Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Hari gabeko zazpi daratulu: Prestazioetan alde handiak

Etxeko lan arruntak egiteko ederki balio duten daratulu batzuk soilak eta merkeak dira.

 Oraingoan aztertu diren zazpi daratuluen prezioak biziki aldatzen dira, batetik bestera: garestiena AEG da, (233 euro) merkeena baino ia hamar aldiz gehiago kostatzen da (Agojama: 27,45 euro). Lagin bakar batek lixatu, zerratu edo leuntzeko osagarririk ez daukanez, zuloak egin eta torlojuak sartu edo ateratzeko bakarrik balio dute. Zazpiek ere bateria elektrikoaren bitartez funtzionatu ahal izateak (entxufearen premiarik ez dute), etxe barruan mugikortasun egokia ematen diete, baina lan astunago eta profesionalagoetan urri gertatzen dira, bigarren hauetan bateria horiek eman dezaketena baino potentzia handiagoa ezinbesteko izaten delako. Black & Decker (110 euro) laginak, material gogorrak zulatzeko perkutorea daukala, eta Bosch (116 euro), abiadura ugariz hornitua, dira kalitatea eta prezioaren arteko erlaziorik egokienak, biek ere jaso baitute balorazio funtzional eta ergonomikorik onena (4,1 puntu 5ekiko), prezioz ertainak izanik. Erabiltzaileak etxeko lan txikiak bakarrik (koadroa eskegi edo altzari bat muntatu) egin nahi baditu, ordea, Elem Technic eta Agojama laginek ederki betetzen dute eginkizun hori, askoz ere prezio txikiagoarekin: 30 euro eta 27 euro, hain zuen.

Zulatzeko sakonera

Barauts-etxearen muturretik kirtenaren gunerik gertuenerako distantzia, bazter txikietan aritzeko erraztasunaren adierazle izaten da. Alderdi honetan AEG laginak lortu zuen baloraziorik hoberena, 184 milimetro luze zela. Agojama eta Elem Technics laginak, berriz, (80 mm) ez ziren balio horren erdira ere iritsi. Daratuluaren pisua zenbat eta arinago izan, orduan eta erosoago izango da bere erabilera. Pisu txikienekoak Agojama, (1,35 kilo daratuluak eta 2,6 kilo maleta osoa) eta Elemt Technics (1,45 kilo daratulua, 2,65 kilo maleta eta guzti). AEG, berriz, lagin guztietan astunena izan zen (2,1 kilo eta 5,6 kilo). Daratuluak azkar biratzea bezain garrantzitsua da abiadura aldatu ahal izatea: material gogorrek (altzairua edo hormigoia, adibidez) barautsak mantsoago biratzea eskatzen dute eta samurrek (egurra edo plastikoak), aldiz, azkarrago. Lau daratuluk, tresna martxan ari delarik alda daitezkeen bina abiadura eskaintzen dituzte (Casals, Black & Decker, Bosch eta AEG). Agojama, Elem Technics eta Skil laginek abiadura bakarra dute: hiru kasuetan ere, 526 eta 550 bira bitarte minutuko. Bosch nabarmentzen da bi martxako daratuluetan, abiadura-aukera zabalena eskaintzen baitu (420 bira minutuko mantsoan eta 1.440 azkarrean).

Ekipoaren indarra

  Gehieneko estutze-parea, daratuluak torlojuak sartu edo materiala zulatzeko eragin dezakeen bira-indarra da. AEG da estutze-pare handienekoa (25,1 Newton metroko); Casals eta Skil laginek, ostera, 9 Newton bakarrik erakutsi zuten metroko. Agojama eta Elem Technics laginek ez dute datu hori adierazten etiketan. Zulatu beharreko materialaren arabera, bira-unea aldatu egin behar izaten da, kasuan kasuko premietara egokitzeko. Daratuluak zenbat eta bira-une gehiago eskaini, hainbat eta hobeki. AEG laginak 20 posizio ditu, hau da, Agojama, Elem Technics, Skil eta Bosch laginen (seina bakarrik dituzte) oso-oso gainetik. Casals, Black & Decker eta AEG dira perkutore-funtzioa duten bakarrak. Funtzio horrek zulatzea laguntzen du -material gogorretan sartzeko guztiz egokia da-, etengabeko mailukadaren bitartez. Daratuluan zenbaterainoko barautsa balia daitekeen barauts-etxearen gehieneko zabaltzeak adierazten duenez, ahalik eta diametro handienekoa izatea komeni da. AEG, 13 milimetro zabaltzen delarik, gainontzeko guztiak baino hobea da, besteek 10 milimetroraino bakarrik irekitzen direlako. Casals, Black & Decker, Bosch eta AEG laginen katua sakatzeari utzi bezain laster mutur birakaria zeharo gelditzen da: segurtasun-neurri hori gainerako daratuluek ez dutenez, une batez biraka segitzen dute. Zazpi ekipoek biratze-inbertsioaren kontrako babesa dutenez, barauts-etxearen biratze-norabidea aldatzerik ez dago daratulua martxan dabilela.

Zahartze-simulazioa

Denbora joandakoan daratuluen jokaera simulatzeko, 264 orduko zikloa betearazi zitzaien: saioan, 10 minutuko martxa abiadura handienean eta 10 minutuko geldialdia tartekatzen ziren. AEG laginaren ardatza proba hasi zenetik 72 ordutara atera zen bere tokitik; beraz, azterketaren laurdena ozta-ozta igarotakoan, barautsak biratzeari utzi zion. Gainerako laginek azterketa osoa gainditu zuten, inongo arazorik gabe. Osaketa adierazten zuten bost bateriak (denak, Agojama eta Casals izan ezik) nikel-kadmiozkoak ziren (NiCd). Bateria horien eragozpen nagusia ezaguna da: zeharo hustu direnean kargatu behar izaten dira, ez lehenago. Horrela luzatzen da beren bizitza baliagarria eta, gainera, iraupena laburtzen dieten "oroitzapen efektua" galarazten da. Baterien autonomia neurtzeko, daratuluak kargatu berri lanean gelditu arte zenbat denbora eman zuten kronometratu zen. Gehien iraun zutenak Skil (48 minutu eta 26 segundo) eta Agojama (44 min. eta 43 seg.) izan ziren. Elem Technics laginak, gehien iraun zuenaren erdia bakarrik funtzionatu zuen: 25 min. eta 22 seg. Bateriak kargatzeko denbora ere oso desberdina izan zen: ordubetetik (Casals eta Black & Decker) sei ordu arte (Elem Technics). Osagarri gehien dauzkatenak Agojama eta Elem Technics dira: daratulu guztiak garraiatzeko maleta eta guzti datozen arren (Silk laginarena oihalezko bakarra da), Agojama eta Elem Technics laginek 6 barauts, 7 mutur eta bihurkinarentzako luzagarria dakartzate. AEG laginak, ekipoaren autonomia bikoizten duen ordezko bateria ematen du. Casals eta Black & Decker dira eskasenak atal honetan.

Erabilera proba

Tresna bakoitza hiru erabiltzailek probatu zuten: daratuluaren zarata baloratu, hainbat material zulatu (hormigoia, egurra, zeramika eta metala), barautsa aldatu eta torlojuak sartu eta atera zituzten. AEG laginak notarik altuena (4,4 puntu, 5ekiko) erdietsi zuen, zarata-alorrekoan huts eginez (ondotik Bosh eta Black & Decker zituela, 4,1na punturekin). Alderdi honetan okerren baloratutako daratulua Agojama (2,4 puntu) izan zen, egurra, metala eta zeramika zulatu, torlojuak sartu eta atera eta barautsa aldatzeko probetan kalifikazio eskasenak jaso zituelako. Black & Decker eta Bosch laginek, bere aldetik, kalifikazio hoberenak lortu zituzten argibide-liburu, erabiltzeko erraztasun eta ergonomian; biak agertu ziren hoberenak funtzionaltasun eta ergonomian (4,1 puntu 5ekiko). Kontrako muturrean, Agojama eta Skil (3na puntu): hutsegiterik larriena, funtzionaltasuna.

Segurtasun aldetik, denak ongi

  • Daratulu guzti-guztien segurtasun-proba denen (ihes-korrontea, alderdi aktiboetara iristeko erraztasuna, zurruntasun dielektrikoa, bero eta suaren aurkako erresistentzia, etab.), etiketa- eta markatze-kontrolen emaitzak zuzenak izan ziren.
  • Elkargarritasun elektromagnetikoari dagokionez, bateriak kargatzen ari ziren bitartean daratuluek ez zuten sortu perturbaziorik sarean entxufaturiko beste aparatuetan. Agojama, Casals eta AEG laginek, irrati-emisiorako ezarritako mugak gainditu zituztenez, gertuko beste aparatuetan (irrati edota telebistetan, adibidez) interferentziak eragin ditzakete.
  • Daratuluek zituzten argibide-liburuak eta gainerako informazioa ondo baloratu zituzten erabiltzaileek.
  • Bermearen iraupenetan alde handiak atzeman ziren: sei hilabetetik (Elem Technics eta AEG) bi urte arte (Casals eta Skil). Black & Decker laginak publizitate-iruzurra egiten du, etiketan bi urteko bermea iragartzen duen arren, dokumentazioan urtebete bakarra ematen baitu.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto