Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Saski-naski

Λ

Masaje ez-terapeutikoak: Ez dute sendatzen, baina lasaitu eta mina arindu bai

Lasaitu, indarrak berritu eta norbere burua zaintzeko era bat da masajea

  Gorputzaren zati batek mindurik edo ongi ez dugunean, igurtzi egin ohi dugu. Muskulu eta ehunei masajea eman ohi diegu mina arintzeko. Ez da harritzekoa, beraz, masajearen mesedeak eta osasuna hobetzeko daukan gaitasuna aspaldi-aspaldiko idatzietan ere jasota agertzea, kultura askok beren teknika propioak garatu baititu. Hinduek aztergai bihurtu zuten, egiptoarrek gorputz eta buruko nekea arintzeko erabili zuten eta Sokratesen jarraitzaile greziarrek ere goraipatu egin zituzten masajearen bertuteak. Baina ekialdeko kulturak masajea sendabide eta zenbaitetan ekintza mistiko gisa integratzen badute ere, mendebaldeari kosta egiten zaio masajearen praktika modu arautu eta normal batean onartzea. Mendebaldean kirolari loturik daukagu eta zurruntasuna, kontrakzioak edo erreumaren minei aurre egiteko formula gisa hartzen da, edo baita hezur-hausturak sendotzen laguntzeko teknika moduan ere. Hala ere, masajearen mesedeak ez dira gaitasun fisiologiko horietara mugatzen. Ondoez psikikoa arindu eta estresari aurre egin eta gorputz-buruak lasaitu ere egiten ditu eta konfiantzaz eta sinetsirik hartuz gero, une batzuez "deskonektatzeko" aukera ere ematen dute.

Masaje terapeutikoa ala lasaitzekoa?

  Masaje terapeutikoa eta lasaitzekoa oso helburu ezberdinetatik abiatzen dira. Lehenak ondoez jakin batzuk sendatu edo gutxienez arintzea du helburu; bigarrenarekin, berriz, hartzen duena lasaitu edo mina arintzea lortu nahi izaten da, lan egun gogor baten ondoren zerbikalen gunea arintzea, adibidez. Masaje sendagarria profesionalak ematen du, gaixoaren gorputza ezagutu eta tratatu beharreko arazoa zein den jakinik, gune lesionatu edo minduan masajea nola eman behar den badaki eta. Osteopatia (hezurren luzaketa), kiropraxia (bertebretan puntu jakin batzuk manipulatuta) edo reflexoterapia (esku eta oinetako nerbio-amaieretan presioa egitea) erabiliz, profesionalek baino ez dute gorputza honela manipulatu behar. Baina profesional horiengana joateko ez da lesioa agertu arte itxaron behar. Min edo ondoez batek iraun egiten duela iritziz gero, zerbait gaizki doan seinale izaten da eta espezialistaren esku jartzeko unea izan ohi da.

Masajea, hala ere, ez da tratamendu baten zatia bakarrik. Lasaitzea ere izan dezake helburu eta aditu ez direnen eskuetan ere jar gaitezke, kasu horretan lesiorik ez duten gorputz-atalak bakarrik igurtziko diren arren.

Kontuz lepoarekin

Zalantzarik gabe, lepoko masajea eskatzea izaten da ohikoena eta ez da kasualitatea. Kezkak eta beldurrak, eta azken batean, lasaitasunik eza, kokote aldean pilatzen dira. Postura-heziketa desegokiak, telefonoari kokotsarekin eustea edo zangoak gurutzatuta esertzeak eta antzeko ohitura txarrek, kargatu egiten dute lepoa egunaren buruan. Desoreka emozionala ere buruaren eta bizkarraren artean kokatzen da. Horregatik, kokotetik hasi eta sorbaldetarako masaje goxo batek molestiak arindu eta estresari aurre egin ohi dio. Azken batean, esku adiskide batzuetan uzten dugu pisatzen diguna eta eguneko beste esparru edo une batzuetan ez dugu horretarako ohiturarik izaten. Masajearen terapia edozeini eman dakioke eta eragin positiboa izango du gainera.

Lasaitzeko masaje baten onurak

Muskuluetan: Elastikotasuna berreskuratu eta tentsio-ikurrak desagertu egiten dira.
Nerbio-sistemarengan: Sentsazio lasaigarria ematen du.
Zirkulazioarengan: Zirkulazio-prozesua aktibatu egiten du, ehunetara oxigeno gehiago bidaltzen baita.
Larruazalarengan: Epidermisaren peeling edo igurtziak lagungarri dira hondakinak askatu eta zelula hilak ezabatzeko.

Masaje lasaigarri bat nola eman

Ihesbideko metodo gisa etxean ere hartu edo eman daiteke masajea, jarraibide xume batzuk betez gero. Baina, zer esanik ez, helburu bakarra garrantzirik gabeko minak arintzea -ez sendatzea- dela gogoan izanda edo lasaitzeko, indarrak berritzeko eta norbere burua zaintzen uzteko era gisa hartuta.

  • Ukimena oso garrantzitsua da, masajea hartu behar duen pertsonari sentsazio jakin batzuk transmititzen baitzaizkio. Eskuek segurtasuna, sentiberatasuna eta malgutasuna transmititzen dute. Eskuak sendoak ez badira, gorputzaren pisua erabil daiteke laguntza gisa, presioa areagotzeko, baina seguru eta konbentziturik jokatu behar dute beti.
  • Berariazko mahairik izango ez dugunez, gainazal sendo eta eroso bat bilatzea komeni da. Zorua ez da erosoa, baina bai ohea edo koltxoi soil bat. Bizkarrak horizontal geratu behar du eta, batez ere, masajea hartuko duen pertsonak eroso egon behar du. Emakume haurdunek, albora etzanda beti.
  • Aukeratu gela lasai bat, sukaldetik edo usaia botatzen duten biltegietatik urruti eta aire-korronteak saihestuta.
  • Giro goxoa sortzea komeni da, lasaitzen lagunduko duena. Musika-terapiak gero eta jarraitzaile gehiago dauka, baina elkarrizketa atsegin bat ere oso lasaigarri izan daiteke. Zuzeneko argia saihestu egin behar da, begiak estutzera behartuko bailuke pertsona.
  • Olio baltsamikoak, suabe eta neutroak, erabil daitezke, edo krema hidratatzaileak besterik gabe. Larruazala elikatzea eta aditu ez diren eskuei leunki labaintzen laguntzea dute helburu.
  • Eutsi erritmo etengabeko bati, mugimendu bakoitzaren atzetik hurrengoa naturaltasunez eginez. Masajea zangoetan ematean, hasi oinetatik, izterrondora iritsi arte. Apurka-apurka zentimetroak irabaziz joatea da kontua, eskuak horizontalean mugituta eta zainetako odolaren itzulera eta drainatze linfatikoa lortzeko. Zerbikaletan ari bagara, zirkuluetan eman masajea, korapiloetan presiorik egin barik.
  • Ez ahaztu eskuak eta oinak. Hor izaten dira nerbio-amaierak eta horiengan eragin daiteke, era leun batean eta arriskurik gabe.
  • Ez sekula eten masajea hartzen ari denarekiko kontaktua. Espezialistak beti errespetatu ohi du maxima hori, darabilen teknika darabilela; izan ere, tenperaturak eta energiak ez dute aldaketarik izan behar.
  • Masajea hartutakoan, ongi janztea komeni da, larruazaleko beroa ez galtzeko.
  • Masajea hartu aurreko bi orduetan gutxienez ez jatea gomendatzen da odola digestioa egiten laguntzen egon ez dadin. Aurrez ura edaterik ere ez da komeni, komunera joateko masaje-saioa eten beharrik ez izateko.
  • Efektu lasaigarria lortzea da kontua. Aski da ordu erdiko saioa.
  • Oso gogoan izan beharreko arreta-neurri bat: sekula ez da masajerik hartu behar sukarra dagoenean. Masajeak igo egiten du gorputzeko tenperatura. Tentsioa baxu izanez gero, mina gutxiago sentitzen dela ohartu behar dugu eta baliteke gune bat asko igurtziz gero, kalte egitea.


Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto