Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Erosketa konpultsiboa, hau da, neurri eta kontrolik gabe gauzak erosteko afan errepikakorra, ez da Eguberrietako kontua bakarrik; garai honetan publizitate komertzialaren insistentziak eta tradizio kontsumistak gastuak nolabait gehitzea eragin dezakeela egia den arren.
Konpultsiozko joera hori adikzioa da eta bere mailarik larrienean oso jende gutxiri eragiten dion arren, uste duguna baino maizago gertatzen da. Erreprimitu ezindako inpultsu baten ondorio da, gero damua sentitu arren, hasiera batean oharkabean egiten den ekintza, baliagarri ez diren gauzak erosi edo ahal duena baino gehiago gastatzen baitu pertsonak.
"Deprimiturik nago", "angustia sentitzen dut", "airea falta dut, irten beharra daukat": esaldi hauek eta antzeko beste batzuk esan ondoren, erosketak egitera irteten dugu, dirua gastatzeak gure antsietatea edo atsekabea arinduko duelakoan. Tristura, amorrua, inork ulertzen ez gaituen eta arretarik jartzen ez diguten sentimendua eta bakardadea sentitzen direnean, ezertarako behar ez ditugun gauzak erostera jotzen da ihesbide gisa, erosteko unean ase egiten gaitu eta. Norbaitek jaramon egiten digula eta "norbait garela" sentitzea bilatzen dugu akaso. Erosiz bizirik sentitzen gara, hein batean garrantzitsu eta bete egiten dugu bakardadeak, asperdurak, tentsioek, arazoek eta disgustuek sortu ohi duten hutsunea. Mina arindu nahian, erostera eta gauza jakin bat edukitzera bideratzen dugu gure haserrea. Bizitzaren zentzurik ezak, bizitzan jomugarik ez izateak, alferrik gaudela eta inork ez gaituela behar sentitzeak, tristurak, apatiak, asperdurak, frustrazio edo desengainu batek, gauzak erosteko desioa pizten dute zenbait pertsonarengan, horiek erostea oso justifikagarria izan ez arren. Asmo banal hori ohitura bihurtzen denean, premia eutsiezin bilakatzen denean, arazoa sortzen da.
Inpultsu bidez jokatzea eta antsietatea ditu ezaugarri eta norbere bizitzarekin bat ere gustura ez egotea, eguneroko bizitzan eragingarri edo estimulurik ez izatea eta publizitate komertzialaren aurrean jarrera kritikorik eza eta sineskortasun handia edukitzea; izan ere, publizitate horrek kontsumoarekin lotzen ditu zoriona, norbere buruarekiko segurtasuna eta ongizate emozionala. Badira beste faktore batzuk ere, adibidez estimulu sozialaren nahia edo jende asko pilatzen den tokiekiko interesa (horixe da zentro komertzial edo denden kasua), eta baita norbere erakarpen fisikoari buruzko segurtasunik eza ere. Gutxi balio den sentimendua eta autoestimu urritasuna ere egon daitezke kontsumo irrazional honen atzean.
Kontsumo konpultsiboaren lehen agerpenak hogeiko hamarkadan jaso ziren arren, laurogeikoan hasi zen ia-ia gaixotasun sozial bihurtzen eta mota guztietako pertsonak harrapatzen ditu. Gazteek izaten dute joera gehien, beharbada nerabezaroan zailago izaten delako inplultsuak kontrolatzea. Gazte kontsumistak zentro komertzialak bisitatu zale izan ohi dira eta etengabe sentitu ohi dute erosketetarako joan eta gauza berriak erosteko desioa. Egia esan, portaera hori asebetetze pertsonalik ezaren, asperdura sentsazioaren eta autokontrolik ezaren ondorio da eta baita eragingarririk eta aisialdiko denbora gestionatzeko estrategiarik ezaren eta arlo ekonomikoan erantzukizun urria izatearen ondorio ere. Gainera, gazteak zaurgarriago dira publizitate-mezuen aurrean, bizitzako garai hain aldakorrean eta ezegonkortasun pertsonala ezaugarri duen horretan.
Zentzurik gabe erosteko mendetasuna dutenek aitortzen dutenez, erosketa konpultsiborako joerari ez duten pertsonek baino bi aldiz gehiago ikusten dute telebista.
Jokaera adikziozkoa dela esateko hiru ezaugarri erakutsi behar ditu pertsonak: tolerantzia (emozio berbera lortzeko gero eta gehiago kontsumitzeko premia), abstinentzia sindromea (adikzioa ase ezin denean) eta kontrola galtzea (kontsumoa gelditzeko ezintasuna). Erosteko joera konpultsiboak -bere agerpenik muturrenekoetan behintzat- ezaugarri horiek guztiak biltzen ditu: pertsonaren borondatea hutsaren hurrengoa da, erosketa eginda lortzen den asealdiak oso gutxi irauten du eta espiral moduko batean sartzen da pertsona eta nekez irtengo du espezialistaren laguntzarik gabe.
Edozein modutan ere, ñabardurak egin beharra dago: ez da komeni antsietate egoerak konpontzeko behar ez ditugun gauzak edo gure aurrekontua astinduko dutenak erostera jotzea; baina ez dago atsegina ematen diguna erosteari uko egin beharrik, joera hori eta izan ditzakeen ondorioak kontrolatuz gero.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa