Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Ingurumen arauen eta petrolioa agortzearen ondorioz, industria energia alternatiboen aldeko aukera egiten hasi da.
Madrilen duela gutxi hidrogenoz elikatutako pila bidez higiarazitako autobusaren estreinaldia beste urrats apal modura uler daiteke gaur egun oraindik utopia den garraio jasangarriaren arorantz. Duen energi efizientzia handia eta bere ekoizpen eta erabileran eguratsa kutsatzen ez duela kontuan hartuta, badirudi hidrogenoa beste erregai batzuk baino alternatiba bideragarriagoa dela, gurea bezalako gizarte batean erregai kutsagarrien kontsumoak eragindako narriadura ekologikoa murrizteko; izan ere gizarte honen osaera ekonomikoak eta erabilera sozialek mugikortasun handiagoa eskatzen dute urtero.
Europan 400 auto daude 1000 biztanleko, eta uste da 2010. urtean proportzio hori 510 autoraino iritsiko dela. Milioi bat litro gasolinaren kontsumoak berekin dakar eguratsera 2,4 milioi kilo dioxido karbono isurtzea. Datu horiek inguruneari eta gizakion osasunari kalte txikiagoa eragingo digun erregaia aurkitzeak duen garrantzia adierazten dute.
Dirudienez, gero eta zorrotzagoak diren ingurumen arauez osatutako inguru legal estuen eta petrolio erreserben agortze geldo baina etengabearen ondorioz, industria erregai fosil konbentzionalez bestelako energia alternatiboak aukeratzen hasi da; horrela, hidrogenoa etorkizuneko aukera horietakoa bilaka daiteke, eta aro horretan planetaren kontsumo energetiko geldiezinak ezin dezake ekarri kutsadura eta ingurumenaren narriadura areagotzea.
Hidrogeno bidezko autobus hori egunero ibiliko da, eta orduan ikusiko da laborategian egindako proba teknikoetan hidrogenoak erregai gisa erakutsi duen bideragarritasuna. Hidrogenoa lurreko eta eguratseko osagai ugariena da eta sutze-maila handia du ezaugarri: oso sukoia da oxigenoarekin nahasten denean.
Erregaizko pila bateria baten modura funtzionatzen duen gailua da, agortzen eta berriz kargatzen ez den arren, eta erregai baten energia kimikoa energia elektriko erabilgarri bilakatzen du. Erregaizko pila horiek elektrolito batek banandutako bi elektrodoz daude osatuta, eta elektrizitatea sortzen dute baldin eta erregaiz eta oxigenoz hornitzen badira. Hidrogeno hutsa erabil dezakete zuzenean, edo beste edozein erregai (gasolina, metanola, metanoa, hidrogenoa, etanola, gas naturala, gas likidotua, etab.), erreformatzeko barne prozesu baten bidez hidrogeno asko duen gasa lortzea ahalbidetuko duena.
7 Serieko BMW honen motorrak -12 zilindro ditu eta hidrogeno bidez higiarazten da- 150 kW-ko potentzia dauka, 0tik 100km/orduko azelerazioa 9,6 segundotan, eta bere gehienezko abiadura 226 km/orduko da. 140 litroko tanke kriogenikoari esker, 350 kilometroko irispidea dauka. Horri erantsi behar zaio nafta bidezko elikadura konbentzionala -oraindik hidrogeno bidezko hornikuntza sare osatugabea dela eta-, beti barruan daramana. Motorrak desberdintasun nabarmen bakarra dauka konbentzionalekiko: injekziozko balbula gehigarriak ditu hidrogenoarentzako.
Erregaizko pilaren teknologiak urrats handiak egin ditu azken urteotan, eta auto fabrikatzaile batzuk hasi dira jada teknologia horrekin entseatzen esperimentuzko autoen propultsioan edo energia alternatibo iturri gisa. Nolanahi ere, prototipo horiek pisuegiak eta garestiegiak dira oraindik, erregaizko pilak handiak, pisuak eta garestiak direlako. Estatu Batuetan, hiru auto fabrikatzaile handienek, konpainia espezializatuen lankidetzaz, erregaizko pila sistema bidezko auto propioak lantzen dituzte.
Petrolioaren erregai alternatiboa izateko lehen hautagaia da hidrogenoa orain, eta bere garapenak bigarren mailan utzi ditu ibilgailu elektrikoak; baina erregai alternatibo horiekin ez gara ahaztu behar, izan ere emaitza onak eskaintzen dituzte, batez ere hiriko zirkulazio geldoan. Gainera, motor elektrikoa barne erregaizko propultsore txiki batekin konbinatzeko aukera ahalbidetzen dute, errepiderako aproposak eginez. Gas naturala orain dela berrogei urte baino gehiago erabiltzen den erregaia da, baina gordetzeko zailtasunak eta autonomia urriak hiriko garraiora alboratu dute. Beste aukera bat eguzki energia da, baina ibilgailuetan panel handiak jarri beharrak bateraezinak egiten ditu merkatuak auto gero eta arinagoak eta azkarragoak sortzeko duen joerarekin. Beste alternatiba bat etanolak eta metanolak osatzen dute; beren alde arrazoi asko dituzten alkohol bi dira, izan ere likido sukoiak dira, koloregabeak eta toxikotasun txikikoak, oktanaje eta disolbagarritasun handia dute gasolinatan eta, gainera, etanola gasolinari gehitzen zaion aditibo gisa erabiltzen da berau oxigenatzeko, errekuntza arin eta garbiagoa bultzatzen baitu. Zoritxarrez, gaur egungo teknologiak eta bere ekoizpenak eragindako prezio altuak direla eta, erregai horiek konbentzionalak baino askoz garestiagoak dira eta, beraz, ez dute oso etorkizun itxaropentsurik.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa