Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Bizitzeko premiazkoa dugun energiaren erdia karbohidrato ugari duten elikagaietatik atera behar dugu
Karbohidratoek (ogiak, oreak, patatak, arrozak, lekaleek... hamaikatxo elikagaik dituzte elementuok) gizendu egiten gaituztela eta nutrizio alorretik baliorik ez dutela sinestearren, eskas kontsumitzen ditugu; areago, hainbat osasun-erakundek aholkaturiko gutxieneko kopuruetatik oso-oso azpitik gabiltza oraino. Elikagai horiek zeinahi dieta orekatutan funtsezkoak dira eta ia-ia eguneko otordu guztietan kontsumitu behar ditugu. Bizitzeko premiazkoa dugun energiaren erdia edo, karbohidrato ugari duten elikagaietatik atera behar dugu. Irin, ur eta gatzez (ez beti, gatzik gabea ere badago eta) bakarrik osatua, ogiak dituen osagaietatik bakar batek ere ez du zerikusirik "mendebaldeko patologiak" (obesitatea, diabetesa, gaitz kardiobaskularrak, etab.) nozitzeko arriskua larritzearekin.
Jende askorentzat, gehiegizko pisua ez izateko edo zuzentzeko biderik egokienetako bat elikaduratik ogia kentzea da. Nolanahi ere, ogiak energiaz hornitzen gaituen arren, bera kontsumitzea ez da pisua handitzearen errudun, kasu bakoitzean aholkaturiko tamainan hartuz gero. Izan ere, ogi pusketaren kalorien kopurua ugaltzen duena ez da ogia bera, "hornigarria" baizik: marmelada, gurina, hestekiak, saltsa, etab. Kalori eduki bera izaki, gorputzean gantz-pilaketa txikiagoa eragiten du ogiak beste hainbat elikagai gantzatsuk baino. Zehatz-mehatz, 100 gramo ogik 250 kaloria inguruz hornitzen gaitu, baina 35 gramo gurin edo margarinak, edo opil batek baino "gutxiago gizentzen dute", bigarren aukera horiek 250 kaloria inguru baitauzkate. Izan ere, ogian eta gainontzeko irinkietan ugari diren karbohidrato konplexuak baino askoz ere errazkiago metatzen da elikagaien gantza gure organismoan. Laburtuz, gantzak edo karbohidratoak kopuru berean kontsumituz gero, aurrena dezente gizengarri indartsuagoa da.
Ogiak ugarien duen osagaia almidoia da. Karbohidrato konplexu honek organismoak behar bezala funtzionatu eta garatzeko premiazkoa duen energiaz hornitzen du. Karbohidratoaz behar bezainbeste hornitzeak gorputzaren osaketa eta pisua mantentzea ondorioztatuko du, proteinak eta gantzak energi iturri gisa erabiltzea eragozten duelako.
Beste mantenugai energetikoa gantza da: ogiak oso gantz gutxi dauka (%1), moldeko ogiak, xigortuak eta horrelako barietate komertzialek izan ezik: horrelakoetan gantz-edukia 5% eta %15 bitartean dabil.
Ogi gutxi kontsumitzeak dietaren baitan desoreka latzak eragin ditzake. Elikabidean, izan ere, kaloria guztien ia erdia karbohidrato ugari dituzten elikagaietatik ekarri behar da (%15-%18 inguru), proteina ugari duten elikagaietatik (haragi, arrain, arrautza, esne eta esnekiak...) eta gainerako %30-%35, gantz asko duten elikagaietatik (elikagaiek berez daukatena eta prestatzeko baliatzen ditugun koipe eta gantzak).
| HOBETO | EZ HAIN OSASUNGARRIA | ||||
|---|---|---|---|---|---|
| Elikagaia | Kaloriak | Gantza gramoak | Elikagaia | Kaloriak | Gantza gramoak |
| Ogitartekoa (6 atzeko lodierakoa): bola motako gazta-xerraz egina | 260 cal | 8,1 gr | Gazta-tartaren zatia | 316 cal | 13,8 gr |
| Ogitartekoa (6 atzeko lodierakoa): txokolatea | 258 cal | 6,7 gr | Txokolatezko kruasana | 320 cal | 18,3 gr |
| Bezperako ogiz egindako bi tostada (2 atzeko lodierako 3) gurin eta marmeladaz | 310 cal | 10,6 gr | Bi magdalena eta marmelada | 347 cal | 13,2 gr |
| Ogitartekoa (6 atzeko lodierakoa): urdaiazpikoa | 193 cal | 2,5 gr | Urdaiazpiko-kanape gazia | 300 cal | 15,7 gr |
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa