Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
EROSKI CONSUMEReko kanalak
Asetzeko moduko bizitza erdiesteko trebezia gehienen izaera emozionala da, ez intelektuala
Txiki-txikitatik irakatsi ziguten sentimentalismoa (horrela esan izan zaio emozioak bizi-bizi sentitzeari eta bizipenak jende aurrean agertzeari) pertsona ahulen, heldu gabeen, bere burua ondo kontrolatzen ez zutenen ezaugarria zela. Adiera horretan, erabat matxista den topikoa ikaragarri zabaldu da gure irudimen kolektiboan: emozioak kanporatzea eta, areago, negar egitea emakumezkoaren kontuak direla. Mundua aurrera doa, ordea, eta emozioak bizitzea norberaren heltze prozesuan eta adimenaren garapenean ezin ordezkatuzko elementua dela dioen teoria geroz eta arrakasta lortzen ari da.
Gure tarte intelektuala biziki kontuan dugunez, denbora eta ahaleginak eskaini dizkiogu baina, horrezaz gain, pertsona bat baloratzean haren ezagutza eta trebezia intelektualak gogoan hartzen ditugu, hein handi batean. Era guztietako hezkuntzetan (bai arautuan, bai ez akademikoan) geure baliabide intelektualei ahalik eta etekin handiena atera diezaiegun bultzatu gaituzte.
Bizitza profesionalera begira geure burua prestatu eta trebatuko badugu, ezagutza tekniko eta kulturalez hornitzeko dugun premia inortxok ez du auzitan jartzen baina, lehentasunen hierarkizazio bitxia eginez, bizitza emozionalerako prestatzeak duen garrantzia bazterrean uzten dugu maizegi. Bizitzen ikastea, urterik urte metatuz goazen jakintza behatzen, aztertzen, jorratzen ikastea baita. Hortaz, pertsona heldu, arduratsu, orekatu eta, zergatik ez, ahal den neurrian, zoriontsu bihurtzeak geure sentimenduak bereiztea, azaltzea eta zaintzea ere agintzen digu. Horrek esan nahi du sentimendu horiek testuinguru jakinean kokatzen, hierarkiak antolatzen, interpretatzen eta geure egiten ikasi beharko dugula, une jakin batean izan dezakegun hausnarketa edo egintza geure aldarteak baldintzatua gerta baitaiteke eta, ondorioz, gatazka bati konponbidea ematean edo hartu behar dugun erabakian eragin kaltegarria izan dezakete.
Geure une emozionala mimatzea, inor eraso gabe, inor erruduntzat jo gabe sentimenduak adierazten jakitea, sentimendu horiek bataiatu, izendatu, zaintzea, barrena husten asmatzea, gertatzen zaiguna interpretatzeko ardatzak dira. Zerbait erabakitzearen aurrean duda egiten dugunean, egoera jakin bat ulertzeko konpromisoa hartzen dugunean, erabaki horiek ez ditugu hartzen adimen artifizialak sorturiko aparatu batek egingo lukeen modu berean; aitzitik, geure ekipaje pertsonal guztia (duela minutu batzuk gertatu zaigun horixe ere barne) eta gure herentzia kulturalaren motxila astuna ere sartzen dugu horretan. Horregatik, testuinguru sozial batean garatuz goazen aldetik, geure emozioak bizitzea trebatu, prestatu egiten gaitu. Gure sentimenduekin konektatzen dugunean bakar-bakarrik zaintzen eta hierarkizatzen ditugu, orduan bakarrik izaten gara gai gainerakoen sentimendu eta zertzeladekin enpatizatzeko. Ez da argiagoa ikasketetan kalifikazio hobeak jasotzen dituena, ingurukoekin eta bere buruarekin harmoniaz bizitzen laguntzen dioten trebeziak garatzen dituena baizik. Asetzeko moduko bizitza lortzeko trebezia horietako gehientsuenen izaera ez da intelektuala, emozionala baizik. Profesional bikainena ez da espediente distiratsuena duena, bere trebeziei ahalik eta zuku gehien ateratzen asmatu duena baizik.
"Edukazio ona" eta kontrol soziala bereizgarri nagusiak dituen gizarte honek itxuren robotak bihurtu gaitu. Malagako Unibertsitatean Fernández Berrocal eta Extremera doktoreek adimen emozionala bestela jorratu dute, sentimenduak behar den moduan eta zehaztasunez hautemateko gizakiak duen (funtsezko) trebezia, sentimendu horiek egokiro asimilatu eta ulertzeko gaitasuna, eta gure buruaren edo besteen aldartea erregulatu eta eraldatzeko abilezia. Adimen emozionalak lau osagai ditu:
Lau trebezia horiek elkarri loturik daude; bestelako hitzetan, gure emozioak zein diren jakin beharra dago, gizabidez bizi nahi baditugu.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa