Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Hari gabeko telefono digitalak: Aukera onena, prezio merkeenean

Hari gabeko telefono digitalek analogikoek baino soinu argiago eta komunikazio seguruagoak eskaintzen dituzte

  Komunikazioen segurtasuna hobetuz eta interferentziak ezabatuz, DECT teknologia digitala baliatzen duten zortzi telefono hari gabeko aztertu dira oraingoan. Prezioetan alde handiak daude: 62 euroetatik (Philips Xalio 200) 109 euroetara (Sagem DCP 300). Philips markako lagina da kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena ematen duena, denetan merkeena izateaz gainera, osoko kalitate hoberenekoa baita, bere eskuliburu eta menuek balorazio txarrenak merezi zituzten arren. Siemens Gigaset A 100 ere aukera polita da, merkeenetako bat izaki (70 euro), kalitate on-ona ematen duelako.

DECT telefonoek 120 irrati-kanalen artetik, unean uneko komunikazio hoberena emango duena hautatzen dutenez, analogikoek baino estaldura zabalagoa interferentziarik gabe eta, gainera, soinu garbiagoa eskaintzen baitute. Beste aldetik, egungo esku-telefonoek bezala, seinalea formatu digitalean igortzen eta jasotzen dute; horri esker, berbetaren pribatutasuna babestuago gertatzen da horrela. Hari gabeko telefono konbentzionalen moduan, telefono-hartune batera entxufatuta dagoen euskailua eta aurikularra dira bi osagaiak; azken hauetatik, euskailutik hamarka (areago, ehunka) metrora jaso edo egin daitezke deiak.

Aparatu hauen kalitatea kontuan hartzeko unean, pisua (ahalik eta arinena izan behar du) faktore garrantzitsua da, jende askok etxean bertan dela, honelako telefonoa beti aldean eramaten duelako. Aurikularretan arinenak (bateria barne) Telecom (95,3 gramo) eta Sagem (95,5 gramo) gertatu ziren; Brigmton (142,5 g.) eta Siemens (141,3 g.) dezente astunago ziren.

Bateria batetik bestera, alde handiak

Zortzi telefonoetako lauk (Philips, Brigmton, Siemens eta Daewoo) nikel-kadmiozko bateriekin funtzionatzen dute: horrelakoek, kutsadura handiagoa sortzeaz gainera, "oroimen efektua" nozitzen dute, hau da, ziklo bakoitzean erabat kargatu eta deskargatu ezean, gaitasuna pixkanaka murriztu egiten dute. Beraz, okerreko erabilerak aparatua baliogabetu egiten du, azkenean. Beste lau laginek (Telecom, Mx-Onda, Overtech eta Sagem) nikel-metalhidrurozko bateriak dauzkate, aurrekoen arazoak ez dituztenak.

Overtech laginak ditu bateria iraunkorrenak (120 ordu zain-posizioan eta 585 minutu berbetan); ondotik Telecom datorkio (111 ordu zain-posizioan eta 615 minutu berbetan). Independentzia laburreneko telefonoak dira Daewoo eta Mx-Onda (345 minutu berbetan eta 86 - 90,5 ordu zain-posizioan).

Eraikin baten barneko estaldura-erradioa inolako eragozpenik gabe etxebizitza zabal-zabaleko bazter guztietara iristen denez, proba praktikoan hori ez da kontuan izan. Aitzitik, hari gabekoak aire zabalean nola dabiltzan neurtu da. Philips, Siemens eta Overtech laginek kilometro erdiko irismena dute (449 metro). Mx-Onda (174 metro) eta Daewoo (196 metro) laginek erakutsi zuten helmenik motzena.

Erorikoen aurkako erresistentzia

Aparatu hauek lurrera erortzea maiz gerta daitezkeenez, berrogeita hamar erorikoren pareko den testaren bidez (iraulketa-upelean 25 irauli) lagin guztien erresistentzia frogatu da. Proba amaitutakoan telefono guztiek segitu zuten funtzionatzen eta, gainera, kalterik ez zuten nozitu. Beraz, zortziak ere erresistentzia handikoak direla ondoriozta daiteke.

Deiak egin eta jasotzeaz gainera, geroz eta prestazio gehiago eskaintzen dituzte hari gabeko telefonoek. Aukeretako batzuk esku-telefonoek ere badituzte (telefono-zenbakien memorizazioa, zenbaki horiek izenen bidez ordezkatzea, teklak blokeatzea, etab.). Besta hainbat -estalduraz kanpoko ohartarazpen akustikoa, haurrentzako interfono, etc. (Telecom eta Overtech laginek dituztenak)- aparatu hauetan bakarrik aurkitzen dira.

Zenbakiak memorizatzeko gaitasuna biziki aldatzen da, lagin batetik bestera: Sagem, Overtech eta MX-Onda 20, 40 eta 50 telefono-zenbaki memorizatzeko aukera ematen dute. Gainerakoek, berriz, hamar erregistro baizik ez dute onartzen (mahai gaineko telefono gehientsuen modura). Telecom eta Overtech dira prestazio gehien dituzten terminalak (21 lehenak, 22 bigarrenak). Siemens, beste muturrean, zortzi baizik ez dituelarik, urriena da atal honetan. Beti-beti toki berean egoteko diseinaturik ez dagoen aparatu honen prestaziorik interesgarrienetako bat teklatuaren blokeoa da, baina horrelakorik ez dute Philips, Mx-Onda eta Sagem laginek.

Euskailua eta telefonoa

Hari gabeko telefono digital batzuen abantailarik esanguratsuenetako bat, euskailu berari dagozkion aurikular bat baino gehiagoren artean doaneko deiak egiteko gaitasuna da. Bestela esateko, erabiltzaileak aurikular bakarra baino gehiago erosi badu (bereiz ere saltzen baitira merkatuan), euskailu berean denak konektatu eta hari gabeko batetik beste batera hots egin ahal izango du, dei horrek telefono-fakturan inolako agerpenik izan gabe. Horretarako, bistan da, ezinbestekoa da bi terminalak euskailuari dagokion estaldura-erradio barnean egotea.

Era horretan, beraz, etxe handi-handietan barne telefono-sarea instalatzea soil eta erosoa ez ezik merkea ere bada. Teknologia horri esker, era berean, bi euskailu bi telefono-lineatara konekta daitezke, batera zein bestera eginiko deiak aurikular beretik kontrolatzeko.

Etxe-sare horretako aurikularrak GAP teknologiakoak badira (Brigmton, Telecom, Daewo, MX-Onda eta Overtech laginak bezala) doan egin eta jaso daitezke barne deiak, telefonoak marka berekoak ez izan arren. Bere euskailuak aurikular bat baino gehiago onartzen ote duen adierazten ez digun bakarra Siemens lagina da; gainontzekoetan, gehieneko aurikular-kopurua aldatu egiten da, laginen arabera: lau jaso ditzake Brigmton markakoak eta zazpiraino doa Telecom laginaren gaitasuna.

Proba praktikoa

Honelako telefonoen ohiko erabiltzaile diren hiru pertsonak lagin bakoitzaren hainbat alderdi 1etik 5erako puntuazioaz kalifikatu zituzten. Proba hori denek gainditu zuten arren, aldeak nabarmendu ziren lagin batetik bestera: Daewoo (4,3 puntu, 5ekiko) lehenik, ondoren Mx-Onda eta Overtech (biak ere, 4,2 puntu) izan ziren balorazio hoberenekoak, beren eskuliburu eta pantailako menuak ulergarri gertatzeaz gainera, erabiltzeko errazak direlako. Beste muturrean Philips (2,9 puntu) eta Brigmton (3 puntu) laginek huts egin zuten eskuliburuan, menuetan, kontroletan eta ergonomian (tamaina eta pisua).

Hona hiru erabiltzaileek egin zuten beste proba subjektibo bat: etxe barnean (estaldura on eta txarrarekin) eta kanpoan (estaldura txarrarekin bakarrik) soinuaren kalitatea baloratu zuten: Philips (4,7 puntu, 5ekiko) lagina izan zen hiru egoeretan kalitate hoberena erakutsi zuena; ondotik Overtech (4,5 puntu) zetorkion. Balorazio txarrena Telecom laginari eman zitzaion, test hau ez baitzuen gainditu (2,3 puntu, 5ekiko).

Telefonoen elkargarritasun elektromagnetikoa aztertzeko asmoz, deskarga elektrostatikoen aurrean zenbaterainoko inmunitatea duten bilatu zen, hau da, elektrizitate estatikoz kargaturik dagoen pertsonak aurikularra ukitzen duenean sortarazten duen fenomenoa simulatu egin zuten. Elektrizitate estatikoa sor daiteke moketa baten gainean ibiltzearren edo hezetasun gutxiko giroan egotearen ondorioz. Oker-okerrenean, horrelako deskarga batek deia eten eta berriro eginarazi beharko lioke erabiltzaileari, bere kostu eta guzti. Egiaztatu zenez, Siemens, Mx-Onda eta Sagem telefonoek proba honetan balorazio on-ona lortu zuten. Philips eta Brigmton laginetan hainbat anomalia gertatu arren, deskarga gertatu ondoren ere funtzionatzen segitu zuten. Telecom, Daewoo, eta Overtech telefonoetan, berriz, komunikazioa eten egin zenez, aparatu horiek arautegia urratzen dutela ulertu behar da.

Azterturiko zortzi telefonoek segurtasun proba fisikoak gainditu bazituzten ere, Daewoo laginaren eskuliburuan ez da gai horri buruzko informaziorik ematen. Brigmton eta Sagem markako telefonoek arautegia urratzen dute, arauak xedatua duen gutxieneko bermea (sei hilabete) ere eskaintzen ez dutelako.

Gainontzekoen bermearen iraunaldia urtebetekoa da, Daewoo laginarena izan ezik: honek bi urte ematen ditu, aurki Estatu espainiarrak onetsiko duen legeriari aurrea hartuta.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto