Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Teknologia Berriak

Λ

PDA agenda elektronikoak: Informatikarik mugikorrena

Agenda elektronikoei esker, berez ordenagailuari dagozkion atazak nonahi egin daitezke

  Patrikan sartzeko moduko ordenagailu ñimiñoak mahai gaineko senide nagusiak behin betirako baztertuko lituzkeela esan izan da, erdi-ametsetan. Benetan pertsonala litzatekeen ordenagailua, erabiltzaileak bidaietan gainean leramakeena, beharrizan elektroniko guztiak beteko lizkiokeena: eskutitza idaztetik hasi eta pelikula ikusteraino. Nolanahi ere, XXI. mendearen hastapen hauetan urruti gaude kimera horretatik. Ordezkatzea... zertarako etxeko ordenagailuak ordezkatu, osatzea aski izanik?

PDA izeneko hauek zeregin hori betetzen dute. Laguntzaile digital pertsonalak (PDA, ingelesezko sigletan) agenda elektroniko txikiak dira eta idazkera bitartez funtzionatzen dute, horretarako pantailan zuzenean baliatzen den boligrafo elektronikoari esker. Ekarri duten berrikuntza nagusia bistan da: agenda elektroniko klasikoek ez bezala, ez dute erabiltzailea hertsatzen programa multzo itxi baten barruan; alderantziz, hark interesgarri jotzen dituen programekin kargatzeko aukera eskaintzen dute, etxeko ordenagailuan gertatzen den bezala. Horrenbestez, bertan kargaturiko programek egin ditzaketen eragiketa guztietarako balio dute agenda hauek.

PDA horien funtzio klasikoak betikoak dira: agenda, ohar-kaiera eta kalkulagailua, alegia. Berariazko programa kargatuz gero, ordea, bertan dokumentuak idatzi, kalkulu-orriak maneiatu, posta elektroniko bidezko mezuak igorri eta jaso, eguneko prentsa irakurri, astroen posizioaren berri izan, errepide-mapak kontsultatu, Interneten nabigatu, jolastu eta beste hainbat gauza egin daitezke.

Noiznahi eguneratuak

Hona aparatuon klabea: horietako gehienak senide nagusiekin (etxeko ordenagailuekin) uneoro mintzo dira. Erabiltzailearen ordenagailuarekin PDA entxufatzen den bakoitzean (egunero egitea komeni izaten da) bietako datuak sinkronizatu egiten dira elkarrekin. Esate baterako, bi aparatuetako zitak eguneratzen dira, etxean idatzitako Word dokumentuetako akatsak autobusean zuzen daitezke eta agenda elektronikoa prentsaz kargatzen da, kafesnearen aurrean egunkaria patxada ederrean irakurri ahal izateko.

Aparatu hauek konpondu gabe duten kontua testua da. Telefono mugikor batetik mezu labur bat bidali duen edonork (are gehiago, WAP baliatuz Interneten barrena ibilia bada) daki horren aparatu txikian idaztea ikaragarri mantsoa dela. PDA horiek teklaturik ezari hainbat irtenbide bilatu dizkiote. Graffiti izenekoa da hedatuena, gaurkoz: arkatz berezi batekin pantailan idatzi behar du erabiltzaileak letra bakoitza, aurrez zehazturiko eran. Horrela, agendak erraz bereiziko du jabeak idatzi nahi izan duena.

Beste agenda batzuek teklatu txikia dakarte baina, eskuarki, horrelakoak maneiatzea ez da kontu erraza. Dena edukitzea nahiago duen kontsumitzaileak badu PDA-ren behe aldeari tolesturik eta atxikita, zabaldu behar den teklatua, baliagarri. Eroso-erosoak dira, egiari zor, baina garesti samarrak ere bai. Azkeneko aukera omen den esanera idatzi ahal izatea, ordea, urruti omen dugu oraino.

Merkatuan dauden PDA aparatuak, funtsez, bi modutan dabiltza: badira Palm sistema operatiboarekin funtzionatzen dutenak (aparatua Palm markakoa ez bada ere) eta Microsoft-en Pocket PC sistemaz dihardutenak. Aurrenekoak, eskuarki, merkeagoak eta erabiltzeko errazagoak izaten dira. Microsoft sistema daramatenek, aldiz, multimedia-aukera ugariago dituzte (bideoak ikusi edota musika entzuteko parada eskaintzen dute; hori bai, tarte labur batean, aparatuaren memoria txiki samarrak dezente mugatzen baitu emanaldia) baina garestiagoak dira eta bateria gehiago gastatzen dute. Nolanahi ere, sistema batean zein bestean ere, etxeko ordenagailua ez bezala, PDA aparatuak berehala piztu eta itzaltzen dira eta ez da derrigorrezkoa aldaketak gordetzea, den-dena automatikoki biltzen baita.

Hibridoak

Aldean daramatzagun traste elektroniko txiki horiek guztiak integratzea da egungo joera; bestela, hainbeste aparatu elektroniko erosteko bezainbeste dirurik ezean gerta liteke erabiltzailea aurki.

Merkatuan salgai ditugu gaur bertan agenda elektroniko gisa dabiltzan telefonoak (Nokia 9310, Ericsson R380), telefono gisa diharduten PDA aparatuak (Handspring Treo), musika erreproduzitzailea daukaten telefonoak (Siemens M-45) eta agenda-funtzioez hornituriko musika erreproduzitzaileak (Apple iPod).

Gehitu horri guztiari argazki kamera digitalak, GPS (satelite bidezko kokatze-sistemak) eta Interneterako hari gabeko konexioak: horra hor erabiltzaile baten beharrizan digital guztiak aseko lituzkeen "denak bat" elektronikoa.

Palm-ekin gogoratuz
www.piensaenpalm.com

  Espainieraz ondo osaturiko web orria, PDA aparatuez. Aplikazio ohikoenei buruzko balorazioak ez ezik, horrelako aparatuei zuku gehien ateratzeko truku eta gidaliburuen informazioa ematen du.

Gutenberg proiektua
http://promo.net/pg

  Homero, Poe eta beste askoren autore-eskubideak dagoeneko indargabetu direnez, milaka boluntariok ahaleginetan dihardute literaturako urrezko lan horiek edonoren eskutara egon daitezen. Eskaintzen den formatua (testu laua) erabiltzeko oso erraza da esku-agenda batekin.

Softonic
www.softonic.com

  Espainierazko orri honek PDA-entzat doaneko programak biltzen ditu, bai Palm, bai Pocket PC sistemetan. Aplikazioak ongi egituratuak, bilaketa erraz eta erosoago gerta dadin. Azken nobedadeak, programarik eskatuenak eta balorazio hoberenekoak jasotzen dituzten zerrendak ere agertzen dira bertan.

PDA erostean zeri erreparatu?

Pisua eta tamaina
PDA beti gainean eramango duzunez, zenbat eta txikiago eta arinago izan, orduan eta erosoago jazoko zaizu.

Pantaila mota
Handia, irakurtzeko erosoa izan behar du. Ez izan zekena horretan.

Koloretakoa
Ez da, inondik ere, nahitaez bete beharreko baldintza: pantaila koloretakoa duen PDA batek askozaz bateria gehiago kontsumitzen du. Kontuan izan zertarako eta zenbatetan erabiliko duzun eta, hortaz, koloreari etekinik aterako diozun.

Handitzeko ahalmena
Aurreikusi, badaezbada: zure PDA argazki kamera edo GPS bihurtzeko, edo memoria handiagoaz hornitzeko, modulurik erantsi nahi izango duzu noizbait, akaso. Ahal dela, saia zaitez gehigarriak onartzen dituen aparatua eskuratzen.

Sistema operatiboa
Agenda merkeagoa eta, eskuarki, erabiltzeko errazagoa nahi baduzu, hautatu Palm sistema operatiboa (PDA ez da marka horretakoa izan behar, nahitaez). Bestela, Pocket PC aukeratu beharko duzu, multimedia funtzioez gozatzeko aukeraren truk, aparatua erostearren diru gehiago ordaintzeko eta bateria gehiago gastatzeko prest baldin bazaude, Windows daukaten ordenagailuekin bakarrik jarduteko.

Konexioak
Zure ordenagailuak USB baliatzeko aukera ematen badizu, ziurtatu PDA-ren konexioa portu horren bidezkoa dela (serie tradizionala baino azkarrago eta erosoagoa baita). Horrez gainera, infragorriez hornitua behar du eta wi-fi edo Bluetooth txartela baldin badu, harik eta hobe.

Bateria mota
Gama apaleneko modeloek pila alkalinoekin funtzionatzen dute eta gama garaikoek, aldiz, ion-litioko bateriak darabiltzate (behin eta birritan kargatzeko modukoak).



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto