Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Umeentzako toailatxoak: Denetan merkeena, aukera egokia

Erabilera-proban izan ezik, lagin guztiek antzeko emaitza onak agertu dituzte

  Haur txikientzako zazpi toailatxo aztertu dira oraingoan, oso prezio desberdinetakoak: hiru zentimotik (Tragoncete) zazpi zentimoetara (Mustela eta Klorane) doa alearen kostua. Prezioa eta kalitatearen arteko erlazio egokiena Tragoncete laginak erakutsi zuen, toailatxo denetan merkeena izateaz gainera, erabilera-proban balorazio ertaina lortu zuen eta, eginiko gainontzeko probetan, beste toailatxoek bezalako emaitzak agertu zituelako. Dodot Dermoactive (zentimo bat garestiago, aleko) ere aukera polita da, erabilera-proban kalifikazio ona lortu baitzuen.

Lozioz blaituriko toailatxo heze horiek geroz eta maizago baliatzen dira haur txikiak garbitzean, ur eta xaboiaren ordezko gisa fardela aldatzean, jan ondoren umeari aurpegia eta eskuak garbitzean, etc. Nolanahi ere, orain haur txikia ez da erabiltzaile bakarra: pertsona helduen eguneroko bizitzan ere ohiko bilakatu direnez, automobileko atean daramatzate edo aurpegia eta eskuak freskatu eta xahutzeko darabiltzate, adibidez.

Toailatxo hauen osagaiak euskailua (toailatxoa bera, ehuna) eta lozioa dira. Oihaltxo hori moldatzeko, azterturiko lagin guztiek "ehundu gabeko ehuna" izeneko materiala erabili dute, hau da, zuntzak elkarrekin josteke, hainbat sistema erabili dituzte: ura, presioa, beroa, etab.

Sei toailatxoak hidrolotura edo spunlace motakoak dira, hau da, zuntz biskoso baten eta sintetiko baten nahaspilatze hidraulikoaren ondorioz osatzen dira. Txirikorda hori, orduko 360 kilometroko abiaduran doan iragazi eta desmineralizaturiko ur zorrotada presio handian jaurtiz moldatzen da. Huggies toailatxoak dira hidrolotura ez darabilten bakarrak: zuntz sintetikoak eta zelulosazkoak bero bidez elkartzen dituzte, airlaid izeneko bilbea osatuz. Ehun hori ez da beste sei laginetan baliaturikoa bezain leuna.

Ehuna osatzeko bi sistema horiei esker, toailatxo horiek egiteko prozesuan ez da erabiltzen sustantzia kimikorik, hau da, kalitate hobeko produktua lortzen da horrela.

pH egokia

Haur edo helduaren osasun oneko larruazalaren pH faktorea 5,5 denez (azido samarra, alegia), toailatxoa blaitzen duen lozioa hainbat eta hobea izango da pH horretatik zenbat eta gertuagokoa izan. Pertsona helduetan datu horrek garrantzi handia badu ere, haur txiki baten (oraindik sistema inmunologikoa erabat garatu gabe daukalako) larruazalean bertan aplikatu beharreko produktu batez ari garela, pH faktorea funtsezkoa da, balore azidoegi edo basikoegia larruazaleko gaitzen iturri izan liteke. Zazpi laginen pH faktoreak antzekoak eta egokiak izan ziren, 5,2 eta 5,7 bitartekoak, alegia.

Beste aldetik, estraktu lehorra berez ez da kalitatea neurtzeko parametrorik, baina lozioaren edukiak materia organiko eta mineraletik zenbat daukan eta ur hutsa zenbat den adierazten du. Klorane (%6,6) eta Johnson's (%6,4) dira estraktu lehor gehien daukaten toailatxoak; Tragoncete (%0,5), aldiz, gutxien daukana.

Eginiko testetan erdietsitako emaitzetara begiratuz, haur txikientzako zazpi toailatxo horiek produktu osasuntsu eta seguruak direla esan dezakegu eta, era berean, azterturiko proba guztietan antzeko kalifikazioak -egokiak, denak- lortu dituztela, erabilera-proban izan ezik: bertan agertu ziren alde nabarmenenak.

CONSUMER-ek zazpi laginei erabilera-proba eginarazi zien: horretarako, toailatxoak laurogei ohiko kontsumitzailek beste horrenbeste haurretan (erdiak neskatoak eta gainontzekoak, mutikoak) erabili zituzten. Toailatxo mota bakoitza hogeita hamar erabiltzailek gutxienez baliatu zuten. Osoko balorazioan puntuazio hoberenak Dodot Dermoactive (7,7 puntu, 9rekiko) eta Mustela (7,6 puntu) laginek erdietsi zituzten, ondotik Johnson's (7,2 puntu) zetorkiela. Kalifikazio apalena, egokia berau ere, Klorane laginak eraman zuen (6,2 puntu), ondoren Huggies (6,5 puntu) zuela. Tragoncete (6,7 puntu) eta Nenuco (6,6 puntu) erdi parean ibili ziren atal horretan.

Puntuz puntu

Dodot Dermoactive laginak hainbat alderdi nabarmen erakutsi zituen: ontzia irekitzeko erraztasuna, itxura, toailatxoen lodiera eta neurri aproposak, lozio-kopuru egokia, erabiltzeko erraztasuna eta, aplikatu ostean, haurraren larruazalean uzten duen sentsazio atsegina (leuna baina ez likatsua, itsaskorra). Mustela laginean, ontzia irekitzeko erraztasuna eta toailatxoaren neurriak gertatu ziren erabiltzaileen gustukoak, eta Dodot baino hobea jazo zen hainbat alderditatik: lurrin mota eta intentsitatea, toailatxoaren sendotasun eta erresistentzia, aplikatzean uzten duen biloxka urria eta larruazala garbitzeko eraginkortasuna. Azterturiko parametro gehienetan, emaitza txarrenak Klorane eta Huggies laginek jaso zituzten. Larruazala garbitzeko proban lagin batetik bestera alde handiak agertu ziren. Denetan eraginkorrena Mustela (8 puntu) gertatu zelarik, Huggies beste muturrean agertu zen, baina eraginkortasun onargarriko agertu zen, nolanahi ere (6,6 puntu).

Toailatxoen egoera higieniko-sanitarioa ikertzeko asmoz zazpi laginei egin zitzaien azterketa bakteriologikoan ez ziren azaldu honelako produktuetan maizen ager daitezkeen bakterioak: mesofiloak, legamiak eta lizunak, alegia. Emaitzak onargarriak dira, beraz. Ontziko toailatxoen kopurua ere desberdina da, laginen arabera: 64 aleetatik (Huggies) 80 aleetaraino (Tragoncete eta Klorane) doa; Dodot, Johnson's eta Nenuco laginen ontzian 72 toailatxo zeuden eta Mustela laginarenean, 70 ale.

Toailatxoa bere ontzitik ateratzeko hainbat sistema dituzte laginek, batez ere oihalak tolesturik datozen moduaren arabera aldatzen direlarik. Dodot, Klorane eta Johnson's laginen toailatxoak ontzi barruan, txirikorda antzekoa osatuz, elkarri lotu eta plisatuak daudenez errazkiago ateratzen dira: toailatxo bat erauztean hurrengoaren muturra ere ateratzen da. Tragoncete, Nenuco, Mustela eta Huggies laginek tolestura deserosoagoa aurkezten dute: "Z" gisan antolatuak daudela, oihaltxoak banan-banan ateratzen dira.

Zuritasunak garrantzi handia

Toailatxoaren kolore zuriak garbitasun sentsazioa komunikatzen digunez, kontsumitzaileak bereziki ongi baloratzen duen elementua da. Fluoreszentzia testak frogatu zuenez, ez azurante optikoa edo antzeko zuritzailerik, ezta zuntz birziklaturik ez dira erabili toailatxoak egitean, baina lagin guztien zuritasuna egoki-egokia gertatu zen.

Toailatxoen neurriei goazkiela, Dodot (20,6 X 17,7 cm) dira denetan handienak eta Nenuco laginekoak, txikienak. Huggies markako oihaltxoak (kontsumitzaileen %40ren iritziz, lodiegiak) gainerakoak baino lodiago dira (854 mikra) eta finenak, aitzitik, Klorane laginekoak (363 mikra). Dodot dira bigarren lodienak baina aurrenekoetatik oso-oso urruti (474 mikra). Tragoncete, Johnson's, Nenuco eta Mustela laginen lodiera 400 mikren ingurukoa da.

Toailatxoak zenbat likido daukan blaitze-tasak adierazten du. Mustela-k parametro horretan balio garaiena (%297) agertu zuenez, toailatxoan lozio gehien ezartzen duena bera dela esan nahi du horrek. Ondotik Huggies eta Dodot zetozkion, %287 eta %283 blaitze tasarekin. Likido gutxien daukan toailatxoa Johnson's lagina da (%249), ondotik Klorane (%258) datorrela. Tragoncete (%277) eta Nenuco (%278) erdi aldean geratu ziren.

Toailatxoen erresistentzia handiena neurtzeko bi proba egin ziren: bata, indarra luzeran aplikatuz; bestea, zabaleran. Batetik besterako aldeak nabarmenak ez diren arren, hiru multzotan sailka ditzakegu laginak: erresistentzia handieneko toailatxoak Tragoncete, Johnson´s eta Mustela dira; erresistentzia ertainekoak, Dodot, Klorane eta Nenuco; Huggies, berriz, ahulenak.

Begien narritadura

  Honelako produktuei eginaraz dakizkiekeen saiakuntza-probarik nagusietako bat, toailatxoa blaitzen duten lozioen ahalmen narritatzailea ebaluatzea da. Parametro hori neurtzeko, animalietan probak egiteko premiarik izateke, begia ukitzean laginak eragiten duen narritadura zehazten duen HET CAM testa aplikatzen da.

Test hori, 10 egunez txitatua izan den oilo-arrautzaren mintz batean egiten da. Mintz hori baskularizatua da (odol zirkulazioa du, alegia) eta bere ezaugarriak giza begiarenaren antzekoak dira. Lozioa mintzean aplikatu eta 20 segundotan uzten da; ondoren, uretan ikuzi eta bost minutuz behatu behar da narritadura-fenomenorik (hemorragia, hiperemia, koagulazioa, etc.) gertatu den.

Proba hau, aztertu beharreko lagin bakoitzeko lau arrautzatan egin zen, balizko desbideraketarik gerta ez zedin. Analizatutako toailatxo guztiak egokiro pairatzen du begiak, Huggies markakoak izan ezik: hauen onarpena hainbestekoa baizik ez da.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto