Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Teknologia Berriak

Λ

Disketea: Floppyrenak egin du!

Disketea behin betikoz lurperatzeko arazo nagusia oinordekoen ugaria da

  Duela hainbat urte sartu zen disketea hilzorian baina, izan ere, zer ote dugu horren hurrengoa? Alternatibak (CD grabagarria, flash memoriak, posta elektronikoa...) hamaika diren arren, ordenagailuetan aldatu gabe gehien iraun duen elementu txikiari ordezkorik bilatzea ez da kontu erraza.

Datuak biltzeko disko magnetiko eramangarria den diskete hori 1971n sortu zen, IBM guraso izaki. Konputagailu pertsonalentzako hastapen haietako floppy samurra 5,25 ontzakoa zen (milimetro bateko lodierakoak) eta 160Kb informazio gorde zezakeen. Handik hamar urtera Sony markak 3,5 ontzakoak atera zituen, PC ordenagailuaren lehen eztandarekin batera. Diskete txiki eta gogortxoago haiek edukieraren mugara aurki iritsi ziren: 1,44Mb.

Edukiera urrikoa delako geratu da zaharkiturik, hain zuzen ere, disketea. Duela 20 urte PC haiek 20Mb-ko disko gogorrak zeuzkatenean, 15 disketerekin eduki osoaren segurtasun kopia egin zitekeen. Handik 30 urtera, disko gogorrek mila aldiz informazio handiagoa daukate eta nekez gorde daiteke diskete batean testu bat edo kalitate urriko argazkiren bat baizik.

Erabiltzailearen arazo latza, ostera, eskura dituen alternatiben artean hautatzea da. Ez da kontu erraza haren abantaila guztiak (merkea, eramangarria, konpaktua, irakurri eta idazteko erraza, ateragarria, etc.) izaki, eragozpen (mantsoa, edukiera urria, fidagarritasun eskasa) haietako bat ere izango ez lukeen ordezkorik.

Hiru erregeak

Aspaldi esan ohi izan da disketearen iraunaldia agortzen hasia dela, baina oraingoz inork ez du haren tokia bete. Disketearen "hiltzaileen" zerrenda luzean agertzen diren hiruk eman dizkiote sekulakoak, akabatzeko modukoak, ia.

Kontua baldin bada diskete batean sartzen dena leku batetik bestera eramatea, dudarik ez da: posta elektronikoa bide eraginkor eta merkeena da. Internet iristea izan zen disketearen heriotzaren hasiera, etxetik lantokira eta alderantziz datuak eramateko tresna gisa ordezkatu baitzuen. Disketean sartzeko modukoa delarik, norberak Sarerako konexioa badu, aukera egokiena zein den argi samar dago.

Datuen kopurua biziki ugalduta, ia-ia arazo guztiak konponduko dizkigu CD grabagarriak. Bai grabagailuen, bai CD birjinen prezioak izugarri behera egiteari esker (diskete arruntaren parean ipini da horren kostua) 500 aldiz edukiera handiagoa duen euskailu hori paregabeko alternatiba bilakatu da baina bertan datuak grabatzea oraindik aski eragiketa aldrebesa da.

Behetik gora datorren aukera USB "giltza-uztaiak" dira: 16Mb eta 256Mb edukierako flash memoriadun elementu txiki horiek USB portura konektaturik (PCek duela bost urte baino gehiago dakarte), datuak sekulako abiadan eragiten dituzte.

Badira bestelako euskailuak ere, hala nola Zip (750Mb-raino) eta Jaz (2Gb-raino) diskoak, SuperDisk LS-120 (120Mb-ko diskoentzat egokiak, 1,44Mb-koekin elkargarriak) izenekoak eta 200Gb-ko disko gogor eramangarriak. Era berean, 1 Gb-raino biltzeko gauza diren SmartMedia, CompactFlash eta Memory Stick txartelak irakurtzeko gailuak ere eskuragarri daude merkatuan baina orain arte ez dute arrakasta handirik izan.

Fabrikatzaileek disketeari agur

Egiari zor, disketearen alternatiba gisa (edo, duten edukiera itzelari esker, disko gogor eramangarri bezala) erabiltzeko gai diren memoriadun elementuen zerrenda amaigabea da, kasik: MP3en erreproduzitzaileetatik hasita (30Gb-rainoko edukiera dutenak) PDA-etaraino, zelularretatik barrena, merkatuan eskuragarri dauden hamaika aparatu mugikorrek, horretarakoxe sortuak ez badira ere, artxiboak bildu eta garraiatzeko ere balio dute.

Industriak behin betikoz fabrikatzeari uko egitea izango da funtsezko faktoreetako bat, disketeak suntsituko badira. Horrelakorik ez da gertatuko, ordea, fabrikatzaileak beren PC-etan diskete-unitaterik eza erabiltzaileak nabarituko ez duela seguru egon arte. Apple markak diskete-unitatea kendu zien bere iMac ordenagailuei 1998an. Beste hainbat ere, hala nola IBM eta Compaq, bide hartatik abiatu bai baina, luze gabe, atzera egin behar izan zuten. Gateway markak orain 10 dolarreko aurrezkia eskaintzen dio diskete-unitaterik gabeko PC bat erosten duenari, HP-k bere ordenagailu eramangarrietatik erauzi egin du eta Dell-ek goi-gamako (Dimension) ekipoetatik kentzea erabaki du: disketearen zerraldoari azken iltzea jarri ote diote horrela?

Hiltzen samurra ez

Iaz mundu zabalean 1.000 milioi diskete saldu izana norbaiti elementu horren osasun onaren adierazgarri iruditzen bazaio ere, jakin beza duela urte gutxi 5.000 milioi saltzen zirela urtero-urtero. Egun, Disk/Trend-en arabera, erabiltzaileen %10 baino gutxiagok irauten du disketeari leial.

Disko malguaren aldekoek diotenez, oraindik ere PC-an tokia utzi behar zaio disketeari: abiatze-disko bat sortzeko, esate baterako. Eta, sistema eragile berriek berreskuratze-disko gisa CD-a darabilten arren, norbaiten buruan beti ibiliko da kontu bera bueltaka: berak disketeren bat daukanez, bere ordenagailuak diskete-unitatea eduki behar duela, alegia.

 Disko gogor birtuala
www.disco-duro.com
Doako baliabideen iturri agortezina da egun ere Internet. Orri askok Sarean artxiboak gordetzeko tokia eskaintzen dute: horrela noiznahi eta nonahitik eskuragarri egongo dira, erabiltzaile-erregistroa osatu hutsarekin.

  Ezagut ezazu zeure hardwarea
www.conozcasuhardware.com
Orri horretako "Qué es..." atalean, datuak biltzeko dispositiboei eskaini diote atal oso bat: diskete-unitatea, disko gogorrak eta dispositibo "mugigarriak" (250Mb-erainokoak, 2Gb-erainokoak eta 2Gb-etik gorakoak).

  Denetan merkeena
www.usbyte.com
Merkatuan eskuragarri dauden datuen bilketarako sistema guztiei (disko gogorrak, flash memoriak, disketeak, Zip, CD-ROM, DVD, disko birtualak...) buruzko informazioa, taula konparatiboak, prezioak, etab. Ingelesez.

Post-disquete zen

Datuak biltzeko elementua aukeratzean tamaina, edukiera eta prezioa hartu behar dira kontuan. Diskete arruntean sartzen diren 1,44Mb garraiatzea baldin bada kontua, aski da artxiboa email bati atxikitzea. Datuen bolumena handiago bada, alternatiben prezio, ahalmen eta eramangarritasunari begiratu behar zaio.

CD grabagarria. CD-ak grabatzeko aparatuen (60 eurotatik hasita) eta diskoen prezioari (grabagarriak, 40 zentimo eta birgrabagarriak, 70 zentimo), horien edukierari (700Mb) eta geroz eta erabilgarriago izateari esker, CD bilakatu da datuak biltzeko aparatuetan nagusi, megabyte bakoitza gordetzearren kostu txikiena eskaintzen baitu.

USB memoria. Giltza-uztai baten tamainako (85 X 28 X 15 milimetro, 20 gramo) disko eramangarri ñimiño horrek 256Mb-rainoko informazioa gordetzeko balio du. USB portura konektatzeko modukoa denez, ekipo guztiekin ere konekta daiteke. Prezioa du eragozpen bakar baina latza: 60 euro, 64Mb-koa.

Zip eta SuperDisk. Disketearen ustezko lur-emaile honek oraino ez du arrakasta handiegirik izan. Iomega-ko Zip aparatuaren edukiera eta prezioa hobetuz doazen arren, CD-ROM baten aldamenean urri geratzen da. SuperDisk izenekoak, berriz, 1,44Mb-ko diskoekin elkargarri bada ere, edukiera txikikoa eta mantsoa da, aukeran: 120Mb, hau da, oso-oso gutxi, egun.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto