Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Grillez hornitutako zortzi mikrouhin labe: Diseinua ere, prezio barnean

Mikrouhin labe kromatuak garestiago dira, baina ez hobeak

  Grillez hornituriko zortzi mikrouhin labe aztertu dira oraingoan. Horien prezioek gorabehera handiak dituzte: 117 euroetatik (Samsung CE-2817N) 300 euroetara (Sharp R-74ST). Kolore zuri eta kontagailu analogikoa duten hiru mikrouhin labeak (Balay, Samsung eta Fagor) merkeenak dira; kontagailu digitala duten kolore metalikoko biak (Sharp eta Sanyo), garestienak. Kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena labe merkeenak eskaintzen du: Samsung-ek. Bera da erabiltzaileek hobekien baloratu duten bigarrena eta funtzionaltasunik handiena eskaintzen duena. Arrazoi estetikoak direla medio, eroslea mikrouhin labe kromatuaren bila badabil, Sharp, denetan garestiena, izan da balioztapen hoberenekoa.

Mikrouhin labeak frekuentzia handiko uhin elektromagnetikoak igortzen ditu: uhinok elikagaiak daukan ura berotzen dute eta, barnetik hasita kuzinatzen denez, produktua egosi egiten da beti, erre ordez. Esate baterako, sekula ez doa 100º C-tik gora, horixe baita uraren lurruntze-tenperatura. Horregatik aurkitzen dugu elikagaiaren barnealdea azalera baino beroago eta arrazoi beragatik honelako labeek ez dituzte ontzi hutsak berotzen: elikagaiak berotu eta desizoztu baizik ez dituzte egiten aparatu hauek. Grillez osaturiko mikrouhin labeek, frekuentzia handiko uhin-emisoreaz gainera, kuartzozko bi barra ere badaukate (janariak gorritu eta gainerretzeko beroa ematen dutenak, alegia).

Ohiko hiru erabiltzailek labearen itxura puntu bakarretik bost puntura kalifikatu zuten. Batez besteko balorazioak hiru puntutik gora ibili ziren zortzi laginetan ere eta nabarmentzekoak dira LG eta Sharp (3,6na puntu), argibide-liburuagatik eta ergonomiagatik. LG laginak puntuazio hoberena jaso zuen kanpoko itxurari (4,7), argiztapenari (4) eta ikusgarritasunari (4) zegokienez. Samsung markakoak, berriz, balorazio orokorrean (3,2 puntu) emaitza txarrena eraman zuen, abiatze (3,7) aginte eta kontrolen argitasun eta baliagarritasunean (4,7) nabarmendu bazen ere; argiztapenean eta mantenu eta garbitasunean (2 puntu), egonkortasun, neurri eta ikusgarritasunean, aldiz huts egin zuen (3 puntu).

Egiazko proba

Laginak probatzeko, haietako bakoitzean lasagna, kaneloiak eta pizza kuzinatu eta ogia eta ziazerbak desizoztu ziren. Samsung labeak irabazi zuen puntuazio hoberena (4,6 puntu, 5etik) eta toki txarrenean LG gertatu zen, puntuazio onarekin, dena den (3,3 puntu): ogia desizoztean (4 puntu) eta lasagna eta kaneloiak kuzinatzean (5 puntu) emaitza onak erdietsi bazituen ere, bai tenperaturan, bai desizozturiko ziazerben uniformetasun eta ukituan ere, pattal ibili zen (2 puntu).

Mikrouhin labe batek txikia izan behar du kanpotik eta zabala barrutik. Panasonic da denetan txikien eta arinena (458 x 299 x 315 zentimetro eta 10,5 kilo), baita barne-edukiera txikienekoa (17,4 litro) ere. Fagor, aitzitik, astunen eta handiena da denetan (541 x 316 x 410 zentimetro eta 19,2 kilo), eta barne-edukiera bigarren handiena du (23,5 litro). Lagin guztietan, egiazko edukiera adierazitakoa baino txikiagoa izaki (Fagor markak ez du datu hori ematen), kasuren batean, 5,5 litrokoa izan zen bata eta bestearen arteko aldea (Samsung laginean, hain zuzen). Panasonic labeak dauka haririk luzeena (145 zentimetro), eta denetan laburrena Whirlpool laginarena da (91 zentimetro).

LG, Balay, Sanyo, Sharp, Panasonic eta Fagor laginen gehieneko potentzia 900 wattekoa da, eta Samsung labeak 850 watt dauzka; Whirlpool da denetan ahulena, 750 watt besterik ez baitu. Egiazko kontsumoari dagokiola, Panasonic (ahaltsuenetako bat) da kontsumo gutxien egiten duen laginetako bat, bai mikrouhin funtzioan (1.155 watt) baita konbinatuan ere (1.710 watt); gutxien kontsumitzen duen grilla Whirlpool laginarena da (750 watt). Hona kontsumo gehien dutenak: Sanyo mikrouhin funtzioan (1.455 watt), LG grillean (1.240 watt) eta Fagor konbinatuan (2.566 watt).

Denbora neurtzeko sistemak

  Bost laginetako tenporizadoreak digitalak dira: garestiago eta -ustez bakarrik- zehatzagoak (LG, Whirlpool, Sanyo, Sharp eta Panasonic). Beste hirurek (Balay, Samsung eta Fagor-ek) analogikoa dute. Whirpool labearen tenporizadorea da egosaldi-denborak zehazkien neurtzen dituena (bost segundoan behin) eta txarrena Balay (hogeita hamar segundoan behin graduatzen da). Denetan zehatzena, berriz, analogikoetako bat da, Samsung (minutuan bost ehuneko aldea bakarrik agertzen du) eta denbora okerren neurtzen duena, azkenik, Fagor: minutuari beste bi segundo gehitzen dizkio.

Tenporizadore analogikoek onartzen duten gehieneko programazioa ordubetekoa da eta digitalek, berriz, 90 minututik (LG, Whirlpool, Sanyo) 100 minutu (Panasonic, Sharp) bitartekoa. Aurretiaz antolaturiko programek labearen erabilera soildu edo erraztu egiten dute, egosaldiaren iraupena eta potentzia elikagaien pisuaren eta nolakotasunen arabera egokitzen baitute. Ezaugarri hori tenporizadore digitalaz hornituriko bost mikrouhin labeek bakarrik agertu zuten.

Labe horien hiru funtzioak (mikrouhinak, desizoztea eta grilla) eragitea dela eta, erregulatzaileak posizio asko behar du izan, egospen-potentzia zehatzago gertatuko bada. Whirpool laginak hamabi posizio ditu eta Panasonic labeak zazpi.

Zortzi labeek dituzte erretilu birakaria, lana amaitutakoan abisatzen duen mekanismo akustikoa eta, atea zabaldutakoan, denak gelditu ziren. Zortzietatik lau laginek (LG, Whirlpool, Sanyo eta Panasonic-ek) aparatua martxan jartzea galarazten duen segurtasunezko blokeoa daukate. Lagin guztietan, martxan zeudela, aldatu ahal izan zen programaturiko denbora; potentzia, ordea, ezin aldatuzkoa gertatzen da LG, Sanyo eta Sharp labeetan, hauek funtzionatzen duten bitartean.

Barrualdeko beroaren aurkako babespena ere aztertu zen, alkohol etilikoz garastatu eta azukreztaturiko patata bat grill eta mikrouhin funtzioetan potentzia handienean eraginez (gorabehera horietan oso litekeena da elikagaia sukartzea). Lagin bakar batean ere ez zen babes termikoa martxan jarri: zortziek segitu zuten martxan. Areago, Samsung eta Panasonic laginen atearen barrualdea su-garretan hasi zen.

Kontsumitzailearentzako informazioa, ondo

Laginen etiketa eta markak ulergarri eta argigarri gertatu ziren. Lagin bakar batean ere gizakiaren hatza ezin da iritsi barruko atal aktiboetaraino; labe guztiek gainditu zituzten bai ihesen korronte-proba, baita zurruntasun dielektrikoarena ere (test horiek aparatuaren funtzionamendu elektrikoaren zuzentasuna adierazten dute). Araua gainditzen ez duen bakarra Whirpool da: erabiltzaileek muturreko baldintzetan berotu zutenean, kable isolatzaile bat ketan hasi zen. Panasonic laginean, akatsez funtzionatu zuenean, babespen mekanismoa martxan jarri zen; LG, Balay, Samsung, Sharp eta Fagor laginetan ez zen inongo babesik agertu, baina labeak ez ziren gehiegizko tenperaturetara iritsi; Sanyo labea txinpartaka hasi zenez, kable baten isolatzailea belztu egin zen.

Beroaren eta suaren aurreko erresistentzia, berotze eta egonkortasun eta arrisku mekanikoen saiakeretan emaitza onak erakutsi zituzten lagin guztiek. Uhinen ihesak aparatutik bost zentimetrotara neurtu ziren. Segurtasunaz ari garela, labe guztietan, arauak xedatutako gehieneko mugen azpitik dabiltza, oso (10 - 50 aldiz).

Funtzionatzen ari dela, beste etxetresna elektrikoen prestazioetan eraginik izan dezakeen labe bakarra Panasonic da: martxan dabilela, bere jarduera elektrikoa hozkailuko termostato elektronikoa nahasi edo ikuzgailu elektronikoaren ikuzte-zikloa eten egin dezake. Bateratasun elektromagnetikoko proba guztiak erraz gainditu zituzten gainerako zazpi mikrouhin labeek.

Beste aldetik, kontsumitzaileari eskaini behar zaion informazio eta babesari dagokionez, zortziek emaitza ona atera zuten. Den-denek ematen dituzte aparatuak instalatu, erabili eta mantentzeko argibideak eta, areago, errezeta liburua dakarte guztiek. Espainiako legeak xedaturiko sei hilabeteko bermea Whirpool eta Fagor markakoek ematen dute; gainerakoek, urtebete.

Erabiltzeko aholkuak

Aparatuak dakartzan argibideak arretaz irakurtzeaz gainera, mikrouhin labea behar bezala erabiltzeko hainbat aholku betetzea komeni da:

  • Mikrouhin labea hutsik dagoenean martxan ez jartzea.
  • Ez sartzea bertan elementu metalikorik, ezta urre- zein zilar-pinturaz amaituriko portzelanazkoak ere.
  • Berotzen hasi aurretik, elikagai "hermetikoak" (arrautzak, hestekiak, etab.) ziztatu, zulatu edo irekitzea.
  • Plastiko, paper edo bestelako gai erregarriz eginiko ontziak erabiltzen direnean, zaindu labea etengabe, produktua ez sukartzeko.
  • Labetik ateratzean, biberoi eta txarroetako edukia nahasi eta bertako tenperatura egiaztatzea, erredurarik ez gertatzeko.
  • Likidoak irakin ondoren, zabaldu atea eta itxaron segundoren bat, ontzia eskuratu aurretik. Bestela, aireak eta likidoak elkar ukitzean, bat-bateko irakinaldia jazo eta erabiltzaileari erredura larriak eragin liezazkioke.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto