Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Gure emozio eta jokamoldeetan pentsamendu jakin batzuek duten eraginaz hausnarketa egiteak baikorrago bihurtzen lagunduko gaitu
Etengabe saminean, tristezian, ezkortasunean, axolagabekerian bizitzea aukeratu duten pertsonekin aski maiz egiten dugu topo. Horrelakoak aurkitzen ditugunean burura etortzen zaigun aurreneko galdera beti bera izan ohi da: zeren emaitza da hori, bizitza osoan zehar jasaniko atsekabe, suerte txar, dezepzio, porrot, frustrazioen pilaketaren ondorio ote? Ala, pertzepzio subjektiboen, edo iritzien, edo gauzak ulertzeko nolabaiteko modu etiko zein estetiko baten aurkako erantzun gisa, bere buruaren eta gainontzekoen aurreko jarrera aukeratu du bide hori, nahita? Denok ezagutzen ditugu inguruko guztiaren alderdi txarra, gaiztoa bilatzeko ahaleginetan etengabe diharduten pertsonak: ezkor setatiak dira horiek.
Gutako edonork dauzka motiboak -egunero, kasik- kezkatzeko edo triste jartzeko. Baina bizitza apropos hondatzea ikasi beharreko trebezia da, ez da nahikoa eskarmentu txarrak nozitzearekin. Gauzen alderdi okerra aurkitzeko setan diharduen jendearen okerrena, beraiek zorigaiztoko bilakatzeaz gainera, aldamenean daukatenaren bizitza samintzeko erraztasun ikaragarria da, batez ere biktima haurra edo gaztea denean, edo beti asegabe bizi den pertsona horren mendeko emozional denean.
Bizipen desatseginek iraganera estekatzen gaituzte, geroalditik inhibitzen gaituzten bitartean, baldintzaren eta izuaren uztarpeko egiten gaituztelako. Gauzak soilkiago esateko, berdin dio gauzak eskuarki eta benetan nola diren: aurretiaz jarrera ezkorra erakusten badugu, une zoriontsuak galbahe estuegitik iragaziko ditugunez, mesfidantzaz atzemango ditugu, gure ongizate-zakuan sartu ordez.
Saminduak jeneralean biktimaren eginkizuna antzezten du; pertsonen arteko komunikazio-mota horretan hurrengo roletatik bat edo gehiago interpretatzen dutelarik (gehien-gehienetan, gainontzekoen energia eta arreta bereganatzeko xedez): jazarlearena (gaiztoarena egiten du, galdaketak eginez, dena dakien eta hanka sartzen duena zigortu edo umiltzen duen pertsona argitzat ikusten dute besteek, bere iritziz); salbatzailearena (berak duen bihotz handi eta esku zabal aitortu behar diote gainontzekoek baina, horrekin batera, berak eginiko guztiaren faktura pasatzen digu) eta biktimarena (bizirik iraun eta besteekin komunikatu ahal izateko gainerakoei errukigarri gertatzea da, bere sufrikarioa erakustearen bidez horien arreta bereganatuz).
Inoiz edo behin -badago eta, horretarako aukerarik!- rol horiek denok antzeztu ditugu; areago, hori ez da gure kalterako. Gure eta gure aldamenekoen ongizatea arrisku bizian jartzen duena, ordea, rol horiexek maiz interpretatzea da. Paul Watzlawick psikologoak El arte de amargarse la vida ("Bizitza samintzeko artea") (Herder, 1989, Bartzelona) liburuan, egoera jakin batzuen aurrean geure estilo pertsonala identifikatzen laguntzen gaituelarik, bizitza zorigaiztokoa pixkanaka osatzeko pertsonak darabiltzan prozeduren gogoeta egin dezagun parada ezin ederragoa ematen digu. Watzlawickek, ironia lagun, geure zorigaitza egunez egun nola sortzen, moldatzen eta finkatzen dugun erakutsi digu. Autoreak, gizakiaren izaera kontraesankor eta paradoxikoa ongi baino hobeto ezagutzen duelarik, zoriontasunera iristeko aholkuak eman ordez, zorigaiztoan ainguraturik bizi gaitezen formulak ematea nahiago izan du. Esan gabe doa helburua dela irakurlea bere akatsaz konturatu eta aholku horiek adierazten dutenaz zeharo beste aldera jokatzea.
Aholku horiek ironia giroan aurkezten ditu autoreak, autokritika suspertzeko, batetik, eta, itotzen gaituzten eta gure (jokamoldea bizitza samindu arteraino) pentsamendu horien aurrean geure burua barregarri samar ikus dezagun, bestetik.
Horrelako egoerei aurre egiteko sistemak proposatzen ditu psikologia zientifikoak: horietako bat berregituraketa kognitiboa da. Teknika horren helburua, gizakiak egoera jakin batzuetan bizitzen dituen edo beste pertsonez dituen okerreko interpretazio edo pentsamenduak identifikatu, aztertu eta aldatzea da. Pentsamendua guk geure buruarekin dugun elkarrizketa da eta, halakotzat, hainbat egoera, gorabehera, pertsona eta gairi buruzko berrespenak dautza bertan. Berrespen horietako bakoitza pentsamendu bat delarik, bi multzo nagusitan sailkatuko ditugu pentsamenduak: positiboak, gure helburuak erdiesten, emozio mesedegarriak sortzen eta geure buruarekin ongi izaten laguntzen gaituztenak; negatiboak, geure helburuak erdiestea galarazteaz gainera, gaizki sentiarazten diguten emozio negatiboak sortarazten dituztenak.
Horietako bakoitza, beste aldetik, arrazionala izan daiteke (datu egiazko eta objektiboetan oinarritzen denean) edo irrazionala, euskarri hartzeko bezainbesteko datu objektibo eta erreal ez dituenean edo, areago, errealitatearekin kontraesanean daudenean.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa