Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elkarrizketa

Λ

Toni Vives, bidaiari eta gida turistikoen erredaktore: "Bidaietan, hobe errespetua tolerantzia baino"

 Artearen Historian lizentziatua, abentura izpiritua mendian ernamuindu zitzaion. Gazte-gaztetandik mendi-ibilerak antolatzen zituen, altruismo hutsez, 82ko krisialdiak langabezian utzi zuen arte. Beste aldetik, pertsona batzuek, ematen zaien zerbitzuagatik ordaintzen dutenean errespetu handiagoa eta gutiziengatiko egarri txikiagoa agertzen dutela irakatsi zien esperientziak. Batak eta besteak ordura arte hobby hutsa izan zuen hura profesionalizatzera bultzatu zuten. Txinaz zekienari esker idatzi zuen aurreneko gida, herrialde hartarako ateak zabaldu ziren garaietan. "Turismora irekitako 126 toki bakarrak azaltzea baizik ez nuen egin". Espainol batek idatziriko Ekialdeko herri zabal hari buruzko lehen gida izan zen hura. Ekuadorren gainean beste gida bat idatzi zuen eta, hari esker, Lituaniako Gobernuak, independentzia lortu berri, Baltikoko errepublika hartaz monografia egin zezan agindu zion. "Porrota izan zen: garbi dago haraino doan turistak Estonia eta Letonia ezagutu nahi dituela; horrez gainera, eskakizun gutxiko herrialdea zen, nahiz gaur egun Eurovision-i esker ospetsu bilakatzen hasia den". Lan editoriala eta ibilbide alternatiboetan espezializaturiko Bartzelonako bidai agentzia bateko zuzendaritza partekatua tartekatzen ditu; horiez gainera, UNESCOrekin dituen konpromisoak bete behar izaten ditu: Asiako kontinentean eta Afrikan gizateriaren ondare deklaratuak izan nahi duten tokien argazkiak eskatzen baitizkio erakunde horrek. "Irribarrea, muzina baino hobe; errespetua, tolerantzia baino nahiago; zuhurtzia, beldurra baino egokiagoa eta helmuga den herrialdeko hizkuntzan hitzen bat ikastea" dira bidaiarako motxilan eraman behar diren printzipioak, Toni Vivesen iritziz.

Zertan bereizten dira turista eta bidaiaria?

Turista asko egun ez dira bidaiari astirik ez dutelako. Norberaren herria zeharkatu ezean, oporraldiek irauten duten hiru aste horretan ezin izan daiteke bidaiari, baina turista onak izan gaitezke. Horixe da izpirituko bidaiarien kontua: agentziatik pasa beste erremediorik ez dute, baliagarri dituzten egun eskas horiek eraginkortasunez norbaitek antolatu behar baitizkie. Bidaiari ekin aurretik, ordea, bisitatu beharreko herrialdeaz interesatzen dira, badakite halako jaialdi ederrera joan beharko dutela ezinbestean eta argi eta garbi dakite nolako tokiak bisitatu behar dituzten. Turista horiexek dira XXI. mendeko bidaiariak.

Zenbat diru gastatu behar da ametsetako bidaia egiteko?

Zein herrialdetara joan nahi duzun eta zein baldintzatan. Ni ez nintzateke joango bost izarreko hotelera, ostatuak eta hotel txikiak aukeratuko nituzke gusturago sentiarazten gaituztelako eta, gainera, tokian tokiko bizimoduan txertatuago daudelako. Gastatzeko aurrekontuak ere franko baldintzatzen gaitu: 1.000 eurorekin Marokko bisita dezakegu, garraio publikoan ibiliz eta eguneko otorduak janez.

Bidaiatzeko behar-beharrezkoa ote da ingelesez hitz egitea?

Bai, baina aski da bidaiariaren ingelesa ezagutzea: oinarrizko galde-erantzunak, funtzionatu ahal izateko. Bertako hizkuntzan ere dozena bat esaldi ikastea komeni izaten da: egunon, eskerrik asko, oinarrizko galderak... Horrek turistak herritarrenganako errespetua adierazten duenez, ateak zabaltzeko balioko du. Azkenik, batzuetan nork bere hizkuntzan hobeki ulertaraziko du esan nahi duena, indar handiagoz adieraziko duelako eta, hortaz, komunikazioa eraginkorragoa izango da ingeles eskasean totelduz gero baino; kontuan har dezagun gure solaskideak ere gehienetan ez dakiela asko ingelesez.

Kreditu txartelaz ari gara orain...

Asmakuntza handia. Ezkutatzen erraza, dirua aurreztu eta segurtasuna ematen digu. Munduko herrialde gehienetan horrekin dirua lor dezakegu eta hiri handietan erosketak, janariak eta bestelako zerbitzuak ordain ditzakegu.

Dolarra bezain internazional bilakatzea lortu ote du euroak?

Geroz eta gertuagotik dabilkio, ezarpena berehala gauzatu da. Hona eragozpen bat, baina: dolarrarekin egin zen ez bezala, euro bakarreko billeteak jaulki ez dituztenez, eskupekoak eta biribiltzeak nekezago gertatzen dira. Akats hori EBak konpondu beharko luke.

Bidaia antolatzeko unean zer lehenetsi behar dugu?

Lehen-lehena, gehien gustatzen zaiguna zer den zehaztea. Naturari begiratzen gozatzen ez badugu ez da zentzuzkoa safari bat aukeratzea: goizaldeko ordu txikietan jaiki beharko dugu maiz, lehoiak ikustera joateko. Hotzak akabatzen baldin bagaitu, berriz, hobe Zirkulu Polar Arktikora egitea, nahiz moda-modako tokia izan. Ametsetako helmugatik bereizten gaituzten topikoak bazterrean utzi behar ditugun modu berean, bertara biziki erakartzen gaituzten mitoak ere gainditu behar ditugu. Goi mendia liluragarria izan daiteke... mendizalearentzat. Hitz gutxitan, bidaia egin aurretik gauza batzuk kontuan hartu behar ditugula: zenbat diru dugun, gure zaletasunak eta aukeratutako urte sasoia.

Bidaia egiteko pertsona kopuru egokirik ba al da?

Egokiena, bidazti perfektua aurkitzea da: horretarako jakin behar da zein adiskide edo senitartekorekin enpatizatu izan dugun aurreko bidaietan. Bi lagun zifra polita da; hiru desegoki samarra, non eta denen arteko harremana on-ona den. Hiru lagun baino gehiagorekin bidaia egitekotan, hobe da aurretiaz hitzarturiko egitaraua betetzea, liskarrik nahi ez badugu.

Bakarrik ibiltzea, ostera?

Jendea ezagutzeko modurik onena den arren, horretarako psikologikoki prestaturik egoteaz gainera, horixe egin nahi izatea ezinbestekoa da.

Helmuga turistikoak orain ere modarekin lotuak daude?

Horixe baitez. Baita komunikabideen esanari ere. Memorias de África filma eman zenean den-denek Afrikako sabanak ezagutu nahi zituzten. Aurten, aldiz, asiar pneumoniaz esan den guztia tarteko, inortxok ez du nahi bertara joaterik.

Nola bereizi gida turistiko ona eta beste bat?

Era askotako gidak daudenez, horietako batzuek informazio zehatz eta baliagarria ematen dute: tarifak jakinarazi, arriskuen berri gaztigatu, erosketak non egin aholkatzen dute. Gida praktikoak dira horiek; guk, akaso, eskualdeko adierazpen artistiko eta kulturalak zehazten dituena eta gauzen zergatia azaltzen duena nahiago izan genezake. Gida anglosaxoiek, adibidez, Indian amerikar estiloko hanburgesak Indiako zein tokitan jan ditzakegun esango digu. Espainiarra seguruenik ez doa horretxen bila baina agian interesatuko zaio europar bainugelak non dauden jakitea.

Zein herrialde komeni da gerorako uztea?

Gerran daudenetara hobe ez joatea, jakina. Hori jakiteko, sen ona baliatu eta eskarmentu pittin bat duenari aditzea aski da. Horrekin ez dut esan nahi gehiegizko aholku eta adierazpenak zorrozki bete behar direnik. Esate baterako, batzuek diotenez, asiar pneumonia Asia osora zabaldua dagoelako ezin da bertara joan; kontuan izan gaitz horrek sortarazi dituen hildakoen kopurua Espainian asteburu luze batek errepidean uzten duena bezain handia ez dela. Hobe da neurriak hartzea, nolanahi ere. Txinara trenez banoa ez dut utziko maleta estekatu gabe baina Iranen kamerak plaza erdian ahaztu bazaizkit lasai egongo naiz, bueltarakoan hantxe segituko dutelako. Hitz batez, tokian tokikoek zer egiten duten ikusi eta huraxe egin behar dugu.

Iranek liluratzen zaitu, argi dago. Emakume bat bertara joan al daiteke?

Emakumeak bidaia bakarrik egin nahi badu, herrialde shiitak pribilegiatuak dira, hainbat baldintza betez gero, estuasunik ez izateko. Esate baterako, ezkondua dagoela esatea eta behatzean ezkontza-eraztuna eramatea komeni zaio. Zergatik doan bakarrik galdetzen baldin badiote, senarra Iranen lanean ari dela eta berak herrialdea ezagutzeko aprobetxatu nahi duela erantzutea aski izango du: horrela errespetuz tratatuko dute eta bera seguru sentituko da.

Ondo ibiltzeko dekalogorik ba al duzu?

Kontua, besteen pentsamoldea aldarazten ez saiatzea da. Gehienez ere, geure jokaera tokian tokiko herritarrenaren arabera egokitu beharko dugu. Herri batzuetan galtza luzea jantzita ibili behar bada, joka dezagun horrela. Bidaiak eginez, azkenean gusturako ibiltzeko bidezidorrak ikasten dira. Egoera larri askotatik onik ateratzeko formula seguru samarra, irribarrea erakusteak ate asko zabaltzen dituela ez ahaztea da; muzinak, aldiz, jendea gure kontra jarriko du. Behin batean Aljerian, konturatzeke, militarrek errepidean ezarria zuten kontrolean ez ginen gelditu. Gure atzetik hasi ziren, paperak eskatu zizkiguten, eman egin genizkien... Azkenean, tea hartzera gomit egin ziguten eta Aljeriako futbol ekipoak Mundialetan eginiko agerpena iruzkinduz jardun ginen.

Bidaiak eginez mitoak hautsi ala finkatu egiten dira?

Hortik zehar goazela begiak eta belarriak zabalik joan behar dugu, dena ikusiz, dena entzunez, aurreiritzirik gabe. Iranera egin nuen estreinako bidaian ezin izan saihestu nuen aurreiritzi batzuk mantentzea: hura fundamentalistez beterik zegoela uste nuen. Izan nuen lehen solasaldian, loreei argazkiak ateratzen ari zitzaion neska batekin aritu nintzen: zine zuzendaria zen, frantziar klasikoan espezializatua. Orduantxe hasi nintzen neure buruaz zerbait gehixeago ikasten. Herrialde bati buruzko informazio hobea emango dizute eleberriek bidai liburu arrunt batek baino, gidetako asko eta asko, neurri batean, interesdunak direlako: gobernuak bere herrialdea sustatu nahi duenez, autoreak ez du bertako politikaz iritzirik emango. Ez dizu esango, adibidez, marokkoarrek beren erregeaz behin ere hitz egiten ez dutela; ez, inondik ere, jende elokuente horrek afera horretaz iritzirik ez duelako. Gidak balio duena egiteko balio du: gidari izateko.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto