Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Teknologia Berriak

Λ

Sarean barrena, hegan: Oporraldiak klik batean

Era guztietako zerbitzuak hartzeko edota bisitatu beharreko tokiaz zernahi jakiteko hamaika baliabidetarako ateak zabaldu ditu Internetek

  Bidaia antolatzeko behar duen guztia eskura jarri dio Internetek turistari, lehen etaparen abiagunetik azkena amaitu arte, ezinbestekoenetik azaleko huskeria txikienetara, bi mailatan jarri ere: informazioa edota zerbitzua eskuratzea. Sarea lagun, maletak ongi egiteko aholkuak jaso ditzakegu, adibidez, edo helmuga izango dugun toki horretako eguraldiaz, paraje interesgarriez, errepideez, txanpon trukeaz, jaiez, tokian tokiko azturez, gastronomiaz, hartu beharreko txertoez, etc. Beste urrats txiki bat eginez, ordea, hegazkin edo treneko txartela eros dezakegu, edo hotelean logela bat jaso, edo automobila alokatu ere.

Transakzio birtualez dagoen mesfidantzak askotan erabiltzailea geldiarazi egiten du kreditu txarteleko zenbakia edo bestelako datu pertsonalak eskatzen zaizkion unean bertan. Dena den, turismoa da Sareko sektorerik indartsuenetako bat. Eskaintzaren berezitasunari esker -biziki informatizatutako industria baten balio handiko "zerbitzu huts" eta iragankorrak- merkataritza elektronikoko aitzindari bilakatu da: partikularrei egiten zaizkien osoko salmenten %30 - %40 ingurura iristen da bertan komertzializatzen dena. Iazkoan, adibidez, Mendebaldeko Europako salmentak %53 handitu zirelarik (7.300 milioi euroraino), aurten osoko munta %32 igotzea espero dute, 9.700 milioi euro fakturatzeko), Centre for Regional and Tourism Research erakundearen kalkuluen arabera.

Espainian zifrak horren izugarriak ez badira ere, jende mordoska galanta (bi milioi lagun, iazko amaieran) hurreratu dira Internetera bidaia "taxutzeko", hau da, bilaketak egin eta prezioak konparatzeko.

Urratsez urrats

Hasteko, dudan dabilen erabiltzaileak hainbat orritara jo dezake (hala nola webviajes.com) edo foroetara (www.lonelyplanet.es/forum Lonely Planet gida famatukora, adibidez: bertan internautek bidaia-eskarmentu eta aholkuak elkarrekin trukatzen baitituzte) helmuga aukeratzeari buruzko iradokizunak jasotzeko.

Lojamendua hautatzeko orduan ere Sarea biziki lagungarri gerta daiteke. Arazo larriena, agian, eskaintzaren ugaritasun eskerga. Bide zuzenena bilatzaile orokor batera jotzea (Google.com, Alltheweb.com edo antzekoetara) edo zerbait bilatzeko aproposa litzatekeen atari batetik bilatzen hastea izaten da: hotelak (Interhotel.com edo Hotelsearch.com), ostatua (Hostels.com), landetxea (Toprural.com), apartamentua edo antzekoa. Orririk osatuenek, tokien arabera sailkaturiko zerrendak eta lojamenduen ezaugarri eta prezioez informazio guztia eskaintzeaz gainera, hautaturiko tokiaren barne eta kanpoaldeko argazkiak ikusteko aukera ematen dute.

Hautaturiko helmugan barrena mugitzeko automobila turistak etxetik bertatik alokatu ahal izango du, zerbitzu hori bidaia-atari gehientsuenek ez ezik, alokairu-konpainien web guneek (Avis.com edo Hertz.com, esate baterako) ere eskaintzen baitute Era berean, Sarera jo dezakegu interes turistikoko tokiei edo egin daitezkeen jarduerei, edo mapa eta ibilbideei buruzko informazioa eskuratzeko.

Zalantza izpirik gabe, ordea, Interneteko eskaintza erakargarriena txartela gure ordenagailuan bertan, eroso eta azkar, erosteko aukera da: gogoan izan hegazkin txartelak turismo sektoreko online salmenten ia %80raino iristen direla. Dena den, internautak beste aukerabide bat ere badu: eskaintza zukutsuenen bila Sarea arakatu eta, ondoren, betidaniko agentziara joatea.

Alde handiegirik ez

Bezeroez josiriko Sarean tokia egiteko helburuz, garai batean bidai guneetan agertzen omen ziren pagotxa ikaragarriak desagertuz joan dira eta, haien ordez, egiazko mundukotik berdintsuago diren eskaintzak ezarri dituzte: behin eta berriro errepikatzen zaigun bezala, oraingo horietan zerbitzu erantsietan (bilduma turistikoak) eta, oro har, bezeroarenganako arretan interes biziagoa ezartzen dute.

Nolanahi ere, lehiakortasuna sektore horretan gordina delarik, ez da harritzekoa egundoko eskaintzeak topatzea, azken uneko hegaldietan batik bat (konpainien beren web guneetan edo berariazkoetan, hala nola Lastminute.com): horrelakoetan errentagarriago gertatzen omen da Sarean txartela opari ematea eserleku bat okupatzeke uztea baino. Kontuan izan Internetek txartelaren batez besteko banaketa-kostuaren %75 jaisten duela.

Txartela erosteko aukerak ere hamaikatxo dira: online agentziek (Travelocity edo Expedia, esaterako) lorturiko arrakasta ikusirik, "egiazko" agentziek ere mahai-aulki birtualak antolatu zituzten. Geroago hegazkin konpainiek -zeinek bere kabuz edo multzoak osatuz (Orbitz eta Opodo)- erabaki larria hartu zuten: beren hegazkinetako eserlekuak saltzeko artekarien premiarik ez zuten izango aurrerantzean.

Prezioen konparaketa hobea egiteko hobe da konpainia guztien hegaldiak salgai dituen agentzia batera jotzea, nahiz eta geroago agian bezeroak konpainia horren web gunera joatea erabakiko lukeen, sinesgarritasun handiagoa eskaintzen diolako edo puntu-programaren baten onuragarri izatearren. Sarean dautzan agentzia askok erreserba-sistema zentralen (Amadeus edo Galileo, adibidez) teknologia partekatzen dutenez, hegaldi-bilaketan izaniko emaitzen arteko aldea hutsa da.

Eskuarki, Interneten bidez hegazkin txartel bat erostea bidaia-aukerak (abiagunea, helmuga, bidaiari kopurua, adina, klasea, etab.) hautatzea bezain erraza izaten da eta, gainera, txartela etxean bertan hartu edo, bestela aireportuan edo agentzian jaso daiteke. Ohikoena, agentzia birtualek (Rumbo.es, Viajar.com, eDreams.es, eBookers eta beste hainbat) erreserbak onartzea izaten da, gutxienez hiru egun lehenago egiten baldin badira.

Bidaia baino ere askoz gehiago

Interneti esker helmuga bilatu, horren gaineko informazio bildu, eta bidaiarekin zerikusia duen guztia atontzeko aukera izaten dugu: txartela erosi, logela jaso, automobila alokatu edo, areago, asegurua kontratatu ere. Baita, nola ez, oporraldietan egin beharreko jarduerak aurretiaz kontratatzea ere.

Oporraldietan gaudela, maiz gertatzen da bertan esan diguten ikuskizun edo antzeko batera joan ezinik geratzea, sarrerak aspaldi agortu zirelako. Edo bisitaldi turistikoa ezinezkoa jazotzea behar bezain aurretiaz jakinarazi ez genuelako. Hutsune horiek, atrapalo.com eta antzeko guneek betetzen dituzte, bidaia-agentziaren zerbitzuak eta aisialdirako eskaintzen sustapena eskaintzen baititu.

Baliagarria gerta dakioke baserri munduko turismoa edo "abenturakoa" gustuko duenari orri batzuk (turismoruralyaventura.com, adibidez) bisitatzea, horrelakoetan behar bezain garaiz iristen bada arroilen jaitsiera, zaldi gaineko txangoak, globoan ibiltzea, raftina eta estilo horretako jardueren gaineko informazioa jaso eta izenematea egin ahal izango duelako.

Espainian barrenako bidaiak
www.spain.info 
Espainiako Turismo Institutuaren ataria ez dago zabalik atzerritarrentzat bakarrik. Helmuga, gertakizun, ibilbide edota gastronomiari buruzko informazioaz gainera, autonomi erkidegoen arabera sailkaturiko bidai agentzia eta lojamenduen zerrenda luzea dakar.

Mapak
www.mapquest.com 
Munduko zeinahi parteko mapak, kalez-kaleko kartaraino; baita hotelen, jatetxeen, hegaldien, auto-alokairu eta beste hamaikatxo gairen gaineko informazioa.

Moneta-trukea
www.xe.net 
Euroak mundu zabaleko moneten aldean zein prezio duen jakiteko edo diru-kopuru jakinak dibisa bihurtuz zenbat izan litekeen kalkulatzeko.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto