Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elkarrizketa

Λ

Bernat Soria, ikertzaile zientifikoa: "Zientzian eta teknologian eginiko inbertsioa da ezezagunetik babes gaitzakeen bakarra"

  Bernat Soria, 51 urteko gizaseme valentziarra, Elcheko (Alacant) Miguel Hernandez Unibertsitateko Fisiologiako katedradun eta Bioingeniaritzako Institutuko Zuzendari da. Alor zientifiko eta akademikotik oraino ezagun ez bada ere, Espainiako ikertzaile zientifiko nabarmenetako bat da: Medikuntza Akademiako Urrezko Domina eta Saridun, Oinarrizko Ikerkuntzako Sari Nazionaldun, Fisiologiako Elkarte Espainiarreko Presidente eta, era berean, Espainiako Biofisikako Presidente da.

Ikertzaile gisa, karrera luzea egin du Europako hainbat herrialdetan baina ez da ospetsu bilakatu aresti arte, "ama zelula" izenekoen polemika piztu arte, alegia. Berak zuzentzen duen 18 espezialistak osaturiko lantaldeak orain dela lau urte sagu diabetikoak sendatzea lortu zuen, jatorri enbrionarioko ama zelulak baliatuz, zelula horiek intsulina-ekoizle bihurtu baitziren. Laborategiko saiakera horietan erdietsitako emaitzek Espainiako hiru milioi diabetikoren itxaropenak suspertu zituzten, transplantea egiteko aukera benetan urruna baitzuten ordura arte. Nolanahi ere, ernalkuntza artifizialaz bestelako zeinahi helburu lortzeko enbrioiak baliatzea erabat debekatua duen legeria topatu du Soria doktorearen lantaldeak bidean. Lege-alorreko eragozpen horrek, ikerkuntza aurrera eramatea eragotzi ordez, lehenagotik zituen postulatu etikoetan finkatzeko balio izan dio. Bernat Soriarentzat "ikerkuntza egiteko enbrioiak ez erabiltzea da inondik ere etiko ez den bakarra". Egun, Europako fondoei esker, lanean dihardu Erresuma Batuko hiru laborategitan, Belgikako batean, Alemaniako bitan, Suitzako batean eta Elcheko batean. Horren erruz, berak aitortzen duen bezala "aireportuetan bizi behar izaten du".

Ama zelula enbrionarioak ikerkuntza baliatzearen alde agertu zara: zer dela-eta?

Ama zelulak erabili ahal izatearen alde nago, jatorria zeinahi dutela ere: enbrionarioak ez ezik, fetuarenak zein gizaki helduarenak ere bai. Zientzialarien artean, bederen, ez dago polemikarik gizaki heldu edo enbrioia jatorri duten ama zelulen erabilera alternatiboaz. Jaun ezagun batzuen asmakuntza da hori. Zientzialariak, Estatu batuetako Zientzia Akademia eta hainbat Nobel saridun ere, jatorri guztietako ama zelulen erabileraren aldeko dira, zientziaren ahalbideak arakatzeko eta, denetan egokienak zein diren egiaztaturik, horiexek erabili ahal izateko. Dakiguna dakigula, jatorri enbrionarioko ama zelulak hobeak dira hedatzeko eta bereizteko, organo bat sortzeko eta zeinahi organotan beren burua bereizteko gaitasun handiagoa dutelako.

Jatorri enbrionarioko ama zelulak baliatuz, ikerkuntzaren helburua transplanteak egitea baldin bada, zein da hurrengo urratsa? Klonazio terapeutikoa, agian?

 Enbrioiak hartuta ama zelulak baliatzen baditugu, pazientearenaz bestelako hornidura genetikoko zelulak darabiltzagu: beraz, organoaren errefusari saihets egiteko inmunosuntsitzaileen premia izango dugu horrela ere. Botika horiek zoldura sortzeko eta minbizi aldera gaiztatzeko arriskua izaten dutenez, hobe litzateke inmunosuntsitzailerik ez erabiltzea. Hori ere badago lortzea, paziente horren zelulak erabiltzen baditugu eta hartzailearekin bateragarri diren ama zelulak erdiesten baditugu. Oraingoz, bederen, badakigu saguetan teoria horrek ongi funtzionatzen duela. Burbuila umeek nozitzen duten gaixotasunaren antzerako gaitz batean, saguetan klonazio-prozesu osoa egin eta arrakastaz burutu da.

Espainiako gizartea prestaturik al dago klonazio terapeutikoari abegia egiteko?

Zuzendariek uste baino dezente modernoago da espainiar gizartea: arazoari konponbidea eman dio eta, gizarte terminoetan, gehiengo zabal batek hartua du postura egokia. Bietako bat: Gobernuaren erabakia mantsoagoa da edo, bestela, Gobernuan presentzia handia izanik ere gizartean horrenbesterainoko ordezkaritza ez duten sektoreek agindutakoa bete da. Horrek ez du esan nahi alderdi etikotik arazoari erabateko konponbidea eman zaionik. Gure-gureak diren sinesmenetan eragina izan lezakeen beste zeinahi gai bezala tratatu beharra dago hau ere, baina harrigarria da kristau fededun diren batzuk, aitzitik, ikerkuntza mota honen alde agertu izana: horrelaxe gertatzen da Erresuma Batuan, adibidez, ikerkuntzaren aldeko txostenak Oxfordeko apezpikuaren abala baitu.

Hainbat ikerkuntzak sortarazitako eztabaidak direla eta, etika-batzordeak sor daitezen eskatu duzu zuk. Nola osa litezke balizko batzorde horiek?

Jarduera zientifikoa bezala beste edozein jarduera ere arautu behar du etikak. Hurrengo urteetako asmakuntza guztiak legeek aurreikustea ia ezinezkoa denez, gure inguruko herrialde aurreratuenek Gobernuz kanpoko etika-batzordeak sortu dituzte, parlamentuetako indar guztiek kontsensuz aukeraturik: batzorde horiek, autonomia osoz, egun oraino ezezagun ditugun galderei buruzko iritziak ematen dituzte.

Nola planteatu behar dira gizateriaren mesedetarako ekimenen muga etikoak?

Ikertzaileak etikaren eta legezkotasunaren barnean jardun behar du. Presio sozialak eraginik, zenbaitetan ikertzaileak pentsa dezake helburuak baliabideak justifikatzen dituela baina hori ez da horrela, inondik inora. Eztabaida teknikoa gertatzen denean, datu guztiak bildurik etika ez-konfesional bat eraikitzen da: hor eskaintzen diren konponbideak hoberenak izaten dira denentzat. Erabilera zientifikoetan baliatzeko giza enbrioien kasuan, nire jarrera ezaguna da: enbrioi horiek ez erabiltzean datza arazo etikoa, ez baita etiko enbrioiak baliatzeke bazterrean uztea. Pertsona batzuek etika aipatzen dutenean nolako etikaz ari diren galdetzen diot ene buruari: zenbaiten etika konfesionalaz ala, Giza Eskubideetan oinarri harturik, gehientsuenok onar dezakegun etikaz?

Enbrioi izoztuak kliniketan erabiltzea bilakatu da eztabaidaren epizentro baina, ernalkuntza artifizialera bideratzen ez badira (izozturik bost urte baino gehiago eman dituztelako) zer egiten da horiekin Espainian?

Suntsitu egiten dira edo, Opus Deik dioenez, "duintasunez hiltzen uzten dira". Ene iritziz, barru-barruko sinesmen bati irtenbidea ematen dion akatsa da hori baina, zuzenbide-estatu batean horrelako ikerkuntzarik ezin debeka daiteke. Zenbait kristauren aburuz, zelula bakarreko enbrioia bera ere pertsona denez, oinarri teoriko horretatik in vitro ernalkuntzari, preserbatiboak erabiltzeari eta beste hainbat gauzari uko egiten diote. Etika indibidual horiekin nekez egon gaitezke ados gainerako hiritarrok, are fededunak ere. Afrikan eta antzeko lekuetan (gogora dezagun bertako populazioaren %25 seropositiboa dela) preserbatiboa erabiltzearen kontra agertzea moralaren aurka doa, gizaki asko eta askoren sufrimendu segurua dakarrelako. Etika ez-konfesional batetik ari naiz ni, baina in vitro ernalkuntzari eta preserbatiboak erabiltzeari uko egiten dioten gizataldeak ikerkuntzan enbrioiak baliatzearen kontra ere agertzen dira beti.

Gobernuak, azkenean, amore eman eta ikerkuntza mota hori onetsiko duela sinesten duzu etsi-etsian baina, atzerapen hori kaltegarri gertatuko al zaio Espainiari? Mundu zabaleko ikerkuntzan postu batzuk galduko al ditugu?

Ikerkuntza zientifikoan, behintzat, Espainia Hirugarren Dibisioan dabil; beraz, Bigarrenera igotzeko ahalegina egin behar dugu, gutxienez. Zientzia eta teknologian eginiko inbertsioa areagotu egin behar da, horixe baita ezezagunetik babesten gaituen bakarra. Ni ikasten ari nintzelarik HIESA ezagutzen ez zen modu berean, hemendik 10 urtera nolako gaixotasunak sortuko diren oraintxe ez dakit. Nolanahi ere, egoera horri zeinek egin dio aurre behar bezain prestaturik? Oinarrizko ikerkuntza ona zutenek bakarrik. Espainian gertatu zaizkigun hondamendiek argi eta garbi erakutsi digute oinarrizko ikerkuntza hori ez dela ona. Koltza-olioaren sindromea izan zen agerpen horietako bat: hilabeteetan inork ere ez zekien zer gertatzen ari zen, baina jendea toxikatzen ari zen. Arestian, Prestige ontziaren krisian, fuel-isurketak tratatzeko berariazko teknikez hornituriko ontziak eta batiskafoa beste herrialde batzuei eskatu behar izan dizkiegu, lehenago itsas ikerkuntzan ahaleginik egin ez dugulako Espainian; baina hondamendi horien konponbidea, azkenean, askozaz ere garestiago izaten da beti.

Espainian ikerkuntza geldiarazten dizun bitartean, Europar Batasuna zure proiektua finantzatzen ari da, 2,1 milioi eurorekin. Nola baloratzen duzu hori?

Gai hau azalkeriaz jorratu dutenei, Europar Batzordeak -edo, gauza bera bestela esateko, hainbat batzorde etiko eta zientifikok- proiektu hori finantzatzea deliberatu izana harrigarri gertatuko zaie, erabaki hori aditu-talde batzuek hartu dutelako, beren buruari erabakiak hartzeko ia gehiegizko gaitasuna aitortzen dioten horien iritziz kontra.

Zure ikerlanak milioika gaixori (diabetikoei ez ezik, Parkinson edota Alzheimer gaitzek jota daudenei ere) ilusio eta itxaropenez beteriko mezua helarazi die. Itxaropentsu egoteko hainbeste motibo dago, benetan?

Itxaropenez baina zuhurtziaz hartu behar da mezua. Oso litekeena da animalietan funtzionatzen duen zerbaitek diabetes, Parkinson edo burbuila-umeen kasuan ere funtzionatzea. Beraz, denbora, lana eta ahaleginak bideratu behar ditugu horretara. Funtzionatuko ote duen? Hori seguru jakiteko modu bakarra, praktikan jartzea da. Zuhurtzia eta ahalegin horiek jatorri enbrionarioko zelulekin dihardutenei ez ezik, ama zelula helduekin lanean dabiltzanei ere eskatu behar zaizkie. Ama zelula helduak baliatzearen alde daudenek presa handiz egin dituzte pazienteetan transplanteak. Zergatik ez aplikatu irizpide etikoak transplanteei ere? Non ote dira orain saiakera klinikoetarako batzordeak, non ote laginaren diseinua, non pazientearen pribatutasuna, non azterketa konparatu bat, bestelako kontrolez eginiko lagin bat, 5 eta 10 urterako bilakaera eta guzti? Ez dakit nik, azkarregi frogatu nahi omen digute ama zelula helduak enbrionarioak baino egokiagoak direla. Etikaz hitz egiten denean, ene ustez, etika guztiez jardun behar da.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto