Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Teknologia Berriak

Λ

Enkante birtualak: Azoka planetarioa

Interneteko enkante tokiek aukera bezainbeste arrisku dituzte

  Azoka birtuala ere bada Sarea, besteak beste. Mundu zabaleko pertsonen arteko komunikaziorako ateak zabaltzen dituen bezala, planetako zeinahi bazterretako saltzaile eta erosleak toki berean biltzeko ere tresna egokia da.

Web enkante tokiek amaigabeko produktu-zerrenda eskaintzen dizute: bigarren eskuko liburu eta diskoetatik hasita, ardo, harribitxi, automobil, antigoaleko tresna, ikuskizunetarako sarrera eta hegazkinerako txarteletaraino. Berak bezalako zaletasunak dituzten mundu zabaleko internautekin kontaktuan ipin daiteke erabiltzailea eta, horrela, ametsetako izan zituen gauzak modu onean eskuratu. Era berean, ganbarako traste zaharrei hautsak harrotu eta ahantzita geratu edo zakarrontzira joango zena salduz, sos batzuk atera ahal izango ditu Sareko enkantean.

Ezin enkante birtualez aritu eBay aipatu gabe. Sortu zenetik (1995eko irailean) eta lehiakideak ugaldu egin zaizkion arren, hazi eta hazi dator, lehiakide horiek irentsi eta, dagoeneko, hogei herrialdetan zabalduta dabil. Diotenez, eros daitekeen guzti-guztia dago eBay horretan. Gehiegikeria, bai, baina gutxiago, enkanteen erregeak dituen 18.000 kategorien barnean biltzen diren 12 milioi gauza baino gehiago ikusita.

Iazkoan, eBay-ko erabiltzaileek eginiko truke-eragiketak 14.870 milioi dolarrera iritsi ziren. Aski da datu hori, azoka horren garrantziaz konturatzeko. Izan ere, honakoa ez da erabiltzaile partikular batzuk elkartu eta, arratsalde pasa, gauzatxoak salerosiz jardutea: enpresek bertan kokatzen dituzte beren soberakinak edo kiebrako hondakinak saltzen ahalegintzen dira, dendek beren loteak ipintzen dituzte eta hamar milaka pertsona azoka birtualetan negozio egiteaz bakarrik bizi dira egun.

Funtzionamendua

Enkante tokiek erosle eta saltzaileen arteko bitartekaritza betetzen dute, bien eskura eragiketak errazteko lantresnak eskainiz. Bai enkantean ateratzeko produktua jartzen duenak, baita gauza hori eraman nahi duenak ere aurretiaz izena eman behar izaten dute, betekizun hau doanekoa izaki.

Enkante birtualean esku hartzeko arauak toki batetik bestera aldatu egiten direnez, beti komeni izaten da letra txikia arretaz irakurtzea, batez ere datuen segurtasun zein pribatutasunari, eta erabilgarri dauden zerbitzuengatiko tarifa eta komisioei dagokienez (iragarkiak argitaratu, "nabarmenduak" ipini, "eros ezazu jada" aukeratu, gutxieneko prezioa finkatzearren, etab.). Funtsezko funtzionamendua, ordea, antzekoa da, oso.

Saltzaileak artikulua -edo artikuluak, "enkante holandarrean", bat baino gehiago baldin baditu, denak berdinak- kategorietako batean kokatu eta bidezko jo duen informazio guztia emango du (produktu horren gaineko azalpenak, argazkiak, etab.), hainbat baldintza finkatuz: enkantearen gehieneko epea, ordaintzeko era, bidaltze-gastuak eta entrega egin daitekeen herrialdeak. Hasierako prezioa ere ezarriko du eta ezkutuko "erreserbako prezioa" markatzeko aukera izango du: horren azpitik ez du eskaintza onartzeko obligaziorik izango. Hasierako prezio apal-apala jartzea erakargarria da eroslearentzat, baina erreserbako prezioa baino askoz merkeago izatea ez dago ongi ikusia.

Erosleak produktu horretarako bidea bilatu beharko du kategoria-zerrendetatik, artikulu, prezio edo bestelakoetan arakatuz. Norberak premiazko duena topatutakoan, hasierako preziotik hasita eskaintza handiagoa egingo da eta horrela areagotuko da kopurua. Eskuarki, erosleak interesgarri dituen gauzen enkanteen martxaren berri izan dezake; era berean, bere eskaintza beste batek gainditu duela edo enkantearen amaiera gertu dagoela e-mailen bidez gaztigatuko zaio. Beste bideetako bat da "eskaintza automatikoa" ezartzea, hau da, gehieneko kopurua finkatzen du parte hartzaileak, enkante-prozesuaren gainean etengabe ez jardutearren.

Epe-egun eta orduan, eskaintzarik altuena egin duen esku hartzaileak eramango du produktua. Enkante tokiak erosle zein saltzaileari emaitzaren berri jakinaraziko die eta bi alderdiek kontaktuan jarri beharko dute, entrega nolako baldintzetan egingo den adosteko (ohikoa, bidaltze-gastuak eroslearen konturakoak izatea da). Bitartekariak saltzaileari salmenta prezioaren gaineko komisioa kobratuko dio (%5 ingurukoa) eta, eragiketa itxita, web tokiak ez du ardurarik nahi izaten...

Iruzurra, arrisku bizia

Internet egiazko munduaren isla dela esan ohi da. Enkante hauek ez dira horretan salbuespen. Pagotxaren bila merkatuan begia erne sartzen garenean bezala miatu behar dugu enkante digitalean.

Epaitegietan emaniko hainbat sententziatan web orrietan eginiko eragiketa komertzialen balizko arduraz aske geratu dira web gune horiek. Enkantegileak ezin berma dezake eroslearen kaudimena, ezta eroslearen ordaintzeko asmoa ere. Ezin ditu bermatu, era berean, produktuak egiaz nolakoak diren, hauen azalpenetan adierazitako ezaugarriak benetakoak diren edo saltzaileak entrega-baldintzak beteko dituen ere.

Izan ere, online enkanteak Interneteko lehen iruzur-iturri gisa agertzen dira beti, salaketen %50-%80 (estudioen arabera) alderdi horrixe dagozkiolarik. Kexak era guztietakoak dira: Aginagakoen izenez Frantziakoak hartu direlako, ordaindu edo entregatu ez diren produktuengatik, deus iragarri gabe bat-batean desagertzen diren enkante tokiak...

Erabiltzailea zeharo babes gabeturik dagoela ere ezin esan daiteke. Bai enkante tokiek, baita parte hartzaileek ere, iruzurra atzeman eta suntsitzeko tresneria sortu dute. Aurrekoek, eskaintza susmagarriak (artikulua edo saltzailea zein den egiaztatuz) identifikatzen dituzten sistema konplexuen bitartez loteak arakatzen dituzte; erabiltzaileek, berriz, saltzaileak kalifikatzen dituzte, enkantean parte hartuko duenak negozioetan norekin arituko den jakin dezan.

Enkante birtualak iruzur hutsak egiteko ez ezik, pikareskaz jokatzeko toki aproposak dira, arras gizabidezkoak ez diren jardunbideak ugari izaki. Eskaintzaile adituek, adibidez, enkantea itxi baino segundo batzuk lehenago egiten dute azken eskaintza, arerioak erantzuteko gaitasunik izan ez dezan. Ez da harritzekoa, bestetik, kideren batek enkantea tarteka girotu edo suspertzea. Eginkizun hau saltzaileak berak egin izan du, beste norbaiten izenean.

Aholku eta zuhurtzi neurri guztien gainetik, urrezko araua: duroa lau pezetan inortxok ez du ematen. Egiazko menpetasuna sortzerainoko bizio bilaka daiteke enkantea: horrelakoetan, benetako gauza baliagarria eskuratzea baino gehiago irabaztea interesatzen zaio erabiltzaileari. Azken-azkenean, ordea, enkanteetan irabazten duenak ordaindu egingo du.

Interneteko enkanteetan erabiltzaileak eskura dezake "kaleko" merkatuan inondik ere izango ez lukeen ondasun mordoa. Aski izan beharko du, ostera, aukera hori eta desiratutako objektua merkatuko prezioan baino pittin bat merkeago lortzea. Oparitan inork ez baitu deus ematen.

Enkante birtualari ahalik eta zuku gehien atera eta iruzurrari saihets egiteko badira oinarrizko hainbat baldintza. Hona:

  • Enkanteen errege
    www.ebay.es
    eBay firmak urtea bete du Espainian. Eskaintza espainola ez da iristen, inondik ere, ama amerikarraren mailara, baina zaila da bertako 12.000 kategorien artean norberak bilatzen duena ez aurkitzea.
  • Hobe aurreikustea
    www.ftc.gov
    AEBko Merkataritza Batzorde Federalaren web guneak erosle zein saltzaileentzako gida eskaintzen du, espainolez eskaini ere.
  • Ardoa baizik ez
    www.winebid.com
    Produktu mota bakarrean espezializaturiko enkante toki asko dago Interneten. Ardo onaren zaleak hauxe du paradisua.
  • Aukeratzeko
    www.subastas.com
    Espainolez, loteen eskaintza txiro samarra da oraino. Badira, ordea, enkante tokiak: hona horietako 50 sailkaturik dituen direktorioa.
  • Online enkantearen sekretuak
    www.alysta.com
    Erosle eta saltzaileentzako aholku eta katramilak, bi enkantegile garrantzizkoenen (eBay eta Yahoo!) arteko azterketa konparatiboak eta enkante tokien zerrendak.
  • Enkanteen google-a
    www.auctionyoke.com
    Galde ezazu enkantean dagoen produktu baten berri eta eragile honek bilatuko dizu hamaikatxo tokitan: Amazon.com Auctions, BidVille, Bidz.com, CNET Auctions, eBay, uBid, Yahoo! Auctions.

Aholkuak

Eroslearentzat

  • Web gunea ezagutzea eta enkanteen funtzionamendua ongi ulertzea. Enkantean esku hartzen duenak dituen eskubide eta obligazioak ezagutzea. Konpainiak iruzurretatik nola babesten gaituen jakitea eta eragiketa, entrega eta bidalketa bermatzea. Pribatutasun-politika irakurtzea.
  • Saltzailea identifikatzea. Erabiltzaileek emaniko balorazioa ikustea, saltzaileak enkanteetan duen ospea egiaztatzea. Saltzaileari buruz ahalik eta informazio osoena hartzea eta, merkantziaz galdetzeko, berarekin harremanetan sartzea.
  • Enkantean ateratako gauza ezagutzea: merkatuan duen balioa, saltzea legala den, salmentari dagozkion baldintza guztiak, are bidali beharreko tokia, gastuen arduradun nor den eta produktu hori itzultzeko politika ere.
  • Produktuagatik ordain dezakeen gehieneko kopurua finkatu eta hortik ez mugitzea. Artikulu horrek merezi duen ez baldin badakigu argi eta garbi, edo azalpenak behar bezain argi ez badaude, galdetzea dugu bide onena, dirua eskaini aurretik.
  • Kolpe bakoitzean, ez egitea artikulu bat baino gehiagorengatiko eskaintzak, irabazitako guztiak ordaindu beharko ditugu eta.
  • Ordaintzeko erak balioztatzea. Ahal den guztietan kreditu-txartela erabiltzea, arazorik izanez gero babesik egokiena ematen digulako.
  • Iragarkiari buruzko informazio osoa jasotzea (e-maila, saltzailearen identifikazioa, artikuluaren zenbaki eta azalpena) eta eragiketen kopia bat inprimatzea.
  • Iruzur susmorik izanez gero, web gunea informatzea.

Saltzailearentzat

  • Web gunea eta salmenta-mekanismoa ezagutzea, baita saltzailearen eskubide eta erantzukizun legalak ere. Saltzea debekaturik dauden produktuak begiratzea.
  • Artikuluari buruz ahalik eta informazio gehien ematea (izena, modeloa, fabrikatzailea, urtea, kolorea, etab.); saltzeko baldintzak zehaztea (bidaltze gastuak zenbat diren, noren konturakoak diren, ordaintzeko era onartuak, gauzak itzultzeko politika, etab).
  • Eroslearen galderei lehenbailehen erantzutea, eskaturiko xehetasun guztiak emanez.
  • Enkantea itxi bezain laster irabazlearekin harremanetan jartzea, azken prezioa eta entregatzeko baldintzak finkatzeko.
  • Dirua jasoz batera merkantzia bidaltzea eta artikuluak hitzarturiko toki eta epean entregatuko direla segurtatzea.


Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto