Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Elikagaiak desizoztu, berotu... beste zerbaiterako balio ote?
Milaka pertsonaren bizimodua erruz aldatu da gure sukaldeetan mikrouhin labea sartu zenetik; egun, izan ere, askorentzat aparatu hori etxean ez izatea ezinezkoa litzateke. Mikrouhin labearen ontasunak, funtsez, elikagaiak berotzeko azkartasun eta erabiltzeko erosotasun eta erraztasunean dautza. Horri esker, etxetresna elektriko hori distirarik gabeko sukaldaritza nagusi duen eguneroko bizimoduari egokitu zaio, batez ere lehenagotik prestaturiko elikagaiak berotu eta desizozteko.
Mikrouhin labeak, ordea, elikagaien berotze hutsa baino askozaz ere aukera gehiago ematen ditu; areago, frijiki eta saltsak moldatzeko ere balia daiteke.
Mikrouhin labeak gainerako konbentzionalez zeharo bestela funtzionatzen du. Uhin elektromagnetikoak -mikrouhinak- igortzen dituelarik, hauek elikagai barneko ur molekulei elkar igurtzarazten diete. Igurzte horren ondorioz berotasuna sortu eta gainerako molekuletara doa, kontaktuz. Horrela berotzen da elikagaia. Mikrouhina bat edo bi zentimetroko sakoneraino sartzen da eta, ondoren, berotasuna hedatu egiten da. Berotze abiadura, konbentzionaletan baino lau bat aldiz handiagoa da.
Elikagaiak berotu ahal izateko, mikrouhinek elikagaia eta ontzia zeharkatu behar dituzte. Egokiak dira beira, portzelana, zeramika eta plastikozko ontziak, hauen etiketan mikrouhin labeetan sartzeko modukoak direla berariaz agertzen bada.
Hainbat plastiko, frogatu izan denez, berotzean osagai batzuk galdu eta, ondorioz, toxiko bihur daitezkeenez, mikrouhin labeetan bereziki baliatuak izateko ontziak soilik erabili behar dira (horixe adierazten duen ikur edo etiketa izaten dute). Material lagungarri gisa, paper xukatzaileak, film gardenak, labean erretzeko poltsek, zatar paperak eta paperezko moldeek ere balio dute. Inola ere ez da metalik erabili behar, ezta aluminiozko paper, labana, sardexka edo koilararik ere: horrelakoak baliatzekotan, mikrouhinek labeko paretetan talka egin eta magnetroiak matxura nozi lezake. Beste horrenbeste gertatzen da metalezko elementu, marrazki edo apaingarririk duten baxerekin. Papera eta kartoia, azkenik, erre egin daitezke.
Errezetak prestatzeko azkartasuna
Elikagai deshidratatuak edo ur gutxi daukatenak likido gehiago dutenak baino lehenago berotzen dira eta baliteke gehiegi berotu eta kiskaltzea ere, oso potentzia handiekin kuzinatzen badira. Mikrouhin labeari esker elikagaiak minutu gutxitan desizoztu daitezke, erradiazioek germenak suntsitzen dituztelarik. Elikagaia bere ontzitik atera gabe berotzen du zuzenean edota kuzinatu egiten du, amen batean. Erabiltzaileek sarri diotenez, mikrouhinetan prestaturiko janaria berehala hozten da; horrelakorik ez gertatzeko, berotzen edo kuzinatzen ari den bitartean jakia behin edo birritan eragin eta, labea itzaliz gero, 20 bat segundo pausatzen uztea komeni izaten da, tenperatura guztiak oreka daitezen. Mikrouhin labeari esker hamaika plater egin daiteke oso denbora laburrean eta modu ezin hobean. Horrelaxe gertatzen da frijiki, zuku, saltsa, sarrera, zopa eta beste askorekin.
Erosotasuna
Jango den ontzi berean kuzina daiteke jakia. Mikrouhin labea garbitzeko, gainera, bikarbonato eta limoiz igurtziriko oihal bat pasatzea aski izaten da.
Zapore naturalagoak
Elikagaiak beren zukuan egosten direnez, gatz mineralak mantentzen dituzte eta elikagaiaren egiazko zaporea hobeto atzematen da horrela.
Elikagaien nutrizio balioari dagokionez, egundaino ez da frogatu mikrouhin labeek bestelako egospen-sistemek baino galera handiagoak sortzen dituztenik. Areago, produktu izoztuetan, egosaldia azkarrago gertatzen denez, bitaminen galera urritu egiten da. Horrez gainera, elikagaiak beren zukuan egosten direlarik, ingurune likidoetan gertatzen den mantenugaien galera murriztu egiten da honela.
Nolanahi ere, elikagai jakin batzuk kuzinatzean, arreta handiz aritzea komeni izaten da. Mikrouhin labean, egosteko denbora janariaren bolumenaren arabera kalkulatzen da. Denbora tarte hori pasatakoan, elikagaiek bitaminak galdu eta, horrela, osagai batzuk (hala nola proteinak) desnaturalizatu egiten dira. Mikrouhin labean kuzinatutako elikagaiak usainez ahulago eta bestela prestatutakoak bezain atseginak ez direla frogatu izan da ikerlan askotan. Beste aldetik, elikagaiak ez dira xigortzen, ezta kraskatsu agertzen, aparatuak horretarako berariazko xigorgailua ez badauka.
Mikrouhin labeen arrisku nagusia ez datza uhin elektromagnetikoen izaeran, elikagaiak berotzeko potentzia eta eraginkortasun handiagoan baizik: horrek platerak gehiegi berotu eta, ondorioz, gizakiengan era askotako erredurak sortaraz ditzake. Susmo txarrik ez izateko, Osasunaren Mundu Erakundeak (OMS), 1992 urtean bertan ziurtatu zuenez, mikrouhin labeetan prestaturiko elikagaien erabiltzaileen osasuna arriskutan dagoela esateko inongo frogarik ez dago, fabrikatzailearen argibideak zehazki betetzen badira.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa