Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Fokua gutxiago ikusten bada eta argiztatu nahi dena gehiago, hobeto
Sukaldean, hodi fluoreszenteak eta garbitzen errazak; komunean, foku indartsuak eta pantaila bat ispiluaren alboetan, itzalik ez sortzeko; jangelan zeharkako argiak, leunak; egongelan, argi baxuko lanparak konbinatuta; korridoreetan, objektuak argiztatuko dituzten aplikeak, eta, sarreran, argi puntualak. Logeletan, lanparak. Horixe da etxe bat argiztatzeko formula. Hortik aurrera, aukerak mugagabeak dira, baina betiere bi galderari erantzun beharko diete: zer nahi dugun argiztatu eta nolako argi motaz egin nahi dugun, bi gai horiek erabakiko baitute gure etxea argiz nola jantzi. Izan ere, espazioa, giroa eta are erosotasun eta goxotasun maila definitzen duen arren, arreta txikia eskaintzen zaion elementua da argia. Ikuspena bilatzen da, eta gela bakoitzean egin behar den jarduera segurtasunez eta zehaztasunez egiteko moduko argiztapen egokia lortu behar da. Zenbat eta fokua gutxiago ikusi, eta argitu nahi dena zenbat eta gehiago ikusi, hainbat eta argi kalitate hobea izango dugu, eta konfort maila handiagoa, beraz.
Argi orokorrak hodi fluoreszenteak, sabaira begira dauden lanpara zutak, halogenoak edo hormako aplikeak dira. Argi indartsua da, oso zehatza ez bada ere.
Sukaldeak argi homogeneoa behar du, zuzena, bai sabaian jarrita bai lan lekuaren gainean, edo bi formulak erabilita. Argia luzaz piztuta egoten den gela bat izanik, hodi fluoreszenteak primerakoak dira, pizterakoan indar gehiago kontsumitzen duten arren, gutxi gorabehera 8.000 ordu irauten baitute, eta goritasun bonbilla batek baino %20 gutxiago kontsumitzen baitute. Gela bat argiztatzeko zenbat argi behar den jakitea oso gauza pertsonala bada ere, aditu batekin kontsultatzea da onena, erabakia motzegia edo gehiegizkoa izan ez dadin. Gelen kokapen kardinalak eta horietan garatuko den jarduerak baldintzatuko dute argiztapena. Taula batzuetan agertzen denez, adibidez, 18 metro koadroko egongela batean 400 watt behar dira, baina gomendioa alferrikakoa da ez bada egongela oso horizontala edo oso karratua den kontuan hartzen. Luminaria neurtzen duen aparatu batez lagunduta, argiketariak gela bat egoki argitzeko behar den indarraz gomendioa eman dezake, baina ez dago horretarako araurik. Etxebizitzaren jabeak erabakiko du oso giro biziak ala leun eta goxoak nahi dituen.
Sabai baxua daukan espazio batek estuasuna sor dezake, baina sabaia bizi argiztatuz gero, sentipen hori leundu egingo da. Gela nabarmen zabalduko da, sakonerari begiratuta murritzago geratuko bada ere. Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa