Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Etxeko ekonomia

Λ

Gurpilak aldatzea: Segurtasunera begirako eragiketa arrunta

Ibilgailuaren kontsumoa, segurtasuna eta konforta, besteak beste, gurpilek baldintzatzen dituzte

  Espainiako errepideetatik doazen sei ibilgailuetako baten lau gurpiletatik bat aldatu beharra dago, zoruari behar bezain ongi itsasten ez zaiolako; hirutik batek atzeko gurpilak aurrekoak baino okerrago dauzkanez, egoera arriskutsuak ondoriozta ditzake; aholkatutako presioa baino apalagoa dute pneumatikoen %73k, eta automobilen erdien pneumatikoren batek presio txikiegia duenez, noiznahi gerta dakioke istripurik. Are eta kezkagarriago gertatzen dira datuok neguan, euriak eta hotza iristean. Espainian 2001 urtean gertatu ziren 77.000 trafiko-istripuetatik (biktimarik sortarazita) 371ren zergati nagusia gurpilen egoera txarra izan zen (higatuegiak zeuden), Espainiako Trafikoko Zuzendaritza Orokorrak emaniko zifren arabera. Ibilgailuaren kontsumoa, segurtasuna eta konforta, besteak beste, pneumatikoek baldintzatzen dituztenez, garrantzi handikoa da automobilaren gurpilak beti egoera onean edukitzea. Meteorologia arriskutsua heltzean, are eta larriago bihurtzen da gurpilen egoera aztertzeko premia, udako oporraldietan nozituriko aparteko higaduraren ondoren.

Noiz aldatu behar dira?

Gurpilek, higaduraren berri jasotzen duten "testiguak" dauzkate, hondoan: seinale horiek azaleran bertan ikustean, gurpilaren arrastoa legezko gutxieneko lodierara iritsi da; beraz, gidariaren segurtasuna arriskutan egoteaz gainera, Zirkulazio Kodea urratuz ibiliko da aurrerantzean gidaria, gurpila aldatu ezean.

Muga hori gainditutakoan gurpilak eraginkortasunetik galdu egiten du: gelditzeko distantziak handiagoak izango ditu eta "aquaplanning" (automobilaren labainketa: arrastoa biziki higatua dagoenez, gurpilak ez du behar adinako ur ateratzen) nozitzeko arriskua areagotu egingo zaio. Gurpilak aldatzeko unea (1,6 mm.) legeak adierazten duen arren, ordura arte ez itxarotea aholkatzen dute adituek.

Europar Automobilisten Elkartearen (EAE) arabera, dagokion arautegia ere gurpila egoera egokian eraman behar izateaz arduratu da. Banda errodanteak araua betetzen badu ere, beste hainbat faktore ere -hala nola deformazioa edo gurpilaren ebakiak- gidariari isuna jartzeko motibo izan daitezke. Lege-urratze horrengatiko diru-zigorra 91 euro ingurukoa da, baina 150 euroetara ere irits daiteke. Horrenbestez, akatsik duenean aldatu behar da gurpila, ez geroago. Gidari hasberriek, beste aldetik, espaloi ertza igurzten duten bakoitzean aztertu beharko lituzkete gurpilak: elementu horrek kolpea hartzearen ondorioz deformatu egin denez, isuna ezar dakieke horrela doazen ibilgailuei. EAE erakundeak aholkatzen duenez, ibilgailua luzaro mugitu gabe egon denean, tailer mekanikora eramatea komeni da, automobila urtebetez geldirik edukitzeak 100.000 kilometro egiteak baino gehiago higatzen dituelako gurpilak. Nolanahi ere, azterketak maizago egin behar direla dioskute.

EAE elkarteak gazteei tunning-aren aurrean ez liluratzeko aholkatzen die: gehiegitan fabrikatzaileek homologatu gabeko gurpilak jarrita, isunaren arriskupean dabiltza eta, gainera, segurantziarik galdu egiten dute. Fabrikatzailearen fitxa teknikoa kontuan hartu beharra dago, modelo bakoitzarentzat diseinatzen diren gurpilak errespetatu beharreko hainbat lege fisikoren arabera osaturik baitaude.

Kataluniako Automobil Klubekoek diotenez, gurpilak aldatzeko sasoi egoki-egokirik ez dago; kasuan kasuko problematika aztertu behar da. Neguan hotz handiagoa egiten duenez errepideari atxikipen hobea lortu behar dela egia bada ere, gurpila egoera onean edukitzea ona da urte osoan ere. "Gomak" aldatzeko, KAK-ek hainbat faktore kontuan edukitzea aholkatzen du: gidatze-mota, automobilaren egoera eta gastatzeko norberak duen diru-kopurua. EAE erakundeak beste hainbat faktore erantsi dizkie hiru horiei, hala nola ibilgailua mugitzen den eskualdea eta gehienetan hartzen dituen errepide edo autobideen nolakotasuna. Ez da gauza bera ipar aldetik ibiltzea edo hegoaldetik, ezta autobidetik edo mendi pista batetik ere.

Ohiko erabilera gisa, gurpilak bi urtean behin edo 40.000 kilometro egin ondoren aldatu behar izaten dira. Prezioari dagokiola, gurpileko 42 eurotik hasi eta 84 euroraino prestazio ezin hobeak eskaintzen dituzten modeloak daude salgai. Hortik aurrera gamak ez du mugarik. Tailerrera joatean bi gauza eduki behar dira argi eta garbi: baliatzen ditugun gurpilen tamaina eta aurrekontua. Aurrekontua espero genuena baino handiagoa baldin bada, lau gurpilak batera aldatu ordez bi bakarrik aldatzeko aukera izango dugu. Gurpil berriak atzean jartzea aholkatzen dute adituek, egoera zailetan (emergentziazko galkatzea, bihurgune aldrebesa, etab.) ibilgailua hobeki kontrolatu ahal izateko, aurrekoak bolantearen bitartez kontrolatzen baitira, atxikipena ahulagoa bada ere. Zenbaitetan gurpilaren akatsak ezkutuan daude. Automobila dardarizoka ibili edo alderdi baterako joera erakusten duenean, gurpiletako baten akatsa izan daiteke errua.

Gurpilak mantentzeko aholkuak

"Todomotor" atariaren arabera, ibilgailuaren egoera eta erabileraren arabera baliatu ahal izango dugu gurpil bat 5.000 edo 40.000 kilometro. Alderdi hori kontuan izaki, bai gurpilak, bai automobilak fabrikatzen dituztenek hainbat aholku ematen dituzte, gurpiletatik ahalik eta emaitza hoberenak erdiesteko. Gurpilgintzan diharduen firma ezagun batek elementu horiek tartean behin eta bidai guzti-guztien aurretik kontrolatzea aholkatzen du. Aldian aldiko kontrolari esker akatsak hauteman eta konpondu ahal izango ditugu. Horiek ez ezik, espaloien kontrako kolpeak ematea eta zuloetan erortzea itzuri beharrekoa dela dio, pneumatikoetan kalte larriak eragiten dituztelako talka horiek. Puzte-presioa hilero-hilero egiaztatzea aholkatzen du fabrikatzaileak: gaizki puzturiko gurpilak lehenago higatzen dira eta, gainera, era irregularrean. Era berean, aurreko gurpilak atzekoekin aldatzea komeni izaten da eginiko 5.000 edo 10.000 kilometro bakoitzeko.

Automobil bakoitzak fabrikatik dakarren gurpila fabrikatzaileak aukeratu du, ibilgailu horren prestazioak hobetzeko. Horrenbestez, egoera normalean, adituek modelo berbera mantentzea aholkatzen dute. Nolanahi ere, ahal izanez gero, hobe da bestelako gurpilak ezartzea, gidatze motaren, meteorologiaren, errepidearen egoeraren eta ibilbidearen arabera. Ez da komeni, ordea, zeinahi motatako gurpilak ezartzea: ardatz bereko gurpilek ezaugarri komertzial eta tekniko berekoak izan behar dute. Esan gabe doa, beraiek emaniko arauak errespetatzea aholkatzen dute automobil-fabrikatzaileek.

Zabalera milimetrotan emana da pneumatikoaren neurria edo profila. Eraldaketak onartzen dituzte bi parametro horiek. Gurpil zabalagoa hobeki itsasten zaio zoruari, baina errodatzean erresistentzia handiagoa ezartzen duenez higidura eta kontsumoa areagotu egiten dira. Aldi berean, gidatzean zehaztasuna urritu egiten da. Gurpila osatzen duten materialak era askotakoak izan daitezke. Kirol-hiztegian adierazteko, gomak samur, gogor edo mistoak dira. Turismoetan ere beste horrenbeste gertatzen da. Samurrak hobeki itsasten zaizkio zoruari, baina lehenago higatzen eta hondatzen dira. Beraz, hobeak dira, dudarik gabe, baina garestiagoak ere bai. Profila urritzean atxikimendua handiagoa da, baina gurpilaren iraupena eta konfortaren bizkarretik.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto