Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Osasuna

Λ

Parkinson: Sendatzeko tratamendurik ez, arintzekoa soilik

Eragindakoen eta familiartekoen erronka latza, gaitza nozitzen duena bizikide izatea

  Espainian 110.000 pertsonak nozitzen omen du Parkinson gaitza. Nerbio-sistema zentralaren gaixotasun endekagarri hori gaur egun sendaezina den arren, arindu egin daitezke bere sintomak botiken edo neurokirurgiaren bidez. Parkinson eritasunak ez du nahitaez heriotza edo dementzia eragiten, baina progresiboa da eta azkenean pertsona ezindu egiten du gehienetan. Ez da, beste aldetik, gaitz berria: Sir James Parkinson zientzialariak 1817an aurkitu, deskribatu eta "paralisi astingarri" bataiatu zuen.

Alzheimer gaitzaren ondotik, hauxe da intzidentzia handiena duen gaixotasun neurodegeneratiboa, arraza- zein sexu-bereizketarik egiten ez duena: mundu osoan hedaturik dago eta gizonezkoak nozitzen du gehixeago emakumeak baino. Hasi, 55 urte inguruan hasten da agertzen mila pertsonatik bitan eta 65 urtez gorako ehun pertsonatik bitan. Eragindakoen %20k 50 urte baino gutxiago ditu. Gaur-gaurkoz ez dago Parkinson gaitzaren kontrako prebentziorik eta, populazioaren bizi-itxaropenen luzapena kontuan izaki, horren eragina areagotuko da, itxura guztien arabera.

Jatorri ezezagunekoa

Gaitzaren jatorria ezaguna ez den arren, hainbat teoria jorratu dituzte adituek, genetiko eta metabolikoetatik hasita, inguruneko hainbat toxikoren edo garuneko aspaldiko mikrotraumatismo zenbaiten eragina inplikatzen dutenetaraino. Zergatiak zergati, patologia honek bereizgarri dituen sintomen hasiera ganglio basal eta mesentzefaloko sustantzia beltzaren lesioan datza, zona horiek mugimenduak kontrolatu eta koordinatzen dituztelarik. Garuneko dopamina (nerbio-zelula batzuetatik beste batzuetara inpultsoak igortzen dituen substantzia) urritu egiten omen da. Sistema horren alterazioak muskulu-mugimenduen okerreko koordinazioa eragiten du eta horren ondorioz agertzen dira ohiko sintoma bereizgarriak, hala nola dardara, hipertoniaren ondoriozko zurruntasun muskularra, mugimenduen geldotasuna (bradizinesia) eta orekaren akatsak: horiexek dira Parkinson gaitza diagnostikatzeko oinarrizko lau irizpideak.

Dardara

Intentsitate aldagarrikoa izanik, dardara parkinsondarra erritmikoa da, pausaguneak nagusitzen direlarik, esku eta besaurretan lokalizatzen da oro har, eta larritasunean areagotu egiten da. Parkinson gaitzaren pazienteek zurruntasun muskularra agertzen dutenez, beren muskuluak luzatzean erresistentzia areagotua eragiten dute: besaurrea luzatu nahi bazaie nolabaiteko erresistentzia nabaritzen da eta muskuluen dekontrakzioa jauzika egiten da, gurpil horzdunaren bidez eragingo balitz bezala. Ohiz, mugimendu mantsoak (bradizinesia) eta traketsak dituztelarik, maiz mugimendurik eza (azinesia) ere gertatzen da. Ez dituzte hankak gurutzatzen eta aurpegian espresiorik ez dutenez, badirudi ez dutela emoziorik sentitzen. Gorputza aurrerantz makurtuxea ohi daramate, besoak gorputzari atxikita, ukalondoak eta eskuturrak okerturik eta, ondorioz, eskuak zilborraren parean bata bestea hartuta. Oinez mantso doaz, urrats motz eta azkarrak eginez. Oinez hasi eta gelditzean zailtasunak izaten dituzte. Gorputza aurrerantz makurturik eta grabitate zentrotik aterata dutenez, geroz eta azkarrago ohi doaz oinez erortzeari ekiditeko: ibilera festinante hori oso berea dute parkinsondarrek. Geldirik egotean egonkortasun eskasa izaten dute, zanbuluka dabiltzala ematen du. Eserita daudenean ez dira geldirik egoten (akatisia). Ohetik zein aulkitik jaikitzea asko kostatzen zaie. Ahoa ia beti zabalik daukate, nekez manten dezakete itxita. Ahotsa baxua dute, monotonoa, eta idatzi, jan edota eskuekin hainbat ariketa egiteko zailtasunak izaten dituzte. Hatzek maiz mugimendu erritmikoa agertzen dute, dirua kontatzen ariko balira bezala.

Gaitz honek dementziarik sortarazten duela frogatua ez badago ere -dena den, kontu horrek eztabaida asko harrotu ditu- hainbat kasutan nolabaiteko endekapen intelektuala gertatzen da; horren ezaugarriak, pentsatzeko abiadura mantsotzea (bradipsikia) eta zerbaitetan luzaro zentratzeko zailtasuna dira. Parkinson gaitzak jotakoak desmotibazio emozionala, oroimen alorreko arazoak -ez, dena den, Alzheimer gaixotasunak eraginikoak bezain larriak-, malgutasun mental urria, nolabaiteko zurruntasun kognitiboa eta gauzak antolatzeko edo arazoei konponbidea bilatzeko zailtasunak izaten ditu sarri.

Tratamendu aringarria

Gaitz honek ez du tratamendu sendagarria, aringarria baizik, sintomak kontrolatzekoa, alegia. Gehien baliatzen denak Lebodopa du oinarria: dopamina ekoizteko garunak erabiltzen duen molekula horrek mugimenduen koordinazioa hobetu egiten du. Botika horrekin batera beste hainbat ere hartzen dira, hala nola apomorfina, amantadina, selegilina, antikolinergikoak... Zerrendaren luze horrek argi eta garbi erakusten du benetako botika eraginkorrik ez dagoela, oraingoz.

Botiken aurrean gaixo bakoitzak ematen duen erantzuna besteak ez bezalakoa denez, tratamenduak ere norberaren neurrikoa izan behar du, berariazkoa, kasuan kasuko sintoma nagusien eta gaixoaren ezaugarrien arabera. Tratamendu farmakologikoa nahitaezkoa da, tratatzen ez den Parkinson gaitzak pazientea lehendabizi ezindu eta garaia baino lehenago heriotza ondorioztatzen duelako. Paziente askoren sintomak hobetu egiten dira tratamendua aplikatzean; azpimarra dezagun, dena den, alboko eraginak ere izan ditzakeela tratamendu horrek, hala nola nahiz kontrako mugimenduak, goragale eta okadak, mukosa lehorrak, orientaziorik eza, jokamoldean aldaketak, aluzinazioak, etab.

Parkinson gaitzarekin bizitzea

  Kasu larrietan, tratamenduarekin inongo hobekuntzarik gertatu ez denean, kirurgiara jo behar izaten da. Egun, prozedura kirurgiko batzuek garun-alterazioak (palidotomia, elektrodoen bidezko talamo azpia estimulatzea, zelula-ezarpenak...). aldarazi egin ditzakete.

Nolanahi, tratamendu farmakologikoa latza baldin bada ere, hartu beharreko neurri orokorrak ez dira samurragoak. Funtsezkoa da, esate baterako, Parkinson duten gaixo guztiek ariketa fisiko jarraikia egin ohi izatea, muskuluak erlaxatu eta estresa apaltzea ez ezik, aldartea (eskuarki, tristezia eta depresiorako joera agertzen baitute) hobetzen lagunduko baitie. Oinez ibiltzea beharrezkoa da, beste norbaitek lagundurik. Laguntza hori eguneroko egintzetan (ohetik altxatzean, bere burua garbitzean, jatean, janztean, etc.) ere premiazkoa izango dute. Pazienteari hainbat euskarri eman behar zaizkio bere jarduera seguru, arriskurik gabe, bete ahal izan dezan: barra eta barandak etxeko korridoreetan, bainugelan, jaikitzen laguntzen duten aulkiak, kirten luzeagoko sardexka eta koilarak, errazkiago jan dezaten, etab.

Hitz gutxitan, Parkinson gaitzarekin bizi daitezen hezi eta irakatsi behar zaie, eta horretarako familiak sekulako ahalegina egin beharko du. Maiz, psikologoaren laguntza ere premiazkoa izango da. Fisioterapia eta gimnasia egoki-egokiak dira eta ezin dira alboratu eskakizun maila altuagokoak omen direnak, hala nola igeriketa, bizikletan ibiltzea edo oinez txango luzeak egitea: horrelakoek, mugikortasuna eta koordinazioa hobetzen laguntzez gainera, odolaren zirkulazioarentzat ere mesedegarri gertatzen dira beti. Kasuan kasuko eta premien arabera, espezialistak jarduera eta ariketa egokienak antolatu beharko ditu, sintomen larritasuna ikusirik.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto