Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elkarrizketa

Λ

Luis Eduardo Aute, kantautore, margolari, poeta eta zinegilea: "Kultura beharrezkoa da eta ezin da luxuzko salgaia izan"

Musikara kasualitatez iritsi zela dio, baina jarduera horrek mendean hartu ditu artista polifazetiko honen gainerako alderdiak; Manilan jaio zen 1943an eta hamaika urte zituela joan zen Madrilera. Famatu kantagile gisa egin bada ere, Luis Eduardo Autek batez ere pintoretzat dauka bere burua eta poeta eta zinegile gisa gero. "Pinturan sentitzen naiz erosoen, bizitza osoan zehar egin baitut eta espresio-biderik libreena delako; hor ez dago kortserik" , dio.

  Jarduera artistikoari buruz oso ulertzeko era irekia dauka eta horrexek azaltzen du hain arlo ezberdinetarako dedikazioa: "artea askatasuna da; erabateko askatasuna da, edo ez du ezertarako balio. Artista gisa, ezin diot neure buruari beste hizkera batzuk deskubritzeko jakinmina ukatu. Tresna bakoitzak beste batekin egin ezin dudana egiteko aukera ematen dit". Bere erreferentzia artistikoak Velazquez margolaria, Luis Buñuel zinegilea, Paul Élouard poeta eta Beatles taldea dira, John Lennon bereziki, Aute bera bezala "hainbat esparrutan mugitzen hasia baitzen, zoritxarrez horretarako astirik izan ez zuen arren".

Errealista eta kritikoa da inguruko gizartearekin eta ez du galtzen baikortasuna eta gizakiarengan duen fedea, mundua mugitzeko motor eta gauzak aldatzeko agente gisa. Autodidakta da eta kultura-jakinduria zabala dauka; humanistatzat dauka bere burua Autek, XXI. mende honetakoa baino Berpizkunde garaikoa gehiago dirudien arren, jorratzen dituen gaien gaurkotasuna gorabehera.

Segurtasunaren eta askatasunaren artean aukeratzerakoan, ez du une batez ere zalantzarik izan: "Zalantzarik gabe, askatasuna. Segurtasuna oso tranpatia da. Askatasuna badago, segurtasuna berez dator, askatasuna baldin badago inteligentzia ere badago eta; inteligentzia izanez gero, ontasuna izaten da; eta ontasuna izanez gero, segurtasuna ere bai. Askatasunik ez badago ez dago ezer".

Sortzaile nekaezina -"Canalla" izeneko bere birako azken kontzertuaren ondoren izan gara elkarrizketan, goizaldeko ordu txikietan- eta Alas y balas izeneko disko berria estreinatuko du aurki Autek, Volver al agua poema liburua argitaratu, Un perro llamado dolor filmeari buruzko liburu-objektua argitara emango du (bere marrazkien 200 erreprodukzio baino gehiago eta filma eta soinu-banda jasotzen dituen DVDarekin), Animal Tres amaitzen ari da eta datorren urtean pintura erakusketa antolatuko du Bartzelonan.

Zorrotza da bere buruarekin eta bere lanik onena oraindik egiteko dagoena dela uste du, "hala uste izango ez banu ez bainuke egingo". Eta bere disko berriaren atariko gisa "Giraluna" kanta oparitu zigun gau horretan, gizakiak ikusten ez duena,ilargiaren aurpegi ezkutua, erakusteko gai den lorearen metafora.

Gure gizarte kontsumista honetan kultura ere kontsumo-gaien artean daukagu eta halakotzat komertzializatzen da. Etorkizunean joera horrek jarraituko du zure ustez?

Beti gertatu izan den bezala, gizartearen zati batek masaren norabide berean jokatzen du eta beste bat, berriz, gizakiaren norabidea eta zentzua berreskuratzen saiatzen da. Kulturak misio bakarra dauka: argirik ikusten ez denean argi izatea eta kontsumitu eta saltzen diguten guztia irentsi baino egiten ez dugun objektuak ez garela gogoraraztea; aitzitik, pentsatzen dugun izakiak garela, gauzei buruan bi buelta ematen dizkiegula, bizitzaren zentzuaz eta pertsonen arteko harremanaz kezkatzen garela... Nik sinisten dut gizakiarengan eta lehenago edo geroago, irteerarik gabeko kale-zuloan dagoenean, esango duela: kito, aski da! Sistemari ezin zaio aurka egin, baliabide guztiak ditu eta. Besterik gabe, gizentzen eta gizentzen utzi behar zaio eztanda egin arte eta itomena jasanezina denean, motibazio kulturalak dituenak aurkitu ditzakeen lekura jo beharko du. Sistema lehertu egingo da bere endogamia nartzisista eta ergelaren baitan.

Disko eta liburuei %16ko BEZ ezartzen zaie. Kultura har daiteke luxuzko salgai gisa ala beharrezko ondasuna da?

Kultura funtsezko ondasuna da eta guztion eskura izan behar du. Horrexek bereizten gaitu piztiengandik; sekula ezin da luxuzko salgaia izan. Eta, bistan denez, prezioak eragin handia du gizartearen maila kulturalean. Dohainik eman izan ditudan kontzertuetan zalapartak gertatu izan dira eta sarrera kobratzen denean, berriz, zenbat eta garestiago jarri, orduan eta jende gutxiago joaten da.

Zer iruditzen zaizu "Operación Triunfo"?

Asmakizun bat da, negozioa, zoritxarrez jendearengan errotu dena. Nik uste batez ere hedabideengatik gertatu dela. Telebistaren fenomenoaren garrantzia ez da aztertu soziologikoki. Botereak, berriz, badauka informazioa telebistak daukan eraginari buruz eta erabili egiten du; baina botererik kanpo gogoetaren bat egitearen falta sentitzen du. Hedabideen eraginaren menpe gaude, telebistaren menpe bereziki. Jendeak ematen diozuna nahi du eta, gainera, gero eta eskakizun maila txikiagoa dago. Eta horixe da arriskutsuena, zaborra ematen zaionean "azpizaborra" nahi izango du, eta gero eta "azpizabor" gehiago eta okerragoa. Zaila da horren aurka egitea, baina nire ustez, halakoren batean, gauza erakargarri gisa saltzen ari zaizkigunaren kiratsa hain izango da handia, jendeak muzin egingo dio eta gizaki bezala berreskuratzen lagunduko dion beste era bateko zerbait ikusteko premia izango du.

Top manta delakoa gero eta hedatuago eta legez zigortuago dago. Musikari eta egile gisa, mehatxua sentitzen duzu fenomeno horren aurrean?

Alde batetik mehatxua sentitzen dut eta bestetik ez. Alde positiboa da saltzaile horien bidez ezagutarazi egingo dela gure lana; baina lan hori ez dugu dohainik ematen, batez ere tartean industria dagoenean. Besterik litzateke lan hori era altruistan egin eta nahi dudan abestiekin zinta bat atera eta jendeari ematea, zirkulazioan sartu eta nire kantak ezagutu ditzaten. Seguruenik, diskoen prezioak izugarri garesti daudelako gertatuko da fenomeno hori. Ez du zentzurik hain garesti izateak: izugarria da. Horren guztiaren planteamendua aldatu egin behar litzateke. Eta bestalde, kapitalismoaren beraren gatazka ere hortxe dago, bere buruarekin lehian ari baita. CDa asmakizun ona da, baina industriaren beraren interesekin gatazkan dago: etxean grabatu eta dohainik eduki badezaket, zertarako erosiko dut? Garai bateko binilozko diskoa zenaren antzeko euskarriren bat asmatu behar litzateke, etxean edukitzeko gogo gehiago ematen digun zerbait, berez ere kultura-objektu bihurtzen duen nolabaiteko proposamen eszenikoa duena. Baina CDa erabat objektu arrunta da.

Espainian, kantautoreen musika diktadura garaian sortu zen, gizartearekiko konpromiso eta salaketari lotua. Zure kantetan edertasuna, samurtasuna edo askatasuna aldarrikatu izan dituzu goranahia, edozein preziotan arrakasta lortzea edo gerraren aurrean. Zure ustez egile-musikak salaketa funtzioa izan behar du ala beste funtzio batzuk eduki behar ditu?

Autoreak bere obrarekin hartzen duen konpromisoa bete behar du. Kosta egiten zait sinistea artista bat estetikaren aurrean edo gizarteko zein politikako gaien aurrean sentibera ez dela sinistea. Bizitza, gizakia, gizakiak bere kideekin dituen harremanak interesatzen zaizkion norbait ezin da bihozgabe izan gertatzen ari denaren aurrean. Ez dut esaten kantagileek zerbait salatu edo zerbaitekin ados ez daudela erakutsi behar dutenik, baina beren sentiberatasunak konprometitzera eramaten ditu. Nik ez ditut nire kantak helburu jakin batekin egiten, baina arazo sozialak, historikoak, politikoak atera egiten dira. Baina ez hala nahi dudalako, hortxe daudelako baizik. Bere kantak interpretatzen dituena da kantautorea. Baina zenbait kantautore, diskoak saltze hutsera mugatu beharrean, sentitzen dutena, sinisten dutena, beren beldurrak, hunkitzen dituzten gauzak, tristura sortzen dietenak... espresatzen saiatzen dira. Kantagile horiek gertatzen diren era guztietako gauzez hitz egin behar dute, oso pertsonaletatik hasi eta gai sozialenetaraino.

Zure karrerako hainbat unetan disko berri bat argitaratzeari uko egin eta errentagarritasun ekonomiko txikiagoko beste lan artistiko batzuetan aritzea erabaki duzu. Oraindik ere merezi du ur-lasterraren kontra joateak?

Musikari edo pintore izan nahi duenak lan horretara bakarrik dedikatu behar du eta jendeari bere lana ezagutaraztera. Eta horretarako eragozpen den zerbait sortzen bazaio, horren aurka egin behar du. Nik arazoak izan ditut, baina ahal izan dudan moduan saihestu ditut eta zailtasun larregi ikusi dudanean, beste norabait alde egin dut.

Hala eta guztiz ere, gustuko duzuna egin ahal izan duzu, merkatuaren aginduei ihes eginez. Baduzu oraindik lortzeko daukazun helbururik?

Gauzak ongi egitea, ahalik eta ondoen egitea. Egiten dudan guztia, baina hobeto egitea. Bestelakoan, era guztietako kolpeak eta zailtasunak izan ditut, baina ez naiz kexu; bizitzak ongi tratatu nau.

Baina zaila da beti arauak urratzen aritzea...

Bai, gaur egun zailagoa da duela urte batzuk baino. Nik baditut disko batzuk gaur egun argitaratuko ez lituzketenak, erotuta nagoela esango lidakete. Artistek askoz ere zailago dituzte gauzak gaur egun. Duela urte batzuk porositate handiagoa zegoen industrian orain baino. Gaur egun Proust bere Denbora galduarekin joango balitz, inork ere ez lioke argitaratuko, ez baita best-sellerra. Orain klasiko diren egile askok ezin izango zuen gaur egun bere obrarik argitaratu. Askatasuna erreala baino itxurazkoa da gehiago. Ohiko bideen barruan, edozein "produktu" kulturalek bere lekua eduki behar du argitaratu edo editatu aurretik, audientzia eta merkatua garantizaturik izan behar ditu. Eta hori izugarria da, bortxatu egiten baitu lana. Jendeak gaur egun idatzi edo kantak egitean ez du lehengo askatasunez jokatzen, bere obrak kontratatu behar duen enpresaren itxaropen komertzialak bete beharra dituela pentsatuz baizik. Errenazentistekin, adibidez, ez zen hala gertatzen, gauza ederrekin eliza apaintzeko kontratatzen baitzituen Aita Santuak, ez zegoen merkaturik, kulturaz eta edertasun kulturalaz gozatzea zen helburu bakarra. Orain merkatuak ezartzen ditu arauak. Eta hori izugarria da; baina ez da garaile aterako.

Zure web gune ofiziala aurkeztu zenuen irailean Madrilen, artista gisa dituzun alderdi guztiak erakusten dituena. Leiho ireki gisa agertzen da horrela Internet, baina aldi berean, musika eskuratzeko aukera ematen du eta pirateriarako bidea errazten du. Non daude egile eskubideen eta informazio eskubidearen arteko edo edukiak Interneten konpartitzearen mugak?

Nik uste dut aurkituko dela formularen bat arazo hori konpontzeko. Antzeko zerbait gertatzen zen antzerkian eta zinean ere: zinea atera zenean, antzerkia desagertu egingo zela uste zuen jendeak, baina funtzionatzen jarraitzen du. Kasete eta binoloarekin ere gertatu zen, baina elkarrekin bizi izatea lortu zuten. Nire ustez arazo teknologikoa da eta gauza bakoitza berriro bere lekuan jarriko duen formularen bat aurkitu beharko da. Niri oso ondo iruditzen zait jendeak Internetetik kantak jaitsi ahal izatea, baina beharbada, egile eskubideak ordaintzera behartuko dituen sistemaren batekin, usufruktu edo lanaren erabilpen horren eskubideak nolabait ordaintzeko.

"Entretenimenduaren kulturaz", ideologien amaieraz eta eskaintza eta eskaeraren legeaz hitz egiten dugun honetan, zure ustez egile-musikak merezi du laguntza publikorik ala merkatuko arauek agindu behar dute horretan ere?

Industriaren eskuetan gaude guztiok, bistan denez; baina norbaitek gauzak bere erara kontatu nahi baditu eta zerbait aurka agertzen delako industriak gauzak zail jartzen badizkio eta grabatzea eragotzi edo baztertu egiten badu, bere gogoetan ezagutzera emateko beste era edo plataformaren bat bilatzeko egin beharko du borrokan. Ez dut sinisten pentsamendu bakarraren garaipenean. Kulturaren helburuaren arrakastan sinisten dut: hemen zertarako dagoen jakiteko premia du gizakiak eta ez du bizirik irautean bakarrik pentsatu behar. Gizakiak beti izango du gogoetarako premia, apur bat inteligenteagoa izateko beharra. Zailtasunak daude pentsamendu inteligente bat garatzeko, baina ezinezko iruditzen zait pentsamendu bakarra nagusitzea, gizakiaren funtsa ukatzea bailitzateke. Eta gizakiak ezin du kolektiboki puntu horretara arte bere buruaz beste egin. Zentzu horretan, itxaropentsu nago, baikorra naiz.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto