Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Etxeko ekonomia

Λ

Errenta finkoan inbertitzea: Irabazi seguruagoak bai, baina epe luzera

Errenta finkoan inbertitzea lasterketa luzearen pareko da: presarik gabe, epe luzera etekinak lortzeko helburuz bideratzen da kapitala bertara

Letrak, enpresako zor-agiriak, Estatuko bonoak, kupoiak, AAA. kalifikazioa... Hitz horiek denak errenta finkoarekin loturik daude. Burtsako kotizazioa beheraka etengabe doan eta bertan kotizatzen duten tituluek emaitza negatiboak agertzen dituzten garaiotan, negozio-aukera seguruagoen bila dabil inbertitzailea. Orduantxe agertzen da errenta finkoa, aldakorra baino erakargarriagoa baldintza horietan, dirurik irabazteak arrisku txikiagoa eskatzen baitu, espero daitekeen errentagarritasuna (urtean %5 baino handiagoa, nekez) apalagoa den arren.

Errenta finkoan inbertitzea lasterketa luzearen pareko da, berehala etekinak ateratzea bigarren mailara igarotzen baita: zeregin horietara, eskuan edukiko ez den dirua bideratu ohi da, horrekin eta kezkarik hartzeke etekin seguruak erdietsi nahi izanik, epe luzera.

Zer da errenta finkoa?

Kanpoko-finantzaketa atzitzeko helburuz, enpresa eta erakunde publikoek jaulkitzen dituzten balioak dira. Aurretiaz hitzarturiko epean, inbertitu den kapitala gehi interes jakin batzuk ordaintzeko konpromisoaz, inbertitzaileei erakunde jaulkitzaileek eskaintzen dizkieten maileguak dira, bestela esateko. Errenta finkoko inbertitzailea ez da akzionista: lehendabizikoa erakunde jaulkitzailearen hartzekodun soila den bitartean, bigarrena konpainiaren kapital sozialaren parte baten jabe da. Kontu honek berebiziko garrantzia du enpresaren likidazioa egitean, bazkidearen aurretik hartzekodunak lehentasuna baitu eragiketa horretan. Errenta finkoa izen horrekin bataiatu da, merkatuan dauden horrelako produktu gehienek (bonoak) erostean ezaguna den interes finkoa (kupoia) ordaintzen dutelako. Hona, bonoak eta errenta aldakorreko (akzioak) produktuen arteko beste desberdintasun nabarmena: akzioek edukitzaileari eskubide politikorik (Akziodunen Batzarrean esku hartzekoa edo urteko kontuak ikustekoa, adibidez) aitortzen diote eta errenta finkoak ez.

Zenbaki gorriak

Errenta finkoa inbertsio seguruaren pareko jotzen den arren, baliteke zenbaki gorriekin azaltzea ere. Ez da arazorik izango (erakunde jaulkitzaileak porrot egitean izan ezik) bonoa muga-epea agortu arte mantentzen bada. Dena den, data hori baino lehenago saldu nahi izanez gero, hainbat alderdi kontuan hartzea komeni izaten da. Bonoak bost urterako eskuratuta, hiru urte bakarrik igarotakoan inbertitzailea saltzeko premian jazotzen bada, diruaren prezioa (interes tasak) gogoan izan beharko du, bonoaren kotizazioa eta interes tasak alderantzizko erlazioan loturik baitaude: tasek gora egiten badute, hortik aurrerako errenta finkoko jaulkipenek interes handiagoa eskainiko dute eta, horrenbestez, inbertitzaileak epea burutu aurretik bigarren mailako merkatuan (bigarren eskuko errenta finkoko merkatu gisa) saldu nahi duen bonoa ez da jaulki berria bezain erakargarria. Hortaz, saltzen baldin badu, bonoa erositako prezioan baino merkeago entregatu eta, noski, dirua galdu beharko du. Kontrakoa gertatzen bada (hau da, interes tasak merkatzen badira), eskaintza hobeak jasoko ditu eta irabaziak ekarriko dizkiote.

Jaulkitzailearen kaudimena

Eragiketa hauetan hiru faktoreri erreparatu behar zaie: inbertsioaren epeari, interes tasari eta jaulkitzailearen kaudimenari, bermeari. Inbertsio epea zenbat eta luzeago izan, hainbat eta handiagoak izan ohi dira irabaziak. Interesek sekulako garrantzia dute, epe-muga iritsi aurretik inbertitzaileak balioak saltzea erabakiko balu, adibidez. Jaisten badira, produktua hasierako prezioan baino garestiago saldu ahal izango da, baina gora eginez gero, aldiz, dirua galtzeko arriskua ere badu. Balioaren jaulkitzaileak kaudimenik ba ote duen jakitea ere funtsezkoa da. Arrisku hori agentzia espezializatuek neurturik, errenta finkoko jaulkipenak kalifikatu egiten dituzte: "ratings" derizte horrelako balioespenei. Hainbat agentziaren baremoen arabera, AAA-ren ratinga sinesgarriena da, hots, finantza konpromisoei buru egiteko erakunde jaulkitzaileak ahalmen handia daukala adierazten da horrela. "B" ezaugarria perspektiba negatiboen adierazle da eta enpresa batek "C" merezi duenean, ez ordaintzetik gertu dabil. Errenta finkoaren aldeko hautua egin aurretik inflazioa ere kontuan hartzea komeni izaten da, errentagarritasunaz bakar-bakarrik kezkatu ordez. Epe motzerako errenta finkoaren emaitzek, zenbaitetan, ez dute KPI gainditzen. Horrela jazotzen da aktibo publikoekin, adibidez: Altxorreko letren errentagarritasuna ez da iristen %3ra: kontuan izan dezagun Espainian urriko KPI %4 inguruan kokatu zela.

Produktu motak

Errenta finkoko balioak hamaika motatakoak diren arren, batzuk eta besteen arteko aldea erakunde jaulkitzailean -publikoa edo pribatua- eta epe mugan bilatu behar da. Zor publikoa Estatuan, autonomi erkidegoetan eta beste hainbat erakunde publikotan (udalak, etab.) datza eta agentziek kalifikaziorik hoberena ipini diote; hau da, inbertsio seguruak dira. Zor publikoak Altxorreko Letrak, Bonoak eta Obligazioak eskaintzen ditu. Letrak, epe laburrerako balioak dira (gehienez ere 18 hilabetean itzultzen dira), interesak, inbertitu den kapitala itzultzean ordaintzen zaizkio jabeari. Bonoak, aitzitik, hiru edo bost urtetara jaulkiak daudela, aldian behin interes jakin bat ordaintzen dute. Estatuko Obligazioek Bonoek bezalako izaera dute, baina epe luzerakoak dira (10, 15 edo 30 urtera). Kupoiak maiztasun jakin batez (hiruhilekoan, seihilekoan edo urtean) ordaintzen dira. Zor publikoko azken jaulkipenak honako urteko errentagarritasunak eskaini zituen: Letrak, %2,9; Bonoak, %3,8; Obligazioak, %5,36.

Errenta finko pribatuko balioez ari garela, enpresako zor-agiriak ditugu nabarmen: balio hauek zero kupoi dira, hots, Letren kasuan bezala, inbertitu den kapitalaren epe-mugan ordaintzen dira interesak. Zor-agiriak epe laburrekoak dira (7 egunetik 18 hilabetera bitartekoak). Horiez gainera, Bono eta Obligazioak daude merkatu pribatuan eta, zor publikoan bezala, epe ertain eta luzekoak dira hemen ere.

Inbertitzaileak, aurrezkiak inon sartu aurrez, hainbat alderdi izan behar ditu gogoan, hala nola:

  • diru-kopuru erabilgarria
  • inbertitu kapitala noiz arte eduki nahi duen ibilgeturik
  • lortzea espero duen etekina eta, helburu hori erdiesteko, zein prezio ordainduko lukeen, hau da, nolako arriskua onar lezakeen

Honelako finantza produktuak kontratatzean, baldintzak presarik gabe irakurri behar dira, aurreikusitako epea baino lehenago kapitala berreskuratu nahi izanez gero, arazoak sor daitezke eta. Kontratuak, inbertitu dirua noiznahi berreskuratzeko aukera ematen duela egiaztatzea komeni izaten da; baita, era berean, itzulera hori zein baldintzatan egingo den jakitea ere.

Komisioak: inbertsioa egin den finantza produktua, zeinahi banku edo aurrezki kutxatan irekiko den balio kontu batean sartuko da. Kontu horiek bi eratako komisioez zamatu ohi dira: administrazio eta zaintzagatik, tituluen balioaren %0,5 eta %0,6 bitarteko kargaz, eta urteko interesak kobratzeko unean, jasotako interesen %0,3 ingurukoaz.

Fiskalitatea: errenta finkoko fondoen bitartez lortzen diren irabaziak PFEZaren oinarri zergagarriari erantsiko zaizkio eta %18rainoko atxikipena nozituko dute.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto