Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

"Alkoholik gabeko" garagardoa: Alkoholetan alde handiak: 0,03 gradutik ia-ia gradu osoraino

Kaloria gutxiren truk freskatu egiten gaituen edari hau osasuntsu izan daiteke, tamainan hartuz gero

  Hautaturiko legamien bidez gauzatzen den hartzidura alkoholikoaren ondorioz erdiesten da garagardoa, garagar muztiotik abiaturik; muztio hori bakarrik edo beste hainbat laborerekin nahasi, ondoren lupulu hutsa edo eratorriak erantsi eta azkenean egosi egingo da.

Alkohol gabeko garagardotzat jotzen dira bolumenaren %1 baino alkohol gutxiago daukatenak. Tradizionalek 4 eta 5 gradu bitarte alkohol (bol.%4-%5) dute. Alkohol gabeko garagardoen kontsumoaren ondorioz gorputza hidratatu eta dietako bitaminak, mineralak eta eragin antioxidatzaileko sustantziak ugaldu egiten direnez, edari egokia da dieta orekatuan ez ezik, hainbat gaixotasun edo gaitzetara egokitutako elikabideetan ere, kaloria gutxi izateaz gainera ez alkoholik, ez sodiorik ere ez duelako, kasik.

Alkohol gabeko garagardoa moldatzeko, fabrikatzailea garagardo tradizionaletik abiatzen da, edari horri alkohola erauzi (destilazio eta ultrafiltrazioz) edo hartziduran alkoholaren osatzea murrizten duten berariazko prozesuen bidez, legamia bereziak baliatuz edo jatorrizko muztioaren edukia urrituz.

Osagaiak

  Ura, garagardo-malta, lupulu eta legamiak euskailu hartuta egiten da garagardoa. Legamiak, lehengaiaren hartzidura egiten duten aldetik, funtsezkoak diren arren, ez dira osagaitzat hartzen, azken produktuan agertzen ez baitira. Garagardo ona fabrikatzeko lau lehengai horiek aski badira ere, hainbat fabrikatzailek, horiek ez ezik, malteatu gabeko laboreak, antioxidatzaileak (sulfitoak, azido zitrikoa, azido askorbikoa) eta apar-egonkortzaileak (alginatoak eta antzekoak) erabiltzen dituzte. Bavaria, River eta Ambar Green laginak dira aditibo gabeko bakarrak, ura, malta eta lupulua baizik ez daukatelako. San Miguel eta Laiker laginek antioxidatzaileak baliatzen dituzte, Damm-Bier laginak apar-egonkortzailea (E-405) eta Buckler eta Kaliber markakoek, azkenik, antioxidatzaile eta egonkortzaileak (E-405 eta E-224).

Bavaria laginak darabilen malta garagardotatik aterea da; River, Ambar Green, Laiker eta Damm-Bier laginek beste hainbat labore (arroza, artoa) baliatzen dituzte.

Buckler lagina da, osagaien zerrendari begira, lurrinak erantsi dituen bakarra; Ambar Green laginak legamiak osagaitzat jotzen du, produktuan ez dautzan arren.

Garagardoa elikagai ote?

Alkoholik gabeko garagardoak tradizionalak baino kaloria gutxiagoz hornitzen gaitu, alkohol edukia murriztu egin diotelako. 250 ml-ko botilatxoak 37 eta 50 kaloria bitarte ditu; tradizional batek, 115 kaloria, batez beste. Horregatik alkohol gabeko garagardoa tamainan har daiteke argaltzeko dieta jakin batzuetan ere.

Garagardoak ura du (%95) gehienbat, karbohidrato gutxi (%2,6-%4) eta proteina gutxiago (%0,2-%0,3), biak ere maltak ekarritakoak. Potasioa, fosforoa, kaltzioa, magnesioa eta silizioa ditu mineral ugarienak. Garagardoak sodio gutxi daukanez (11 mg. inguru botilatxoko: ur edangarriak beste, alegia), likido-atxikipena, hipertentsioa edo alterazio kardiobaskularrak nozitzen dituztenek bete beharreko dieta hiposodikoetan ere hartzea onartu egin ohi da. Beste aldetik, potasio eta sodio edukien erlazio egokiari esker, eragin diuretiko bizikoa da garagardoa.

Bitamina askorik, ordea, ez du: azido folikoaren (B9 bitamina edo folatoak) iturri gisa bakarrik har dezakegu eta. Botilatxo batek, pertsona helduentzat aholkagarri den azido folikoaren eguneko kopuruaren %6 dauka; beste aldetik, emakume haurdunak dituen B9 bitaminaren premien %3 betetzen ditu eta edoskitzen ari den amaren premien %4. Azido folikoa anemia eta, haurdunaldian, fetuaren bizkarrezurraren malformazioak nozitzeko arriskua arintzearekin (hau da, bizkarrezur bifidoa izateko aukerak gutxitzen ditu) erlazionatzen da.

Azterketak dioena

Legez aplika dakiokeen arauaren arabera, garagardoek ezaugarri analitiko jakin batzuk agertu behar dituzte: alkohol gradua (bolumenaren %1 baino txikiagoa eta, horrela adierazten duten produktuetan, %0 edota %0,0 horiek betetzea), guztirako azidotasuna (%0,3 gehienez ere, azido laktikotan), sufre-anhidridoa (gehienekoa: 20 miligramo litroko), errautsak (gehienekoa: %0,4 masatan) eta pH faktorea (3,5 eta 5 bitartean). Araudian xedaturiko balioak denek betetzen dituzte, Ambar Green laginak izan ezik: %1,1 alkohol zuelarik, %1 baino txikiagoa izan behar du portzentaia. Horrenbestez, Ambar Green ezin har daiteke, zorrozki, "alkohol gabeko garagardotzat".

Kaliber (%0,95), Laiker (%0,85) eta Damm-Bier (%0,85) laginek gehieneko mugatik gertuko portzentaia agertu zuten eta River garagardoak %0,35 zeukan. Alkohol eduki txikienekoak "%0,0" gisa merkaturatzen direnak dira: Bavaria (%0,04), San Miguel (%0,03) eta Buckler (%0,05). Bestela esateko, hiru lagin hauek gainerako bostek baino dezente alkohol gutxiago dute.

River eta Ambar Green dira proteina gehien dituzten laginak (0,38 gramo 100 mililitroko). Errautsen edukiari dagokionez (horrek, elikagaiek dituzten mineralen kopurua adierazten digute, gutxi gorabehera) balio handienak Damm-Bier, San Miguel eta River laginetan aurkitu ziren: 0,12 gramo 100 mililitroko.

Aztertu zen beste parametroetako bat sufre-anhidridoa (sulfitoak) da, eragin antioxidatzailekoa. Bertan agertzea, aditibo gisa erabili izanaren ondorio edo, bestela, hartziduratik eratorritako konposatu natural bat azaltzearen arrasto izan daiteke. Garagardoetan onartzen den sulfitoen presentzia txikia da: 20 mg litroko; 10 mg. baino gutxiago duenean sulfitorik ezaren baliokidetzat hartzen da. Legeriak xedatzen duenez, alkohol edukia %1,2 baino txikiagoa denean (zortzi lagin hauetan bezala) osagai guztiak adierazi behar dira, aditibo eta guzti. Zortzi garagardoek ere, litroko 10 mg. baino sufre-anhidrido gutxiago zutenez, fabrikatzaileek ez dute etiketan hori adierazteko obligazioa. Dena den, osagaien zerrendaren arabera, San Miguel, Laiker, Buckler eta Kaliber laginek E-224 aditiboa erantsia dute.

Nolanahi ere eta laburpen gisa, ikuspegi analitikotik bederen, zortzi garagardo hauek berdintsuak direla esan dezakegu,.

Etiketa: akatsak bilgarrian

Azterturiko lagin guztiak 6 aleko pack bilgarrian erosi direnez, salmenta-unitatea horixe den neurrian (botilatxoak banan-banan erosteko ezin hauts daiteke kartoia), derrigorrez agertu beharreko informazioa 6 botilatxoak biltzen dituen kartoian ere agertu beharra dago. Informazio horretan jasotzen dira salmentako deitura, eduki garbia, osagaien zerrenda (goitik behera, ugarienetik hasita), kontsumitzeko data egokia, fabrikatzailearen izen eta helbidea eta lote zenbakia. Alkohol gradua adieraztea ez da nahitaezkoa, datu hori %1,2 baino alkohol gehiago duten edariek bakarrik erakutsi behar baitute.

Etiketak azterturik, irregulartasun ugari atzeman ziren: Bavaria laginak bilgarrian ez du adierazten enpresa fabrikatzailea; Bavaria eta Damm-Bier laginek bilgarrian ez dute adierazten osagaien zerrenda; Damm-Bier, River eta Ambar Green laginek bilgarrian ez dute kontsumitzeko data egokia adierazten. Botilatxoetan adierazita dagoen arren, ez da agertzen ikusgai ale guzti-guztietan, kartoia hautsi ezean. Horrenbestez, arautegia urratu egiten dute, ez dituztelako ikus-eremu berean agertzen salmenta-deitura, eduki garbia eta kontsumitzeko data egokia. Damm-Bier, River eta Ambar Green laginek ez dute adierazten lote zenbakia, datu hori agertzea nahitaezkoa den arren. Lotetzat jotzen da gorabehera berdin-berdinetan ekoitzi, fabrikatu edota ontziratutako elikagai baten salmenta-unitateen multzoa.

Buckler eta San Miguel laginek bilgarrian ez dute lote zenbakia adierazten baina, arauaren arabera, adierazpen horren ordez kontsumitzeko data egokia edo iraungipen data ager daiteke, eguna eta hila hurrenez hurren agertzen badira: horixe aukeratu dute Buckler eta San Miguel laginek.

Irregulartasunekin jarraiki, Ambar Green laginak ez du adierazten osagaien zerrenda ugarienetik hasita, ura atzeneko tokian ipini baitu, produktuaren %95 den arren. Bestetik, legamiak osagaitzat jotzen ditu baina horrelakorik ez dago azken produktuan, edarian.

Laburbilduz, Kaliber, Laiker, Buckler eta San Miguel laginek bakarrik agertzen dute arauaren araberako etiketa.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto