Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Jarraitzeko esneak: Badira merke eta, aldi berean, kalitate on-oneko direnak

Lagin guztien osaketa nutrizionala zuzena eta berdin-berdintsua bada ere, arauak xedatutakoa ez dute betetzen gehienek

  Joan mendearen erdialdean sortu ziren fabrikako "ama-esneak" (egun, izen horren partez, bularrekoentzako preparatuak deritze horrelakoei) jaiotzetik lau edo sei hilabeteetako haurrentzat, eta gerorako edo jarraitzeko preparatuak (laugarren hilabetetik aurrera). Elikagai horiek lorturiko hedapen itzelari esker, edoskitzean krisia sortu zuten, bularrekoa elikatzeko formarik modernoen eta eraginkorrena esne artifiziala ematea omen baitzen. Urtean joan aurrera, zientifikoki egiaztatu da ama-esnea dela haurrarentzat elikagai hobezina, bataren zein bestearen osasunarentzat biziki mesedegarria gertatzen baita. Ama-esneak dauzkan ehuntxo bat elementu ezin bila daitezke egokituriko formuletan, nahiz eta preparatu hauek formula zuzena daukaten eta behar bezalako nutrizioa bermatzen duten.

Azterketa honetan jorratu diren jarraitzeko preparatuak 4 hilabetetik gora (une horretantxe zabaltzen zaizkiolako elikadura dibertsifikaturako ateak) duen bularrekoa elikatzeko produktuak dira. Bularrekoak egunean hartu behar dituen elementuen %40-50 inguru hornitu behar dute elikagai hauek eta, bestetik, hazkuntza bideratzeko behar bezainbesteko kaltzioren ekarpena bermatu (egunean litro erdi bat esne). Gainerako energia elikagai osagarriek ekarriko dute: fruta-pureak, barazki-papilak, labore-kremak, etab.

Prestaturiko elikagai hauek bi proteina-iturritatik abiatuta ekoizten dira: soja-proteinetatik bakarrik, behi-esnearen proteinetatik bakarrik eta bien nahastetik. Gehienek behi-esnea darabilte oinarrizko osagaitzat eta horren gainean egiten dira aldaketak, ama-esnearen antzerako elikagaia erdiesteko. Giza esnearen osaketan oin harturik, honelako formulak osatzeko hainbat aholku finkatu dira. Behi-esnearen proteinez bakarrik eginak direnean jarraitzeko esne esaten zaie. Aldaketa nagusiak hauek dira: proteinen kontzentrazioa urritzea, esne-gantzaren parte baten ordez landarezko gantza baliatzea, laktosa (azukrea), bitaminak, mineral gatzak, hainbat aminoazido eta bestelako gai nitrogenatu zenbait gehitzea. Bularrekoei (4 hilabetetik urtebetera bitarte) eta haur txikiei (urtebetetik hiru urtera arte), behi-esnearen ordez jarraitzeko prestatuak (edo ama-esnea) ematea aholkatzen du Munduko Osasun Erakundeak1990 urteaz geroztik.

Etiketa

Zeinahi elikagaik eman behar dituen datu guztiez gainera, honelako esneek osaketa nutrizionala, produktua kontserbatu eta prestatzeko modua, behar ez bezalako prestaketa burutuz gero, osasunarentzako arriskuak agertu behar dituzte. Ezin iradoki dezakete ama-esnea baino hobeak direla eta, era berean, "maternizatu", "humanizatu" eta antzeko adjektiboen erabilera debekatuta dago legez. Beste aldetik, lau hilabetetik gorako haurrentzako elikagaiak direla eta, adin hori baino lehenago, ama-esnearen ordez erabili behar ez direla adierazi behar dute. Kopuruen gaineko informazioa ez ezik, bitamina eta mineralen berri ematen badute, arauan adierazitako erreferentzi balioak baino %15 gehiago izan behar dituzte horiek.

Zortzi laginek ere nahitaez agertu beharreko informazioa erakusten badute ere, hainbat ohartarazpen egin beharra dago. Lagin guztien izena "jarraitzeko esnea" da, kasu den-denetan proteina iturria behi-esnea baizik ez baita. Produktua hautsetan denek komertzializatzen duten arren, Enfalac2 eta Nutribén Continuación laginek bakarrik aipatzen dute "hauts" hitza, nahiz eta arautegi orokorrak xedatua duenez, merkaturatze izenarekin batera produktua saltzen den egoera fisikoa agertu behar da: hautsa, liofilizatua, izoztua, etc., horrelakorik ez aipatzeak nahasmena sor badezake. Kasu honetan "jarraitzeko esnea" izendapena da produktu hauen ohikoa (hautsa izan da beti) eta, hortaz, ez du araua urratzen baina merkatuan haurrentzako esne likidoak ere badaudenez, komeniko litzateke ñabardura hori ere etiketan gaztigatzea.

Almiron2 da ikus-eremu berean saltzeko izendapena, kopuru garbia eta kontsumitzeko data egokiena agertzen ez dituen lagin bakarra. Kontserbatzeko moduari dagokionez, denek adierazten dute toki fresko eta lehorrean gorde behar dela eta, ontzia irekiz gero, produktua gehienez ere hilabetean kontsumitu behar dela. Era berean, biberoitik sobratu den likidoa berriro ere ez erabiltzea gomendatzen dute. Nutribén Continuación eta Enfalac2 laginek, hozkailuan gehienez ere 24 orduz manten daitezkeela iradokitzen dute.

Produktua prestatzeko argibideak funtsezko elementuak dira, esneki hori hautsetan erosten baita: erabiltzaileak berrosatu (ura erantsi) egin beharko du hartu aurretik. Lagin guztietan informazio hori argi eta garbi ematen da, irudien laguntzarekin. Behar ez bezalako prestaketak ondoriozta ditzakeen arriskuei dagokienez, derrigor eman beharreko informazioa izaki, ez da akatsik hauteman.

Azterketan, emaitza onak

  Atmosfera babeslean produktua prestatzeko, ontziratzean, produktuaren inguruko airearen partez gas bat edo gas-konbinazio bat baliatu da. Sistema horri esker elikagaiaren kalitateak gehiago irauten du eta, areago, haren bizitza baliagarria luzatu egiten du era tradizionalean ontziraturiko elikagaiekin erkatuz, horretarako aditibo edo kontserbatzaileren premiarik izateke. Gehien erabiltzen diren gasak oxigenoa, nitrogenoa eta karbono-dioxidoa dira: gas horiek badaude atmosferan bertan baina bestelako proportzioetan.

Balorazio nutrizionala egiteko, produktu honetarako berariazko arautegia izan zuen kontuan CONSUMER-ek. Mantenugai bakoitzarentzat kopuruak zehazteko unean, lau hilabetetik gorako bularrekoak egunean dituen premiak hartu ziren euskailutzat, produktua berrosatu (ura erantsi) ondoren.

Proteina, karbohidrato eta gantzetan antzeko osaketak dituzte zortzi laginek; alde nabarmenak bitaminetan, azido lauriko, miristiko eta trans motako gantz-azidoetan (hauek, saturatuak izatearren, ez dira besteak bezain osasungarri jazotzen) agertzen dira. Aptamil2, Nidina2, Enfalac2 eta Conformil2 laginek arauaren araberako osaketa nutrizionala agertu zuten; gainontzekoen irregulartasunak (Nativa2 laginaren D bitaminaren edukia, Hero Baby2 laginaren A bitaminaren edukia, Nutribén Continuación laginaren proteina eta D bitaminaren edukia eta Almiron2 laginaren azido linoleikoaren edukia) ez dira nabarmenak.

Proteinen edukia aldatu egin daiteke 2,25 g/100 Kcal-etik 4,5 g/100 Kcal-era arte. Ekarpen handiena Nativa2 laginak eskaintzen du (3,5 g/100 Kcal). Glutena (gari, zekale, olo eta garagar labore-alearen atal proteikoa) osagai erabiltzea debekatua dago, niniaren aurreneko 4-6 hilabeteetan nekez diagnostika daitekeen gaitz zeliakoa (alergia motako trastornoa) sortaraz baitezake haurretan. Baina inongo laginek ez zuen gluten arrastorik.

Karbohidratoez (mantenugai ugariena) ari garela, gehien daukana Aptamil2 lagina da: 13,3 g/100 Kcal; kontuan izan legez onarturiko gutxienekoa 7 g/100 Kcal dela eta gehienekoa, berriz, 14 g/100 Kcal. Formulan ugariena delarik, laktosari (esneak berez duen azukrea) doakionez, arauak xedatzen duen gutxienekoa 1,8 g/100 Kcal da; sakarosak eta fruktosak, biek elkarrekin nahiz bakoitzak bere aldetik, ezin gaindi dezakete karbohidratoen %20. Legeak agindutako gutxienekoa baino dezente laktosa gehiago zeukaten laginek. Nativa2 markakoak hidrato bakar gisa laktosa darabil.

Guztirako gantz-edukiak (berrosaturiko produktuaz ari gara) 3,3 eta 6,5 g/100 Kcal izan behar du, gantza landare-jatorrikoa, animali jatorrikoa edo bien nahasketa izan daitekeelarik. Landare-jatorrizko olioak dituzten produktuetan azido linoleikoaren (gantz azido poliintsaturatu funtsezkoa) gutxienekoa eta lauriko eta miristikoen (gantz azido saturatuak) gehienekoak arautuak daude; baita gantz saturatuek bezalako ondorioak dituzten trans motako azidoen gehienekoa ere. Gantz kontuetan, zortziek ere kopuru bertsuak dauzkaten arren, Hero Baby2 trans motako azido-eduki apalagatik (guztirako gantzaren %0,4) nabarmendu zen beste guztien artetik (%2,7, batez bestekoa). Irregulartasunik agerturiko bakarra Almiron2 izan zen: legeak azido linoleikoari ezarritako gutxienekoa ez zuen bete.

Bestelako mantenugaiak

  Mineral eta bitaminak funtsezko mantenugaiak ditugu. Jarraipen-esne hauei dagokienez, arauak argi eta garbi xedatuak dauzka burdina, iodo, zinken kopuruak eta kaltzio-fosforo erlazioa. Gainerako mineralen eduki edo kopuruek, behi-esnearen pareko izan beharko dute, gutxienez. Laborategian egiaztatu zenez, kopuru horiek araua betetzen dute. Arautegian berariaz aipatzen ez badira ere, esneki hauek kobrea, sodioa, potasioa eta magnesioa ere gehitu dituzte.

Bitaminei goazkiela, A, C eta E bitaminen eta D (kolekaltziferol gisa) bitaminaren kopuruak finkatuak daude. Esneek araua zuzen betetzen dute, Hero Baby2 laginak izan ezik, A bitaminaren gehienekoa gainditu baitzuen; Nutribén Continuación eta Nativa2 laginek ere, D bitaminari ezarritako gehienekoa gainditu zuten. C bitaminaren edukia gutxienekoa baino askoz ere ugariagoa da baina horrek ez du arriskurik ondorioztatzen: C bitamina hidrosolublea denez, organismoak metabolizatzen ez duen guztia eliminatu egiten da. Beste hainbat bitamina ere hauteman ziren, hala nola niazina, tiamina, riboflabina, azido folikoa, B5, B6 eta B12 bitaminak.

Ekarpen kalorikoa arauak xedatua du: 60 eta 80 Kcal 100 mililitroko (berrosaturiko produktuaz ari garela). Lagin guztiak zuzen daude atal honetan, Nidina2 kaloria gutxienekoa izaki (67 Kcal/100 ml) eta Conformil2 lagina energia handienekoa (76 Kcal/100 ml).

Bukatzeko, azterketa mikrobiologikoak egiaztatu zuen bezala, zortzi laginak egoera mikrobiologiko egokian zeuden.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto