Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Txostena

^

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Elurretako kirola: Patrika guztien eskura

Hasi berri den elur-sasoirako eski-garairako dena prestatu ondoren, estreinako elurrak erori batera eskien hautsak harrotuz datorren zaletu oldeari ongi etorria eman eta ateak zabaldu dizkiete

Estreinaldien garaia

Ahalik eta bisitari gehien erakartzeko eta, bide batez, elurretako kirola praktikatzen dutenei instalazio hobezinak eskaintzeko jomugaz, urtero-urtero berrikuntza ugari egiten dituzte eski-estazioek. Hasi berria dugun garai honi aurre egiteko, Espainiako eski-estazioek instalazio eta zerbitzuen hobekuntzan 32 milioi euro inbertitu dituzte. Pirinio katalana da denetan gastu handiena egin duena (15 milioi euro), ondotik Mendilerro Kantaurikoa datorkiola (9 milioi euroko inbertsioa). Aragoi, Sistema Penibetiko eta Sistema Zentraleko estazioek, berriz, 3,8, 2,8 eta 1,2 milioi euro inbertitu dituzte, zeinek bere instalazioak egokitzeko.

Inbertsio horiei esker, Espainiako estazioek, denera, 3.239 elur-kainoi ezarri dituzte. Bestela esateko, eskiatzeko moduko pistek guztira 837 kilometro dituztelarik, 235 kilometro inguru elurrez estaltzeko bezainbesteko ekoizpena bermatzen dute aparatu horiek.

Lleidako Baqueira-Beret estazioak, 1.500 kotan aparkalekua egiteko proiektua eta pista beltza estreinatuko ditu; eta orain erabilgarri dauden aparkalekuak Aneu aldeko haranetara zabaltzeko aukera ere aurreikusi da. Port Ainé (Lleidan orobat) estazioak aurtengoan "eski-kros" eta "boader-kros"egiteko berariazko tokiak ez ezik, goi-mendiko eskola berria ere eskainiko ditu.

San Isidro eta Javalambre estazioetarako sarbideak irekitzea, Boí Taüll Resort, Manzaneda, Candanchú, Astún, Masella, Valdezcaray eta La Covatilla-n pistak zabaldu, berritu eta hobetzea; Valgrande-Pajares, Alto Campoo, Valdezcaray eta Valdesquí-n igogailu berriak sortzea; Candanchú, Port del Comte eta Vallter 2000-n aparkalekuak zabaldu eta egokitzea, Sierra Nevada, La Pinilla eta Formigal-en orri elektronikoak berritzea eta antzeko ekitaldiak dira aurtengo panorama berriaren osagai nagusiak.

Batean kale, bestean bale

Eskiatzen egiten den ariketa fisikoa eta, horri esker, naturarekin kontaktuan bizitzea, onuragarri gertatzen zaizkio inondik ere gure osasunari. Mendiko aire osasuntsuak organismoaren oxigenazioa lagundu eta eguzkiak D bitaminaren produkzioa areagotzen du, balizko errakitismo eta osteoporosiari buru egiteko. Bestetik, eskia praktikatu ohi den altuerak (2.000 metro inguru), globulu gorri eta zurien kopurua biderkatu egiten du, organismoaren defentsen mesedetan. Beroaren eta hotzaren eraginez epidermiseko geruza baskularrak martxan jartzen dira, deskongestioa erraztuz eta birsortzaile epitelial gisa jardunez.

Eskiak, nolanahi ere, baditu arriskuak ere. Prestakuntza fisiko eskasak edo kirola kontrol gabe praktikatzeak kalte larri eta iraunkorrak ondoriozta diezazkieke eskiatzaileari berari eta aldamenekoei. Ospitaletako traumatologi zerbitzuek urtero-urtero istripua nozituriko eskiatzaile ugari hartzen dituzte, belaunean (menisko, errotula, ligamenduetan...) lesiorik izan dutenak, batez ere. Kubitu, erradio, klabikula, ukondo, tibia eta perone hautsiak, besaburuen luxazioa, hatz lodiaren ligamendu kubitalaren haustura, lipotimia, hipertentsio eta konjuntibitisak dira eskia praktikatzean ondorezko gaitz ezagunetako batzuk.

Eskiatzea, bai; ondo babesturik baina

Eskiatzaileak hartzen duen arriskua eta, pistan bertan istripua izanez gero, garraioa bakarrik kostatzen dena -pistatik osasun-zentro batera eramate hutsa 210 eta 270 euro bitarteko gastua izan daiteke- medio, istripuen kontrako asegurua kontratatzea komeni izaten da, bidai agentziaren bitartez, federazioaren bitartez edo eski-estazioan bertan.

Eguneko bi euroren truk, aseguratua eta bere laguna pistetan erreskatatzea, medikuntza-egoitzaraino garraiatzea, botika-gastuak, bidaian barrenako matxurak, hirugarrengoei eragin dakizkiekeen kalteak, bere etxeraino eramatea, etab. babesten dituen asegurua kontrata daiteke.

Ohiko kirolariak, beharrezkoa balitz osasun asistentzia eskainiko liokeen federazio-lizentzia lortzeko aukera izaten du. Espainian Autonomi Erkidegoek tokian tokiko federazioak dituztenez, erakunde horietako batean sartzea erabakitzen duen kirolariak ordaindu behar duen prezioa aldatu egiten da leku batetik bestera . Valentzia Erkidegoko federatuek, esate baterako, urtean 58 euro ordaindu behar izaten dute pistetan erreskatatzea, medikuntza-egoitzaraino berariaz garraiatzea, sortarazitako medikuntza eta sendagaietako gastuak, bere etxeraino eramatea eta erantzukizun zibileko asegurua babesten dituen asegurua hartu nahi badute. Katalunian edo Bizkaian federatzeak kostu bertsua du, gutxi gorabehera (43 eta 43'70 euro) baina Bizkaiko Federazioak entregatzen duen txartelak elurretako kirolak Frantziako Pirinioetan eta Andorran praktikatzean ere balio du.

Gazte eta haurrentzako berariazko txartelak badituzte federazioek, baita denbora-epe motzago baterakoak ere, prezioa bera ere murritzagoa delarik. Horrelakoxea da Bizkaiko Neguko Kirolen Federazioak egiten duen txartela: 23 euro kostatzen delarik, abenduaren 1etik apirilaren 30era arte balio du, garai osoa harrapatuz.

Obligazio ugariko kirola

Espainiako eski-estazioen funtzionamenduaren Araudiak hainbat eskubide eta betebehar aitortzen dizkio instalazioetako erabiltzaileari. Esate baterako, bere burua edo besterena arriskutan ipintzen duen eskiatzailea, bere jokaeraren ondoriozko kalte guztien erantzule izango da. Erabiltzailearen ardurakoa izango da, era berean, bere burua zaintzea, bai pistan bertan bai pistatik at, era arriskutsuan eskiatzen ari dela nahiz bestela ere. Eguraldiak, matxura teknikoek edo beste edozerk hertsaturik, igogailuak eta pistetako instalazioak itxi behar izatekotan, inolako ardurarik ez dute bereganatzen estazioek. Horrelakorik gertatuz gero, estazioak ez du erabiltzaileei ordaindutakoa itzultzeko obligaziorik aitortzen.

Erabiltzaileak dituen eskubideen ataltxoan, berriz, estazioa irekitzeko unean elurraren egoera orokorraz eta zabalik dauden pistez informazioa jasotzekoa, aplika dakiekeen arautegia ezagutzekoa eta eskiatzeko behar bezala egokiturik dauden pistez gozatzekoa bakarrik jasotzen dira.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto