteei aurre egiteko.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa