Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Argazki-kamera digitalak: Prezioan dautza aldeak, ez kalitatean

Kamera digitalak ohiko erabiltzaileen egiazko alternatiba bihurtu dira

  Erabilera arrunt eta gama ertain edo apaleko zortzi argazki-kamera digital aztertu dira oraingoan, beren prezioak biziki desberdinak izaki: 404 eurotik (Canon PowerShot A40 eta Nikon E2500) hasita, 812 eurora (Canon PowerShot S30) arte. Kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena Olympus C300 (487 euro) laginak erakusten du: ohiko eta xehekapeneko argazkietan kalitaterik handiena, memoriarik ahaltsuena eta bisualizatzeko pantailarik hoberenetako bat ematen duelako.

Kamera analogikoekin (tradizionalekin) lehian, digitalak geroz eta merkatu-kuota handiagoa bereganatzen ari dira. Honelako argazki-kamerek analogikoen kalitatea (formatu txikiko argazkietan, behinik behin) lortu dutelarik, badute haien gainetiko abantaila pare bat: ez darabilte bobinarik eta, gainera, ez dira errebelatu behar: harturiko argazkiak, memoria digitalean jasorik daudenez, kamerak berak daukan pantaila txikian berehala ikusi eta, bietako bat, gorde edo suntsitu egin daitezke. Mantentzea interesatzen direnak ordenagailura iraganen dira, bertako pantailan ikusi, landu, inora bidali edo inprimatzeko.

Kamera digitalaren kalitatea neurtzean, irizpide nagusietako bat pixel aktiboen kopurua da. Pixel bakoitza kolorea atzitzeko gune bat denez, pixel kopuruaren araberakoa izango da irudiaren erresoluzioa: azalera berean zenbat eta pixel gehiago izan, orduan eta zehatzago gertatuko da irudia. Pentax Optio 330 (3,24 milioi pixel), Canon Power Shot S30 eta Sony DSC-P71 (biek ere, 3,2na milioi pixel) izan ziren adiera honetan kalifikazio hoberenak eraman zituzten laginak. Beste muturrean, Minolta Dimage X laginak zituen pixel baliagarri gutxien: 1,96 milioi baizik ez.

Irudiak hartu eta berehala ikusteko kristal likidozko pantailak hiru tamainatakoak dira: Nikon, Sony, Minolta eta Canon A40 laginenak 1,5 hazbetekoak; Pentax markako biak 1,6 hazbetekoak eta Canon S30 eta, denetan handiena, Olympus kamerakoa: 1,8 hazbete.

Erabilera-probak

Argazkilari profesional batek, hainbat objekturi argazki arruntak eta xehekapenezkoak (makro) egin zizkien, baldintza berdinetan beti. Parametro zenbait neurtu ziren proban: kontrastea, kolorearen erreprodukzioa, zehaztasuna, argitasuna, "biñeta" efektua, hotsak eta akatsak. Bi kasuetan ere, Olympus laginak erdietsi zituen puntuaziorik hoberenak: gehienekoa 5 puntu izanik, 4 argazki normalean eta 4,8 puntu xehekapenekoan. Bigarren tokian Canon S30 agertu zen, denetan garestiena (3,8 puntu normalean eta 3,3 xehekapenekoan). Nikon E-2500, Minolta Dimage X eta Pentax Optio 330 laginek puntuaziorik txarrenak eraman zituzten irudi konbentzionaletan (3,1 puntu) eta Sony DSC-P71 laginak (2,5 puntu), azkenik, makro-argazkietan.

Honelako produktuak eskuarki baliatzen dituzten hiru erabiltzaileri kamera digital hauen balioztapen subjektiboa egin zezaten eskatu zitzaien. Batetik bosterako eskalan, kamerak darabilen programarekin loturiko hainbat alderdi (zehaztasuna, menuen baliagarritasuna, etab.) ez ezik, makinen ergonomia, argibide-liburua eta zenbait proba funtzional ere baloratu zituen erabiltzaile bakoitzak.

Kamera guztiei balorazio onak egin zitzaizkien, are kalifikaziorik apalenak jaso zituenari ere (Sony) 3,4 puntu lortu baitzituen, 5etik. Minolta (4 puntu) izan zen denetan hoberena, puntuaziorik onenak irabazi baitzituen parametro askotan: martxan jartzea, zehaztasuna, menuen baliagarritasuna, kanpoko itxura, pantailaren prestazioa, ergonomia (neurriak, pisua eta garraiatzeko erraztasuna), argazkiak hartzea, memoria-txartela sartzeko erraztasuna eta piztetik argazkiak egin ahal izan bitarteko itxaronaldia.

Memoria, funtsezko osagaia

Memoriaren ahalmen eta mota ere kamera digitalaren funtsezko alderdia da. Txartelak prezio handi-handia izateak, horrelakoen kopurua arras mugatzen du: beraz, kamerak fabrikatik memoria handia ekartzeak berealdiko garrantzia du. Memoriaren formatuari dagokionez, Nikon laginak, Canon markako biek eta Pentax markako biek Compactflash (denetan zabalduena, egun) darabilte.

Memoria-ahalmenik handiena eskaintzen duen kamera Olympus da: berak bakarrik dakartza bi memoria-txartel (16 eta 32 megabyte). Sony DSC-P71, Canon Power Shot S30, Pentax Optio 230 eta Optio 330 laginek 16na MB eskaintzen dituzte eta gainerako hirurek (Nikon, Minolta eta Canon Power Shot A40 laginek), azkenik, 8 MG-ko txartela baizik ez daukate.

Erabiltzaileak ez du beti-beti kalitate bikaineko argazkia atera nahi izaten. Autonomia handiagoa lortuko badu (kalitate edo zehaztasun txikiagoa izatearen abantaila, memoria-txartel berean argazki gehiago sartu ahal izatea baita), erabiltzaileari hainbat zehaztapen-gradu artetik hautatzeko aukera eman behar zaio, azken kalitatea benetako premietara egokitzeko. Alferrik ahaleginduko da sekulako zehaztasuna erdiesten, argazkia web batean agertzekoa baldin bada. Kalitate-aukerak ere aldatu egiten dira, lagin batetik bestera: bost Olympus-ek, lau Minolta eta Pentax Optio 230 laginek, hiru Nikon, Canon S30 eta A40 eta Pentax Optio 330 laginek eta bi baino ez Sony markakoak.

Pisua eta neurriak

Minolta beste gainontzeko guztiak baino dezente arinago zen (134 gramo). Denetan astunenak, berriz, Canon markako biak: S30 (264 g.) eta A40 (262 g.). Tamainaz ari garela, lagin txikiena Minolta (84,5x72x20 mm.) zelarik, kamera handiena Olympus C-300 (117,5 x 66 x 49,5 mm.) zen.

Modelo guztiek dauzkate zoom optikoa eta digitala. Canon Power Shot S30 laginak lortu zituen kalifikazio hoberenak batean zein bestean. Zoom optikoak, kamera konbentzional batean funtzionatuko lukeen modu berean dihardu; digitala, aldiz, hobe da ez erabiltzea, objektuak irudi-kalitatea galtzearen bizkarretik "hurreratzen" baititu. Canon S30 eta Pentax Optio 230 laginek dauzkate flash-sistemarik onenak.

Elikadura-motari doakiola, berriz kargatzeko bateriak dauzkate kamera guztiek, Olympus (lagin honek berriz kargatzeko pilak eta erabilera bakarrekoak eskaintzen ditu), Pentax Optio 230 eta Canon A40 laginek izan ezik (hauek pila konbentzionalak bakarrik dauzkate). Nikon, Sony, Minolta, Canon S30, Olympus eta Pentax Optio 330 laginek, pilak kargatzeko aparatua ere ematen dute. Kamera bakar batek ez du korronte alternorako egokigailurik, nahiz eta osagarri hori biziki baliagarria den, irudiak ordenagailura iragan behar direnean.

Energi kontsumoa balioztatzeko, irudi-kalitate txikienean eta flasha erabiliz egin ziren argazkiak, kamerek fabrikatik ekarritako bateria edo pila haiexekin. Autonomia handienekoa Pentax Optio 230 izan zen (205 minutu eta 391 argazki); Minolta laginak agortu zituen lehenik bateriak (65 minutu eta 126 argazki).

Ordenagailua eta telebista

USB portuaren (merkatuan daudenetatik hoberenetako bat; honek, gainera, ordenagailua itzali gabe, konexioa egiteko aukera ematen du) bitartez, zortzi kamerak etxeko ordenagailuarekin konekta daitezke irudiak deskargatzeko. Nikon laginak, telebista eta bideoarekin konektatzeko aukerarik ematen ez duenez, irudiak ezin ikus daitezke telebistako pantailan, zuzenean.

Denek dute, kliskagailu automatikoa, bideoan grabatzeko, argiaren arabera kamera erregulatzeko, "begi gorrien" kontrako eta gauezko argi-baldintzetara egokitzeko aukera. Prestazio ugarieneko kamerak Sony DSC-P71 eta Canon markako biak dira.

Kontsumitzaileari informazioa, babesa eta bermea eskaintzeari dagokionez, zuzen daude zortzi kamerak. Nikon laginaren argibide-liburua da denetan balorazio hoberena jaso duena, azalpenak bideoan ere ematen baititu. Segurtasun proba guztiak ere zortzi laginek gainditu zituzten.

Ohiko erabileran gerta daitezkeen kolpeen aurreko erresistentzia egiaztatzeko, kamera guztiak metrobetetik haritzezko azalera baten gainera erortzen utzi ziren, hiru posizio desberdinetan. Jaso eta kamera guztiek funtzionatu zuten arren, Olympus C-300 eta Pentax Optio 230 laginen baterietako estalkiaren belarria hautsi egin zen; Pentax Optio 330 laginari, bere aldetik, bisualizazio-pantailan arrasto bat egin zitzaion.

Taula guztiak, kameraz kamera, revista.consumer.es helbidean.

Zergatik, ordea, kamera digitala?

Kamera digitalak, konbentzionalak ez bezala, ez darabil bobina edo filmik, irudiak metatzeko memoria-txartela baizik. Horregatik, errebelatzerik ere ez da beharrezkoa. Argazkia egin den unean ikus daiteke kameraren pantailan bertan, irudia nola geratu den. Horrenbestez, erabiltzaileak hautatzen dituen argazkiak bakarrik gordeko dira.

Kamera analogiko (tradizional) edo digitalaren aldeko hautua egiteko orduan, funtsezkoa da nola erabiliko den zehaztu eta erabakitzea: egun, bataren kalitatea zein bestearena -ohiko erabileraz ari gara- berdintsuak baitira. Argazkien paperezko kopia eduki nahi bada, epe luzera filmekoak soil eta merkeago gertatzen dira. Gainera, erabiltzaileak ordenagailurik ez baldin badauka, horrelako modeloa da aukera bakarra.

Aparatu digitala eskuratzea komeni da, aitzitik, irudiak ordenagailuan landu nahi baldin badira edo, bestela, argazkiak pantailan (PC nahiz telebistakoan) ikustea nahikoa denean. Nolanahi ere, irudi digitalak paperean ikusteko aukera beti izango du erabiltzaileak: alearen prezioa errebelatze konbentzionalekoa baino garestiagoa izango den arren, argazki askori muzin egiten dietenentzat errentagarri gerta daiteke: kamera digitalarekin asetzen gaituzten argazkiak bakarrik inprimatuko dira. Argazki digitalen "errebelatua" dela eta, denda espezializatuek egiten dituzten eskaintzak hausnarrean ibiltzea komeni da, argazki-paperaren eta etxeko inprimagailuko tintaren prezio handiak kontuan izanda.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto