Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Seiehun eurotik (instalazioa kanpo) daude salgai aire egokituko aparatuak
Domotika eta barne-arkitekturako adituek adierazi dutenez, etxebizitza barnean udako beroari aurre egiteko, 10 bat graduko aldea lortu beharra dago barru eta kanpoko tenperaturen artean. Hori lortzeko sistemetako bat, barnealdeko tenperatura jaisteko aukera emango duen aire egokituko aparatua ezartzea da. Espezialisten iritziz, egoera klimatikoari organismoa nola egokitzen zaion eta bero mineko hilabeteetan soineko arinagoak janzten ditugula kontuan izaki, 21 eta 25 gradu bitarteko tenperatura aski da etxean edo bulegoan eroso sentitzeko. Hori baino hotzagorik ez da osasungarria: aire egokituari leporatzen zaizkion hotzeri eta mafrundien zergatia aparatu horiek eraginiko tenperatura hotzetan eta erabiltzaileak aire korrontetik gertuegi jartzean bilatu beharra dago. Izan ere, airea barrutik 10 eta 15 gradu bitarteko tenperaturan ateratzen da. Nolanahi ere, 21-25º C-ko hozbero hori aukeratzeko nahikoa argudio garrantzitsua ez balitz ere, hona beste datu bat, agian bestela pentsaraziko diguna: etxeko tenperatura jaisten den gradu bakoitzeko energiaren %8 gehiago gastatzen da.
Ohiko akatsa dugu "aire egokitu" terminoa aire freskatuari aplikatzea eta airea egokitzea airea klimatizatzearekin nahastea. Aire freskatua, aire korronte iragazia igortzen duten haizagailuez hornituriko unitateek ekoizten dute. Freskatze sistema aire egokitua izan dadin, giroaren arabera neurturiko airea (tenperatura bera ere hautatuz) era koordinatuan ematen duen ekipo multzoa izan behar du. Klimaizatzailea martxan jartzen badugu, aparatu horren bitartez hainbeste graduko tenperatura aukeratzeaz gainera, giroko hezetasuna ere hautatu ahal izango dugu. Horrenbestez, etxebizitzan aire egokitua jartzea edo etxebizitza klimatizatzea ez da gauza bera. Jeneralean, 21 eta 25 gradu bitarteko tenperatura ("konfortekoa" deritzona) erdiesten duten aparatuak ez daude prestaturik giroko hezetasun erlatiboa mantentzeko. Sistema hori dezente konplexuagoa da, askozaz garestiagoa eta, gainera, etxean ez da ezinbestekoa: urtean hainbat hilabetetan funtzionatzea aski da.
Aire egokituko etxerako aparatuak ezartzean eskuarki split modelokoak (hau da, kanpoan konpresorea eta barrualdean lurrungailuak dituena) aukeratzen direnez, ez dira sekulako obrak egin behar izaten. Halaz ere, auzokideen komunitatearen baimena eduki behar da, konpresorea ezartzeko eraikineko barne fatxada baliatzeaz gainera, hustubideak instalatzeko hormak zulatu beharko ditugulako (dena den, hauek kanaltxoekin estaliko direnez, gerora ez dira nabarmen ageriko). Profesionalek bi eguneko lana dute instalazioa burutzeko eta guztirako kostua 800 euro inguruan dabil. Honelako aparatuek aski eragozpen ezaguna dute bero handia egiten duen eskualdeetan: transformagailua (eskuarki, balkoian edo fatxadan kokatua) tenperatura altu-altuko elementuekin kontaktuan egon ohi denez, matxurak dezente ohikoagoak izaten dira, ekipoak lan gehiago egin behar izaten du eta.
Zerbait gehixeago gastatzeko prest bagaude bero-ponpa instalatzeko aukera dugu; horrela, uda partean aire egokitu gisa erabili eta neguan kalefakzio bezala baliatuko ahal izango dugu aparatu bera. Teknologia hori, hozkailuko tenperatura hozteko ere baliatzen dena, Carnot-en printzipioan (1824an asmatua) oinarritua dago: kanpo aldean unitate bat ipintzen da eta beste bat barruan; bero-punparen eginkizuna beroa etxez kanpo edo barne aldera eramatea da, segun-eta etxebizitza hoztu edo berotu nahi den. Giroa hozteko, etxeko airea barne hoditik igarotzen da; barnealdeko airearen beroa xurgatu da eta ondoriozko aire hotzagoari berriz ere igaro arazten zaio etxean zehar, sistemako hodietatik barrena. Etxeko beroa kanpoko hoditik irteten da. Kalefakzioa martxan jartzean, bero-ponpak prozesua alderanzten du, kanpoko giro hotzarekin etxea berotzeko. Aparatu hori garestixeago da, hoztu nahi den gelaren tamainaren araberako prezioa izango du baina merkatuan badaude modeloak 750 eurotik hasita. Instalazioa eta honen kostua, aire aparatu tradizionalen parekoa da.
Eguneko kontsumoa dela eta, duela pare bat urte arte bero-ponparen eragozpen latza energi kontsumo altuegia zen. Teknologiak alor honetan egin du aurrerabide handiena eta, ondorioz, kontsumoa izugarri jaitsi da erlatiboki. Logela batean dagoen unitateak 0,06 euro kontsumitzen du orduko; jangelan dagoenak, berriz, 0,09 euro. Hau da, bero-ponpak mikrouhin labeak edo baxera-garbigailuak baino gutxiago gastatzen du.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa