Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Laranja kontzentratuz ekoitzitako zukuak: Ez dute denek behar bezalako kalitatea

  Mantenugaien iturri oparo ez ezik, organismoa hidrataturik edukitzeko aukera osasuntsua ere badira kontsumitzaileak eskura dituen laranja zuku hauek. Produktua lantzeko prozesuan lorturiko aurrerakada teknikoei esker, fruta freskoaren ia mantenugai guztiek bere horretan iraun dezakete eta, kontserbazio metodo egokiak direla medio, zukua luzaro manten daiteke edangarri. Hainbat prozedura teknologikotan euskailu harturik, fruta bakarrak edo gehiagok osaturiko zuku-mota ugari dira salgai merkatuan: bitarteko mekanikoekin zanpatuak, kontzentratuak, deshidratatuak, pure bihurtuak, ur eta azukre erantsiak dituztenak, etc.

Oraingo azterketan, laranja kontzentratuz ekoitzi eta tetra-briken ontziratutako zazpi zukuren azterketa egin dute. Lantzeko prozeduran fabrikatzaileak lehengai erosi duen zuku kontzentratua baliatu du lehendabizi; ondoren, ura tamainaz erantsi dio, produktua berregiteko. Oso litekeena da zuku kontzentratuaren jatorria hainbat herrialde izatea; areago, herrialde desberdinetatik ekarritako nahasketaz egindakoa izatea ere. Baliteke, era berean, fabrikatzaileak produktuaren osaera zehatz-mehatz ez ezagutzea baina, nolanahi ere, berea da behar bezalako ezaugarri organoleptiko, higieniko eta konposizio alorrekoak izango dituen produktua lortzeko moduko lehengai egokiez hornitzeko ardura.

Nola lantzen diren

Laranja zukuen kalitaterik hoberena lortzeko, frutaren heldutasun gradua eta baliatu beharreko barietateak zorrozki kontrolatu behar dira. Zukua erauzi aurretik, laranja uretan ikuzi eta azaleko olioa kendu egin behar zaio, prozesu mekaniko baten bitartez. Fabrikan, laranja "amaigabeko" uhal batean iritsi eta, beheko koparen azpi-azpian automatikoki kokatutakoan, "lerroan" antolaturiko erauzgailuek aterako diote zukua. Horretarako, altzairuzko aizto batek laranjaren gainaldean txapel bat ebakiko dio eta beste aizto batek beste txapel bat behealdean. Goiko kopak eta behekoak fruitua besarkatuko dute zuku erauzteak dirauen bitartean, laranja hauts ez dadin. Fruta oso-osorik zanpatuz, likidoa kolektore batera irtengo da. Gerora azpiproduktu gisa erabiliko delarik, fruta-mamia suntsitzeko helburuz, zukua zentrifugatu egiten dute fabrika batzuek.

Erauzketaren ondoren, zukuak hainbat prozedura fisiko edo kimiko nozitu beharko ditu, pektinasak (entzimak) indargabetuko badira, likidoaren uhertasuna zaintzearren. Azkenean, bero bidez kontserbatze-tratamendua aplikatuko zaio. Horrelaxe lortzen da, beraz, "laranja zukua". Laranja kontzentratuez osaturiko zuku gehienetan, oinarrizko zuku kontzentratu hori bero-aldagailu batean uraren parte bat hutsean lurrinaraziz erdiesten da. Kontzentratua hoztu edo izoztu egin eta, gero, fabrikan bertan, berriro osatuko da. Kontzentratze horri esker, zukuak errazkiago metatu eta garraiatu ahal izango dira. Ontziratzean, kutsadura-arriskua urruntzeko, zukuari bigarren tratamendu termikoa emango zaio: horrela gauzatuko da "laranja kontzentratuz eginiko zukua". Etxean, zuku horiek hilabetetan kontserba daitezke giroko tenperaturan baina, irekitakoan, hozkailuan gorde beharko ditugu.

Nutrizio-ekarpen behinena, C bitamina

Laranja zukuaren osagai nagusia ura denez, egoki-egokia dugu organismoa hidratatzeko. Balio energetiko apalekoa da, gainera: 100 mililitrok 42 kaloriaz hornitzen gaituzte. Zukuaren mantenugai ugariena karbohidratoa da: produktuaren %10eraino, azukretan (fruktosa, sakarosa eta glukosa) gorpuzturik agertzen dena. Gantz eta proteinen proportzioa ere, urri-urria da: edukiaren %1era ozta-ozta irits daiteke.

Honelako zukuak lantzeko prozedura industrialean fruta-azukre ugari galtzen denez, zapore garratza gozatzeko azukrea eranstea onartu egiten zaio fabrikatzaileari.

Laranja zukuak nutrizio alorrean izan dezakeen alderdi onuragarri nabarmenena, C bitaminaren eduki handia da; bitamina hori, uretan disolbagarria denez, ez da metatzen organismoan eta, beraz, egunero hartu beharra dago: pertsona heldu batek egunean 60 miligramo hartu behar dituen arren, kasu berezi batzuetan gehiago hartzea aholkatzen da: tabakismo edota alkoholismoa nozitzen, ahozko antisorgailuak hartzen, haurdunaldi, edoskitzaro eta estresak jota dagoen kontsumitzailea denean, adibidez. Erauzi berri den laranja zukuaren C bitaminaren edukia 45 eta 60 mg bitartekoa izaten da,100 mililitroko. Zuku industrial hauek nozitzen duten tratamendu termikoa eta metatze luzea dela medio baliteke C bitaminaren galerarik gertatzea ere: gabezia hori orekatzeko, ekoizleari onartzen zaio azido askorbikoa (E-300) gehitzea.

Zuku hauek, beste aldetik, azido folikoa, niazina edo B3 bitamina eta hainbat mineral (fosforoa, potasioa, magnesioa) dauzkate. Kontsumitzaileari begira, erakargarriago bihurtzeko, fabrikatzaileren batek zukua C bitaminarekin aberasten dute. Hori dela eta, oraingoan aztertutakoak hiru multzotan sailka ditzakegu: C bitamina gehien daukatenak (ordena honetan: Zumosol, Don Simón eta Kasfruit) 65 mg baino gehiago, 100 mililitroko; eduki ertainekoak (Hero, La Verja eta Juver), 35 mg baino gehiago, 100 mililitroko; eta C bitamina gutxien daukana (Cofrutos): 12 mg, 100 mililitroko, hau da, honelako laranja zuku batek edukitzea espero zitekeena eta aholkatzen dena baino gutxiago.

Kalitatean alde handiak, lagin batetik bestera

Kalitatearen ikuspegitik, laranja zukuei aplikatzen zaien araua ez da bat ere zorrotza. Zazpi zuku hauen kalitatea balioztatzeko erreferentzia gisa, Zuku eta Nektarren Elkarte Industrial espainiarraren aholku-gida onartu dugu, elkarte horretako fabrikatzaile gehienek ekoizpen-praktika onen kodetzat onetsi baitute

Azterturiko kalitate parametroei esker balizko hainbat iruzur hauteman daitezke: laranjaz bestelako frutak baliatzea, ur gehiegi eranstea, etiketan adierazi gabe azukrea gehitzea (litroko, 15 gramo gehi daiteke, behienez ere) edo laranjak berezkoak ez dituen lurrinak baliatzea.

Brix graduetan -hau da, egiaz zenbat zuku dagoen adierazten duten horietan- ez zen alde handirik nabarmendu, lagin guztien emaitzak zuzenak izan ziren. Era berean, pH faktoreari eta azidotasunari zegokienez ere, balioak berdintsuak ziren eta zuzen zeuden denak.

Analisi isotopikoen emaitzek -azukreen nolakotasuna (glukosa, fruktosa, sakarosa, sorbitol, etc.) eta oligosakaridoen (inulina, isomaltosa, maltosa eta azukre alderanztua) erakutsi zuten azukre erantsia zeukatela Don Simón, La Verja eta Cofrutos laginek. Azukrea gehitze hori onartua dago baldin eta etiketan horrela adierazten bada eta berezko zukuari gehienez ere litroko 15 gramo erantsi direnean. La Verja eta Cofrutos laginek araua urratu dute, etiketan deus ohartarazten ez baitute.

Azido zitriko/azido askorbiko ratioan agerturiko balioak aholkaturiko kopuruen barnean zeuden, Cofrutos laginean izan ezik: honen balio garaiegiak azido zitrikoaren okerreko eransketa gaztigatzen digu: ez da zilegi zukuari azido zitrikoa eta azukrea, batera, gehitzea.

La Verja laginak, aholkatzen dena baino formol gutxiago daukala erakutsi zuenez, badirudi bertan baliatutako fruta ez zegoela behar bezain heldua edo, bestela, izozteak kalteturik gertatu zela.

Zukuari ur gehiegi erantsi ote zaion atzemateko, mineralen profila eta azukre-estraktu librea aztertu behar dira. La Verja eta Cofrutos zukuak izan ziren fruta gutxien zeukaten laginak. Zumosol eta Don Simón laginetan, berriz, sodio-eduki handia atzeman zen. Horrelakoetan, kontzentratuaren jatorria eta prozedura teknologikoa ikertzea aholkatu ohi da. La Verja eta Cofrutos zukuen potasio-edukia (Cofrutos laginean, kaltzio-edukia ere bai) ez da iristen aholkatutako mailara.

Ura erauzitako zuku kontzentratua oinarri harturiko edaria denez, zukua berrosatutakoari, kasuan kasuko fruta kontzentratutik edo antzeko espezie baten zukutik ateratako sustantzia lurringarriak gehitzea onartua dago. Azterketan egiaztatu zenez, zazpi laginei laranjak berez dituen gai lurringarriak (limonenoa eta alfa-terpenola) gehitu zaizkie. Flabonoideen (pigmentu naturalak) nolakotasuna azterturik, berriz, hauteman zen lagin bakar batean ez zela erabili laranjaz bestelako fruten zukurik.

Laburbilduz, Hero, Juver eta Kasfruit zukuen kalitatea nabarmena da. Zumosol eta Don Simón laginak ere (sodioari dagokionez, aholkaturiko kopuruetatik urrundu baziren ere) kalitate onekoak dira. La Verja eta, batez ere, Cofrutos laginek, kalitate eskasa agertu zuten, erreferentzia gisa harturiko hainbat aholku bete ez zituztelako.

Bukatzeko, fruta zuku hauek osasunarentzat arrisku urriko elikagaiak diren arren (pH apala dute eta, gainera, tratamendu termikoa aplikatu zaie), zazpi laginei esterilizatze kontrola pasarazi zitzaien, benetan patogenorik ez zeukatela egiaztatzeko. Espero bezala, zuku guztien egoera higieniko-sanitarioa egokia zen.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto